Eskozia la Brava
Eskozia la Brava futbol-lagunartea hogeitaka zalek sortu zuten 2001 urtean, Aitor Muniozguren, Txetxu Arizmendi, Rafa Gallego, Koldo Ayuso, Aitor Plazaola eta Migel Lopez de Gereñu (G.B.) buru zirela, herriko futbol-taldearen aldeko aurrenengo “peña” eibartarra indarrean jarri gurarik.
Besterik uste arren, euren arteko inork ez zuen garai hartan Eskoziarik ezagutzen eta, hain zuzen, ez zioten Eskozia la Brava izena jarri Lur Garaietako futbola miresgarritzat zutelako, hango errugbi-zaleen grina eta adorea eredugarri iruditzen zitzaizkielako baino. Ze izen jarriko eta “Scotland the Brave” (Alba an Aigh, gaeleraz) eresi ezagunaren (entzun besterik ez dago) titulua gaztelaniaz itzuli zuten, hitzez hitz, birritan pentsatzeke.
Hamahiru urte geroago Scotland the Brave deritzan kantak aukera asko ditu balizko Eskozia askatuaren ereserki ofiziala izan dadin baina, zer gerta ere, gertakari politikoek nekez aldatuko dute eibartar sutsuen leloa.
Izan ere, azken bolada honetan hitzetik hortzera dabilen ataka dugu Eskozia. Hainbat urte gutxi baino ez dira joan Irlanda, Quebec edo Ibarretxe plana joeran zeudenetik eta, aipatu hiruak eta Katalunia ezik, Eskozia bihurtu zaigu egunsenti guztien kriseilu eta abiaburu.
Besteak beste, Euskadik lortzear dituen hiru baldintza betetzen ditu Eskozia "ausartak": jakineko lurraldea zehaztu, hauteskundeak irabazi eta erreferenduma hitzartu.
"Eskozia la Brava" lagunartekoak, Ipuruan
Zilegi bekit, jakin-minez baino ez bada ere, blog honetan bertan Eskoziaz idatzitako zenbait iruzkin gogoraztea:
Eredu kontua (2007.05.06)
Joño… Eskozia! (2007.08.26)
Hamar urte umekerietan, heldu ezinik (2010.09.13)
Arrazoiak (2011.06.03)