Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona / Orain paxa?

Orain paxa?

Elena Laka 2012/06/16 23:09

Uda, beroa eta eguzkia gertu daude. Gurean uda azala erakustea da, gorputzak askatzea. Arropa gutxiago, arinago, eta azal zentimetro batzuk behintzat bistan, norberaren gustoan. Besoak, izterrak, paparrak. Neguko estalkiak alde batera laga eta gorputza libreago dabil.


… Edo libreago zebilen, Ane Igarteburuk, merkatuaren azken asmasioaz burua igartu nahian, paxa bat janzteko gomendatzen digun arte. Bere sekretua ei da!

Annepaxa1

 

Paxak gorputza estali, eta batez ere, hertsatu egiten du. Izterrak, ipurdia, sabela, gerria. Dena barnean hartzen du, ondo estutu, eta modu libre eta naturalean joaten galerazi. Gorputza txorizotu egiten du, uler dezagun, gerri estu, sabel lau, ipurdi tente eta izter lirainen itxuraren mesedetan.Alegia, janzten duzula paxa bat, gainean soinekoa, eta Anneren moduko figura perfektua lortzen duzula.

Annepaxa2

 

Ez du kontatzen gainera beroa pasako duzula (gogoan izan, udan gaude!), gorputza geldi eta hertsituta sentituko duzula, eta deskuidoan inoren aurrean biluzteko aukera baduzu, gorputzak bere bidea egingo duela berriro, moldetik ateratzen den natila bat bezala.  Bidesaria hori da (egin barre Errepideen Foru Diputatu debagoiendarrak Beasain Durango zatian ipiniko digunari!), tortura txiki bat zuretzat, ikuskizun perfektu bat gizartearentzat.


Zu, irakurtzen zabiltzan gizon hori, lasai, ez duzu gorputz-gartzelarik pairatu behar izango,  soilik emakumeentza ari naiz. Gizonentzako ez dago paxarik iragartzen duen ez Julian Iantzirik ez bestelako gizaseme lerdenik, oraindik behintzat. Zuk segi pentsatzen emakumeen edertasuna barrukaldean dagoela.


Ni paxaren iragarkiari haserre moduan begira, eta lagun batek kontatu dit erosi duela. Nire plater begien aurrean aitortu du, zalo, erosoa dela, zu, gerria taila bat txikitzen dizula, ipurdia ere nabarmen estutzen duela. Baita jibaroen herriko oporraldi batek ere, pentsatu dut, baina ez diot erantzun. Pentsatu eta esaten ez diren gauzak.


Gure amak nire adinean eta lehenago ere erabiltzen zuen paxa, horrelakoa, nahiz eta bularretakoak erretzen zituzten garaian gazte izan. Jakina, amaren belaunaldiari kobazuloetan bizi izatea tokatu zitzaion horrelakoei dagokienez. Hogeitamar urte beranduago, ez berak ez haren alabak ez dute paxarik janzten.


Bota errua atzeraldiari, bota errua eskuinari: bainujantzi osoak modan ipini dira, azkenaldian kuleroek zilborra ukitzen dute, bularretakoek gero eta errelleno handiagoa dute (honek beste post baterako ematen du) eta emakumeak paxa erabil dezaten animatzen dituzte. Batu hori abortuaren kontrako boladari eta amek umeak etxean zain dezaten saiakerari. Doris Day-ren garaira berriro?


Gantzak gantz, mitxelinak mitxelin, haragi eroriak erori, zelulitisa zelulitis, ez nago gertu Anneren sekretua partekatzeko. Sekretuak gorde ditzala beretzako eta jantzi dezala paxa, behintzat oraindik Benidormera joateke baldin badago, Janira horren amonak!

Leire Narbaiza
Leire Narbaiza dio:
2012/06/24 17:02
Elena, zelako arrazoia! Gure aurrekoek faja erabiltzen zuten, berdin zion tripa izan ala ez. Horrela sartzen zituzten 50. hamarkadako soineko pegatu eta estu horiek. Bestela zelan, girgiloak atera barik? Orain berriro ere modan! Marka da gero!
Gainera, Anne Igarteburuk iragarrita! Ze mitxelin izango gu horrek holakorik iragartzeko? Ernegatu egiten nau! Zimurrik ez duten gaztetxoak zimurrak "kentzen" dituzten zimurrak iragartzen. Hipokrisia!
Zurea irakurritakoan Onintza Enbeitak Berrian idatzitako zutabeaz gogoratu nintzen: Min http://paperekoa.berria.info/[…]/min.htm
txu
txu dio:
2012/07/05 18:47
Mesedez, argaltzen dabena ez don Paxa edo dana dalakua. Argaltzen dabena FOTOSOPa da!! FOTOSOPa!!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera