Oroitzapenak
Etxe-birgaitze saioak modan daude telebistan azken bolada luzean. Ia beti iparramerikarrak izaten dira programak; beraz, etxeak ikaragarri handiak dira, barruko hormarik ia ez daukatenak (sardinak erretzen ez dituzten seinale) eta aurrekontu astronomikoak dituztenak. Atentzioa ematen dit beti “oroitzapen berriak” sortzea opa dietela saiokoek etxejabeei, ez zoriontsu bizi daitezela, disfruta dezatela etxeaz edo bertan amets guztiak bete dakizkiela (hori ere oso estatubatuarra). Ez, oroitzapen berriak. Harrigarria, benetan.
Zer dira, bada, oroitzapenak? Hain garrantzitsuak dira kultura iparramerikarrean? Txarto itzultzen ote dute eta “bizipen zoriontsu” esan nahi dute? Ez dakit, baina bitxia zait. Izan ere, gomutak hain dira pertsonalak. Gainera, denok ez dugu bizipen bera berdin gogoratzen; are gehiago, batzuek akorduan ere ez dute izaten. Zeharo ahaztuta daukate bizi izandako hura.
Akordua memoriarekin dago estuki lotuta, eta memoria txarrekoek oroipenak eskas. Bestelakoek ere kontu batzuk gogoratu ez. Eta oroitzen ditugunok bihurtzen gara euren buruan fabulatzaile, gezurtitzat hartzen ez gaituztenean behintzat. Duela gutxi gertatu zait niri pare bat bider. Batean, lagun bati azaldu behar izan nizkion duela 25 urte elkarrekin eta beste jende gehiagorekin egindako plan baten nondik norakoak. Irteera hura gogoratzen zuen, baina ez noiz izan zen, nola egin genuen. Hutsik zeukan burua. Nik, ostera, xehetasun pila bat gordetzen nuen memorian. Larregi, agian? Baliteke.
Gertatu zaidan bestea Ingalaterrako erreginaren heriotzaren harira etorri da. Amamari gertuko batek esaten zion Elizabethen antza zeukala, eta telebistan agertzen zen bakoitzean, “hara, zure lehengusina” esaten zion. Artikulu hau argitaratzen denerako jakingo dut Buckingham jauregikoek hiletara gonbidatu nauten edo ez, gure amamaren oinordekoa izanda. Soineko beltza prest dut, badaezpada.
Gertukoei aurreko paragrafoan kontatutako txotxolokeria barre batzuk egiteko bota nienean, batzuek ez zuten gogoratzen txantxa hura. Beste batek amamari ez, izeko bati egiten ziotela broma. Eta ni hain nago ziur, ezen erregina ingelesa eta amama lehengusina txikiak zirela sinisten hasita nagoen…
Txikitako lagun batek, oso memoria txarrekoak, umetako anekdotak kontatzen nizkionean asmatu egiten nituela esaten zidan barrez, ezinezkoa zelako nik hainbeste gogoratzea, eta berak ezer ez. Beraz, benetan gertatu ziren nik kontatutakoak, ala buruak fantasia batzuk eraiki dizkit? Seguru nago ezetz, baina memoriarena da hain arraroa!
Eta gogoratzen ez dena ez da existitu? Kantan bezala pasatzen da? Yo no me acuerdo, no me acuerdo. Y si no me acuerdo, no pasó (Ni ez naiz gogoratzen, ez naiz gogoratzen. Eta gogoratzen ez banaiz, ez zen gertatu)? Eta gertatu ez bada, zer pasatu da bitartean? Zelan bete genitzake buruko eta denboraren zulo horiek? Momentukoak baino ez du inporta? Historia, letra larriz, eta gure historia xumeak non gelditzen dira gogoratu ezean? Memoria historikoa zertarako?
Gertatu dena ez bada gogoratzen, nora doa gomuta hori? Garbigailuak irentsitako galtzerdiekin? Galdutako belarritakoekin? Askatutako botoiekin? Edo ahanzturak badu txoko sekretu bat gure unibertsoan, non pasarte ahaztuak gordetzen diren?
Zoriontasuna opa dizuet, beraz, baina gorde gogoan.
Aitaren eskopeta
Uda izaten da elkartzeko erabiltzen dugun urteko sasoia. Libreago gaudelako oporretan egonez gero, eguna luzeagoa delako eta eguraldiak ere normalean laguntzen duelako. Aspaldian ikusi gabeko lagunak, familia zabala, kanpoan bizi diren horiek batzeko eta elkartzeko aprobetxatzen dugu opor bueltako garaia.
Aurtengoa, batez ere, halakoa izan da, jende asko ez delako azken hiru urteetan bildu COVID-19ak oso gustuko dituelako lagun multzo handiak, besarkadak eta musuak tarteko. Elkartu garenean, zaharrak zaharrago edo makalago ikusi ditugu askotan, ume txikiak koskortuta, ez hain txikiak nerabe, eta haur asko desagertuta, gazte bihurtuta. Besteok berdin-berdin gaude (algarak).
Halako juntadizo batean tokatu nintzen neu ere abuztuan. Talde polita, adin askotakoak elkartuta, belaunaldi bat baino gehiago. Umetan oso pertsona gertukoak, eurekin batera hazi nintzen eta. Orain bizitzak bakoitza bere bidean jarri du, eta udako egun bat izaten da gure elkargunea.
Esan bezala, ume txikiak koskortu dira. Independenteak izatea ez ezik, joera eta itxura propioa eta definitua izatea lortu dute urte hauetan. Hori genbiltzan komentatzen talde txikitxo batean halako umeei begira. Neskatila bat geneukan parean, eta bere gainean geniharduen: zelan hazi den, zein jatorra eta zein guapa den, oso-oso ederra delako. Orduan, gure taldetxoko batek bota zuen neskatila horren aitak eskopeta aldean joan beharko zuela urte batzuk barru gauez irteten hasten zenean, gaztetxo bihurtuta. Momentuan jo eta ma geratu nintzen, ondo aditu (ulertu eta entzun, biak) ez niolakoan. Gaineratu zuen eskopeta mandeuli adurti higuingarriak gainetik kentzeko erabili beharko zuela aitak. Halako batean zuhurtu nintzen, eta gai izan nintzen erantzuteko neskak berak egingo zuela hori, aita eta eskopeta premia barik. Jende gehiago etorri zen, eta aldatu zen gure jarduna iritsi berriak agurtzen hasi ginelako.
Egun luze eta ederra izan zen, eta ahaztu zitzaidan gizonezko horrek botatakoa. Baina etxera heldutakoan, egunaren errepasoa eginda, indarrez etorri zitzaidan pasadizoa behin eta berriro. Egunetan izan nuen bueltaka.
Bueltaka eta hausnartzen ibili nintzen, beharbada oporrek eragiten duten beharrizanen geldiune horregatik, burua kezkaz libreago egonda, xehetasunez gehiago konturatzeko aukera baitugu. Bueltaka, lagun horrek adierazitakoa itzela begitandu zitzaidalako.
Asumituta zeukan gizonezkoek jazarriko ziotela neskari gauez, hori delako dagoena. Gainera, defentsa aitari baino ez zegokiola, neska ez zelako gai izango higuingarri horiei aurre egiteko. Edertasun kanonak hori dakarrela, zatarragoak direnek ez dutela hainbeste eraso sufritzen. Iruzkin bakar batean heteropatriarkatua laburbilduta.
Koskortutako neskatila zoragarria ikusten nuen nik, berak emakume gazte erakargarria, gatazka iturri izango zena urte batzuen buruan, eta begirada horrek kezkatu ninduen, batetik bere generoaren zein irudi zeukan (gizonak berdin erasotzaileak), eta bestetik aita rolaren aitakeriazko begiradak. Asteak pasatu dira, eta oraindik ere ileak lazten dizkit.
Baten batek pentsatuko du gaindimentsionatu dudala lagunak egin zidan komentarioa, baina hain barruan sartu zitzaidan! Gainera, aitaren eskopeta baino hobea ez litzateke mutiko, mutil eta gizonezkoak heztea ez jazartzeko?
Swahiliz
Iruñeko sanferminetan beti dago harritzen gaituen zerbait. Jai luzeak direlako, edota milaka pertsona joaten direlako, beti daude anekdota eta susedidoak. Gainera, bertan egon barik ere, beste guztiok jakitun egoten gara, gertatutakoa komunikabideetan aireratu eta zabaltzen delako, abuztuko albistegietako aurrerapen gisa, udan notizia emankizunak urritu egiten direlako. Aurtengo jaietan ugaria izan den esatari batek eman digu perla, tamaina handikoa, eta perlagintzan oso trebea den arren, Television Españolan botatakoa Pelegrin perla bezain handia, gutxienez, izan da.
Kaliforniarrak lan bi okupatu ditu telebista publiko bitan sanferminetan: ETB1en euskaraz, eta entzierroetan, TVEn, gaztelaniaz. Espainiako telebista publikoan, iragarki batean, euskaraz hasi zen, baina hauxe tartekatuta: “Voy a hablar en suajili” (Swahiliz mintzatuko naiz).
Swahiliz! Gure hizkuntzan jarduteari swahiliz aritzea dela esan! Hainbeste diosku esaldi horrek esatariaz! Alde batetik, ez dakiela zer den swahilia. Afrikako hizkuntzarik garrantzitsuenetakoa da, lingua franca lanak egiten dituena Afrika mendebaldean, guretako ingelesa lez. Milioika pertsonaren bigarren hizkuntza da. Beraz, ez da mintzaira arraroa, ezezaguna eta misteriotsua. Agian, gure belarri zuriendako bai, swahili izenaren sonoritatean baino geratzen ez garelako, oso afrikarra eta primitiboa begitandu lekigukeelako. Jakina, ikuspegi kolonial zuria agerian lagatzen du. Salakot kaskoa baino ez zitzaion falta buruan metxa horidunari.
Beste aldetik, euskaldun baten ahotik halakoak botatzea mingarria da, eta audientzia erdaldun baten aurrean, askoz mingarriagoa. Zer dio gutaz barre txiki batekin swahiliz hitz egiten dugula adierazteak? Hizkuntza arraro, urrun eta ulergaitza esan nahi duenean swahiliak? Jator ustean ibili, ikusleari keinua eginda, baina jatorkerian jardun, gure hizkuntza maite ez dutenen jokoan jausita. Etsaien sarean harrapatuta, Etxarlako usoen moduan. Eurek jotako musikarekin dantzan egin. Baina beti irribarre artean, sinpatikoak garela jakin dezaten.
Dena den, Lesakako oihularia ez da bakarra zeregin honetan, zoritxarrez. Beste askok ere mespretxatzen dute euskara antzeko kontuak adierazita. Izan ere, zelan gustatzen zaion euskal hiztun komunitateari euskararen antzinatasuna, zailtasuna eta arrarotasuna aldarrikatzea! Nahikoa ez balitz bezala hizkuntza gutxitua izatea. Plus bat jarri behar diogu, itxura denez, errespeta gaitzaten, aintzat hartua izan dadin.
Baina badakigu zelako kaltea eragiten dugun halakoetan? Nork nahi du ikasi hizkuntza zaila? Zeinek egingo du esfortzua mintzaira arraroa eta modaz pasatutakoa bereganatzeko? Zertarako berba egin hizkera zaharra beste hiru hizkuntza indartsu eta boteretsu izanda inguruan?
Geure buruari harriak botatzen dizkiogu etengabe. Lehenengo gramatika argitaratuaren izenburuak dena dio: El imposible vencido (Ezina egina). Larramendik apologia egin nahi zuen, baina betiere euskara begitan hartuta zutenen argumentuen tranpan jausita, guregan zuten begirada kolonialean estropezu eginda, gu ere errepikatzera kondenatuta.
Inoiz ahaldunduko ote gara? Lagako ote diogu inoiz beste batzuk eta geure burua gutxiesteari? Ikasiko ote dugu inoiz swahilia?
Egunerokotasunean
Sukaldari bati egindako elkarrizketa entzun nuen aurrekoan irratian. Gaztea, hiztun ona zen, eta euskalkian ziharduen. Nire zutabekide Juan Luis Zabalak seguru nago desegoki iritziko ziola euskara hori aukeratzeari, baina horrelako solasaldian pasatzeko modukoa dela begitantzen zait, zazpiki jarri barik. Tira, bazebilen huntaz eta hartaz, umiltasunetik, eta euren lanean gertutasunak duen garrantziaz, sinpletasunak… egunerokotasunean. Egunerokotasunean!
Egunerokotasunean gora, egunerokotasunean behera. Ez nuen kontatu zenbatetan bota zuen, baina batzu-batzuk izan ziren. Hitz luze hori —hamazazpi hizki— behin eta berriz elkarrizketa horretan ez ezik, beste dozenaka ahotan ere bai.
-Tasun-ik behar ote du geure errutinak, egunerokoak? Abstrakziotik hainbeste daukate gure bizitza txikiek? Ala hitzak puzteko joera absurdoan murgilduta ote dabil euskaraz produzitutako guztia? Zeren denok erabili dugu egunerokotasunean hamaikatxo testutan, nik ere bai, badaitort.
Modan daude berba hanpatuak eta arranditsuak -puztuak eta harroak, alegia-, eta modak, ez dakigu zelan, ezta nondik ere, sortu eta zabaltzen dira sare sozialetako fakeak baino bizkorrago. Baina zein da oinarrian dagoen motiboa? Gaitza da galdera horri erantzutea, inongo ikerketarik egin gabe. Nire ustez, baina, badaude pare bat kontu gure izaerari dagozkionak. Edo, beharbada, gure egoera anormal eta gutxiagoatuari egotz geniezazkioke gure jokaera batzuk hizkuntza erabiltzen dugunean.
Asko gustatzen zaizkigu hitz berriak. Batez ere, hasieran erabiltzen genuen berbak, gurean korrienteena zenak, erabilienak, erdal usaina badu. Gogoratu besterik ez dugu musuko hitzaren arrakasta! Badakigu noiz eta nork sortu zuen. Maskara berbak gaztelaniaren kutsu nabarmenegia omen zuen; beraz, berria behar genuen garbiagoa, euskaldunagoa, nahiz eta euskaldun askorendako musua beste gauza bat izan. Berdin zion, euskaldun horien artean ere sekulako menta izan zuen. Misterioak! Horrelako makina bat adibide dugu; bolondres, esaterako. Bolondres-ek euskaldunagoa zirudien boluntario baino, eta Euskaltzaindiak ez erabiltzea gomendatzen badu ere, oraindik orain txitean-pitean entzuten da. Bitxia da. Hipergarbizaleak hiztegian, baina “hemen txarto usaintzen du” bezalako erdarakadei erreparatu ere ez diegu egiten.
Hipergarbizalekeria gure konplexu baten oinarrituta dagoela esango nuke: ez dakigu nahikoa ondo euskara, gurea txarra delako; ondo alfabetatuta ez nagoelako… Horren gainean asko dakigu mendebaldeko hiztunok, gurea ez ei delako “ona”. Horren gainean aurreko esaldian kontzienteki erabili dudan forma erdarakada zelakoan, ezin erabili, baina besterik jakin ez! Ai, telebistan eta umeek buruz erabiltzen dute! Beraz, horren buruz hitz egingo dugu! Fantastikoa! Askoz fantastikoagoa jakindakoan zeri buruz berez norantz dela Iparraldean…
Eta denaren azpian, gainean, ondoan, inguruan, erdian… gaztelaniaz elikatzen dugula gure diskurtsoaren mamia; hau da, gaztelaniaz betetzen dugula, oro har, gure katilua. Gure irakurketak nagusiki erdaraz, telebista eta irrati gehienak erdaldunak, filmak, serieak, sare sozialak ere beste hizkuntza batzuetan. Horrela ezin zaie gure jardunei euskararen usaina eman, ez dugulako erreminta nahikorik hizkuntza ganoraz ehuntzeko.
Egunerokotasunean ezin bada, horni dezagun egunero!
Profilak, soslaiak eta eskakizunak
Ai, ene! Atzera ere Amama Kipuleta egitearena tokatu behar zait! Egia da atsotu/aguretu ahala, askori gustatzen zaiela euren gazte-denboran egindakoaz jardutea, eta orduko sasoia bai sasoi ona zela esatea. Beste batzuei zer gertatu zen kontatzea ere gustatzen zaigu, ezinbestekoa delako transmisioa egitea. Azkenean bizitza zikloak dira, eta dena era batera itzuli egiten delako, kanpai-formako prakak bueltatu badira, zelan ez dira, bada, beste gertakizun batzuk berriro ere pasatuko?
Lanean hasi nintzenean, joan den mendean, oraindik gazte eta berde, ikasle-talde mardula nuen goizeko zortzietan. Denak Bergarako Udaleko beharginak, zenbait arlotako funtzionarioak. Ordurako martxan jarrita zeuden hizkuntza eskakizunak, eta, plazadunak baziren ere, euskara ikasteko betebeharra zuten. Duela 30 urte pasatxo.
Orain, mende honetan eta 30 urte luze igarota, Elkarrekin-Podemosek malgutasuna eskatu du Eusko Jaurlaritzan egonkortze prozesuan sartuko diren langileekin, euskara kontuekin; izan ere, ez dute nahikoa asti izan dagokien hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko. Koitaduak, 30 urte ez ei da nahikoa deabruaren hizkuntza aldrebes hori ikasteko!
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia ere medikuez urrikaldu da, eta gaztigatu digu euskal gizartea (euskal?) ezin dela zain egon sendagileak 3. edo 4. profila (hizkuntza eskakizuna) lortu arte! Ai, ene! Osagileei 2. perfila eskatzen zaie, barren, Osakidetzako edozein lanpostutan legez! Manipulazioa ote da? Ezjakintasuna, akaso? Populismoa? Ezin dut asmatu bere soslaia ezagututa. Hori gutxi balitz, gaineratu du ezin diegula hizkuntza eskakizunik eskatu lanera datozen mediku atzerritarrei —Espainiako Estatutik kanpokoei, alegia—. Twitterren Pello Igeregik erantzun dio Europako Batasunetik kanpokoek ezin dutela Osakidetzan lan egin, lanpostu publikoak direlako. Gainera, atzerritar guztiei gaztelaniazko C1 eskatzen zaiela (gure 3. profilaren baliokidea), hara!
PSE-EEn, baina, boutade hauek ez dira berriak. Duela sei urte Bizkaian gehien zabaltzen den egunkarian argitaratutako artikulu baten Andoni Unzaluk (Patxi Lopezen asesoreak) zioen bost hizkuntza eskakizun jarri zituela martxan Eusko Jaurlaritzak. Bost? 3.a EGA/C1 bada, 4.a C2, zer da 5.a? D1? Star Wars-eko C-3PO-rena? Ez dakit zer esan nahi zuen. Berak ere ez. Edo bai? Zeren hilabete gutxira Idoia Mendiak ere bota zuen euskara, askatasunean, oztopo izan ez zedin administraziora iristeko edo gero promozionatzeko. Jakina, lanpostuez ziharduen, ez herritarrak administraziora hurreratzeko eskubideaz. Orduan Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian egin zituen adierazpenok. Euren obsesio identitarioak, ai ene! Orain erakunde askotan oposizioak egingo dituztenez, eta egonkortze prozesuak datozenez, profilen matraka berpiztu nahia ikusten dut nik. 30 urteren ondoren segitzen dute populismoa egiten. Inork ez dituelako aitatzen medikuei, behintzat, lortzen dituzten puntu gehigarriak frantsesa, ingelesa edota alemana jakiteagatik.
Oraindik batzuei ez zaie buruan sartu administrazioan lan egitea ez dela eskubidea. Administrazioan behar egitea herritarrei zerbitzua eskaintzea da, eta azken 30 urteotan, gutxienez, lanpostu horietako batzuetan ikasketez gain euskara maila jakin bat behar dela lan egiteko. Duela 30 urte.
Bertso ttikietan
Burumakur dabil jendea nire inguruan, behintzat. Estresatuta eta agobiatuta. Kurtso amaieran gaude, eta normala da kantsatuta egotea. Baina aurtengo neke arruntari egoerarena ere gehitu zaio. COVID-19aren esperientzia, gerra haizeak, prezioen igoera, lanetan gero eta exijentzia handiagoa, klima aldaketaren mehatxua, ondoez emozionala (I can’t get no satisfaction) satisfazioa topatu ezina… No future oihukatzen zen sasoian baino future gutxiago dagoela orain, alegia.
Neke pandemikoa gainean daroagu, nahiz eta askorendako izurritea iragandako kontua izan. Neurriak ia desagertzeak, eta jaiak berriro egiteak ez dute arindu urte bi hauetan kargatutako zama, batez ere emozionala delako. Parranda eta lagun-elkartze batzuk baino gehiago behar izango dira motxila astuna arintzeko. Kezkak gehiago dira pozak baino, eta horrek ez du lagatzen burua altxatu eta irribarrea erakusten. Maskara erantzita irria ez da beti agertu, konturatu gara babes-geruza horrek gehienetan ez zuela barrea ezkutatzen, ezpainak horizontalean jarrita zeudelako azpian; hau da, irribarreak uxatuta zeuden.
Tira, horrela ikusten dihardut nire inguruko lagunak aspaldion, triste antzean; ni, ostera, pozarren nabil, pozez zoratzen, poz-pozik, pozez gainezka, pozaren pozez. Norbaitekin topo egin, eta “zer moduz” galdetutakoan, nik “oso ondo” erantzuten dut. Norbait hori beti harritzen zait, eta niri lotsa pixka bat ere eragiten dit, baina barru-barrutik irteten zaidanez, ezin dut saihestu. Momentu ederra bizi dut, beste barik, hala tokatu delako. Eta bai, lotsa sentitzen dut poztasun hau adieraztean, gure zoriontasunak lotsa ematen digulako ia dena beltz ikusten den uneetan. Silvio Rodriguez handiak abesten du Pequeña serenata diurna kantuan: “Soy feliz, soy un hombre feliz y quiero que me perdonen por este día los muertos de mi felicidad” (Zoriontsua naiz, gizon zoriontsua, eta nahi dut hildakoek nire zoriontasunagatik barkatzea). Emakume zoriontsua naiz orain, bai, eta barka diezadatela. Zeren lihoaren penak eta nekeak konta genitzakeen, eta agian astuntzat hartuko gaituzte, baina ez digute destainaz begiratuko, ontzat emango dute gure egoera —beste koitadu bat, ez nago hain txarto—. Baina inoren zoriontasuna garaiz kanpo —orain ez delako tokatzen, sasoi ilunak pasatzen gabiltzalako, negu gorria gerezi denboran— adieraztea solidarioa ere ez dela begitantzen zaie askori. Kulpa, ur-bitsetan gaudenona, kontu egizue!
Egia esatera, bizipozaz jardutea momentu honetan ez da erraza, hainbeste kontu larri eta serio izanda inguruan, hainbeste jende gorriak ikusten bizi dela jakinda. Aurrerago esan dudan moduan, gerra hotsak hainbat lekutan, gatazka ahaztuak planetaren ertz biribiletan, beroketa globala, klima gogortzea, gosete iragarpenak… Apokalipsia gugan dago. Eta ni hemen alegrantziaren apologia egiten, are okerrago, eguneroko kontuek ematen diguten satisfazioaz idazten. Baina Ruper Ordorika super handiak ere Zaindu maite duzun hori kantan dio: “Hala esaten didate: / Zertan zabiltza maite kontuetan? / Elkarbizitza jokuan / Eta zu, berriz, bertso ttikietan”.
Bertso ttiki barik ez dagoelako handirik. Zoriona guztiondako!
Agurrak, etenak eta nerabeak
Nire inguruan, umeen bigarren labealdiak haurtzaroa laga du. Zaharregiak gara hanka-gorririk edo seinik izateko, eta Lehen Hezkuntzan dabiltzanak urriak dira lagun eta familiako kumeen artean. Asko jota, aurrenerabeak dira, baina teenager-ak (tinajeruak euskara kolokialean) dira nagusi; puber-ak, alegia, fase horretan sartzen ari direlako.
Latza da guztiondako. Gogorra nagusiondako, agur esan behar diogulako “geure” umeari, kalean eskua ematen zigunari, beldurtuz gero guregana babes bila etortzen zenari, konfiantza osoa guregan jarria zuenari. Desagertu da. Fisikoki ere desagertu da haur hori: hazi egin da, pasatu egin gaitu; lakainak irten zaizkio ezpain gainean, bibotetxo zatarra; ahotsa aldatu, lehenengo Nobitaren antza zuen, gero 50 urteko Manolo erretzailea dirudi; titiak irten zaizkio; konpresa bat eskatu digu… Ulertezina berarendako, denbora laburrean hanka-besoak neurri barik hazi zaizkio, ez daki zer egin etengabe aldatzen dabilkion gorputz horrekin, baldarki baino ezin du mugitu. Aitatu barik bere barruan gertatzen den guztia, bat-batean ikuspuntua, heldutasuna, hartu-emanak kanbiatu zaizkiolako. Ezin ulertu zer den hori guztia.
Horregatik, beti harritu nau klasean mintzamena (eta baldintza) lantzeko ariketa egitean, egoera hau emanda “atzera egingo ahalko bazenu, zein adinetara itzuliko zinateke?” askok “17 urtera” erantzuten dutenean. 17 urtera!? Sinistezina iruditzen zait, edade konplikatuagorik ez dagoela esango nukeelako. Nerabezarora itzuli?! Utikan adoleszentzia!
Hor dago koska: hain da korapilatsua, ezen inork ez dakien zelan aurre egin. Adoleszenteak, koitaduak, nahikoa du aldaketarekin, eta helduok ere, gure nerabezaroan ezer gutxi egin zenez, ez dakigu nola eutsi gure “txikiaren” aro berriari.
Eta ez dugu asmatzen, zoritxarrez. Durangoko azokara joatea besterik ez dago: haurrendako hamaikatxo salmahai euskarazko liburuz beteta, kantitatea eta kalitatea. Baina adinean aurrera joan ahala, kopurua ikaragarri murrizten da. ETB1ek ere gaztetxoendako seriea egin zuen, Go!azen. Arrakastatsua bai, baina umeen artean, ez nerabeekin. Ez daukagu ezer eurendako, puber euskaldunendako. Ez bideo-joko, ez youtuber, ez gamer, ez tiktoker, ez manga, ez telesail. Euskara —mitologia, tradizioak eta dantza bezala— infantilizatu egiten dugu, atzera ere euskara haur eta txakurrekin erabiltzeko hizkuntza bihurtu. Ume-kontua dela adierazten diegu ezer esan barik: koskortuz gero, gaztelaniaz zuzendu ere zuzentzen zaizkie asko adoleszenteei.
Horrela, bidean galdu egiten ditugu, eta, gero, berreskuratzea kostatu, hizkuntzari zioten atxikimendua desegin egin delako. Hori batzuek, eta beste batzuek gaitasuna galdu, euskara higatu, eta euskaltegira joan behar izaten dute berreskuratzera. Halakoak beti izaten ditugu ikasle. Indar eta energia xahuketa itzela da, komeni ez zaiguna. Hori dela eta, askoz eraginkorragoa litzateke adoleszenteendako produktu erakargarriak sortzea. Bestela, kondenatuta egongo dira berriz ere aurrekook aldarrikatu duguna aldarrikatzera, larunbatean egin zen bezala Donostian.
Amorratzen gaituzte nerabeok, ernegatu askotan gurekiko zilbor-hestea apurtu behar dutelako, baina bizilege ezinbestekoa da. Halere, eten dezatela orain gogoaren zilbor-hestea, transmisioaren zubiak moztu barik.
Froga
"Gernika bonbardatu zutenak ez ziren txarrak, ezta bonbardatuak hain onak ere” bota zuen lasai asko telebistan audientzia handiko saioan iritzi-emaile batek. Tertuliako inork tutik ere ez zion esan.
“Torturatu egin ninduten: etxean lotan nengoen, eta gauaren erdian agente talde bat indarrez sartu zen abisatu gabe; aurpegia estalita zeramaten, ohetik altxatu eta hormaren kontra jartzera behartu ninduten. Beldurra pasatu nuen, ez zidaten utzi ukitzen ondasun pertsonalik, oso armatuta zeuden. Izua izan nuen, gainean egin nuen txiza…” jaurti zuen burlaizez Espainiako Kongresuan diputatu izan aurretik Estatuko abokatua zenak.
Felipa Artano Joxi Zabalaren amak gastu judizialak (9.256,02 euro) ordaindu beharko ditu, semea terrorismoaren biktimatzat onar zezaten jarri zuen helegitea atzera bota ziotelako.
2022ko apiril eta maiatz artean gertatu dira hirurak, normaltasun osoz. Politikariak espiatu dituztela ere zabaldu da. Ia inor ez da asaldatu. Bitartean, harrituta ultraeskuina goraka doalako.
Aitatutakoak tolerantziaz hartzea da eskuin muturra gizarte-kontzientzian onartuta dagoelako froga.
Pastelen sinbolismoaz
Asteon ezagun batek kontatu dit lankide ohi batek deitu ziola pastelak bidaliko zizkiola esateko. Bidaltzailea amama bihurtuta zegoen, eta pastelen motiboa hori zela uste zuen ezagunak. Baina bidalketa ez zen iloba jaio zelako, urteak betetzen zituelako baizik.
Pastelak bidali? Gazte bat baino gehiago harritu egingo da horrekin, baina edade bat daukagunok badakigu lehen ohitura oso zabalduta zegoela. Auzokidearen alaba ezkondu behar zela? Bada, konfiantzazko bizilagunei dozena bat pastel. Izekoren urtebetetzea zela, baina gonbidatutzarik ez zuela egingo? Hantxe atean txirrina jotzen gozotegiko langilea pakete gozoa eskuetan zuela. Eskerrak emateko, bataio, jaunartze, jaiotzeetan… pastelak. Dozena bat eta bariatuak.
Ez dakit noiz jaso dudan azkenekoz kartoizko erretilua, baina ziur nago gurasoenean bizi nintzenean izan zela, pasa den mendean, seguruenera, eta ez niri bidalita, jakina. Harrezkeroz, ezer ez. Dozena bat pastel jakin ere ez dakit noiz erosi dudan. Galdu da ohitura. Zergatik ote? Ez ditugulako kontuan hartzen inguru zabalekoak gure ospakizunetan? Gertukoak baino ez direlako gure pozen onuradun? Konplimentuetan kale egiten gabiltzalako aspaldi? Ez dakit, baina ia zeharo desagertu dela iruditzen zait. Horregatik egin zitzaidan hain bitxia ezagunak kontatutakoan: antzinako denboretako oroigarria.
Pastelak normalean hamabi ziren, kartoizko xaflaren gainean, paper batekin batuta, eta kordel berezi batek inguratuta, lazoa eginda. Errelanpagoak (eclair delakoak), txutxoak, mozkorrak, kanutilloak, karolinak, pertsianak, ispilutxoak, ijito-beso zatiak, errusiarrak (gutxitan)… eta bonba. Bonba bat beti, bakarra, nahiz eta agian txutxo bi eta hiru errelanpago ere egon zitezkeen! Benetan? Bonba bakarra? Ume guztiok pastel hori nahi izaten genuen, eta bat baino ez zutenez jartzen sekulako haserreak eta negarrak egoten ziren, gurean behintzat. Gozotegiko langileak zertan zebiltzan pentsatzen? Bonba eskasiak zer arrazoi zuen? Inoiz ez dut ulertu! Gurean, karolina eta kanutilloa beti geratzen ziren azkenak, inork nahi ez zituela. Bonbak izan balira, bueltaka ez ziren ibiliko!
Bidaltzearen ohitura ez ezik, igande edo egun handietan pastelak erostearena ere galdu delakoan nago. Ez dakit, baina, zergatik. Batek esan zidan pastelak garestiak direla, baina ezin da izan hori arrazoia, zeren pastelak ez dira pintxoak baino garestiagoak, eta pintxoen kontsumoak gora egin du. Beste batek esan zidan gero eta gehiago zaintzen dugula geure burua, eta horrelako produktuak gero eta gutxiago kontsumitzen direla. Ez dakit, bada. Edozein okindegi eta janari dendatan saltzen dituzte-eta pastelak, edo gozo-gauzak. Hori bai, ez hain finak, handiagoak eta industrialagoak.
Hori izan liteke horrenbeste gozotegi ixtearen arrazoia. Azken urteotan makinatxo bat pasteleria artisau desagertu dira gure inguruan, gutxienez. Astiro-astiro itxi dituzte ateak, isilean, ia inor konturatu gabe. Baina kontaketa eginda inguruko herri askotan falta da baten bat, eta kopurua ez da txikia. Pena ematen du, batez ere mimoz egindako produktuaren ordezkoa dultzea bai, baina ez delako hain kalitate onekoa.
Sasoi aldaketa betean gaude, eta dozena bat pasteleko erretilua eskuartean doakigun denbora eta bizimodu bateko sinbolo argia da.
Post scriptum: lagun batek artikulua irakurri eta pastel bandeja hau bidali zidan. Eskerrik asko, familia!
Pasioz
Otsailean hil zen Itziar Laspiur Zabala, luzaroan Eibarko AEKn irakasle izandako emakume indartsua. Familia euskaltzale apasionatukoa, Kontxa AEK-ko irakasle beteranoaren ahizpa, eta Imanol Eibarko euskararen adituaren arreba. Ezinbestekoak herriko euskalgintzan.
Irakasle izan nuen urte bitan alfabetatzen. Zorrotza eta umoretsua, lan pila bat egiten genuen berarekin. Behe urratsetan zebiltzan nire lagunek jokoak egiten zituzten bitartean, guk diktaketak, aditzak eta atzizkiak lantzen genituen. Inbidiaz begiratzen nien, baina helburua poesia euskaraz irakurtzea zenez, ezinbestekoa zitzaidan Itziarrek prestatutakoa fin egitea. Bere begirada zoli eta sarkorrak behatzen zigun, eta behar genuena antzematen. Bihotzez eskertzen diot egindako lana!
Itziar eta Kontxa asko daude Euskal Herrian, gau eskoletan hasi zirenak hizkuntzari zioten maitasunarengatik, militantzia hutsez, pasioz, borondatea zutela didaktika bakarra. Eurei esker askoz euskaldun gehiago gara. Ikastoletako andereñoek jaso zuten errekonozimendua, egindako urteak onartu zitzaizkien Gizarte Segurantzan. Baina euskaltegietako irakasle isil historikoei inork egin die gorazarre? 22. Korrikan Karmele Jaiok mezu ederrean “gure jainko txikiak” aitatu zituen, baina euskalduntze-alfabetatzeko aitzindaririk ez. Pena handia eman zidan AEK-k antolatutako ekitaldia izanda, gainera. Ezkutuan eta isilik. Itziar gure jainko txiki horietako bat da.Inoiz ez diot eman eskerrik irakasle bati, nahiz eta irakasle donge bati zutabe osoa eskaini behin; hortaz, Itziarri omenaldia izan dadila beste maisu-maistra eredugarri batzuk gogoratzeko, esker onez.
Itziar Gallastegik libre adierazteko aukera eman zigun. Lengua ikasgaian koaderno bat zegoen ikasleon eskura. Bertan nahi genuena idatz genezakeen, askatasun osoz: poemak, kritikak, salaketak, esaldi politak… eta egun konkretu baten altuan irakurtzen zituen. Gelako liburutegitxoa ere sortu zuen liburu bina eroanda. Truke zoragarria, hori guztia OHOko (EGB) 7. mailan. Idazketa eta irakurketarekiko pasioa ikasteko bide eraginkorra. Beti adeitsu eta pazientziaz.
BUPen eta COUn izan nuen Maite Azpilikueta, matematikako irakasle ezin hobea. Azalpenak bikain ematen zituen, pausoz pauso esplikatzen zigun nondik atera eta ebazten ziren deribatu, integral, matrize, parabolak… Argi eta espantu barik. Serio, baina ez gogor. Matematikak dibertitzeko ere balio lezakeela deskubriarazi zidan, zenbakiekiko pasioa.
Morfosintaxiaren misterioak argitu zizkidan Tere Irastortzak (bai, poetak) zapatu goizetan Bergarako UNEDen, sakontze mailan ibili nintzenean. Esaldi amaigabeetan kateatzen gintuen, umorez eta gertutasunez. Eta Ariadna modernoa balitz lez, hariari jarraituta esaldia piezaz pieza desmuntatu, eta aztertzeko gai izaten ginen. Berak irakatsitako gauza asko erabiltzen ditut gaur egun ikasleei kontzeptu gramatikalak azaltzeko, eta funtzionatzen du pasioak!
Eta gizonezko bakarra, Julen Arexolaleiba euskara eta soziolinguistika irakaslea Eskoriatzako Irakasle Eskolan. Isil eta apasionatua. Eskertu nahi diot nigan konfiantza izan, eta nuen euskaltzaletasuna bideratzeagatik. Ez dauka preziorik.
Irakasle asko izan ditut, ia denek irakatsi didate zerbait. Baina gehien eragin didatenak pasioa jarri dutenak izan dira, irakaskuntza pasio barik ez delako ezer.