Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona

Euskal hondartzetako mutilen bainujantziak

Elena Laka 2012/07/18 07:00
Nolako gizona, halako bainujantzia

Blogkide Leirek idatzi zuen bainujantziei buruz, eta merkatuan topa ditzazkegun ia modelo guztiak errepasatu zituen, baita ondo komentatu ere.

Nik  tokikotasunari erreparatu diot, eta eguzki eskaseko uztail honetan Euskal Herriko edozein hondartzatan ikus daitezken gizonen bainujantzien zerrenda bat gertatu dut. Jakina, ez da mankinirik agertzen. Adina, gusto eta baita ere klase sozialaren arabera, oso bainujantzi desberdinak erabiltzen dituzte.

Zarautzko hondartza

 

1.  Aspaldi erretiratuenak eta apaiz zaharren batenak: koadro txikidun meyba moduko klasikoak. Sarritan osagarri moduan elastiko tiranteduna eramaten dute (okinen elastikoa), zuria zein gris argia izan daitekena.

Meyba

 

2. Erretiratu gazteenak edo lanerako adineko nagusienak: marradun edo koadrodun izter erdirainoko bainujantzi zabalak.

Meybamarraduna

3. Bilbotarrenak: ez daukate Bilbo bertakoak izan beharrik, Zarautzko hondartzara joandako azpeitiarrenak ere izan daitezke.  Eta berdin da 3 urte ala 83 eduki. Bainjuantzi loraduna, argia, algodoizkoa, ez luzeegia, ez motzegia, ez estua, dotorea. Jokatuko nuke Urkulluk  horrelakoa erabiltzen duela.

Bainujantzi bilbo

4. Mutil gazteenak: aspaldi honetan surflarienak modukoak daude modan. Hamazortzi urtez beherakoek, azpitik galtzontziloak daramazkitela janzten dituzte, gerrialdeko goma nabarmen erakutsiz. Zenbat eta luzeago, gero eta pisu handiagoa hartzen dute uretatik irtetean, eta orduan are nabarmenago galtzontziloak. Galtzonzilo-bainujantzi moda horri absurdoa ez irizteko nerabea izan behar, da ez dago beste azalpenik.

 

surfer

 

5. Bainujantzi beltzak: gero eta gehiago dira gizonak 30 eta 55 urte bitartean bainujantzi beltz soila daramatenak, kirol fraka modukoa. Izan daiteke likra askoduna, eta orduan pega-pega eginda geratzen da, batez ere kirol asko egiten duenek erabiltzen dituzte, eta beraz, osagarria gihar bista-bistakoak izaten dira.

Bainujantzi beltza pega

 

Nire gustokoak direnak, algodoi gehiago daukatenak, dotore ematen dutela iruditzen zait, eta ia guztiei geratzen zaie ondo.

Bainujantzi beltza

 

6. Mutikoen bainujantziak: samurtasuna ematen didate zortzi urtetik beherako mutikoak koloredun bainujantzi txikiarekin ikusteak. Ipurdi txikia nola geratzen zaie, nola ari den beren gorpuztxoa handi egiten, eta nolako pozik hartzen duten bainujantzia, hondartzan ondo pasatzearen seinale. Kasu hauetan, argi dago, osagarria kuboa eta pala dira hondartzan obretan ibiltzeko.

ume bainjuantzia

 

7. Langile etorkinenak edo gaupaseroenak: igande goizeko hondartzalariak. Lehenengoak dira jai egunaz baliatuz, hondartzara joan den langile etorkin koadrila, denak gizonak. Ikusi ditut errumaniarrak eta portugesak. Bigarrenak edozein herritako jaietako gaupasatik etorritakoak, itsasora abiatutakoak ajea kendu nahian. Bi taldeak berdintzen dituena bainujantzi-eza da, baina aldi berean bainua hartzeko gogoa. Besterik gabe, galtzontziloak, zertarako bizitza konplikatu.

Kaltzioak kaltzontzilotan photoshopa behar ote du?

Leire Narbaiza 2012/07/12 23:18
"Ostiraleko katekorratza" ataleko 4. post txikia

Aurreko batean futbolari batek egindako kolonia iragarkiaren argazkia ekarri nuen hona. Eta horren bila nenbilela, hara non topatu nuen beheko galtzontzilo iragarkia:

Italiako futbolariak

Lehenengo begiratuan "Zelako mutil koadrila!" pentsatu nuen, baina argazkia tamaina handian jarri nuenean gauza arraroak topatu nizkion. Ez dakit photoshoparen ondorioz den, baina badirudi beste nonon atera dietela argazkia eta ondoren, fondo hori jarri; ala fondoaren kolorea eta larru kolorea nahasten direlako, baina gauza arraroak ikusten ditut.

Ezkerretik hasita, lehenengoak (di Natalek) daukan sama normala da? horma zati bat da? Fernando Alonsoren lehengusua ote?

Laugarrenak (Iaquintak) tirantearen marka dauka eskumako sorbaldan! Eguzkia hartu zuen kamiseta barik eta boltsoa jarrita?

Eta bosgarrenari (Marchisori) zer egin diote, photoshoparekin gerri-buelta kendu eskuma aldean?

Ez dakit, pastiche bat dirudi. Gehiago gustatu zaizkit Italiako beste kirol batzuek selekzioekin egin duten muntaketa:

rugby italia Errugbikoak

igeriketa italia Igeriketakoak

Zuek zer diozue?

Eguzkitan jartzeko, ze jantzi?

Leire Narbaiza 2012/07/10 00:09
Eguzki babeserako kremaz gain, zer aukeratuko dugu?

Ematen ez badu ere, uda heldu zaigu. Berarekin beroa, eguzkia, hondartza eta oporrak etorriko dira! Beroak eta eguzkiak igerileku, urtegi eta hareatzera joateko gogoa emango digute, eta orduan iritsiko zaigu urteko momentu gaitzenetakoa: lehenengo plaia eguna.

Izan ere, aurten ere prestatu barik harrapatu gaitu eguraldi onak: depilatu barik, gerri-buelta ederra, eta zuri-zuri. Berriro ere, egun katastrofiko hori heldu zaigu, hondartzan "biluztearena". Zergatik pasatu behar dugu trantze honetatik, baina? Azalak folio kolorea du, esne markaren batek gustura asko hartuko luke gure tonalitatea; zuritik harantzago doa, ia fosforeszentea da: gure larruarekin makina bat txaleko islatzaile egingo lukete!

Depilazioaz eta gerri-bueltaz, ordea, ez dut berba egin nahi; bati behin entzun nion  hondartza konplexuak kentzeko lekua zela, bertan norberarena baino gorputz txarragoak aurki baitaitezke: zuriagoak, zatarragoak, iletsuagoak eta gizenagoak. Ez nago hain ados, eta horregatik ez ditut depilaziook eta girgiloak aipatuko. Nahikoa tirania da urte guztian zehar. Baina horren ordez, Arantza Santestebanen artikulua irakurtzea gomendatuko dizuet "Bikini operazioaz": "Zer dago bikiniaren tiraniaren pean?" (gaz)

Baina une larri horretan zer jantzi? Zorionez, gaur egun ia denetarik dugu dendetan, eta ezin aipatu gabe laga bainujantzi osoa. Moda-modakoa ez bada ere, batzuek nahiago izaten dute, klasikoena eta dotoreena omen delako. Baina jakina da, dotoretasuna norberak duela, eta ez arropak, ezta?

bainujantzi osoa

Moda-modakoa, eta gaur egun gehien erabiltzen dena bikinia da. Duela 66 urte sortua, eguzkipeko janzki sexiena ei da, eta polemika iturri izan dena hamarkada luzeetan.

bikini zaharra

Baina, batek baino gehiago pentsatuko du ea zertara datorren post hau, jakinekoa esan baino ez badut egiten. Lasai, badaude beste bainujantzi batzuk osokoaz (edo monokini deitutakoa) eta bikiniaz gain. Eta denek bikinirekin errimatzen dute.

Lehenengoa trikinia dugu. Umea nintzenean modan egon ziren eta pare bat izan nituen. Azken urteotan ere ahalegindu dira modan jartzen, baina urterik urte proposatu arren, jendea ez da animatu, zorionez! Izan ere, ez dira batere ondo geratzen: tripa dutenei ezkutatu beharrean, nabarmendu; eta argalegi daudenak argalago ematen dute!

trikini

trikini beltza

Beste "-kini" bat tankinia da. Seguru ez duzuela ezagutzen. Nik ere katalogo baten ikusi nuelako, bestela… Bikini moduko bat da, baina goiko aldea bularretako hutsa izan beharrean, elastiko itxura du. Jantzita, baina bainujantzian, erdiko bidea balitz bezala. Batzuetan ideia ona izan litekeela uste dut baina beste batzuetan, zalantzan jartzen dut. Ez dakit, probatu behar!

tankini

tankini haurdun

"-kini"-en moda hainbeste zabaldu da, non herrialde musulmanek ere asmatu duten eurena: burkinia. Jantzi hau emakume musulmanak bainatu daitezen asmatu dute; izan ere, gaur egunean guztiz jantzita sartzen dira uretan (gizonak ere bai). Aurpegia, oinak eta eskuak baino ez dizkiete lagatzen bistan burkiniak. Erosoa ez da izango, baina kaleko arroparekin bainatzea baino erosoagoa ziur.

burkini 1

Tira, eta azken nobedadea "mankinia" da. Man-kini, gizonezkoentzako "-kini" bat; hau da, osoko bainujantzia. Antza denez, Boratek jarri zuen modan, eta aurten jostun batzuk atera dituzte pasareletan ea inor konbentzitzen duten…

mankini

Desastrea! Eskumako mutilak duen gorputz eder horrekin eta tripa egiten dio! Zer ote da gizon arrunt batekin? Baina behekoak ikustea besterik ez dago

trikini gizon

Borat ezkerretan dagoena da

 

Erdian, goiko erdiko modeloa

 

Eskumatan, Jim Carrey. Emazteren bainujantzia janztea ere ez da ideia ona!

 

Kamuflajea ere ez da egokia! Beheko gizon hau tanga normal batekin hobeto legoke!

mankini 1

Bularra tapatzen duenak ere gizonekoen gorputzean ez du funtzionatzen!

mankini 2

Egia esatera, goiko asiar horren gorputz normaltxoa da. Baina mutil katxarroei ere ez zaie lar ondo geratzen! Eta hori behekoaren gorputza zoragarria dela! Askoz hobeto behealdeko pieza barreko bainujantziarekin

mankini 3

Tira, orain badakizkizue izen batzuk gehiago. Baina mutilok, zalantza izanez gero, ez modernizatu! Iazko bainujantziarekin ederki ibiliko zarete! A! Eta ez ahaztu eguzkitako krema eta gerizpea! Eguzki on!

Amonek praka erdi-motzak jantzi dituzte

Elena Laka 2012/07/05 23:19
Ostiraleko katekorratza

 

Halako batean amonek praka erdi-motzak jantzi dituzte.

Emakumeprakak1

Amona ala ez, erretiro adin inguru horretan, eguraldi onarekin emakume guztiek jantzi dituzte praka erdi-motzak (edo erdi-luzeak).

 

Emakumeprakak4Emakumeprakak5

 

Prakak dira arinak, freskoak; laburrak baina apur bat estaltzen dutenak, belauna eta orkatilaren artean bukatzen dira, barrena piskat zabal, gerrian goma. Merkatu txikietan eta saltoki handietan saltzen dituzte, merke. Ez oso dotoreak, bai oso erosoak.

Bejondeiela modatik kanpo, erosotasuna modan ipini duten emakume adinduei.

Gure amona zenak harrapatu izan balitu!

Bainujantziak eta zinema

Elena Laka 2012/06/30 21:35

Balenciaga Museoak XX. mendeko bainujantziei buruzko erakusketa bat dauka sasoi honetan, eta erakusketa horren barruan, datorren astean  zinema-ziklo bat hasiko du bainujantziak zineman nola agertu diren ikusi ahal izateko.

Hiru film eskainiko ditu:

- Escuela de sirenas (George Sidney, 1944), Alta sociedad (Charles Walters, 1956) eta  La cabaña (Mark Robson, 1957).

Pelikula horietatik kanpo ere, bakoitzak izango du bere zinemako bainujantzi-irudi edo filmerik gogoangarriena edo kuttunena. Izango da Sue Lyon Lolita-n, izango da El talento de Mr. Ripley, Ursula Andress edo Pauline à la plage.

Zinemaren historian bainujantzi-irudi bat baldin bada, honako ezagun hau da, 1953koa baina joan zen astekoa ere izan zitekeena. Erabat modernoa. Bainujantzia zineman letra larriz. De aquí a la eternidad.

Deaquialaeternidad

Gatozen euskal zinemara. Bainjuantziaren historia kontatzeko euskal zinemak ibilbide eskasa eskaintzen digu. Euskal zinema zer den eta ezer ez eztabaidan sartu gabe, errealitatea da pelikula gutxi dauzkagula. Eta are bainujantzi gutxiago filmeetan (horren beste aldiz irudikatutako gatazkak bainujantzi gutxi, nonbait).

Memoria estututa, hiru eszena baino ez ditut gogoratzen euskal zineman bainujantzidunak, bi filmetan. Hirurak ere ez dira bainujantziaren historian mugarri izango, modu diplomatikoan esateagatik. Baina dagoena hau da, edo behintzat, nik gogoratzen dudana (adierazi besterik balego), eta hemen jarriko ditugu gure zinemaren  bainujantzi gabeziaren erakusgarri (barkatu argazkien kalitatea).

Aupa Etxebeste2

Aupa Etxebeste! filma (Asier Altuna eta Telmo Esnal 2005).

Kutsidazu bidea Ixabel

Kutsidazu bidea, Ixabel (Fernando Bernues eta Mireia Gabilondo 2006).

Eta euskal zinemaren bainjuantzi irudirik itxurosoena azkenerako. Kutsidazu bidea Ixabel filmeko Ixabelena, baserriko sukaldean. Ainere Tolosa lau hirukiko bikinian:

Ixabel

Besteren batek besterik ez erakutsi arte, honako hau izendatu  beharko dugu euskal zinemaren bainujantziaren historiako eszenarik interesgarriena.

Bizardun idorra lurrin artean

Leire Narbaiza 2012/06/28 23:50
"Ostiraleko katekorratza" ataleko 2.a post txikia.

Aste honetan "Aurpegiko ileen joera" postean ahaztu nuen bizardun bat ekarriko dut Ostiraleko katekorratzera. Moda-modako gizona, askotan bizarra darabilena: Xabi Alonso.

Mutil ederra begitantzen zait, batez ere bizar gorrixka hori uzten duenean. Erakargarri bihurtzen du oso. Batez ere irri barretsu dagoenean.

Baina ez dut hona bizarragatik ekarri, ez. Gizonezko kolonia marka ezagun batendako egin duen iragarkietako argazkiengatik baizik:

xabi alonso

Baina nolatan aukeratu dituzte argazki horiek? Ahoko keinu horrekin? Heste-idor aurpegia du, barren! Bifidusdun jogurt iragarki baterako balitz, ulertuko nuke; baina lurrin dendetan tamaina naturaleko argazkietan? Ez dut ulertzen! Lehengaia badagoenean, gainera! Ikusi bestela beheko argazkia, kanpainaren aurkezpen egunean egindakoa, zelako aldea:

Aurpegiko ileen joera

Leire Narbaiza 2012/06/24 22:40
Nola eramaten dute aurpegiko ilea gizon euskaldunek? Ingurukoengan fijatuta, bizar, bibote, kokospeko eta abarrak blogeratuta!

Aurreko post baten jardun dugu pasadaz aurpegiko ileez. Ruedaz aritzerakoan aipatu genuen bisaietako ilea. Gaurkoan, baina, post osoa eskainiko diot, askorako ematen baitu.

Egia esatera, Eraldalab-eko jardunaldian bururatu zitzaidan zerbait idatz litekeela honen gainean. Bertara nahiko jende gaztea joan zen. Esango nuke adina 30en bueltan zebilela. Kontua da elkartutako gizonezko gazte, sendo, zindo horietako askok bizarra zeramatela. Proportzio handian, argazkietan ikusten den moduan. Harritu egin nintzen, eta nire belaunaldikoekin konparatzen hasi. Hortik gora jo nuen, aurreragoko belaunaldietara. Horrela sortu zen ideia hau, konparazioak eginez.

70. hamarkadan Laboak (ile bakoa aurpegian) "Egun da Santimamina" kantu famatuan "Euskara salbu ikusi arte, ez dut moztuko bizarra" abesten zuen. Batzuek zentzu hertsian hartu, eta bizardun egin ziren betiko. Orduko manifestazioetako argazkiak-eta ikusten baditugu, erraz berretsiko dugu hori.

Baina denbora aurrera egin ahala, askok bizarra egin eta musu-garbi geratu ziren. Beste batzuek, ordean jarraitu zuten bizardun. Era askotara, ideologia desberdinetakoak, gainera. Hementxe hainbat kasu:

mario onandia

Mario Onaindiak, adibidez, hil arte eroan zuen, bere partidu politikoan hain modan egon zena.

xabier lete

Xabier Lete ere bizardun gogoratzen dugu. Bizar luzeagoarekin ere ezagutu genuen, argazki bitxi honetan bezala:

xabier lete zoro

Amatiñoren blogetik hartua, erdian dago Lete, lehoi baten antzera

Beste bat lehoi itxura duena Xabier Amuriza da:

xabier amuriza

Antza denez oso modan egon zen bizar luuuzea erabiltzearena, Fernado Muniozguren zenak gazteagotan erabili zuen bezalakoa

fernando muniozguren

Ez dut aurkitu erretraturik bizar luzeagoarekin, baina nik ikusi izan dut, benetan. Gure herriko Iñaki Larrañaga pintoreak darabilena bezalakoa.

iñaki larrañaga

Mutur horretara eraman barik, geratzen zaigu bizardun historikoren bat: Benito Lertxundi. Oso ondo ematen dio bizarrak, ezer barik baino guapoago.benito lertxundi

Talde honetan Iñaki Antiguedad ere sartuko nuke. Badakit gazteagoa dena, baina bere estetikak badauka sasoi horretakoarekin antza apur bat

iñaki antiguedad

Tira, argazki mitiko bat ere ezin falta post honetan, Sarrionandiarena bizarragaz. Orain auskalo, agian depilazio laserra dauka egina, eta ilerik ere ez zaio ateratzen, baina ezin nuen ahaztu!

joseba sarrionadia

Belaunaldi horretako gizonezko batzuk bizar/kokospeko dikotomian bizi dira. Hau da, batzuetan bizardun besteetan bibotea eta ahutz-bizarra. Bururatzen zaizkidanak:

joxerra garzia

Joxerra Garziak batzuetan bizarra, besteetan perilla "itxia".

jesus egiguren

Jesus Egigurenek ere aldaketak egiten dit noiznahi.

Baina gutxien aurkitu dudana bibote hutsa izan da. Kasu pare bat politikoen artean

ramon etxezarreta

Ramon Etxezarreta, bibote sarri eta handiarekin, Jon Idigorasen estilora (nahiko toreroak, biak ala biak, alajaina)

jon idigoras

Beste politiko bat biboteduna, Iñaki Azkuna. Aristokratikoagoa, bistan denez. Behar omen da Bilboko alkate izateko

iñaki azkuna

Bibote hutsarena baina, ez da hain popularra. Antza denez, sasoi bateko Errealeko jokalarien ezaugarria ez dugu, ez, oso gustuko, horrela, huts-hutsean.

zamoraZamora

 

 

 

 

 

 

idigoras Idigoras

satrustegi Satrustegi   Larrañaga

Tira, bibotedun idazle estiloso bat ere bururatzen zait, baina hau gaztetan futbolaria ere izan zen. Joan Mari Irigoien:

joan mari irigoien

Belaunaldi berean baina, dena ez da bibotea izan. Belarrondoko ileek ere izan dute protagonismoa, patillak, hain zuzen ere. Eta nor da patillen erregea, pastazko betaurrekoekin batera? Ruper Ordorika handia, modaz paso eginda, bere nortasun propioarekin, ikur bihurtu duena. Gizon elegantea, berba baten!

ruper ordorika

Ile-zangoak modan jarri ziren, eta hurrengo gizaldiak ere bere egin zituen. Pernando Barrenak, kasu.

pernando barrena

Edo hurrengo belauneko Maiorga Ramirezek bezala, patilladun ilehori bakarra gure rankinean

Baina Ruper Ordorika patillen erregea bada printzea Unai Iturriaga da! Berak baino luzeago gutxik eroan dituzte ile-zangoak gure panoraman.

unai iturriaga

Belarrondoko ileak gehi mini-kokospeko horrek egin dute famatu Iturriagaren estetika. Mini-kokospeko hori oso zabaldua da hainbat adinetan. Aitortu behar dut niri asko gustatzen zaidala, eta bizarra eginda izan, baina ukitu hori lagatzea maite dudala. Musikari askok darabilte:

Eñaut elorrieta

Eñaut Elorrietak, adibidez, bizarra kentzen duen bakoitzean, look desberdina ematen diola bere buruari uste dut, baina beti mantentzen du mini-kokospekoa

mikel urdangarin Mikel Urdangarinek urteetan daroa. Ondo geratzen zaio!

iñaki soto Iñaki Soto Garako zuzendariak ere badarama, estilo handiz. Egia esan, Soto anaiek aipamen berezia behar dute, biek aurpegiko ilearekin hainbat modu erabili dutelako. Mikel Sotok, adibidez, gauza definiezina darama, bizar eta patilla artekoa. Ikusi:

mikel soto Ile-zango luzeak kokospean ia elkartzen direnak.

Batzuetan bizar huts bihurtzen dira bibote barik, Amish edo islamista estilora

Xabier Gantzarain Berriako zutabegilearen moduan.

Baina patilla definigaitz horiek belaunaldi horretako askok darabiltzate:

teketen-artsuaga

Gorka Julio eta Asier Artsuaga, patilla luzeekin, Eraldalaben

Eta atzera ere Eraldalabera itzuli naiz. Eta 30 urteren bueltan dabiltzanen artera. Esan dudan moduan, harrituta geratu nintzen bizardunen kopuruarekin. Hala ere, ez nuke esango bizar permanenteak direnik, postaren hasieran aipatu ditudanak darabiltzatenak bezalakoak. Koiunturak direla esnago nuke. Hau da, pentsatu barik lagatakoak. Bihar, gogotsu jaikiz gero, desagertuko direnak. Pixka bat Gorka Bereziatuaren antzera

gorka bereziartua

Askotan 3-4 egunekoak diruditen arren ez dira horrela, ez direlako oso itxiak eta nahiko suabeak. Atsegina da oso, batez ere aurkezpenetako musu emate horretan. Tira, musu emate guztietan!

Gari Araolazaren moduan, bizarra, baina ez oso-oso itxia, beste belaunaldi batekoa izan arren.

Gero, Eraldalab-ekoaren ostean, Bizardunak taldea etorri zitzaidan burura. Agian hauek jarriko zuten moda hau, ala eurak dira modaren jarraitzaile? Ezin esan!

bizardunak

Joera horretan ere Kalakan-eko Janmixel Bereau ere sar genezake, Jesukristo looka darama eta.

Erdikoa, jakina!

Gazteengana salto eginda, nire belaunaldikoak laga ditut alde batera. Eta Gari Araolaza aipatu badut ere, esango nuke, ez dagoela hain zabalduta bizarrarena euren artean. Batzuek ez dute bizarra egiten eta askorik ez dutenez, lakaina batzuk baino ez zaizkie geratzen, sasoi batean Jon Sarasuari legez:

Twitterreko nire TLan baina, bizardun pare bat ere aurkitu ditut, salbuespenak:

Benito Fiz

Ricardo Gomez

Biak irakasleak, biak bizardun baina bizarra moztua eta soildua, nahita. Zainduak.

Bibotedunik ez dago, ez badira perilladunak. Perilla izan daiteke bibotea+kokospekoa, edo bizarra ken ile-zangoak, nahi duzuena. Lehenengo taldekoak gutxi dira: Joseba Tapia, baino ez dut aurkitu

Bibote sarria, patillak eta perilla

Bigarren taldean kasuak ugariagoak:

Iban Zaldua

Joxe Rojas

Josu Lezameta.

Argi dago! Sasoi bateko gizonen artean oso modan egon zen eta badago belarrondoko ile bako bizarra. Segi horrela, ondo geratzen zaizue-eta ;-)

Amaitzeko argazki bakarra, Ander Arroitajauregi luthier eibartarrarena, benetako ahutz-bizarra daramana aspalditik. Ume guztiek tira egiteko tentazioari eutsi ezin dute bera ikustean:

Nik argi daukat, gizonezkoa banintz, bizarduna nintzateke. Sekulako alferra emango lidakeelako egunero bizarra egiteak, patillak definitzeak, perilla murriztea, bibotea moztea. Noizean behin bizarginarengana joan eta hari emango nioke lana! Gero plazera dela esateko! Gora aurpegiko ilea!

Udan sartu gara

Elena Laka 2012/06/21 14:15
Asteko katekorratza

Sortu uda

Sortu negua

 

 

 

 

 

 

 

Udan sartu gara. Eguraldi ona. Arropak arin. Urruti hotza, arrotz neguko arropak.

Irten du eguzkiak.

Orain paxa?

Elena Laka 2012/06/16 23:09

Uda, beroa eta eguzkia gertu daude. Gurean uda azala erakustea da, gorputzak askatzea. Arropa gutxiago, arinago, eta azal zentimetro batzuk behintzat bistan, norberaren gustoan. Besoak, izterrak, paparrak. Neguko estalkiak alde batera laga eta gorputza libreago dabil.


… Edo libreago zebilen, Ane Igarteburuk, merkatuaren azken asmasioaz burua igartu nahian, paxa bat janzteko gomendatzen digun arte. Bere sekretua ei da!

Annepaxa1

 

Paxak gorputza estali, eta batez ere, hertsatu egiten du. Izterrak, ipurdia, sabela, gerria. Dena barnean hartzen du, ondo estutu, eta modu libre eta naturalean joaten galerazi. Gorputza txorizotu egiten du, uler dezagun, gerri estu, sabel lau, ipurdi tente eta izter lirainen itxuraren mesedetan.Alegia, janzten duzula paxa bat, gainean soinekoa, eta Anneren moduko figura perfektua lortzen duzula.

Annepaxa2

 

Ez du kontatzen gainera beroa pasako duzula (gogoan izan, udan gaude!), gorputza geldi eta hertsituta sentituko duzula, eta deskuidoan inoren aurrean biluzteko aukera baduzu, gorputzak bere bidea egingo duela berriro, moldetik ateratzen den natila bat bezala.  Bidesaria hori da (egin barre Errepideen Foru Diputatu debagoiendarrak Beasain Durango zatian ipiniko digunari!), tortura txiki bat zuretzat, ikuskizun perfektu bat gizartearentzat.


Zu, irakurtzen zabiltzan gizon hori, lasai, ez duzu gorputz-gartzelarik pairatu behar izango,  soilik emakumeentza ari naiz. Gizonentzako ez dago paxarik iragartzen duen ez Julian Iantzirik ez bestelako gizaseme lerdenik, oraindik behintzat. Zuk segi pentsatzen emakumeen edertasuna barrukaldean dagoela.


Ni paxaren iragarkiari haserre moduan begira, eta lagun batek kontatu dit erosi duela. Nire plater begien aurrean aitortu du, zalo, erosoa dela, zu, gerria taila bat txikitzen dizula, ipurdia ere nabarmen estutzen duela. Baita jibaroen herriko oporraldi batek ere, pentsatu dut, baina ez diot erantzun. Pentsatu eta esaten ez diren gauzak.


Gure amak nire adinean eta lehenago ere erabiltzen zuen paxa, horrelakoa, nahiz eta bularretakoak erretzen zituzten garaian gazte izan. Jakina, amaren belaunaldiari kobazuloetan bizi izatea tokatu zitzaion horrelakoei dagokienez. Hogeitamar urte beranduago, ez berak ez haren alabak ez dute paxarik janzten.


Bota errua atzeraldiari, bota errua eskuinari: bainujantzi osoak modan ipini dira, azkenaldian kuleroek zilborra ukitzen dute, bularretakoek gero eta errelleno handiagoa dute (honek beste post baterako ematen du) eta emakumeak paxa erabil dezaten animatzen dituzte. Batu hori abortuaren kontrako boladari eta amek umeak etxean zain dezaten saiakerari. Doris Day-ren garaira berriro?


Gantzak gantz, mitxelinak mitxelin, haragi eroriak erori, zelulitisa zelulitis, ez nago gertu Anneren sekretua partekatzeko. Sekretuak gorde ditzala beretzako eta jantzi dezala paxa, behintzat oraindik Benidormera joateke baldin badago, Janira horren amonak!

Fular eta zapien xarma

Leire Narbaiza 2012/06/10 21:55
Sama, lepo eta paparrean ematen duten plazera!

Gaztetxoa nintzenetik maite izan ditut samako zapiak. Agian nire nerabezaroan moda-modako osagarria zelako atsegin ditut; edo, beharbada, benetan gustuko dudalako oihal leunaren ukitua lepoan. Ez dakit, baina ia egunero janzten dut, Pavarotti handiaren bidetik, (kalean eztarria babestearren erabiltzen zituen, itzelak)

pavarotti osokua

pavarotti

edo Maria Dolores Pradera dotorearen moduan, kontzertuetan kantu bakoitzarekin aldatu egiten du, eta dagokiona jantzi

mariadolores pradera xala

mariadolores pradera guztiekin

Atzean ikusten dira kontzertuan erabiltzen dituenak

Ez dut eurak bezala kantatuko, baina pasio bara dut ehun zati horienganako! Denak gustatzen zaizkit, eta askotarikoak erabiltzen ditut, neguan zein udan. Atsegina zait nik janztea, baita jantzita ikustea ere, gizon zein emakumeei. Nahiko nuke, gizon batzuek gorbata gutxiago eta zapi gehiago jantziko balituzte!

mutila-fular

Baliteke oihal, ehun eta bordatuengatik izatea, ikaragarri gustatzen baitzaizkit zeta, liho, kotoi, artile eta abarrez egindako janzkiak, magia puntu bat dutela iruditzen zait. Akaso, koloreengatik izango da, zapiek hamaikatxo kolore, estanpatu dituztelako, ez dakit.

fularrak

Kontua da guztiak ditudala gogoko: zapi hutsak, fularrak, pashminak, tapaukak, xalak, estolak, mantoiak, Manilako mantoiak, pareoak, rebozoak, mantelinak,… denak!

Baina ez-aditu batendako badakit izen hauek guztiak nahastea sortuko dutela. Ez kezkatu, bakoitzak bere ezaugarriak ditu; hala ere, dut deskripzio zehatzik egingo. Denei zapi deituta nahikoa izaten delako, eta, gainera fular (foulard) frantsesez hori delako, lepoko zapia

zapiak

Gainera, neguan zapiak baino gehiago tapaukak, pashminak eta xalak erabiltzen ditugu, normalean artilez eginda daudelako, eta hotzari aurre egiteko ezin hobeak direlako

bufandak xalak/tapaukak/pashminak

 

 

 

bufanda asko

 

 

 

pashmina pashmina

Udazken eta udaberrian, epelago egon arren, oso erabilgarriak ere badira, jaka barik irtenez gero, nahikoa da horrelako bat eramatea sorbaldetan jartzeko, edo paparrean ipintzeko. Zer esanik ez umeekin! Umetxoa lokartu zaizuela karroan eta ez duzuela tapakirik? Ez dago arazorik, atera izekoren xala, eta goxo-goxo egingo du lo aingerutxoak. Edo deabrutxoa? Izan ere, hurrengoan mukiak kentzeko, edo muturra garbitzeko erabiliko baitu xal berbera!

Oso erabilgarriak ere badira pareoak; izan ere, zapi luze, zabal eta arinak dira hondartzara joateko ez eze, udaberri/udazkenean sama-sorbalda inguruan eroateko aproposa. Bai, nik asko maite ditut hondartzatik kanpora.

pareoak

Turismo egitean ere oso praktikoak dira: toki gutxi okupatzen dute eta sasoi bateko motxileroek eskupainuak eroan beharrean, pareoak eramaten zituzten (egun, mikrofibrazko xukaderak daude). Baina edozein turistarendako dira erosoak. Venezian gaudela San Marko elizan ez digutela sartzen lagatzen tirantetan gaudelako? Jarri pareoa sorbaldan. Istanbulen Meskita Urdinean sartu nahi duzula burua estali behar dela? Pareoa buruan. Guatemalan komunitate indigenetan txarto ikusita dagoela hankak erakustea? Jantzi pareoa maxigona balitz legez!

pareoa

Gainera, eguzki asko hartu badugu eta erreta bagaude, oso-oso ona da, berorik ematen ez duelako eta babestu egiten gaituelako.A! Eta goiko aingerutxoa lokartu ezinda badabil, kotxe gainean jarri: gerizpea emateaz gain, eguzkia kenduko dio. Pentsatzen zenuten hainbeste gauzatarako balio zuenik?

Amaitzeko, falta zaizkidanak aitatu gura nituzke: estolak, xalak, tokillak, mantelinak, mantoiak, eta Manilako mantoiak. Zuetakoa askok andre zaharrekin lotuko dituzue janzki hauek. Egia da amama askok janzten dituztela tokillak etxean, baina orain urtetxo batzuk oso modan jarri ziren negurako, eta gozada bat dira.

tokilla

Gainera, estola eta xalak dotorezia eta gaueko soinekoekin ere asoziatzen ditugu; izan ere, soineko hauek ez dute bero handirik ematen eta askotan horrelakoak eramaten dira, emakumeak zeharo ez izozteko

estola

 

 

 

 

estola

xala

 

 

 

xala

 

 

Egia da batzuek zaharrunoak direla pentsatuko duzuela, batez ere mantoiak, Manilako mantoiak eta mantelinak. Bai, badute karga sinbolikoa baina hain ederrak iruditzen zaizkit, hainbesteko lana dute; zaharkituta ez daudela begitantzen zait. Bestela begiratu:

mantelina

Mantelina

mantoia

 

 

Mantoia

manila mantoia

 

 

 

 

 

Manila mantoia

 

 

 

Ederrak benetan! Euskal tradizioarekin lotzen direnak, bestalde. Ikusi bestela Lekeitioko andrazkoen soka-dantza:

Lekeitioko sokadantza

Askoz argazki ederragoak dauzka Jose Maria Pena Diazek Picassan, hemen eta hemen

Ordizian ere, santaneroek dantza egiten dute, emazte berriak Manilako mantoia dutela:

santaneroak

Arropa tradizionalen artean ere rebozoa dago. Erdiko Amerikan oso erabilia da, xal mota hau. Askotan motibo etnikoak izaten ditu, baina ia guztiok Frida Kahloren eskutik ezagutu genuen

Frida Kahlo ume rebozoduna

emakumeak rebozotan

Hariari tira eginez Indiako sari eta Saharako melfetara irits gaitezke, jantzi hauek biak oihal zabal eta luze hutsak baitira. Baina bakean utziko ditugu gaurkoan, ezta?

Abisatuta zaudete, ez badakizue zer oparitu niri goian adibide mordoa eman dizuet ;-). Asko ditut, baina sekula ere ez, nahiko! Horrelako denda bat nahi nuke niretako etxean!

zapi denda

Orain badakizue, jarri lepoko bat zuen bizitzetan! Eta jartzeko arazorik baduzue, ahor bideo bat 25 modurekin:

Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera