Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Jogurt bat naiz

Leire Narbaiza 2007/02/19 18:55

Jogurt bat sentitzen naiz. Kaduzitate data daukat. Eta oraindik ez dut mundura ekarri nauen eginbeharra bete. Kezkatuta nago, denbora eskuetatik doakit-eta.

Begirada maltzur batzuk sumatu ditut, esamesen bat ere zabaldu da. Eginkizun gorena ez dut egin. Gizartea, familia eta Euskal Herria defraudatu ditut. Edo defraudatzeko bidean nago, denbora amaitu ez zaidalako.

Ez naiz sentitzen bifudus-dun jogurta, ezta sojazkoa ere. Jogurt naturala, ezer bakoa, modan ez dauden horietakoa. Baina klasikoa beti egongo diren horietakoa. Gainera, kadukatzeko bidean dagoena; supermerkatuan topatuz gero, oparitu egiten dutena.

Zertaz dihardudan? Zoratu ote naizen? Ez. Berrogei urtetik nahi baino hurrago nago eta emakumea naiz. “Arroza pasatuko zaizu” diote gaztelaniaz orduan paella sentitzen naiz. Badirudi andrazkoon lan nagusia hori dela: ugaltzea.

Oso berandu omen 41 urterekin umeak ekartzea. Jakina da nekea, alferra, gainera zelako arriskua! Baina gizonendako ez da berandu, ala? Zenbat gizon daude gazteago batekin elkartu eta 50, eta 60 urterekin umeak ekarri dituztenak? ez ote dira nekatzen edo alfertzen? Bai, badakit obuluak galtzen goazela, baina gizonek ez dituzte espermatozoideak galtzen eta hauen kalitatea eskasten?…

Ugaltzea emakumeon esku dago, antza. Gizonezkoek ez dute parte hartzen, itxura. Jaiotze tasen gainean jarduten dutenean 1- 2 ume andreko esaten dute. Eta gizonezko bakoitzeko? Hain gutxi balio dute?

Baina amorru handienak guraso diren askoren buruan dagoena: “Zuk ez daukazu umerik eta nik bai. Beraz, nik eskubide gehiago dauzkat, betebehar sakratuarekin bete baitut. Eta zuk ez.” Horrelako komentarioak entzun behar dira (agian ez hain zakarrak) lanean-eta ordu aukera egiterakoan. Zer uste dute, nik ez dudala familiarik, lagunik eta konpromisorik gizarte honetan?

Beste batzuek “Kontuz haurrak!!” pegatina daramate automobiletan. Gu, ume bakook kontuz ibili behar gara guraso arduratsu horiekin. Eta euretako asko? Ume barik doazenean ederrak makarrak!

Baina inoiz ez duzue jogurt kadukaturik jan? Nik bai, sarritan. Eta beti onak egoten dira. Errezeloarekin, hasieran; baina lehengo koilarakada ahoan sartu ondoren, besteekin (ez iraungitakoekin) sentitzen den plazer berbera disfrutatuz. Gehiago esango nuke: plazera handiagoa da, gizarte hiper-babesle honi, gangarra buruan, partida irabazi diodan sentsazioa baitaukat.

Kalamuatik

Leire Narbaiza 2007/02/16 20:00

Kalamua Eibarko mendi txiki bat da. Ez da Eibarri nortasuna ematen diona, edo Eibarrekin edozeinek lotzen duena, baina bada paseatzeko, mendi-buelta txiki bat egiteko aukeratzen duguna. Txikia da, baina atsegina. Tontorretik itsasoa ikusten da, eta inguruko hainbat herri.

Kalamuaren benetako izena Max ei da: Max mendixa. Horrela zioen, behintzat, gure aitxak. Eustakioren arabera, Kalamua izena Ondarroako arrantzaleek jarri zioten, itxura denez: itsasoan zeudela, portuan sartzeko Max mendia ikusi, eta esaten zuten “Hor da gure kalamua” eurendako kostaren erreferentzia puntu bat zelako. Kalamua, kalamua,…azkenean Kalamua.

Ez dakit izena ondarrutarrek jarri zioten, ez dakit historia hau benetakoa ote den, baina niri beti esan dit hori. Egia esateko, kontatzen dudan bakoitzean, Max izenarena ere ez didate sinisten. Hori bai, kartografia ofizialean; hau da, ejerzitorenean, horrela dakar, eta horrela dago jasota toki askotan.

