Searching for Montoia
Azkenaldian zinema-pantailak eskaini digun ezustekorik gozoenetako bat izan da Searching for Sugar Man, Malik Bendjelloul-ek Sixto Rodriguezi buruz egindako dokumental harrigarria, gaur hain modan dauden fake horietakoa dirudiena eta hala ere egiazkoa: aljeriar jatorriko zuzendari suediar bat mexikar jatorriko Detroiteko musikari baten arrastoaren atzetik hasten da, Estatu Batuetan guztiz oharkabean pasatu zena baina Hego Afrikan leienda bizi bihurturik dagoena (horra jatorri-saltsa eta globalizazioaren adibide muturreko bat).
Filma ikusi nahi duenak aukera du oraindik ere, Donostian, Bilbon eta Iruñean ematen segitzen baitute lerrook idazten ari naizenean; ez dakit askoz gehiago iraun ahalko duen, baina nolanahi dela benetako gertakaria da dokumental musikal batek negu osoan irautea areto komertzialetan.
Pelikula hori ikusten ari nintzela, Rodriguezek egindako musika ederra gozatzearekin batera, beste gauza bat etorri zitzaidan gogora: zenbaterainoko paralelismoa dagoen Xabier Montoiak idatzitako "Fucking Artists" ipuinaren eta delako filmaren artean. Bietan, musikazale anonimo bat miresten duen kantari baten peskizan hasten da: berari markatik fuerakoa iruditzen zaiona ia inon ez agertzeaz ez aipatzeaz harritzen da, eta gehiago jakiten saiatzen da; misterioa argitu nahian, Estatu Batuetara jotzen du, eta delako musikari desagertu horren diskoen arkeologia egiten du: produktore izandakoekin hitz egin, disketxeetako arduradunekin, han eta hemen galdetu, aztarna baten bila…
Hortik aurrera, Montoiaren ipuinak eta Bendjelloul-en filmak bide desberdinak hartzen dituzte. Montoiarenak, fikzioa izaki, amaiera triste baina sinesgarri bat kontatzen digu. Bendjelloulenak, egiazko historia den arren edo historia delakoxe, jarraipen sinestezina hartzen du filmaren erditik aurrera. Hain zuzen, horixe izaten da fikzioaren arazo edo ezaugarrietako bat: errealitatean gertaturiko hainbat pasadizo egiantzekotasunik gabekoak izaten direla, eta hortaz kontaezinak sinesgarria izan nahi duen istorio batean.
Montoiaren ipuin hori, izen bereko liburuan atera zen, Fucking Artists, 2010eko udazkenean. Filma egin baino bi urte lehenago kaleratu zuenez, inork ezingo dio gasteiztarrari leporatu hartan inspiratu edo hura plagiatu izana. Baina alderantziz izan balitz ere, ez dakit ba inor hasiko ote zen kontu eske, ez baitirudi filmaren eta ipuinaren antzaz inor ohartu denik. Filmaren oihartzuna zalantzarik gabekoa denez gero, beharbada ondorio kezkagarri bat atera beharko dugu: euskal liburuak klandestinitate sozialean bizi direla, gehienetan, eta Sixto Rodríguez musika baino ezazagunagoa dela Montoiaren literatura ederra, egilearen izena paperetan maiz atera arren, noiz liburu berri bat atera duelako, noiz disko bat plazaratu edo kantaldi bat eskaini duelako.
Zinemaren etorkizun zailaz maiz hitz egiten da. Literaturarena ez dakit hobea edo okerragoa izango den. Krisiak krisi, sortzaileak lanean ari dira, eta Xabier Montoiaren Fucking Artists –bai eta haren gainerako liburuak ere– eskura ditu irakurleak Euskal Herriko liburu-dendetan (erosteko gogoa eta modua baldin badu) edo liburutegi publikoetan bestela. Deskubrimendu harrigarri bat egingo du beharbada.
(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian argitaratua, 2013-06-22)
Musikari desagertuaren inguruko xerka fanatikoaz, nobela, Nick Hornbyk, 2009an, Juliet biluzik: http://en.wikipedia.org/wiki/Juliet,_Naked (Gustura irakurri nuen)