Cortazarren itzal luzea
Rayuela-ren hasieran "Tablero de dirección" izeneko argibide-orri bat dator, liburua irakurtzeko modu desberdin bi proposatzen dituena (liburu bi direla dio egileak). Bata hasieratik aurrera, halako atal jakin batera iritsi arte, eta bestea autoreak proposatutako beste ordena batekin.
Egia esan, inori ez diot aditu ibilbide bat ala bestea hartu, eleberri "desberdina" irakurtzen denik. Nik neuk ez daukat gogoan nola irakurri nuen nerabezaro urrun hartan, baina beti izan dut irudipena bi aukeren kontu hori dibertimendu bat zela beste ezer baino gehiago, denok iraultzaile eta abangoardista ginen garai hartan planta eta espantu ugari egin arren.
Kontuak kontu, Unai Villenak ere --Cortazarren jolasak ezagututa edo ezagutu gabe-- irakurmodu desberdinak proposatzen ditu bere nobelarako, liburu hasieran paratutako oharrean. Hala dio, hitzez hitz:
"Oroimena ez da jarraitua, ez da lineala eta ezta proportzionala ere. Oroitzapenak zatikatuta datozkigu gogora, tartekatuta, ausaz, intentsitate aldakorrez. Batzuetan, garai hurbiletakoak gardentasun gutxirekin gogoratzen ditugu, eta garai urrunetakoak zehaztasun osoz. Unearen arabera, gai gara txikikeriarik txikienak zertzeladaz gainezka oroitzeko, eta baita gertakari esanguratsuenak erabat ahanzteko ere. Gogoratzeko ahaleginak, gainera, ez digu inoiz gogoratu ahal
izatea bermatzen. Izan ere, memoriak ez du inongo logikarik jarraitzen, eta ispilu kraskatu baten antzekoa da: iragan zartatuaren zatitxoak puzzle baten piezak balira bezala bueltatzen dizkigu. Gutako bakoitzari dagokio norbere puzzlea osatzea.
Beste gauza askoren artean, garai ezberdinetako oroitzapenen bitartez pertsona baten bizitza berreraikitzeko ahalegina dago esku artean duzun nobelan. Horregatik egituratu dut puzzle baten eran. Puzzle hori nola osatu erabakitzea, ordea, zure esku dago, irakurle. Nik muntatu dudan moduan irakurri nahi baduzu, aurrera, ez galdu denbora gehiago, zoaz hasierara. Zeure erara muntatu nahi baduzu, aldiz, segi hitzaurre honetako argibideak irakurtzen.
Hiru motako piezak topatuko dituzu orriotan, forma, neurri eta eduki ezberdinekoak. Pertsona izen edo ezizendun kapituluek, lehen edo hirugarren pertsonan idatziak, dagokien pertsonaiaren ingurukoak kontatzen dituzte; izenburutzat zenbaki edo urte bat dutenak, bigarren pertsonan, narratzaileak protagonistari zuzendutakoak dira eta gertaeren
testuingurua ematera datoz; eta bestelako izenburudunek, lehen pertsonan, protagonistaren sentipenak, bizitzako uneak eta pasarteak deskribatzen dituzte.
ARRU izenburuko kapituluak puzzleko kaxaren azaleko argazkia emango dizu; bertan zirriborratzen da gero datorren ia guztia. Hortik hastea proposatzen dizut eta, jarraitzeko, litezkeen guztien artean, hona bi aukera zilegi:
1: III. atalera jauzi egin eta 1988tik 2012ra arteko guztiak irakurri, biak barne; ondoren I. eta II. atalak osorik –aukerakoa, II. atala laburtzeko, BASATZAtik 15era joatea, tartekoak irakurri gabe– eta berriz III. atalera jauzi, ITXAROPEN-HAZIAtik bukaeraraino.
2: Irakurri protagonistaren pasarteak soilik, era kronologikoan: rockaren taberna; rock ez-izarra; Ilgora bere gorenean; gautxoria; Abuztua ostu zidaten; logura; gosea; Gainbehera; Reset. Berriz hasi; Txori beltza; katarsia; lagunarteko bazkaria; Azala lodi; Udare- eta sagar-konpota; POETA MADARIKATUA; bazetozen; basatza; Sasikume zikina; Itxaropen-hazia. Ondoren, joan I. atalera eta ekin falta zaizun guztia irakurtzeari, 1etik AMAIERAra arte.
Aukeratzen duzun modua aukeratzen duzula, ez izan galtzeko beldurrik. Bizitzan bezala, nobela honetan ere, askotan ondorengoak emango dizu aurrekoa ondo ulertzeko giltza."
Cortazarrekin egin didazun paralelismo honek Bukowskirekin egin zidaten beste hura gogorarazi dit: 17 urte nituela, Eibarko Hiria Gazteen Ipuin Lehiaketan bigarren urtez jarraian sari bat irabazi nuen eta sari banaketan, epaimahaiko kide batek (edo epaimahaian idazkari lanetan ibilitako udaletxeko teknikari batek, ez dut gogoratzen nor zen, baina bai epaimahaiaren izenean ari zela) esan zidan ondo idazten nuela, baina Bukowskiren eragina nabariegia zela nire idazketan, eta hori leuntzen saiatu beharko nuela estilo propio bat garatu nahi banuen. Nik ez nekien Bukowski nor zen ere, baina gomendioagatik eskerrak eman nizkion eta ondo gorde nuen izen hura buruan. Eta handik pare bat egunera Elgoibarko udal liburutegiko mostradorean nengoen, liburuzainari gertatutakoa kontatzen eta haren libururik ba al zuten galdezka. Imitatzaile kaxkar (eta lotsagabe) bat nintzela pentsatuko zuen epaimahaikoak, baina ezjakin hutsa besterik ez nintzen!
Ba, honekin antzeko zerbait: bihar bertan liburutegira joango naiz Rayuela mailegatzera. Liburu hori behingoz irakurtzera animatzeko balioko dit behintzat jakin gabe bere hitzaurrea erdi plagiatu izanak. Milesker oharragatik, Xabier!