Sinisten ez didaten beste gauza bat tontorrarena da. Tontorra ez da Eibar. Eta ez dakizue eibartarroi zelako mina egiten digun horrek! Tontorra erdibana Markina eta; oi, anatema! Elgoibarkoa. Nolatan? Ez da Eibarkoa? Ez, zoritxarrez, ez. Hain gurea, baina ez da gure propietatea!

Normala da horrelako jabetza sentimenduak izatea, gure mapa sentimentalaren zati garrantzitsua delako. Kalamua umetan igotzen dugun lehengo mendia izateaz gain, badauka (edo bazeukan) kromlech bat, orain ia desagertuta dagoena, pinuak sartzeko. Gerra zibilean ere gure nagusiak bertan tiroka ibili ziren, eta eraikitako lubakiak umetatik erakutsi izan dizkigute. Bestetik, Kalamuako Parlamentua dago. Bertara jendea eztabaidatzera eta berba egitera joaten zen; hortik datorkio izena. Orain iturria, erretegitxo bat eta mahaiak daude, eta Eibarko Klub Deportiboak hiru zuhaitz dauzka landatuta klubeko hiru bazkideren omenez, eskiatzen eta mendian hil zirenak. Hileta-errito gehiago ere egiten dira Max mendian, hainbat errauts zabaldu dira, tartean gure aitxarenak.

Hain esanguratsua niretako, hainbeste gauza bertan bizi izanda, blogaren izenean jartzea erabaki nuen. Eibar esan nahi nuen Kalamua esanda, eta epigrafe horren azpian sartzen ditut Eibarrekin zer ikusia duten post-ak. Eta “nondik” deklinazioarekin; Kalamuatik, alegia, nik neuk Eibar daukadalako oinarri eta Eibartik abiatzen naizelako mundura, Kalamuatik

San Balentin

Leire Narbaiza 2007/02/15 18:44

Atzo kargatu nuen mezu hau blogean, baina badirudi arazoak izan direla, eta nire sorpresarako ez da ezer agertu. Nahiko odisea izan denez artikulu hau agerraraztea(beharbada beste post batean azalduko dut), kargatzea erabaki dut. Gainera maitasun mezurik jaso ez dudanez, ez daukat ezer aldatzeko.

***********************************************************

San Balentin, maiteminduen eguna omen. Denda eta zentro komertzialetako eguna, batez ere. Gaur maiteari loreak, koloniak, bonboiak,…erregalatu behar zaizkio. Eta gauean, afari erromantikoa. Hau egin ezik, otsailaren hamalaua ez da behar den moduan ospatzen.

Telebistan iragarki kopuruak gora egin du, batez ere, lurrinena. Hainbat lore-dendatan lazo gorriak eta bihotzak nonahi. Ogia erosten dudan okindegian ere, bihotz formako pastelak egin eta marmelada gorriarekin bete dituzte. Dena da maitasuna, dena gorria…Dena negozioa. Gabonetan saldu ez dutena, orain dute aukera.

Eta denok kritikatzen: “San Balentin komertzioa baino ez da”; “ni ez naiz holako gauza baten jausiko”; “urtean 365 egun daude maitasuna adierazteko, zergatik egun konkretu hau?”; “Kontsumismoak gure sentimenduak ere komertzializatu behar ditu, edozein gauza bihurtzen du salgai”. Egia da, guztia. Baina urterik urte, dendetan kartel, bihotz, lazo gehiago ikusten ditut. Horrek esan nahi du gero eta jende gehiagok erabiltzen duela data hau maitasuna adierazteko.

Nik ere uste dut San Balentin edo San Polikarpo, berdin-berdin dela horretarako. Baina nork egongo lioke uko maitasun oparitxo bati? Nik ez, behintzat. Kritikatu egiten dut egunarena, baina pozik jasoko nituzke admiradore baten loreak, adibidez. Dena den —eta badakidanez gaur premiarik edukiko ez dudala—, nire lore-poto guztiak beteta daude, atzo loreak erosi nituen-eta: tulipan gorri-gorriak, etxea indarrez eta pasioz betetzen didatenak. Nik oparitu neure buruari, por que yo lo valgo!

Aratusteak debekatu dituzte

Leire Narbaiza 2007/02/13 17:28

Francoren diktadurapean, beste hainbat gauzaren artean, Aratusteak debekatu zituzten, jai askeak zirelako, jendeak inhibizioak alde batera laga eta zena, izan nahi zuena, izaten ahalegintzen zelako. Ez zegoen ez jainkorik, ez elizarik egun horietan libertadea kenduko zienik.

Trantsizioan Inauteriak legeztatu, eta atzera ere, Karnabalek garrantzi ikaragarria izan zuten, jairik zoroena eta ederrena. Denbora pasa ahala, indarra galtzen joan ziren, eta jende askok koko janzteri uko egin zion, ume kontua zen aitzakiarekin. Edozein gauza ume arlora mugatzen denean, malo! txorakeria eta inuzentekeritzat hartzen delako, nagusiok inportanteegiak omen garelako, serioegiak, aspergarriegiak…

Eta orain azkena! Tenerifen epailek batek Inauterietako gaueko desfilea debekatu du. Zergatik, eta zarata gehiegi egiten duelako! Falta zena! Hain gara modernoak, eta “cool”-ak —hau da, guai, “in”— dena zabarra, kategoria gabekoa iruditzen zaie; euren kaleei prestigioa kentzen diena (kalea esan dut, horien etxeak ez baitaude auzoetan, faborez!)

Hori bai, ez dira kexatzen obretako konpresorerekin, trafikoaren eta obren zaratarekin ere ez. Eta kexatzen badira, ez dago epailerik horiek guztiak debekatuko dituenik. Gure onerako omen direlako: garapenerako, hobetzeko. Hori bai, urtean asteburu bakar bateko dibertsioak debekua merezi du, ikaragarri molestatzen du-eta. Baina zerk molestatzen die, zaratak ala herritarrak dibertitzeak? Hor dago koska!

Garazi

Leire Narbaiza 2007/02/12 18:02

Garazi umetatik ezagutzen dot, Goñiko nere lelehengo urtian ume izan neban. Gero, Eibarren jarraittu neban ikusten zelan hazten zan, eta azkenian bera be Goñin begirale egon zan, begirale izan ginttuanakin batera. Neska zintzua, buru argixa, bihargiña. Gauza asko pasau dittugu alkarrekin, eta bolada txar baten oso lagungarrixa izan jatan.

Lau urtian egon zan kartzelan, askotan ahalegindu nintzan bisitatzen, baiña zorionez beti zekan nork bisittau, eta zerrendan azkenetakua nintzan. Halan da be, behin ikusi neban beste presa bat ikustera juan nintzanian. Zelako poza, gitxitta sentidu dot lokutorixo haretan sentidu nebana.

Lau urte euki zeben barruan, hórretatik hiru baiño gehixago epaiketa barik. Prebentiba, "enemigo público número uno" zalako, bere kidiekin batera. Epaiketian lehengo sententzia lau urtekua izan zan, eta beteta zekanez, kalera etara bihar izan zeben, danon pozerako. Baiña epaitegi gorenera eruan zeben beran eta beste gaztien kasua. Mendekuz, daneri sei urte. Oin barriro be barrura, beste bi urte Alacantera, etxetik urriñ. Talde armatuko kide ei da, arma bako talde armatukua. Gatxa da armauta egotia arma barik, baiña justizia itsua da; gauza batzuendako itsua, ez guretako, ostera.

Berak eta bere hamazazpi kidiak euren burua entregau zeben pasa dan domekan Bilbon. Euren burua entregatziagaittik be kritikia euki zeben. Banan-banan atxilotu izan balittue be kritukau eingo littueke, ez entregatziagaittik. Egiñak egiñ, kritikia eukiko zeben.

Guztien artian ezagutzen dodan bakarra da, baiña danak dittut goguan. Eurak eta euren famelixak; Mikel, Mireia eta Biteri, batez be. Espero dot gutun gitxi idatzi bihar izatia, eta segiduan Eibarren ikustia. Hala bedi!

Emozio on txikiak

Leire Narbaiza 2007/02/09 18:37

Atzo oso berri hunkigarria jaso nuen. Zirrara bat sentitu eta begiak malkoz busti zitzaizkidan. Lagun min bat haurdun dago, hirugarren umea ekarri behar du. Benetan hunkitu ninduen (hormonak ere dantzan darabiltzat egunotan). Eta poztu. Beste “lobatxo” bat izango dut. Berriro ikusi gertutik ume jaio berria zelan hazten den, zelan hasten den oinez, zelan ikasten duen berba egiten,…itzela!

Aurreko baten plazer txikien gainean idatzi nuen, egunerokotasunaren laguntzaile direla eta bizipozaren sortzaile. Eurei esker bizitza oso atsegina izan litekeela. Esango nuke emozio onak ere plazer txikien osagarri direla, eta bata bestearekin mikro-une zoriontsuak eskaintzen dizkigute. Eta zer da, bada, zoriontasuna? Emozioa+plazer txikiak=zoriontasuna

Egia esateko, plazer txikiak ugariagoak dira, errazagoak lortzen. Baina emozioa denbora luzeagoan irauten du, eta biziagoa da. Askotan aldez aurretik sortzen zaigu zerbaiten zain gaudelako; besteetan ezustekoa izaten da, eta indar bikoitza du, sorpresa ere gehitzen zaiolako.

Goñira joaten ginenean lagun batzuek “Zelako emoziñua, Leire!” esaten zidaten ni imitatzeko. Hainbesteko emozioa sentitzen nuen, badirudi behin eta berriro esaten nuela “zelako emoziñua”. Benetan ikaragarria izaten zen! Portua igotzen hasi, eta urdaila dantzan, nerbioak airean! Ederra benetan!

Aspaldian laga genion Goñira joateri, baina ez emozioa sentitzeari. Noizean behin jarraitzen dugu bazkariak-eta egiten. Orduan ere emozioa airean dago, behar bada ez lehen bezala, baina zirraragarria izaten da.

Hirugarren haurdunaldi honek ere zirrara sortu dit, badakidalako hilabete batzuk barru, beste pertsona bat maiteko dudala, eta lagunak pozarren egongo direla. Ume bat, munduko gauzarik maitagarriena, berriro ere hasieratik. Ze ondo, zelako inbidia!

Emozionatea ere izan zen ikasleekin Karmele Jaioren hitzaldira joan ginenean. “Amaren eskuak” liburua irakurri genuen, eta hausnarketa batzuk egin ondoren bertara joan ginen. Galderak ere prestatu zituzten, eta ze ondo! Ze harro nengoen, ze pozik! Gustura ikusi nituen. Galdera asko momentuan asmatu zituzten, euskaraz ederto jardun zuten. Emozionatuta amaitu nuen. Eta harro, oso harro.

Zirraragarria ere bada sanblasaren zuria egitea. Hori bai, batzuetan frustrantea ere bada, ondo irteten ez denean. Hala ere, emozioa hortxe dago. Ondo irtenez gero, plazer handia.

Opari bat zabaltzea; Bomba soziedadean afaltzera joatea; “erantzun berria zure blogean” duen e-maila posta-kutxan ikustea; Somportera iristea eta eskiak janztea; Deportiboko urteko batzar hasierak; Euskal Jaiaren ia edozein une (batez ere, Larrain-dantza amaitzea); Kalamuako tontorrean jarri eta ingurura begiraztea; elurra jausten ikustea; mimosak loretan ikustea; Korrika-ren hainbat etapa; telefonoan aspaldiko lagun baten ahotsa entzutea; gertuko baten haurdun tripa, eta gero ume jaio berria ikustea; lagun handien ezkontzak; “Tal como éramos” filma ikustea; liburu on bat irakurtzen hastea; errezeta berria probatzea, mutil interesgarri baten begirada interesatua jasotzea;…

Asko eta asko zerbait gertatu edo egin aurreko emozioak dira. Plazer posible hori aurreikusten delako. Baina aurreikuspen horretan ere plazera dago, eta ez txikia, horraittiok!

Segi ingurukoak emozionatzen, sorpresak ematen, plazera sortarazten, benetan eskertuko dizuete, dizuegu.

Nairobiko Munduko Gizarte Foroa

Leire Narbaiza 2007/02/07 18:29

Nire laguna Kontxi Kerexeta Nairobin egin barri dan Munduko Gizarte Foroan egon da, eta labur-labur bere esperientzia kontau desku ondoko lerrootan. Bere baimenakin, hona hemen kronikatxua:

Urtarrilaren 20tik 25era bitartean VII. Munduko Gizarte Foroa burutu da Nairobin, Kenyan “Beste mundu bat posible da” leloa aldarrikatuz, globalizazioaren eta neoliberalismoaren aurrez aurre. Afrikan egin den lehen aldia da; aurretik lau aldiz Porto Alegren (Brasil), behin Mumbain (India); eta iaz foro polizentrikoa (Bamako, Karachi eta Caracasen). MGFk milaka pertsona maila lokalean, erregionalean eta mundu mailan mugitzeko duen indarra dagoeneko frogatua du.

Bertara joateko aukera izan dut Saharako Errepublika Demokratikoaren aldeko Gasteizko elkartearekin, RASDeko ordezkari taldearekin batera. Foroa Kasarani Kirol estadioan izan da, hiriburutik 20 kilometrora, 3.000 metro koadrotako espazioan eta hiru gunetan banaturik.

Mundu osoko 80.000 lagun inguru bildu gara “justizia soziala, nazio arteko elkartasuna, generoen arteko berdintasuna, bakea eta ingurumenaren babesa” bezalako gaiak lantzeko. Aurtengo forumaren goiburua “Jendearen borrokak, jendearen alternatibak” izan da. Ondoko arloetan bildu dira landutako gaiak: ura; erakunde nazional/internazionalak eta demokrazia; bakea/gerra; etxebizitza; emakumeen borroka; duintasuna/giza aniztasuna/bereizkeria; giza eskubideak; gazteria; elikagaien ziurtasuna/laborantza erreforma; lana; hezkuntza; ingurumena eta energia; osasuna; ezagutza/informazioa/komunikazioa; zorra; migrazioak; merkataritza askea; kultura; nazio arteko korporazioak; haurtzaroa eta ekonomia alternatiboa. Horietaz gain hainbat kultur ekintza ere izan dira.

Foroari hasiera eman zitzaion Kiberan, Nairobiko bazter auzo handiena. Bertatik atera zen martxa bat Uhuru parkeraino. Bertan egun guztian musika izan genuen, mundu osoko musika taldeek girotua eta jendea abestuz, dantzatuz, aldarrikatuz…. Hurrengo egunetan beste 1.200 ekitalditan parte hartu dugu bertaratuok

Saharari buruzko bi hitzaldi egin ditugu hilaren 22an: Ekialdeko Saharako lurralde okupatuetan giza eskubideen egoera eta autodeterminazio eskubidea. Aurreko urteetan izandako bideari jarraituz, Marokoko hainbat ordezkari hitzaldiak eragozten saiatu ziren. Mahai-inguruan galde erantzunen unea iritsitakoan, zenbait liskar eragin zituzten arren, egin ahal izan ziren bai goizekoa zein arratsaldekoa. Goizeko liskar horien ondoren, estadioan zehar manifestaldia egin genuen bertan bildutako lagunek. Horren guztiorren ondorioz, arratsaldean jende gehiago hurbildu zen mahai-ingurura eta gainera, zenbait europarlamentari ere bai, Espainiako eta Kataluniako parlamentariak, hain zuzen ere, euren babes hitzak eskaini zituzten. Ondorioz, marokoarrak etorri ziren arren, hitzaldia bukatu baino lehen alde egin zuten. Garaipen handia sahararrentzat.

Sei eguneko eztabaida luzeen ondoren, ekimena globalizazioaren aurkako martxa handi batekin bukatu zen.

Gizarte mugimendu aurrerakoien arteko elkarrizketa, hainbat intelektualen ekarpenak jasotzeko aukera, globalizazio neoliberalaren aurrean estrategia berriak pentsatzeko, esperientziak partekatzeko eta guztion artean gizartea aldatzeko estrategiak sortzen joateko onuragarria izango den esperantzarekin bueltatu naiz etxera. Nahiz eta kritikagarriak izan daitezken zenbait arlo ere ikusi ditudan indarberrituta, lanerako gogoz eta ametsak ekintza bihurtzeko esperantzarekin itzuli naiz etxera. Eta ni bezala beste milaka.

Eibar.org-ko afarixa

Leire Narbaiza 2007/02/05 21:30

Barixakuan izan genduan urteko???? afarixa. Azkena 2005eko azaruan izan genduan. Ordukuan esan zebenez, munduaren dominaziñua lortuko dogu. Eta bidian goiaz.

Berandu aillegau nitzan -Ze gatxa dan Eibarren aparkatzia!- eta, zoritxarrez, "besamanosa" galdu neban. Penia, banekixan-eta laztanak ugarixak izango zirala, gure org-ian (orgiakin ez konfundidu) txarto ikusitta dago-eta patxo biña ez emotia.

Afarixa primeran. Maitek oso ensalada ederrak prestau zittuan eta Enekok eta Asierrek txarri sahieskixa edarto prestau zeben. Neuk be ahalegintzuak egin nittuan, baitta esperimento bat be. Tarta-esperimentua gozua zeguan, baiña laban denbora gehitxuaguan egon balitza....Josuk bere amak egindako sanblasak ekarri zittuan, eta kata bat egin ostian, nerian eta Josun amanak sobrau ziran, baiña hainbatek etxera eruan zittuen armuzatzeko. Ez da txarra!

Ostian, betiko txiste internetero eta zientzia fikziñua: Batzuk euren burutaziño filosofiko, bestiak munduko kirol sedentarixuenan gaiñian, bestiak mapak eta guk aspaldiko Euskal Jaixa.

Atsegiña izaten dira afarixok, alkarreri arpegixa ikusteko aukeria, urte guztian zihar bernetan, baiña alkar ezin ikusi. Ez gara birtualak, okezkuak baiño, zorionez.

Ez dakit zegaittik kostatzen jakun hainbeste afarixak antolatzia, gero oso ondo pasatzen dou, barren! Noiz ete da hurrengua? Qui lo sa!

Otsaileko egun hauek

Leire Narbaiza 2007/02/02 20:57

Otsailak badauka zer edo zer magikoa. Laburragoa izateaz gain, jai eta ospakizunez beteta dago. Otsailaren bian Kandelaria, purifikazio eguna; otsailaren hiruan San Blas, opil eta gozo eguna; otsailaren lauan Santa Ageda bezpera, kantu eta emetasunaren eguna.

Nafarroako hainbat tokitan hasi dira Aratusteak, Ituren eta Zubietan kasu. Zuberoan ere Maskarada sasoia abian da. Inauteri tradizionalak atera dituzte euren apaingarri eta mozorro. Hartza esnatzen hasi da.

Inauteri urbano batzuk ere laster izango dira: Kaldereroak eta Inude eta artzainak.

Zerbait gertatzen ari da. Aldaketa sasoia, udaberri gogoa eta airea ibili beharko litzateke –aldaketa klimatikoak gure ohiturak ere zentzu bako bihurtuko ditu-. Badator udaberria, laster da gure ateetan joka. Laster loratuko dira mimosa arbolak, loratzen diren lehengoetakoak.

Eibarko peorak (atariak) sanblas usainez betetzen hasi dira, kaleak ere beste usain bat dauka. Badira hamabost bat egun ogiak ere sanblas ikutua daukana. Um! Biharko dana prest!

Nik egin ditut, oraindik ez ditut probatu ordea. Zuria pegatu zait! Oso frustrantea izaten da zuriak ganoraz ez irtetea. Baina harrapatu dut, azkenean!

Gaur eibar.org-ko afarira eramango ditut. Espero dut euren kritikak onberak izatea. Ahizpak probatu du, eta gustuz oso ona omen dago. Ikusi behar!

Agur, 2006

Leire Narbaiza 2007/02/01 18:04

Hau da urte amaieran idatzi nebana blogean jartzeko, abenduan hogeta hamarrian, hain zuzen be. Data horretan argitaratzeko, egixa esan, oso egokixa ez zalakuan, gorde egin neban. Oin berreskuratu egin dot urtarrilla amaittu dan arren, bete-betian asmatzia espero dodalako, eta berandu ez dalakuan.

*************

Urte amaiera guztietan melankolika samar jartzen naiz. Tristetu egitten nau denporia aurrera doiala, eta nik bardin jarraitzen dodala jakittiak. Askok egitten dogu urtian errepasua, zer gertau dan, zer ekarri deskun, zer eruan daben berakin denporiak…

Baiña aurten ez naiz melankolika jarriko, ez naiz tristetuko, pozarren hartuko dot 2007xa; 2006xa baiño hobia izango dalako, halabiharrez, okerragua kostako da-eta

Urte barrixak gauza onak baiño ezin destaz ekarri, aurtengua baiño hobia edozeiñ. 2006xa nere “annus horribilis” izan da: bost hillabete bajan birus madarikatu horrekin -oso makal, indar barik eta ixa trastornauta laga nabena-; aittan heriotzia….

Horregaittik, datorrena, dana ona. Udazkenetik aurrera igarri dot guztia hobera doiala; baiña zazpixa zenbaki magikua da, eta gauza onak baiño ezin destaz ekarri. Seguru nago. Irribarria, behintzat, etorri jata ezpanetara. Hamendik aurrera datorkidana zoragarrixa. Bai neretako eta baitta zeoundako be.

2007xa izango da espero dogunan modukua, zigur diñotsuet. Eta egidazue jaramon, erdi sorgiña naiz-eta

Urte barri on!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua