Nire uste harroan
Saski Naski
Kalitatearen Qaqa
Inuxente egunean ezusteko oparia izan nuen. Zinematik atera ostean, autoa hartzera joan eta kolpe galanta zeukan atzealdean, karrozeria mailatzeaz gainera gurpil bat ere kili-kolo utzi ziona, ezin gidatzeko moduan beraz. Eta oparigilearen arrastorik ez, jakina. Kamioilari bat, utzitako arrastoaren arabera
Ez nabil penak kontatzen baina. Beste zerbaitera iritsi nahi dut. Aseguruak, zati batean, neure kalteak ere estaltzen dizkidanez, ezbeharraren berri emateko deitu nuen hurrengo goizean goiz. Ordurako garabiaren bitartez eramana nuen kotxea garaje batera. Peritua pasatzea falta, konponketan hasteko. Hurrengo laneguna urtarrilaren 2a zela, eta ordura arte itxaron behar. Bego. Egin beharrekoak eginda, lasaiago.
Urtarrilaren 2an, goiza amaitzean deitu dut garajera, matxuraren tamainaz galdezka. Ezin jakin, peritua ez omen da pasatu oraindik, eta txasisa askatzen hasterik ez beraz. Deitu dut aseguru-etxera, eta baietz, egun horretan duela pasatzeko abisua. Harekin hitz egitekotan gelditu ziren, eta horrenbestean konforme gelditu behar.
Biharamuna. Goiza beste hamaika gauzatan eman dut, eta arratsaldean deitu dut garajera, aberiaren berri emango didaten itxaropenez. Ezetz berriz, periturik ez dela pasa egun horretan ere. Deitu dut berriro ere aseguru-etxera, azaldu diet dena berriro xehe-xehe, eta niri deitzekotan gelditu dira, argitu beharrekoak argituta.
Handik ordu batzuetara, bi albiste aseguru-etxetik. Batetik dei bat: informatika-akats baten erruz (zer ez da gaur informatika-akatsa?) ez zitzaiola perituari informazioa iritsi, eta barkatzeko, hurrengo egunean joango zirela hutsik gabe. Bestetik gutun bat, aseguru-etxe horretako zentraletik, Kalitatearen urrezko Q handi bat logoaren ondoan, partea eman nuen egun berean datatua: haiengan jarritako konfiantza eskertzen zidatela, neure esanetara neuzkala edozertan laguntzeko eta era horretako erretolika merke guztia.
Akatsak berak baino (edonork izan baitezake deskuido bat, badakigu) gutunak eman zidan amorrazio handiagoa. Kalitate prozesuen hipokrisia eta gezur ustela: dena paper-zikintze, itxura egite, ahoa betetzea polboroiak bezalako bost duroko hitz ponpoxoz.
Bizirik irtengo ote naiz?
Noizbait irakurri edo entzun nuen lau zirela pertsonaren oreka psikologikoari gogorkien erasotzen dioten aldaketak: dibortzioa, lana galtzea, minbizia bezalako gaitz larri bat, eta etxe-aldaketa. Lehenengo hiruretatik libre naiz oraingoz, baina laugarrenak harrapaturik nauka egunotan.
Ez naiz etxebizitzaz aldatu: lantokian ditugu aldaketak; lehengo tokian geldituko gara, baina, barrukoa goitik behera moldatuko dela-eta, gure paper eta traste guztiak edo zakarretara bota edo kaxetan sartu behar ditugu, ahalik txukunen, gero non zer gorde ote genuen galdurik ez ibiltzeko. Eta bada paperik nirea bezalako lantoki batean! "Denon artean mila kaxa baietz atera!" bota zidan lankide batek zalaparta honetan hasi ginenean, Durangotik bueltan. "Bai zera!" erantzun nion nik, baina uste dut berak irabaziko duela apostua.
Zer bota eta zer gorde erabakitzeko tiradera barrenak husten eta arakatzen zabiltzala, uste ez dituzun gauzak agertzen zaizkizu etengabe, eta oroimenaren nahiz ahazturaren mekanismo bereziez ohartzen zara bat-batean: "Kontxo! Hau hemen al dago?", esaten duzu batzuetan, eta bizi-bizi gogoratzen dituzu orduko kontu eta gorabeherak; beste batzuetan, berriz, arrastorik ere ez zer ote den armairuaren azpialdean azaldu den hori, ezta zertarako gorde zenuen ere.
Hamalau urte pasatxo dira mahai eta txoko berean lanean nabilela. Hamalau urteko historia, ordu gutxitan errepasatua. Ez dakit beste horrenbeste pasatuko diren hurrengo aldaketarako baina, hau ez da ez, pertsonarentzako martxa!
Errataren ederra
Idazle eta editoreon buruhaustea izaten dira testuetan deskuiduan pasatzen zaizkigun akatsak. Batzuetan zalantza ere izaten da, hutsa den edo ez. Lizardiren olerki-zati ezagunenetako batek hala dio: "Oi zein dan ituna / behera behar hau / nik ez nahi eguna / bihurtzerik gau". Poetaren lagun batek zioen "itun" hori gaizki-ulertu bati zor zaiola, idazleak "ilun" idatzi eta, inprimategian, nahastu egin zituztela orduko ortografian erabiltzen zen l gandorduna eta t letra.
Lizardiren beste poema-txatal bat da, sasoi honetako giroari dagokiona, "egur hezearen kea / goiak du kolore"; Koldo Izagirrek inoiz komentatu izan du ausardia falta izan zitzaiola Lizardiri bere konparazio eta metaforetan, zenbat ederrago eta sujerikorrago ez ote zen izango "hezur hezearen kea" idatzi balu. Letra bateko aldea, inprimatzailea nahastu balitz.
Egunotan zuzentzen nabilen itzulpen batean aurkitu dut errata harrigarri bat. (Ez dut izenbururik esango, ez bainaiz inoren lana maiseatzen ari). Hala zioen pasarteak: "Hori egitean gona altxatu zitzaion, eztarriak eta kulero urdin argiak agerian utziz". Jatorrizko testuan begiratu eta ikusi dut "eztarriak" dioen lekuan "izterrak" behar zuela, "lapsus calami" bat izan duela euskaratzaileak. Hala ere, esaldia berriz irakurri eta, zenbat ederrago eta adierazgarriago errata eta guzti!
Money, money, money...
Azaroaren hasieran, idazle katalan, galiziar eta euskaldunen urteroko topaldia ospatu zen; hiru nazioen artean txandaka antolatzen da Galeusca literarioa, eta aurtengoa euskaldunoi egokitu zaigu. Iruñean gauzatu den XXIII. edizio honek gai zentral bat izan du hitzaldi, mahai-inguru eta eztabaidetarako: tabua, dela alderdi afektibotik, dela politikotik, dela estetikotik ikusita. Han esandakoen gainean interesa dutenentzat liburu eder askoa kaleratu du Idazle Elkarteak, mintzaldi eta ipuinak hiru hizkuntzatan jasoz.
Nik bisita laburtxo bat egin nuen Iruña Park hotelera, baina handik egun batzuetara, han izandako idazle batekin berbetan ari nintzela, halaxe esan zidan: "Era guztietako tabuak jorratu ditugu; hor ibili gara, intzestua gora, kanibalismoa behera... Idazleak gizarteko tabuak hausten aitzindari izan behar duela aldarrikatu da behin eta berriz. Baina badakizu zer ez den behin ere aipatu? Dirua".
Solasaldi horretaz gogoratu nintzen aurrekoan, Durangon nengoela bat-batean Sautrelakoak etorri zitzaizkidanean, beste idazle batek bota zidan galderari erantzun behar niola-eta. "Zertaz ez zenuke sekula idatziko?" galdetu zidan Miren Agur Meabek, eta gehiegi pentsatu barik bota nuen arrapostua: "Diruaz". Nire zalantza da, ea gutxi interesatzen zaidalako baztertzen dudan gai moduan, ala duen garrantzia eman nahi ez eta tabu baten moduan ezkutatzen dudan.
Gora bibliotekari insumituak!
Liburutegi publiko mordoxka bateko bazkidea naiz, gaur egun tarteka baizik erabiltzen ez baditut ere. Bakoitzeko txartel bana dut, hori bai; eta, pentsatzen jarrita, zenbat txartel pilatu dezake gizon-emakume modernoak bere karteran? DNI, ENA eta EHNA, aukeran edo nahas-mahas, gidabaimena, bankuetako visak eta abarrak, bonobusa, osakidetzarena, organo-emailearena, kiroldegikoa, norbera partaide den elkarte, bazkun, erakunde, partidu, sindikatu eta partzuergo bakoitzeko beste horrenbeste...
Ez da harritzekoa, hortaz, halako batean gertatu zitzaidana gertatzea. Joan naiz liburutegi batera (ez dut esango non, ez noiz) liburu jakin baten bila eta, iragarkiko donutsak bezala, bat-batean konturatu etxean utzia nuela txartela. Halaxe kontatu nion ezer baino lehen mostradore atzeko langileari.
"Nire zenbakia lortzeko datuak emango dizkizut nahi baduzu, ez dakit maileguan ezer ateratzerik daukadan baina..."
"Ezin dizugu utzi. Arauak..." esan zidan bibliotekariak.
Arauen aurrean ze txintxo eta esanekoak garen bihurri usteko asko. Ni bai behintzat.
Alferrik egina nuen liburutegirako jira, nonbait, baina han nengoenez, apalategietara iritsi berri ziren liburuen artean gelditu nintzen kuxkuxean. Horretan nengoela, handik pixka batera, lehengo bibliotekaria etorri zitzaidan, mostradoretik aterata:
"Ezin duzula atera esan dizut lehen, horixe baita araua, eta atzean baineukan jefea, baina orain joan da, eta libururen bat hartu nahi baduzu..."
Hura poza hartu nuena! Liburu eta guzti ateratzeagatik baino gehiago, jefeen gainetik jendea, arauen gainetik liburuak jartzen dituzten funtzionarioak badaudelako oraindik ere. Urte askoan!
Oihartzun aldrebesak
Orain dela urte batzuk ikusi nuen lehenengo aldiz aipatzera noan leloa; gero batere ez, eta pentsatu nuen baten batek ohartaraziko zuela egilea, nolako astakeria bota zuen. Oraintsu berriro ikusi dut, ordea: pankarta batean, Euskal Herrian Euskaraz-ek sinatua, halaxe zioen: "Herri bat, hizkuntza bat, legeria bat". Ez naiz hasiko esloganaren mamia aztertzen. Baina bai aipatuko beste esaldi ospetsu bat etorri zitzaidala gogora, nahi gabeko oihartzun moduan: "Ein Volk, ein Reich, ein Führer". Eta ez dut gogoratu beharko non, noiz eta nork zioen beste hori, ezta?
Bertsolaria kazetari, kazetaria bertsolari
Euskal prentsako azkenaldiko berrikuntza interesgarrienetakoa Amets Arzallus izan da, bertsolari-kazetari hendaiarrak Argia-n egiten dituen elkarrizketek beti baitute zer edo zer jakingarria, ofizioz egindako interviewtik harago doana. Oraindik ez diote Rikardo Arregi saria eman, baina larri ibili.
Aste honetan Juan Sastre izan du solaslagun, Pablo Sastre euskal idazlearen anaia zaharrena, Kuban medikuntza ikasi eta Nikaraguan urteetan ibilia, contren kontrako gerra garaian fronteko mediku. Kontu mamitsu franko du elkarrizketak, baina alderdi formal bat hartuko dut nik gaur ahotan.
Ezaguna da bertsolariek azken urteotan era guztietako eginkizunak hartu dituztela beren gain, eta bertsoa bera edozertarako tresna bihurtu dela, maitasun deklaraziotik errenta-aitorpenera. Hemen Arzallusek ez du bertsorik botatzen, baina bertsolaritzan ohikoa den teknika bat darabil galderak egiteko. Horra:
Galdetzen du Arzallusek: Alderdi humanoari begiratuta, konta ezazu soldadu sandinista gazte baten gerra bizitza, bere gogorrean.
Erantzuten du Sastrek: Hamazazpi urterekin mendira joan, eta gosea ikusi egiten zitzaion aurpegian. Gorputzean gaixotasunak zituzten, parasitoak, arroparik gabe zebiltzan, erdi hanka-hutsik, onddoak ateratzen zitzaizkien, beti bustita zebiltzan... Negarrez ere ikusten zen jendea.
Hurrengo galdera: Eta kontatu orain soldadu sandinista gazte baten gerra bizitza, baina bere ederrean.
Erantzuna: Borroka lekuan laguntasun giro izugarria bizi da. Han ateratzen dira pertsona bakoitzaren alderdirik maitagarriena eta alderdirik zikoitzena. Sentimendu aldetik oso une beroak pasatzen dira, elkarrekin egonez, eta bakoitzak bere esperientziak besteekin konpartituz. Hain testuinguru gogorra denean, pertsona barru-barruraino ikusten duzu.
Baliabide polita, ezta? Beste behin erabiliz gero gastatua eta errepikakorra iritziko genioke baina.
Loreen artean arantzatxo bat barkatzen bazait, Arzallusek ez du zertan kultura espainolean jantzia egon, baina erredakzioan arduratu beharko ziren zenbait huts konpontzeaz, itsusi samar geratzen baita Ignacio Aldekoari Iñaki deitzea, Caballero Bonal idaztea Bonald behar zuen tokian, edo Haiti eta Tahiti nahastea.
Behin bada ere
Behin bada ere, futbolaz jardungo dut. Inoiz ez bezala. Izan ere, ez lagunartean ez lantokian ez daukat futbolzalerik ondoan, eta sekula ez da gai hori hizpidera etortzen. Bizi kalitatearen seinale argia, esango nuke.
Baina gaur futbolaz hitz egingo dizuet. Joan den larunbatean, Hernaniko errugbi-elkartean babarrunak jaten ari ginela, aurrez aurre neukanak kontatu zigun bere koinatuari gertatu zaiona. Nonbait, Gipuzkoako zenbait komunikabidetan erruz aipatu den kontua, baina niretzat ezezaguna.
Nire mahaikidearen koinatuak taberna bat dauka, Donostiako Antigua auzoan. Eta erabaki du, nonbait, oporretara joatea, udazkenean. Ordurako futbol-denboraldia hasita, eta Erreala partidu bakar bat ere irabazi ezinda. Tabernariak, orduan, "Oporretara goaz" idatzi ordez, bestelako ohar bat jartzea pentsatu du, ostatuko atea modu bixiagoz jantzi eta bezeroak agurtzeko: "Ez dugu taberna irekiko, Errealak bi partidu irabazi arte".
Gutxi gorabehera oporretan eman nahi zuten aldiarekin bat egin beharko zukeen txuri-urdinen garaipen pareak. Nahi bai ordea. Itzuli dira oporretatik, eta Erreala partidurik irabazi gabe ligan (kopan bat, eta hura alferrik). Donostiako futbolzale guztiak estu eta larri, eta gure tabernaria are larriago, ekipoaren martxa kaxkarraz gain bere negozioarenaz ere kezkatuta. Eta, bien bitartean, opor behartuen kontua gero eta ezagunago eta famatuago errealzale jendearen artean.
Azkenean amore eman omen du tabernari gaixoak, esanez hipoteka ere ordaindu behar duela, eta ezin utziko duela taberna bankuaren eskuetan hamaika futbolari ezgauzaren erruz.
Senide publizista bat omen du tabernariak, harri eta zur geratu dena: "Bizitza osoa propaganda modu merke eta original bat bilatu nahian, eta nire anaia tabernariak asmatu behar".
Datak eta datuak
Berrogeita bi urte bete ditut udaberri honetan. Era berean, hogei urte dira nire lehenengo liburua kaleratu zela: "Sei ipuin amodiozko". Geroztik, liburu-mordoxka etorri da, berrogeitik gora.
Orain dela bi urte hasi nintzen sareko txoko honetan idazten, 2004ko uztailaren 16an, eta geroztik egunero-egunero kontatu dut zerbait, jaiegunetan salbu; guztira, 500 artikulutik gertu. Iaz, urtea bete nuenean, maiztasun laxoagoz aritzea pentsatu nuen, baina erritmo berean jarraitu nuen azkenean, zeresana eta gogoa agortu ez zitzaizkidan seinale.
Orain, berriz, gogo hori ahitzen sumatu dut, eta nahikoa gauza egin behar izaten dugu bestela ere gogorik gabe, borondatezkoetan ere behartuta jarduteko. Hortaz, uztea erabaki dut. Bigarren urteurrena betetakoan? Horixe izan zen nire lehenengo burutazioa, baina asteburu honetan hala esan diot neure buruari: eta zertarako itxaron data biribila iritsi arte? Utzi eta kito.
Halaxe ba. Mila esker urte pare honetan irakurle izan zaituztedan guztioi, noizbait erantzunen bat utzi duzuenoi, kalean topo eginda animozko hitzen bat esan didazuenoi. Muxuak denontzat.
Doblea pagatu behar liekete
Gure herriko festak ari dira ospatzen, ni ez naiz asko ibili baina. Agorafobiko samarra bihurtzen ari ote naizen... Aurreko batean salbuespena egin nuen, ordea, eta lanetik itzuli eta gero bertsolariak entzutera joan nintzen. Goizetik egina zuten beste saio bat, eta labur samarra izan zen arratsaldekoa.
Zenbait lekutan alfer fama omen dute bertsolariek baina, haien tokian jarri eta niri behintzat gogorra iruditzen zait erabiltzen duten martxa: goizean autoa hartu, joan behar duten lekura iritsi, lagunak eta antolatzaileak agurtu, kafe bat edo beste zer edo zer hartu kontu-kontari ordua iritsi arte, eta hasi bertsotan; gero baxoerdi batzuk, batari eta besteari kasu eginez; ondotik bazkaria udaletxeko arduradunekin-eta; bazkalondo luzean bertso gehiago, talde txikian; atzetik, zuritoren bat han edo hemen, jendearen agur, eupada eta abarrak jasoz; arrastirian berriro oholtzara, bertso gehiago botatzera; handik jaitsitakoan, berriz, trago bat behinik, agur esan aurretik, eta hor ere inguruko fan eta kapar guztiak jasan behar, batzuk jatorrak eta beste batzuk gogaikarri hutsak. Dabilenak jakingo du baina ez da tratu gozoa, gorputzarentzat nahiz arimarentzat.
Ez dakit ni ere txaplata aspergarri horietakoa ote naizen baina aitortu behar dut zurito bat hartzera joan nintzela bertsolariekin saioa amaitu eta gero. Eta nire herritarrez lotsarazi ninduen ikuskizunaren lekuko izan nintzela ere bai: edanaz ase samarrik zegoen azkar usteko bat bertsolari bizkaitarrari alamena ematen, haien euskara zela eta ez zela, "bentanie" eta horrelako adibide orijinalekin gainera. Esatea bakarrik izan balitz, baina han eduki zuen ordu laurden inguru, eta zakar famako bertsolariak aurpegi ona jarri behar, porkulo hartzera bidali ordez.
Horregatik bakarrik doblea pagatu behar liekete.