Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Jogurt bat naiz

Jogurt bat naiz

Leire Narbaiza 2007/02/19 18:55

Jogurt bat sentitzen naiz. Kaduzitate data daukat. Eta oraindik ez dut mundura ekarri nauen eginbeharra bete. Kezkatuta nago, denbora eskuetatik doakit-eta.

Begirada maltzur batzuk sumatu ditut, esamesen bat ere zabaldu da. Eginkizun gorena ez dut egin. Gizartea, familia eta Euskal Herria defraudatu ditut. Edo defraudatzeko bidean nago, denbora amaitu ez zaidalako.

Ez naiz sentitzen bifudus-dun jogurta, ezta sojazkoa ere. Jogurt naturala, ezer bakoa, modan ez dauden horietakoa. Baina klasikoa beti egongo diren horietakoa. Gainera, kadukatzeko bidean dagoena; supermerkatuan topatuz gero, oparitu egiten dutena.

Zertaz dihardudan? Zoratu ote naizen? Ez. Berrogei urtetik nahi baino hurrago nago eta emakumea naiz. “Arroza pasatuko zaizu” diote gaztelaniaz orduan paella sentitzen naiz. Badirudi andrazkoon lan nagusia hori dela: ugaltzea.

Oso berandu omen 41 urterekin umeak ekartzea. Jakina da nekea, alferra, gainera zelako arriskua! Baina gizonendako ez da berandu, ala? Zenbat gizon daude gazteago batekin elkartu eta 50, eta 60 urterekin umeak ekarri dituztenak? ez ote dira nekatzen edo alfertzen? Bai, badakit obuluak galtzen goazela, baina gizonek ez dituzte espermatozoideak galtzen eta hauen kalitatea eskasten?…

Ugaltzea emakumeon esku dago, antza. Gizonezkoek ez dute parte hartzen, itxura. Jaiotze tasen gainean jarduten dutenean 1- 2 ume andreko esaten dute. Eta gizonezko bakoitzeko? Hain gutxi balio dute?

Baina amorru handienak guraso diren askoren buruan dagoena: “Zuk ez daukazu umerik eta nik bai. Beraz, nik eskubide gehiago dauzkat, betebehar sakratuarekin bete baitut. Eta zuk ez.” Horrelako komentarioak entzun behar dira (agian ez hain zakarrak) lanean-eta ordu aukera egiterakoan. Zer uste dute, nik ez dudala familiarik, lagunik eta konpromisorik gizarte honetan?

Beste batzuek “Kontuz haurrak!!” pegatina daramate automobiletan. Gu, ume bakook kontuz ibili behar gara guraso arduratsu horiekin. Eta euretako asko? Ume barik doazenean ederrak makarrak!

Baina inoiz ez duzue jogurt kadukaturik jan? Nik bai, sarritan. Eta beti onak egoten dira. Errezeloarekin, hasieran; baina lehengo koilarakada ahoan sartu ondoren, besteekin (ez iraungitakoekin) sentitzen den plazer berbera disfrutatuz. Gehiago esango nuke: plazera handiagoa da, gizarte hiper-babesle honi, gangarra buruan, partida irabazi diodan sentsazioa baitaukat.

etiketak: more
Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2007/02/21 00:45

Nere koinatuak ematen zitxuan erantzun edarrak (orain semia dake): "Qué, y no vais a traer familia o qué?" "No, es que hemos tenido tres abortos" edo "No, es que no podemos". Toma corte, holakuak botatzen zittuan! da zuri ze inporta jatzu ba? Asike ikasi erantzunak ematen, Leire.

Bestalde, gurasook ere sentitzen dogu nola-halako animadbersiñua lagun solteruengandik, umiak dakaguzenak agotak bagina bezela. En fin... bata bestiagatik. Bi taldietan dagoz aukera egindakuak eta obligatutakuak.

Eta bukatzeko, Jaio, guk etxian egunero egiten dogu errieta, umiekin eta geure artian, eta baita barre eta musu eman ere, y a mucha honra!

Jaio
Jaio dio:
2007/02/20 15:52

Ni ama naizela esaten hasiko naiz, baina, baita arrazoi guztia daukazula esaten ere. 35 urte nituela jaio zen alaba, bitartean entzun behar izan nituenak! Orain gutxiago baina "bigarrena noiz?" Obligazio bat balitz bezala. Batzuk eztira sekula asetzen. Igual neuk nahiko dut, eta hirugarrena ere bai, zergatik ez? Baina hori bakoitzaren esku dago. "Eztu seme-alabarik, ez ezer" entzun nion batekin izan nuen eztabaida datorkit burura. Lasai botatzen dituzte gainera holakoak. Benetan sinesten dute seme-alabarik gabekoen bizitzak zentzurik ez duela. Hori, beraien bizitza gehiegi gustatu ez eta aurreko guztia ezabatu eta ama edo aita tituluarekin bakarrik gelditzen dira, arro asko, gizartearen aurrean. Eta zenbat jende dago umeak "horrelaxe behar duelako" ekartzen dituztenak eta bigarrena, lenengoari konpainia egiteko, edo gauzak konpartitzen ikas dezaten... Eta gero eguna haserre pasatzen dute errieta batean beti. Noski aukera bakoitzak egin dugula. Ni ez daiz inondik inora damutzen, baina bestelako bizimoduaren alde onak ere ikusten ditut eta ez gutxi eta txikiak. Ai! arratsalde batean irten eta etxera noiz, nola eta nondik bueltan iritsiko zaren jakin gabe!? Ederra da ba hori ere Lasai, askorena inbiria da. Gainerako jogurtek badakizu zenbat kolorante eta kontserbante behar izaten duten? Alde ederrekoa naturala!

oier g
oier g dio:
2007/02/20 10:48

Leirek: Baina amorru handienak guraso diren askoren buruan dagoena: “Zuk ez daukazu umerik eta nik bai. Beraz, nik eskubide gehiago dauzkat, betebehar sakratuarekin bete baitut. Eta zuk ez.” Horrelako komentarioak entzun behar dira (agian ez hain zakarrak) lanean-eta ordu aukera egiterakoan.

Oierrek: Eta erantzuna be, erreza: umiak ekartzian ba zenkixan zure libertadia murriztuko zala eta bla, bla, bla ¿ezta? Ba oin zu bakarrik izorratu, eta bestioi emon pakia.

leire
leire dio:
2007/03/07 20:14

Irakorri dot, baiña ez dot uste artikuluakin bat dotorrenik. Beste egun baten egingo dot berab horren gaiñean.

Misae
Misae dio:
2007/03/06 10:08

Irakurri hau: http://revista.consumer.es/web/es/20070301/interiormente/71308.php

leire
leire dio:
2007/02/21 20:00

Neri umiak ikaragarri gustatzen jataz. Askotan euren gurasueri baiño gehixago. Asko guraso dira umiak gustoko euki barik. Nik hori ez dot aitzen.

Nere lagun askok umiak dakez. Gustora ibiltzen naiz eurekin. Baiña, jakiña, alkarrizketak normalak dira, ez bakarrik "ondo jaten desta" edo "Ez desta lorik egitten". Horretaz be egitten dogu berba, baitta blog honen gaiñian be. Ez dot uste bizitza bittan banatzen danik: umiekin edo ume barik. Hori baiño naturalagua izan biharko litzake.

Nik asumidu dot lagun haundixen umiak nere lagunak be badirala; edo hobeto esanda, loiba postizuak dirala. Holan maitte dittut, nere odolekuak balitzaz moduan.

Ama izango nitzake, baiña egoera sozio-ekonomikuak ez desta lagatzen. Esan nahi dot, ama izan barik be bizi leikela, umiekin disfrutau, eta gauzak naturalago egin. beste barik

Jaio
Jaio dio:
2007/02/21 13:13

Bai Gari, neuk ere errieta asko egiten dut eta sanoa iruditzen zait halaxe egitea, bai umeekin eta bai helduen artean ere. Baina oso bestelakoak dira errietan egitea eta errietan bizitzea. Ona zure koinatuarena, fuerte xamarra agian, baina, zenbait momentutan ondo etorriko zitzaidan

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua