Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Aran haranaren erabakitzeko eskubidea

Aran haranaren erabakitzeko eskubidea

Amatiño 2017/04/04 00:05
“Eth Parlament de Catalonha reconeish eth dret deth pòble aranés a decidir eth son futur” (Kataluniako Parlamentuak aitortzen du arandar herriaren eskubidea bere etorkizuna erabakitzeko). Honelaxe dio, bertako okzitanieraz, Arango Legeak.

Pirinioen iparraldean (Garona ibaia bertan jaio eta Bordelen itsasoratzen da), Aran haranak mila urte daramatza Aragoi, Katalunia, Espainia edo Frantzia ote den erabaki beharrez. 1175 urtean Aragoiko Alfontso II.arekin sinatu zuen Enparantza Ituna, zeinetan arandarrek onartzen zuten Aragoiko Erreinuaren babes militarra zenbait zergaren (garitan ordaindua) truke.

Jira eta buelta, arandarren hurrengo garrantzizko hautu erabakigarria izan zen Espainiako Ondorengotza Gerran (1700-1714), Borboien alde eta Austriarren kontra jarri zirenean (Hego Euskal Herria bezala eta Katalunia ez bezala). Gerra Felipe V.ak, Borboiak, irabazi zuen eta, ordainez, Kataluniak ordu arteko eskubideak galdu zituen (Decreto de Nueva Planta, 1716), eta Aranek zein Euskal Herriak, aldiz, eurenei eutsi.

Hurrengo mendean, Aran haranak, Hego Euskal Herriaren antzera, Karlistadaren ondotik galdu zituen foruak eta, 1979an, demokraziarekin batera, Arango Kontseilu Nagusia berreskuratu.

Azkenik, 2015eko ekainaren 17an, Artur Mas presidente zelarik, Kataluniako Generalitateak aurkeztu zuen, Vielhan, geroztik indarrean dirauen Arango Legea, non hasieran esaten den “Aran ei un territòri nacionau, damb ua lei propia: Era Lei d’Aran”; eta amaieran, berriz: “Eth Parlament de Catalonha reconeish eth dret deth pòble aranés a decidir eth son futur”.

Gauzak honela, auskalo Kataluniak erabakitzeko aukerarik izango ote duen eta, erabaki ahal izango balu, zer erabakiko ote lukeen. Baina badirudi, nagusi bide diren hainbat izaeraren eta jarreraren arabera, arandarrek, erabaki behar izango balute, ez luketela Kataluniaren aldeko hautua egingo, Espainiaren faboretan baino.

.

 Argazkian, Mijarango Jainkoaren Amaren baseliza, non, 1313an, Frantzia izateari utzi ondoren, Aragoiko Felipe IV.ak Arango Foruak aitortu eta sinatu zituen, Katalunia, Valentzia eta Mallorcako lege-barrutiekin batera.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: