"Zirkulua" nobelaren kritika
Aitortu beharra dut literatura klase horretako liburu bi baino ez ditudala irakurri: The last jew , Noah Gordon, eta The road to Santiago, Paulo Coelho. Biak ere best-sellerrak. Gordonenak mendetan zehar judutar familia batean gorabeherak kontatzen ditu oso modu klixean, alegia, irakurleari mastekaturik ematen zaio irakurtzeko eginahala, horrek dakartzan ondorioekin: eszenatokien gaineko begiratu sinplista, pertsonaiak lantzeko modu estereotipatua ("saminki hunkiturik", "bere baitara bildurik", "keinu leun bat egin zuen"), narrazioaren tramoia guztia agerian agertzea. Liburua, hau bada ez bada diot, seriotan dago idatzirik, ezen ez ironikoki. Bigarrenak, bestalde, modu berean kontatzen ditu kontatu beharrekoak baina badu Azkeneko judua-k agerian behintzat agertzen ez duen ezaugarri bat: The road to Santiago-k bizitza ongi nola bizi behar den erakutsi nahi du, edo beste modu batera esanda norberak bizi ona (ona grekoek ulertzen zuten moduan) bizitzeko eman beharreko aldaketak irakatsi nahi ditu, zein bide segitu zoriontsua izateko. Alegia, ez literaturaren baizik eta filosofiaren zeregina hartzen du bere gain: bizitza misterioa bezala bizi izatea, mistizismo pixka bat, zentzu pixka bat, egiatia izatea, eta autolaguntzako aszesia, horra Paulo Coelhoren bidea.
Ez dut elitista agertu nahi baina harritu egiten nau nire inguruko jende irakur zaleak Coelhoen liburuez duen uste ona. Berritu nahi dut, hala ere, bakarra baino ez dudala irakurri.
Erreflexio honen argitara Zirkulua (Andoni Urzelai, Erein, 2004) kontsumo literatura kontsidera dezakegu, Hollywood-en egiten den zinematik hurbilago dago, Fernandoren egia bat esatera noa, Proustengandik baino. Baina horrenbeste alde dago Zirkulua-tik Dashiell Hammetten liburuetara, edo Mankellenetara edo Vazquez Montabanenetara? Nobela beltza kontsumo literatura gisa abiatu bazen ere gerora literatur izena jaso du. Beraz, alde handia ote dago Zirkulua-tik, eman dezagun, Mankellen liburuetara? Baietz esanen nuke, alde batetik errealitatea aztertzeko Zirkulua-ren autoreak ez duelakoz Mankellek erabiltzen duen bisturia erabiltzen, eta bestetik Zirkulua-ko pertsonaiak topikoegiak iruditu zaizkiolako irakurle honi.
Liburuak kontatzen digu Zirkuluak (ongi ez dakigun jende boteretsu talde batek) ETA eta Ezker Abertzalearekin bukatzeko antolatu duen konspirazio bat. Davidez baliatzen dira hori aurrera eramateko; aldi berean, David, Rafael psikiatraz baliatzen da, eta hau, azkenik, Angelez: jendea hiltzen hasiko da eta horrela jendeak, izuturik, kalea utziko du eta elkarrenganako lotura, eta horrela Ezker Abertzaleak sostengua galduko du. Hau dena, Zirkuluak ETA hor egoteari, jada, beharrezko ez deritzolakoz. Anjel harrapatzeko Pedro Ertzainaren ikerketarekin eta Braulio ETAkidearen gorabeherekin osatzen da trama. Harrigarria suerta daiteke abangoardietako hainbat lorpenen baliatzea liburua: bigarren pertsonaren erabilera zurruna bezain eraginkorra, barne bakarrizketa oso ongi eramana, ikuspuntu aldaketa. Eta hala ere kontsumo literatura? Ian Flemingen (007 agentea) lana aztertzerakoan Ecok esan bezala, abangoardien garaian lortutako aurkikuntzak kontsumo literaturara pasatu dira, eta eraginkorrak izaten jarraitzen badute ere, galdu egin dute errealitatea beste ikuspuntu batetik adierazteko indarra eta plazer estetikoa eragiteko ahala. Horri gehitzen badiogu, pertsonaien trataera laua (ez dute argi-ilunik, oso prebisibleak gertatzen dira, Gema batez ere), erabaki beharko genuke Zirkulua igande arratsaldean telebistan ikusten ditugun film horietako bat bezala dela: ikusten ditugu, errazak dira jarraitzeko, denbora pasatzen laguntzen digute baina ez dira literatura. Arestian aipatu Gordon eta Coelhoren liburuak baino dexente gustagarriago hala ere. Izan ere, literaturak, batzuetan nekatu egiten du, ez da hala?
Kaixo Dani:
Pozten naiz benetan zure aldetik izandako erreakzioa ikusita. Izan ere, nire tesia balidatu duzu. Zure erreakzioa filme kaxkar horietan detektibeak izan ohi duen portaera baino askoz errazago aurreikusten da: "masa ergela", "hik segizak telebistari begira"... oso diskurtso orijinala, horiek dira euskaldun koherente eta korrektu baten erantzunak!
Baina tira, aitortu behar dizut horrenbeste kultur zaletasuna demostratu duzunez, espero zitekeela umorea eta tonu zirikatzailea ulertzeko gutxienezko gaitasuna azaltzea.
Gomendio bat emango dizut. Ahal duzuenean irakurri "Las mil y una historias de Radio Venceremos" (Jose Ignacio Lopez Vigil, UCA editores). Liburu horretan badago oso gomendagarria den ataltxo bat: "Nunca faltan los cuadrados".
Sentitzen dut nire erantzuna hain laburra izatea, baina bi ordu daramatzat telebistatik aldenduta eta ezin dut gehiago jasan.
Pizza ala hil!