Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Oikiako zubia

Oikiako zubia

Amatiño 2008/09/08 00:30
Artaditik Aizarnazabalera, Zumaiaraino jaitsi beharrik gabe autoz joaterik dagoen galdetu diot bertako baserritarrari: “Bai, aurreko horretatik jarraitu behe aldera eta puente-romanotik Okiaraino.” Joño, Oikian zubi erromatarrik ba ote?

Bai, San Migel elizaurretik Gorostiaga aldera jartzen duen  bide estu samarretik hartu eta, aldapan behera, Urola ibaiaren eskuin ibarreraino bizpahiru kilometro besterik ez. Behin barrenean, bidea baso ilun eta ainubean sartzen da eta, halakoren batean, ikaragarrizko astigar erraldoien artean, horra ustekabean, neurri eta itxura ederreko zubi lerden askoa, gain-gainean harrizko jarleku eta guztikoa: Oikiako zubi zaharra, alegia

Ez da gero adituegia izan behar erromatarren garaikoa ez dela konturatzeko. Ezta erromanikoa ere, jakina, nahiz Googlen horrelako aipamenen bat edo beste aurkitu eta auzokoek, "errazkeriaz",  kanpotarrei sarri horrela aditzera eman arren. Ibai gaineko begi biak eta erdiko oinak aspaldikoagoak izan daitezke baina, ezker-eskuma, bi ibarretako zutabeen harrizko hormek erakusten duten arkitektura-moldeak dezente berriagoa ematen du.

Gaur egun baserri-bidea besterik ez da alde batetik bestera doana baina, nonbait, garai batean egitura horretako zubitzarra behar zukeen olarik izan zen inguruan eta, jakina denez, Oikiako ibai-portua ere bertatik bertara omen. Juan Larrañagak eta Luis Pedro Peña Santiagok* ikertu bezala, Altzolarats araneko oletako produktuak Oikiatik zein Beduatik atera ohi ziren itsasaldera.

Larrañagak eta Peña Santiagok frogatu ere frogatu dute itsas-marea Oikiako zubi zaharreraino heldu ohi zela eta, hirurehun bat metrora, Konde jauregi ondoan kokatua zela Urolako Errenteria. Kondekuaren ate nagusi gainean bazen, duela zenbait hamarkada, bi metrotako balea-saihetsa**. Gaur egun ez da haren aztarrenik, begi bistan ez behintzat.

*EL MAR DE LOS VASCOS II. Del Golfo de Vizcaya al Mediterraneo. Leyenda, tradiciones y vida. Eusko Ikaskuntza, 2007.

** GUIPUZCOA, PASO A PASO. Luis-Pedro Peña Santiago. Bilbao, 1969

Zubia
Oikiatik Artadira bidean, Urola zeharkatzeko zubia, XVI. mendekoa edo.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: