Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Iraetatik Oikiara, hobe Ibañarrietatik, Aizarnazabaletik baino

Iraetatik Oikiara, hobe Ibañarrietatik, Aizarnazabaletik baino

Amatiño 2020/11/06 16:00
Bazkalostean, goizez afan-usainetan jardun ostean, Googlen begiratuta konturatu nintzen, Aizarnazabal inguruan mugaz kanpo ibilia nintzela. Ni, bekatari. Hurrengoan, berriz, Iraetatik Oikiara, Ibañarrietan zehar, Urtain baserri albotik. Eta ez, pandemia dela-eta, Aizarnazabal udalerria "mugakide" ez dudalako, Ibañarrietako baserri-bidea askoz ere bizkorragoa eta samurragoa delako baino.
Iraetatik Oikiara, hobe Ibañarrietatik, Aizarnazabaletik baino

San Nikolas (1625), Lastur

Asteburu eguzkitsuan, nora joango eta, Endoiako antenaren inguruko joan-etorri periferikoa egin nuen aurreko larunbatean. Debatik atera, bide zaharretik (Praileaitz) Sasiolako komentu parera jo, Lasturko Milianean kafesnea hartu, Uztapide baserri ingurutik Endoia tontorrera igo, Ekain leizezuloaren bizkar gainean zehar Zestoaraino ziztu bizian jaitsi, Lili jauregi atarian Otamotzen herrialdetik datorren bidegorrian sartu eta, bainuetxeetako trenbide zaharraren tunelpe ainubeen barrena, Txikito Iraetakoaren (107 urte ditu) pilotalekuraino, txorixo egosi muturra hoztu aurretik, arrapaladan, irentsi ahal izateko.

Handik, Mugitzagainetik (gaina, bai, benetan izenaren jabe), Aizarnazabaleruntz abiatu; ondotik, Gaztelu errekazulotik, lokatzetan, Oikiara hurreratu, XVI. mendeko Urola ibaiko zubi “erromanikoa” zeharkatu eta Artadiko San Migelera igo. Jaitsi, ezinbestean, Zumaiako ontzioletara non, EAren tabernan, “Soriako torreznoak” (urdai-zatitxoak) frijitzen dituzten eta Gasteizko bitter Kasa zerbitzatzen.

Berriro ere bizikleta gainean jarri, Arritokietatik aldats gora Elorrixara, itsasbazterreko Donejakue bideari amain emanez, Santuaranetik, Itziarreruntz. Goitik behera, azkenik, San Roke erromesaren maldatzarrean zehar, Debako eliz atari gotikoraino. Guztira, 55 kilometroren bat, mila metro inguruko gora-behera metatuarekin. 

Bazkalostean, neka-neka eginda, ipurtzuloa minduta eta gerria lehertu beharrez, atzamar puntetan geratzen zitzaidan indar apurraz baliatu nintzen Googlen begiratzeko eta, hara nola, lur jota konturatu nintzen, berandutxo, Aizarnazabal ingurua ez dela, berez, Debaren udalerri “mugakidea”. Ni bekatari. Ez esan, gero, inori.

Zin dagit ez dela, berriro (berririk baldin bada behintzat), horrelakorik gertatuko. Hurrengoan, Zestoatik Zumaiara,  Iraetatik Oikiara, Ibañarrietan zehar, Urtain baserri aldamenetik, artez arte alegia, Eta ez Debako hiritarrok ez dugulako baimenik Aizarnazabalen sartzeko, sartu beharrik ere ez dagoelako baizik. Ibañarrietako porlanezko baserribidea autopista da, Aizarnazabaletik Gaztelu errekarainoko galtzada trakets eta lokaztuaren aldean.

 

Endoiako antenatik
Beheko ertzean, Arroa. Barrenean, Zumaia. Eskuinean, Endoia gaineko gorostia

Zubia
Oikiatik Artadira bidean, Urola zeharkatzeko zubia, XVI. mendekoa edo.

Urola
Urola ibaia, Artadi gainetik.

Udalerri “mugakide” guztiak ez dira berdinak

Alarma-deia dela eta, kirola egite aldera ba omen dago oinez zein bizikletaz bide eta zidor "mugakideen" zehar ibiltzerik. Seguru gero aukera ona dela, denontzat maila bereko abagunea ez bada ere.

Esan nahi dut, Gipuzkoari bagagozkio, bertoko nahiz auzoko herrien mugak gainditzeke, azpeitiarrek 370 km2 (Azkoitia, Deba, Zestoa, Errexil, Beizama, Beasain, Ezkio edo Zumarraga) edo bergararrek 350 km2 (Arrasate, Oñati, Antzuola, Elgeta, Eibar, Soraluze eta Azkoitia) baino gehiago dituzten artean, zarauztarrek, adibidez, 80 km2 (Getaria eta Aia) besterik ez dituzte. Eta Goierriko herririk gehienek, aldiz, ezta hori ere.

Ni ez naiz ba kejatuko, Deba inguruak  (Mutriku, Mendaro, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zumaia) 280 kilometro koadroko pasealekua dauka-eta.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: