Profilak, soslaiak eta eskakizunak
Ai, ene! Atzera ere Amama Kipuleta egitearena tokatu behar zait! Egia da atsotu/aguretu ahala, askori gustatzen zaiela euren gazte-denboran egindakoaz jardutea, eta orduko sasoia bai sasoi ona zela esatea. Beste batzuei zer gertatu zen kontatzea ere gustatzen zaigu, ezinbestekoa delako transmisioa egitea. Azkenean bizitza zikloak dira, eta dena era batera itzuli egiten delako, kanpai-formako prakak bueltatu badira, zelan ez dira, bada, beste gertakizun batzuk berriro ere pasatuko?
Lanean hasi nintzenean, joan den mendean, oraindik gazte eta berde, ikasle-talde mardula nuen goizeko zortzietan. Denak Bergarako Udaleko beharginak, zenbait arlotako funtzionarioak. Ordurako martxan jarrita zeuden hizkuntza eskakizunak, eta, plazadunak baziren ere, euskara ikasteko betebeharra zuten. Duela 30 urte pasatxo.
Orain, mende honetan eta 30 urte luze igarota, Elkarrekin-Podemosek malgutasuna eskatu du Eusko Jaurlaritzan egonkortze prozesuan sartuko diren langileekin, euskara kontuekin; izan ere, ez dute nahikoa asti izan dagokien hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko. Koitaduak, 30 urte ez ei da nahikoa deabruaren hizkuntza aldrebes hori ikasteko!
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia ere medikuez urrikaldu da, eta gaztigatu digu euskal gizartea (euskal?) ezin dela zain egon sendagileak 3. edo 4. profila (hizkuntza eskakizuna) lortu arte! Ai, ene! Osagileei 2. perfila eskatzen zaie, barren, Osakidetzako edozein lanpostutan legez! Manipulazioa ote da? Ezjakintasuna, akaso? Populismoa? Ezin dut asmatu bere soslaia ezagututa. Hori gutxi balitz, gaineratu du ezin diegula hizkuntza eskakizunik eskatu lanera datozen mediku atzerritarrei —Espainiako Estatutik kanpokoei, alegia—. Twitterren Pello Igeregik erantzun dio Europako Batasunetik kanpokoek ezin dutela Osakidetzan lan egin, lanpostu publikoak direlako. Gainera, atzerritar guztiei gaztelaniazko C1 eskatzen zaiela (gure 3. profilaren baliokidea), hara!
PSE-EEn, baina, boutade hauek ez dira berriak. Duela sei urte Bizkaian gehien zabaltzen den egunkarian argitaratutako artikulu baten Andoni Unzaluk (Patxi Lopezen asesoreak) zioen bost hizkuntza eskakizun jarri zituela martxan Eusko Jaurlaritzak. Bost? 3.a EGA/C1 bada, 4.a C2, zer da 5.a? D1? Star Wars-eko C-3PO-rena? Ez dakit zer esan nahi zuen. Berak ere ez. Edo bai? Zeren hilabete gutxira Idoia Mendiak ere bota zuen euskara, askatasunean, oztopo izan ez zedin administraziora iristeko edo gero promozionatzeko. Jakina, lanpostuez ziharduen, ez herritarrak administraziora hurreratzeko eskubideaz. Orduan Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian egin zituen adierazpenok. Euren obsesio identitarioak, ai ene! Orain erakunde askotan oposizioak egingo dituztenez, eta egonkortze prozesuak datozenez, profilen matraka berpiztu nahia ikusten dut nik. 30 urteren ondoren segitzen dute populismoa egiten. Inork ez dituelako aitatzen medikuei, behintzat, lortzen dituzten puntu gehigarriak frantsesa, ingelesa edota alemana jakiteagatik.
Oraindik batzuei ez zaie buruan sartu administrazioan lan egitea ez dela eskubidea. Administrazioan behar egitea herritarrei zerbitzua eskaintzea da, eta azken 30 urteotan, gutxienez, lanpostu horietako batzuetan ikasketez gain euskara maila jakin bat behar dela lan egiteko. Duela 30 urte.