Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskal Barrokensemble: bai, baina…

Euskal Barrokensemble: bai, baina…

Amatiño 2016/01/19 11:15
Zalantzarik ez, Euskal Barrokensemble lehen mailako musika-taldea dela, baina nago ez zuela erabat gogoan izan zein agertokitan ari zen jokatzen. Auskalo Kursaal Eszenako abonatua aditua ote den, ezjakina edo erdipurdikoa. Baina, zer nahi delarik, jakinekoa da bertatik pasatu ohi direla urtean zehar Europako orkestrarik onenak eta, txarrenean ere, ohiko entzulegoak baduela konparazioak egiteko eskubidea.
Euskal Barrokensemble: bai, baina…

Enrike Solinís

Donostiako Kursaalean, Euskal Barrokensemblek igandean eskaini zuen kontzertuak gainditu du erdal musika-kritika zorrotzaren etsamina. Ez da, gero, hutsaren hurrengoa. Ondorioz, zenbaitek pentsa lezake egin beharrekoak egin zirela eta, hortik aurrera… bertan Bilbo! Hala ere, euskal ikuspegitik --eta Enrike Solinísen taldeak aldez aurretik argitara emandako CDa txalotu izanak ematen didan aitzakiaz-- zilegi bekit, hobe beharrez, hiruzpalau zertzelada laburbiltzea:

1. Edozein musika-ikuskizunetan musikaren beraren kalitatea erabat oinarri-oinarrizkoa den arren, ikuskizuna da substantiboa eta ezinbesteko garrantzia du, frantsesek esan ohi duten mise-en-scène delakoak alegia. Eta, behar bada, argiztatzeaz, audioaz, janzkeraz, irakurketaz, hizkeraz eta aurkezpen-moldeaz Barrokensemblek badu zer hobetu. Adibide gisa baino ez, euskarazko hitz-jarioan zehar, gaztelaniaz, “a tomar por culo” esateak jatortasunaren eta arlotekeriaren arteko marra gorria gainditzen du. Hori ez da barrokoa, hori zabarkeria da. Mixel Etxekoparrek ez zukeen sekula horrelakorik egingo.

2. Ekitaldiak musika-kritikarik zorrotzenaren onespena merezi izan duenez gero, ez naiz ni kontrakorik esaten ausartuko, baina bai ostera adieraziko, kalean dagoen CDa nabarmen hobea dela. Eta ez naiz estudioko grabazio-lana hobesten ari, taularatu ziren zenbait osagairen ahuleria salatzen baino. Hau da, musika-tresna murritza, korurik eza eta ahots nabarmenen baten edo besteren falta.

3. Erdal musika-kritikariak nekez jabetuko diren arren, emanaldian barrena egindako deklamazio-lanak eskas samarrak izan ziren. Kursaaleko “Gaiza zenduan lenizanok” kantak ez zuen CDkoaren galantasunik izan; “Dianea” deitu testu zaharra bezain zaila erabat ulergaitz gertatu zen Donostian eta, esataria berbera izan arren, taula gaineko urduritasunak eta harrapakak grabazioaren txukuntasuna alferrik galdu zuten “Zure begiak nekusenean”.

4. Inork ez du ukatzen Enrike Solinísen maisutasuna gitarra barrokoa, lavta zein lautea jotzen, baita zailagorik eta arraroagorik ere; baina, esan gabe doa, aurkezlanetan ez dela horren fina. Beldur naiz, ordea, ekitaldia atontzerakoan, dezente denbora gehiago eskaintzen ote dion dakiena errepikatzeari, ez dakiena prestatzeari baino.

Zalantzarik ez, Euskal Barrokensemble lehen mailako musika-taldea dela; nago, ordea, ez zuela erabat gogoan izan zein agertokitan ari zen jokatzen. Auskalo Kursaal Eszenako abonatua aditua ote den, ezjakina ala erdipurdikoa. Baina, zer nahi delarik, jakinekoa da bertatik pasatu ohi direla urtean zehar Europako orkestrarik eta interpreterik onenetakoak eta, txarrenean ere, ohiko entzulegoak badituela konparazioak egiteko aukera eta eskubidea.

EMECE

EMECÉ. El Diario Vasco, 2016.01.18

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: