Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Gu ere zentsuratzaile

Gu ere zentsuratzaile

xme 2012/08/12 16:35
Andoni Munduatek "Lecturas buenas y malas" liburuaren ale bat lortu didanez, hura aipatu nuen artikulua berreskuratu dut. 2012ko urtarril hasieran kaleratu zen Ortzadar gehigarrian, eta uste dut ez duela gaurkotasunik galdu.

Nire herrian bada Garmendia Otaola izeneko kale bat; bertako bizilagunei galdetuz gero, inork ez luke jakingo izenaren jatorria zein den, baina garai batean gizon inportantea izan zen Antonio Garmendia de Otaola S.J. Josulagun beasaindar horrek idatzi zuen frankismo gordinenean zentsuraren eta intolerantziaren biblia: Lecturas buenas y malas a la luz del dogma y la moral, bera oso irakurle fina zela erakusten duen arren.

Frankismoak zerbait ona utzi bazigun euskaldunoi, haren espiritu miserable eta zikiratzailetik ihes egiteko gogoa da: haren kristautasun hipokritak urrundu gintuen elizkoikeriatik, haren uniformetasun estuak egin zituen asko euskaltzale, haren klasismo zekenak amestuarazi mundu berdinago bat. Edo hala pentsatu nahi izan dut nik behintzat. Joan den astean kontrako adibide batekin egin bainuen topo.

Kontua da, Espainiako saltegi-kate inportante batek bere apaletan zeukala liburu bat, homosexualitatea gaixotasuntzat jotzen duena eta hura nola sendatu erakutsi. Edo halako zerbait (ez ditut xehetasunak gogoratzen, eta gainera ez diet propagandarik egin nahi, ez saltokiari, ez liburuari). Ideia nazkagarriak, inondik ere, sexu-aukera librearen kontrakoak eta gizartearen zati handi bat estigmatizatu egiten dutenak. Normala iruditu zitzaidan, beraz, hainbat jende haserretzea eta liburu horren kontra agertzea.

Ez zitzaidan hain normala iruditu horren ondorena: kanpaina publiko bat antolatu baitzen denda-kate horrek delako liburua salmentatik erretira zezan; sare sozialetan zabaldu zen eskari hori, eta nire lagun askok (pertsona jantzi, sentibera eta zentzudunak) egin zuten harekin bat. Hortik dator nire kezka.

Liburu batekin (berdin kanta, antzezlan edo film batekin) ados ez zaudenean, edozein dela ere horretarako arrazoia, hainbat gauza egin dezakezu: ikusi ez, kontrako propaganda egin, jendeari eskatu ez joateko, baita boikota aldarrikatu ere... Horiek guztiak dira onargarri; baina erretiratzeko eskatzea obra horren existentzia ezabatzea da, egilea ostrazismora kondenatzea eta publikoari bere iritzia izateko eskubidea ukatzea: jendea umetzat hartzea eta norbere burua inkisidoretzat.

Baten batek esan lezake: baina liburu hori faxista, homofoboa, ez-dakit-zer da. Berdin dio zer den, erantzungo nioke: askatasunaren alde baldin bagaude (eta horren barruan dago, lehen-lehenik, adierazpen-askatasuna), zentsuraren aurka egon behar dugu; eta horrek esan nahi du gure ideien aurka doazen obrak ez debekatzea.

Oroimen ahula dugu askotan; horregatik gogorarazi behar da Egin eta Egunkaria itxi egin zituztela, baita Egin irratia eta Ardi Beltza aldizkaria ere, Espainiako gobernuari atsegin ez zitzaizkiolako, erabaki horri halako jantzi juridikoa eman zioten arren. Gogoratu, halaber, euskal musikari askori Espainian egin dizkieten mehatxu, boikot, suspensioak.

Eraso espainolista gogor haren garaian kazetari katalan bat etorri zitzaigun, kulturaren munduak giro hura nola bizi zuen galdezka; Madrilgo aurreiritziekin zetorren: haiek biktimak, gu intoleranteak; euskalgintzatik gauzak nola ikusten ziren azaltzen saiatu nintzen; Elkar denda batera eraman nuen (talde hau ere razziaren pean baitzegoen), eta erakutsi, apal mordoa betez, euskaldunak herri gisa txirtxilatu nahi gintuzkeen faxista-saldoaren liburuak: Ussia, Ezkerra, Juaristi, San Sebastian, Gorriaran... "Eta liburu hauek salgai dituzue?" galdetu zidan. Bistakoa da erantzuna, eta zergatia.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.