Elkarrekin elkartzen
Milaka lagun elkartu dira BECeko atarian oztopoak gainditzeko gertu. ( ) Barakadora joan ziren eragileen artean, beraz, elkaralnerako gogoa antzematen zen. Bai hitzetan, bai elkarrekin jokatzeko moduan. BEC kanpoko zelaian jarritako 1.500 jesarlekuetako lehen lerroak bete zituzten eragileek. Berria,06-1-22
Jakina da Europako bazter honetan bizi garenok (bazterrarena noizean behin gogora ekartzea neurri profilaktikoa da zilborkeriak sahiesteko) elkartzeko joera dugula, alegia, animalia elkarzaleak garela.
Elkartzen gara sagardotegietan, mendira joateko, soziedadeetan, enpresak sustatzeko, biribilketetan, derbiak antolatzeko, danborradak jotzeko, txikiteatzeko, herri ekimenak bideratzeko .Euskaldun bakoitza euri tanta bat da, gainerako tantekin elkartuta horren euskalduna dugun zirimiria egiteko gertu.
Eta gure agintariek, beti prestuak, ondo igarri hori. Euskaldunon elkartzeko grina ase-ezina gauzatu ahal izateko, horretarako, BEC erraldoi, garesti, modernoa eraiki digute bazter honetako bazter batean. Bejondeiela, erabilera ederra ematen ari gatzaio-eta!
Frogatuta geratu delako, herritarron elkarreratzeak, oztopoak oztopo (eta kasu batzuetan oztopoak mendizalerik abilena uzkurtzeko modukoak izan dira) BECen,horren izen ez-euskalduna duen errezinto berrian, arrakastatsuak direla erabat. Berdin in-BEC edo out-BEC, barruan edo kanpoan modalitatean.
Ikus bestela: Bertsolaritza Txapelketarako elkarreratzea, marka jarri duen arrakasta borobila. Ezker abertzalea eta gainerako eragileen arteko elkarreratzea, habe-jartze arrakastatsua.
Apal-apalik proposatzen dut beraz, alardea, Kontituzio plazako bandera igoera, derbia, politikarien sukalde-lana, Legebiltzarra BECean egin daitezela. Badaezpada BECeko izpiritua, euskaldunen berezko elkarzaletasunarekin irabiatuta bazter honetako sukaldaritzaren platerrik preziatuena bihurtzen oten den.
EAkoek txisturik ez, eta txaloak besteei bezala. Bitxikeria, Ertzainak bidaltzeko prest zegoen Eusko Jaurlaritzan dagoen alderdiari txisturik ez jotzea, eta Aralarri bai. Txalo zaparradarik ez zuten espero izango, baina normalizazio politikorik ez da izango elkartasun elkarretaratze batean elkartasuna erakustera etorri den alderdi bat txistukatzen badugu. Batasunaren legez kanporatzea salatzen dugun egun berean beste alderdi bat ez badugu onartzen, zer koherentziarekin ari gara?