Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Kalamuatik

Kalamuatik

Leire Narbaiza 2007/02/16 20:00

Kalamua Eibarko mendi txiki bat da. Ez da Eibarri nortasuna ematen diona, edo Eibarrekin edozeinek lotzen duena, baina bada paseatzeko, mendi-buelta txiki bat egiteko aukeratzen duguna. Txikia da, baina atsegina. Tontorretik itsasoa ikusten da, eta inguruko hainbat herri.

Kalamuaren benetako izena Max ei da: Max mendixa. Horrela zioen, behintzat, gure aitxak. Eustakioren arabera, Kalamua izena Ondarroako arrantzaleek jarri zioten, itxura denez: itsasoan zeudela, portuan sartzeko Max mendia ikusi, eta esaten zuten “Hor da gure kalamua” eurendako kostaren erreferentzia puntu bat zelako. Kalamua, kalamua,…azkenean Kalamua.

Ez dakit izena ondarrutarrek jarri zioten, ez dakit historia hau benetakoa ote den, baina niri beti esan dit hori. Egia esateko, kontatzen dudan bakoitzean, Max izenarena ere ez didate sinisten. Hori bai, kartografia ofizialean; hau da, ejerzitorenean, horrela dakar, eta horrela dago jasota toki askotan.

Sinisten ez didaten beste gauza bat tontorrarena da. Tontorra ez da Eibar. Eta ez dakizue eibartarroi zelako mina egiten digun horrek! Tontorra erdibana Markina eta; oi, anatema! Elgoibarkoa. Nolatan? Ez da Eibarkoa? Ez, zoritxarrez, ez. Hain gurea, baina ez da gure propietatea!

Normala da horrelako jabetza sentimenduak izatea, gure mapa sentimentalaren zati garrantzitsua delako. Kalamua umetan igotzen dugun lehengo mendia izateaz gain, badauka (edo bazeukan) kromlech bat, orain ia desagertuta dagoena, pinuak sartzeko. Gerra zibilean ere gure nagusiak bertan tiroka ibili ziren, eta eraikitako lubakiak umetatik erakutsi izan dizkigute. Bestetik, Kalamuako Parlamentua dago. Bertara jendea eztabaidatzera eta berba egitera joaten zen; hortik datorkio izena. Orain iturria, erretegitxo bat eta mahaiak daude, eta Eibarko Klub Deportiboak hiru zuhaitz dauzka landatuta klubeko hiru bazkideren omenez, eskiatzen eta mendian hil zirenak. Hileta-errito gehiago ere egiten dira Max mendian, hainbat errauts zabaldu dira, tartean gure aitxarenak.

Hain esanguratsua niretako, hainbeste gauza bertan bizi izanda, blogaren izenean jartzea erabaki nuen. Eibar esan nahi nuen Kalamua esanda, eta epigrafe horren azpian sartzen ditut Eibarrekin zer ikusia duten post-ak. Eta “nondik” deklinazioarekin; Kalamuatik, alegia, nik neuk Eibar daukadalako oinarri eta Eibartik abiatzen naizelako mundura, Kalamuatik

Luistxo
Luistxo dio:
2007/02/21 17:25

Gaur Date El Bote programan (ETB2, Carlos Sobera) galdera. Ze herrialdetan (país) dago Kalamua mendia? Partehartzailearen erantzuna: Asia.

Eguzkiberritan
Eguzkiberritan dio:
2007/02/19 10:14

Niri kalamua nahiko urruti gelditzen zait , izanere , nire abiapùntua kostaldian aurkitzen da .

Ezagutzen det Kalamua baiña ez nekin Elgoibar ta Markiñana zanikan !!

Herriko aldapekin konformatu behar !! :-P

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua