Aitaren eskopeta
Uda izaten da elkartzeko erabiltzen dugun urteko sasoia. Libreago gaudelako oporretan egonez gero, eguna luzeagoa delako eta eguraldiak ere normalean laguntzen duelako. Aspaldian ikusi gabeko lagunak, familia zabala, kanpoan bizi diren horiek batzeko eta elkartzeko aprobetxatzen dugu opor bueltako garaia.
Aurtengoa, batez ere, halakoa izan da, jende asko ez delako azken hiru urteetan bildu COVID-19ak oso gustuko dituelako lagun multzo handiak, besarkadak eta musuak tarteko. Elkartu garenean, zaharrak zaharrago edo makalago ikusi ditugu askotan, ume txikiak koskortuta, ez hain txikiak nerabe, eta haur asko desagertuta, gazte bihurtuta. Besteok berdin-berdin gaude (algarak).
Halako juntadizo batean tokatu nintzen neu ere abuztuan. Talde polita, adin askotakoak elkartuta, belaunaldi bat baino gehiago. Umetan oso pertsona gertukoak, eurekin batera hazi nintzen eta. Orain bizitzak bakoitza bere bidean jarri du, eta udako egun bat izaten da gure elkargunea.
Esan bezala, ume txikiak koskortu dira. Independenteak izatea ez ezik, joera eta itxura propioa eta definitua izatea lortu dute urte hauetan. Hori genbiltzan komentatzen talde txikitxo batean halako umeei begira. Neskatila bat geneukan parean, eta bere gainean geniharduen: zelan hazi den, zein jatorra eta zein guapa den, oso-oso ederra delako. Orduan, gure taldetxoko batek bota zuen neskatila horren aitak eskopeta aldean joan beharko zuela urte batzuk barru gauez irteten hasten zenean, gaztetxo bihurtuta. Momentuan jo eta ma geratu nintzen, ondo aditu (ulertu eta entzun, biak) ez niolakoan. Gaineratu zuen eskopeta mandeuli adurti higuingarriak gainetik kentzeko erabili beharko zuela aitak. Halako batean zuhurtu nintzen, eta gai izan nintzen erantzuteko neskak berak egingo zuela hori, aita eta eskopeta premia barik. Jende gehiago etorri zen, eta aldatu zen gure jarduna iritsi berriak agurtzen hasi ginelako.
Egun luze eta ederra izan zen, eta ahaztu zitzaidan gizonezko horrek botatakoa. Baina etxera heldutakoan, egunaren errepasoa eginda, indarrez etorri zitzaidan pasadizoa behin eta berriro. Egunetan izan nuen bueltaka.
Bueltaka eta hausnartzen ibili nintzen, beharbada oporrek eragiten duten beharrizanen geldiune horregatik, burua kezkaz libreago egonda, xehetasunez gehiago konturatzeko aukera baitugu. Bueltaka, lagun horrek adierazitakoa itzela begitandu zitzaidalako.
Asumituta zeukan gizonezkoek jazarriko ziotela neskari gauez, hori delako dagoena. Gainera, defentsa aitari baino ez zegokiola, neska ez zelako gai izango higuingarri horiei aurre egiteko. Edertasun kanonak hori dakarrela, zatarragoak direnek ez dutela hainbeste eraso sufritzen. Iruzkin bakar batean heteropatriarkatua laburbilduta.
Koskortutako neskatila zoragarria ikusten nuen nik, berak emakume gazte erakargarria, gatazka iturri izango zena urte batzuen buruan, eta begirada horrek kezkatu ninduen, batetik bere generoaren zein irudi zeukan (gizonak berdin erasotzaileak), eta bestetik aita rolaren aitakeriazko begiradak. Asteak pasatu dira, eta oraindik ere ileak lazten dizkit.
Baten batek pentsatuko du gaindimentsionatu dudala lagunak egin zidan komentarioa, baina hain barruan sartu zitzaidan! Gainera, aitaren eskopeta baino hobea ez litzateke mutiko, mutil eta gizonezkoak heztea ez jazartzeko?