Bi bider hogei
Lehenengoa Garbiñe izan zen, San Blas egunean. Gero Iñaki, Santa Agedan. Egun gutxiko aldearekin, denak hil berean, tokatu zitzaien Maite, Kontxi, Belen eta beste Garbiñeri. Otsaileko txanda nik bukatuko dut, 23an. Etorriko dira gero apirilekoak, ekainekoak, abuztuan Iñigo bera, Arrate egunean Bea, Blanca, Mitxel, Jon Ander, Tere, Maria, Ernesto.
Guztiak 1966an jaioak, aurten 40 urte betetzen ditugu. Hogei urte hogei urte geneuzkala. Borobil.
Ematen digu zer esana, bai guri bai berrogeitik goitik eta behetik gertu dabiltzan lagunei: balantzeak, atzera begiradak, aurrerako prebisioak, nola gauden, zer nahi genuen, non gauden, nola gauden, zergaitik gauden, zer egiten dugun, nola sentitzen garen, zer daukagun egiteko, zer laga dugun egiteke, berrogeiak mugarri diren ala ez.
Erantzunak, denetarako. Badago inporta ez zaionik, beste edozein urtehurrentzat duenik, halako batean presa sartu zaionik, bizi-nekea sentitzen duenik, erabat ilusionatuta dagoenik, bere buruarekin konforme bizi denik, guztiarekin kritiko agertzen denik, nahi zuen tokian dagoela-eta pozik dagoenik, frustrazio puntu bat duenik, heldutasunean dagoela uste duenik, hogei urteetako inseguritate berak dituela uste duenik, gorputzaren hasierako deklibeaz kezkatuta dagoenik.
Eta badaude ezaugarri hauek guztiak eta oraindik gehiago, guztiak batera, betetzen dituztenik. Ez dakit esan ote daiteken ezaugarri komunik dugunik. Ni behintzat ez naiz ausartzen horrelakorik esaten, behar bada kanpotik begiratuta beste konklusio bat atera daiteke. Bakoitzak bere bidea egin du, nahi zuen bezala, ahal zuen bezala, laga dioten bezala, tokatu zaionarekin. Eta horren guztiaren ondorio dira lehen berrogei urteak gutaz jabetu direnean aurkitu gaituzten lekuak.
Nire kasuan, berrogei urteek harrapatu nauten leku horietako bat, beste askoren artean, blog apal eta kasu-gehiegirik-eginbako hau da. Seguruasko berrogei urteko (edo gehiagoko) neska batek euskal blogosferan egiten duen bakarra. Horrexegaitik bada ere.
Elena, Berbairera zatotzen bakoitzean elkar ikusteko aukera izango dogu eta zintzo dinotsut, nahiko nukela ni bi bider hogei egiten ditxudanian zure freskotasun eta gaztetasunari eustia. Portzierto, egun bat aurretik bada be, Zorionak, neska!!