Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Enrike Solinís, urtzailerik modernoena

Enrike Solinís, urtzailerik modernoena

Amatiño 2021/06/10 23:00
Burdinoletako urtzaileak betiko joan diren garai honetan, kulturen arteko fusioa baldin bada hitzetik hortzera aipatu ohi den joera, Enrike Solinís da, ziurrenen, egungo euskal fusiogilerik edo kultura-urtzailerik nabarmenenetakoa.
Enrike Solinís, urtzailerik modernoena

Enrike Solinís

Bart aurkeztu du Enrike Solinísek Euskal Barrokensemble taldearen azken ikuskizuna: “Subh, Al-Andalus gobernatu zuen emakumezko esklabu baskoia”. Bost urte luze joan dira taula berean Euskel Antiqua estreinako azaldu zuenetik, eta azpimarragarria, gero, aurretik zein ondotik jorratu eta garatu izan duen urraspide naroa. Horra, tartean burututako lauzpabost programak (Juan Sebastian Elkano, azkenaurrekoa) eta, Espainian barrena ez ezik, Austrian, Suedian, Belgikan, Kanadan, Herbehereetan, Alemanian edo Frantzian arrakastaz azaldutako ekitaldiak, gero eta kontzertu landuagoak eskainiz eta, beti ere, bikaintasuna gurari.

Ostegun iluntzean plazaratutako ikuskizunaren izenburuak ezin zehatzago aditzera ematen duenez, Subh neskatila nafarraren historia da, esklabutzat Kordobara eramana izan ondoren, bertako kalifatoaren agintaritzaz jabetu zena, X. mendeko azken hamarkadetan, kalifa liluratu eta Almanzor buruzagiaren maitale izan ostean.

Perkusioa (3), haizea (3) soka (5), ahotsa (8) eta dantza (4) maisuki baliatu ditu Enrike Solinisík: bertsolaritza eta kanta hondoa; txirula, txalaparta, Erdi Aroko tronpa eta ezohiko soka-tresna sorta; andalusi-dantza eta banakoa, koru barrokoak eta ahaire zuberotarrak… denak, aldi berean, 75 minututan barrena, batere etenik eta txalounerik gabe, elkarrekin txirikordatzen, elkarrekin bat egiten, elkarrekin urtzen.

Burdinoletako urtzaileak betiko joan diren garai honetan, kulturen arteko fusioa baldin bada hitzetik hortzera aipatu ohi den joera, Enrike Solinís da, seguruenik, gaur egungo euskal fusiogilerik edo kultura-urtzailerik nabarienetakoa.

 

SUBH, AL-ANDALUS GOBERNATU ZUEN EMAKUMEZKO ESKLABU BASKOIA. Euskal Barrokensemble; Capilla Wasconiae; Andalusi dantza taldeko Warda Mallal bikotea; Bilaka Dantza Kolektiboa; Julian Soto bertsolaria; Rosario La Tremendita, flamenko “cantaorea”; Josean Bengoetxea esataria; testu-egokitzailea, Mikel Zuza; eta, zuzendaria, Enrike Solinís.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: