Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Norbert Tauer, euskal blogarien patroia

Norbert Tauer, euskal blogarien patroia

Amatiño 2010/07/13 17:21
Norbert Tauerrek (Pilsen, 1898 – Praga, 1983) ez zuen hogeita hamar urte kunplitu arte euskaraz ikasi baina ondoko hogeita hamarretan mila gutun baino gehiago idatzi zituen. Madrilen ekin zion euskaraz ikasteari eta gutunik gehienak Pragatik idatzi zituen. Mundu guztiko euskaltzaleei idatzi zien, Juan San Martin eta Imanol Laspiur eibartarrak tarteko. Euskal blogari-munduak santu patroirik behar izango balu, nik Norbert Tauer bera proposatuko nuke.

Buenos Airesko Euskaltzaleak elkarteak mundu mailako txapelketa antolatu zuen 1955an, nork urtean zehar euskarazko gutunik gehiago idatzi. “Antolatzailleen asmoa izan zan euskaldunak zirikatzen beren alkar-idaztean euskera erabiltzen”. Nork irabaziko eta, Norbert Tauer txekiarrak irabazi zuen.  Lehen urte hartan 160 idatzi zituen; 1956an, 190; eta 1957an 380. Hiru lehen urte haietan txapeldun atera zen, jakina, eta, segurutik, baita 1958an ere, uztailaren 31rako 270 idatzi baitzituen eta, hartara, milagarrenera iritsi.

Mila gutun haien bildumaren gorazarrez, Euskaltzaleak elkarteak Tauer´tar Norbert. BERE IDAZKIAK izenburupeko liburuxka argitara eman zuen (Editorial Vasca Ekin. Buenos Aires, 1962), non Norbert Tauer jaunaren hitzaurreaz gainera, gutun-txapelketaren berri ematen den eta 25 gutun antologia gisa bildu. Baita, amaieran, Tauerren beraren bost poema ere, zeinetatik bat “Otsalar  maiteari bihotzaren erditik“ eskaintzen dion. Gogoan izan “Otsalar” deitura Juan San Martinek poeta gisa erabili  zuen izenordea dela.

Hogeita bost gutuneko bilduma horri bagagozkio, bistan da Norbert Tauer garai hartako euskaltzalerik gehienei idatzi ziela. Aipagarri, besteak beste, Ixaka Lopez Mendizabal, Andoni Urrestarazu “Umandi”, René Lafon, Michel Labéguerie, Jon Basurko, Nemesio Etxaniz, Madeleine Jauregiberry, Jesús Galíndez, Andima Ibinagabeitia, Jokin Zaitegi, Jon Mirande, Antonio M. Labaien, Koldobika Jauregi etab. Eta, hogeita bosteko aukera horretan Imanol Laspiurrenik agertzen ez den arren, hitzaurrean eibartarraren berri ematen du eta beronen erantzunaren hainbat lerro argitara eman.

Izan ere, Norbert Tauerrek idatzi ezezik, arazi ere idatziarazi zuen. Berak aitortzen duenez, hainbatekin berrogeita hamarretik gora gutun “trukatu” zituen. Trukatzaileren bat, batere zalantzarik gabe, Juan San Martin, Juanitok berak erakutsi zizkidan-eta gutunok, 1965 inguruan, bere Mekolako etxean.

                                         Tauer

                                                    Liburuxka txikerra da oso, 9 X 13,5 zm. besterik ez

“Ogei urtedun gazte bat izanik Euskalerrira lenengo etorri nintzan eta euskal abenda garbi eta sendoa, inguratzen duten errietako abendekin zer ikusirik ez duena, baita ere Euskalerriaren oitura jatorrak eta kanta ederrak txoratu naute. Abenda arrigarri  onen hizkuntza ederra ikasteko asmoa arturik, Baionako liburutegi batean euskerazko liburu batzuek, oien artean Kanpion`ek idatzitako euskal-iztia, erosi nitun. Eta etxeratu ondoren, kemen aundiarekin ikasten eta euskerazko liburu berriak erosten asi nintzan. Orain nere euzko-liburutegian eundaka zenbaki daukadaz. Eta onela piztu zaidan euskaldunenganako maitasuna. Atzerritar asko bezela, ikasten ez-ezik, baita biotz-biotzez eta barren-barrendik euskera goxo eta eztitsua maitatzen dut.”    Norbert Tauer.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: