Nire uste harroan
Antzerkia
Euskal kulturaren esportazioaz
Joan den asteburuan Donostian eman dute "Las mujeres de verdad tienen curvas", Ados konpainiak taularatutako antzezlana. Produkzioak baditu urte batzuk dagoeneko, eta udako teatro-aldia dela-eta ekarri dute berriz Antzoki Zaharrera. Hortaz, ez gara gehiegi luzatuko obra bera komentatzen, eta aitzakiatzat hartuko dugu euskal kulturaren balizko esportazioaren inguruko gogoeta pare bat egiteko.
"Real women have curves" du jatorrizko izena, eta Josefina Lopez iparramerikar hispanoak idatzia da; legez kanpoko jostundegi batean ari diren bost emakume etorkin erakusten dizkigu lanak, beren eguneroko poz eta atsekabe txikiak: emigrazioaren kezkak, aurrera begirako ametsak, gizonekiko kontuak, laneko buruhausteak, etengabeko harremanak sortzen dituen haserreak... Antzezlanak baditu bere une politak, aktoreen abildade histrionikoei esker ikusleak barrezka jartzen dituzten pasarteak, baina oro har pasamodukoa da, hari orokorra ahulegia delako edo. Dena dela, gustura ikusten da: antzezleen lanak ez du aitzakiarik, ezta Garbi Losadaren zuzendaritzak ere, eta produkzio guztia egokia da (dekoratua errealistegia akaso? Beharbada ez...)
Kultur esportazioaz hitz egin nahi nuela esan dut. Agintari jendeari inoiz edo behin entzun diot, publikoki baino gehiago pribatuan, euskal kulturako enpresek gure produktuak kanpora saltzen saiatu beharko genukeela, geure zilborrari begira egon beharrean, makina-erramintagintzan dabiltzanek egiten duten bezala.
Printzipioz ulergarria da argudioa: euskaldunak oso gutxi gara; euskaldunentzat soilik egiten baditugu geure sorkuntza-lanak, publiko txikia lortuko dute eta, galerak berdintzearren, instituzioen laguntza beharko dugu, horrek dakarren menpekotasun guztiarekin. Ikuspegi liberal batetik, ondo pentsatua dago.
Hala ere, arrazoibide horrek koxka bat dauka: euskal kulturako produktuak euskaraz eginak badira, horien esportazioa ez da makina-erramintakoena bezalakoa. Makinak, nik dakidala, berdin hitz egiten du Ulan-Bator-en eta Mogadiscio-n; Joseba Tapiaren kantu bat ulertzeko, berriz, euskaraz jakin behar.
Kultura eta hizkuntzaren arteko harremanen gaia korapilotsuegia da hemen trenkatzeko: ea Toti Martinez de Lezearen liburuak euskal literatura diren, Juanma Bajo Ulloak euskal zinema egiten duen edo non sailkatzen dugun Oteizaren lana. Gaur eta hemen arazo tekniko bat plazaratu nahi dut, soil-soilik: Alex Ubago, euskal kultura izan edo ez izan, esportatzeko errazagoa da Ken Zazpi baino, arrazoi linguistiko hutsengatik, eta alde batera utzita beste mila inplikazio.
Ados antzerki-konpainiak hamar urte daramatza hemen lanean, lan txukuna eginez, ikuskizunak erdaraz sortuz baina gehienetan ele bitan emanez (gogoan eramango dut luzaro "John Wayne-ren laguna" hunkigarri hura). Obra hau, berriz, argi eta garbi da erdalduna: hizkuntzaz, edukiz, mundu-ikuskeraz... Hala ere ez zaigu arrotza: gizarte honetan bizi den jende askoren bizikizunak kontatzen ditu, eta zelako grazia egiten diguten, nonbait, kubatarren ateraldiek...
Esportatzeko moduko lana da "Las mujeres..." hau, suerte pixka batekin Espainian arrakasta polita lortu dezakeena, lehenago "El florido pensil"ekin gertatu zen bezala. Eta, makina-erramintarekin gertatzen den moduan, hemengo jende askori jaten emango diona, produkzio oso-osoa, musikatik inprimategira, hemen egin baita. Hala ere, betiko galdera: esportazioari begira hemengo kultur enpresek horrelako produktuak egiten baditugu, zertan geldituko da euskal kultura?
Bolero japoniarra
Alessandro Baricco-k idatzitako "Zeta" eleberriaren antzerkirako bertsioa prestatu dute Arantxa Iturbek eta Agurtzane Intxaurragak, eta, azken horrek zuzendurik, oholtzara eraman du Hika taldeak. Atzo egin zuten estreinaldia Donostiako Antzoki Zaharrean, eta asteburu osoan izango da ikusteko aukera.
Orain dela bederatzi urte kaleratu zuen Baricco italiarrak bere nobelatxoa, eta egundoko arrakasta lortu zuen Europa osoan: milaka ale saldu ziren, sariak eta kritika onak eskuratu, beste hizkuntza askotara itzuli zen... baita euskaraz ere, Igela argitaletxearen eta Koldo Biguriren eskutik.
Bariccoren lanak gai zahar bat aurkezten du (maitasun-hirukia), baina halako erakargarritasuna duen inguru exotiko batean kokatua eta edertasun erromantikoa ematen dion planteamenduaz: XIX. mendearen erdi aldera, zeta egiteko harren bila doa gazte frantziar bat Japonia isolatura; emazte gaztea uzten du herrian, emakume misteriotsu bat deskubrituko du ekialdean, eta bien artean bihotz-urratuta sentituko da. Bolero zaharrak zioen moduan: "Nola maita litezke / ber denboran bi andre / erotu gabe".
Osagai horiekin istorio sentimental ohiko bat egin zitekeen, baina "Zeta" berritzailea da: egitura etenkaria du, pieza txikiz osaturiko mosaiko bat balitz bezala, gauza asko erdizka esanda uzten ditu, iradokizuna bilatzen du, sentsualtasuna dario, eta poetikotasunaz blaitzen gaitu. Horrez gainera, istorioa ere ez da betiko topiko gastatuz eraikia, eta baditu osagai bereziak, hemen aurreratuko ez ditugunak; horrek guztiak liluratu zituen hainbat irakurle, baita antzerki-talde honen arduradunak ere, eta horixe transmititu nahi izan digute ikusleoi. Lortu duten? Bai eta ez.
Nobelatik antzerkirako pausoa ondo egina dago; egokitzea egokia da. Eta jatorrizko lanaren elementu guztiak daude hemen, Intxaurragak bere obretan maite dituen ezaugarriez hornituak: fru-fru egiten duten eszenografiak eta aktoreen mugimendu koreografikoak. Patchwork egitura gordetzen da, sujerentziaz betea dago argiztatzea, sentsualak dira japoniarrena egiten duten aktore emakumezkoen atzera-aurrerak... Eta hala ere, antzezkizunak ez ninduen konbentzitu: amaitu ezinik ibili zen azken partean; aktoreak lotuegi, zurrunegi; dekoratua motz samar...
Hala ere, gauza bat argitu behar dut: niri ez zitzaidan gustatu Baricco-ren nobela; beraz, hortxe egon liteke beharbada ikuskizunaz ezin gozatuaren funtsa, eta ez antzerkiratzeko moduan.
Spasiva, Txekhov
"Nasdrovia Txekhov!" antzezlana estreinatu zen atzo Donostiako Antzoki Zaharrean euskaraz. Gaur eta bihar gaztelaniaz emango dute, eta igandean izango da berriz euskaraz ikusteko aukera. Anton Txekhov idazle errusiar handiaren ipuinak eta idazlea bera hartzen ditu oinarritzat Vaiven etxearen ekoizpenaz Fernando Bernuesek zuzendu duen ikuskizun honek.
Ipuingintza modernoaren aitatzat daukagu Anton Txekhov, eta XIX. mendeko beste idazle batzuekin ez bezala ondo portatu da berarekin denbora, alegia, bere istorioek, sortu ziren garaiaren espiritua eta tokiaren usaina gorde arren, badute betierekotasun-ukitu bat, nonahiko eta noiznahiko ikusle-irakurleak hunkitzeko gaitasuna, idazle handien pribilegioa dena. Ipuinak ez ezik, antzerkia ere idatzi zuen, eta horregatik maite dute antzerkilariek; dena dela, obra honetan Txekhoven antzezlanetara jo ordez haren ipuin batzuk bihurtu dituzte antzerkigai, ondo jositako trama baten bitartez.
Idazlea bera da protagonista; obraren hasieran, antzezlan baterako aktoreak hautatzeko probetan ari da, bere laguntzaileekin; egunkari batetik mandatari bat dator, agindutako ipuinen bila; Txekhov ahaztuta zegoen, baina orduantxe hasiko da istorioak asmatzen, eta asmatu ahala idazten dituen istorio horiek dira ikuskizuna osatzen dutenak.
Zuzendaritza, esan dugun bezala, Fernando Bernuesena da (gure artean ikuskizun potenteenen asmatzailea, aspaldi honetan); dramaturgia Alberto Iglesiasek egin du, euskal bertsioa Ritxi Lizartzak idatzi, eta musika Iñaki Salvador-ek asmatu (oso egoki, bide batez esanda). Jantzi, dekoratu, argi eta abarreko guztiak, aitzakiarik gabeak. Obraren taxu klasikoagatik, baina, aktoreak nabarmentzen dira. Sei dira guztira, hiru beterano eta beste hiru gazte. Gazteak (Eriz Alberdi, Naiara Arnedo eta Dorleta Urretabizkaia) oso txukun ari dira beren roletan, baina pisurik handiena beteranoek hartzen dute: Teresa Calo, Isidoro Fernandez eta Joxe Ramon Soroizek, batez ere azken biek.
Tarteka barregarri eta tarteka maitagarriak dira Txekhoven pertsonaiak; koitadu antza hartzen diegu aldika eta ergelak deritzegu besteetan. Bere inguruko errealitatearen soegile zorrotz eta aldi berean errukitsua izan baitzen idazlea, bizitzari nostalgia-tanta batez eta umore gazi-gozoz begiratzen jakin zuena. Spasiva, Txekhov; mila esker, Vaiven.
Atrilaren gehiegia
"Tresilloko teatroa" esaten zitzaion, mespretxu-punttu nabarmenez, joan den mendeko antzerki burges, konformista, bertangoxo horri. Azken aldian, berriz, izurria bezala zabaldu da, nire ustez, "tabureteko teatroa" (stand up uste dut deitzen zaiola ingelesez): badakizue, tipo bat aulki handian eseri eta txiste ustekoak bata bestearekin kateatzen joatea. "Atrileko teatroa" deitu dakioke Harkaitz Canok "Ahulkiak" obran eskaini berri digunari.
Bi aktore ari dira taula gainean (Itziar Lamuedra eta Patxi Santamaria) eta horiez gain, egiazko protagonista, Harkaitz Cano bera errezitatzaile lanetan. Atrezzoa, berriz, ezin soilagoa: aulki batzuk, eta atrila. Ez partiturak baizik paperak jartzeko, eta bertatik irakurtzeko. Testuen irakurketa izan baitzen obraren funtsa, azken laurdenean izan ezik, hor aktoreen arteko solasa nagusitu baitzen, estilo beckettar betean ("Barkatu, jauna, ixtera goaz". "Zauriak?").
Antzerkiaren gaia ez da erraza azaltzen. Aulkia litzateke bizkarrezurra, edo aitzakia, zenbait istorio korapilatzeko. Argumentu jakinik gabe hala ere: giro bat, "atmosfera" esaten zaion hori kutsatzen digu, Canok bere lanetan ohi duen bezalakoa: jostalaria, erdi ironiko erdi onirikoa, irudi harrigarriz eta mikroistorioz betea.
Poesiaren azken urteetako berrikuntza aipagarriena, euskal munduan, ez da izan halako edo bestelako joeraren indartzea, aurrez aurreko sozializazioa baizik: lehen liburu bidez transmititzen dena errezitaletan ere zabaltzen da gaur, eta dudarik ez dago asko ikasi dutela gure poetek arlo honetan: egoten, esaten, arnasa hartzen... Pauso bat harago emanda, errezitalaren eta antzezpenaren arteko hibridoa proposatzen digu orain Harkaitzek.
Baloraziorik? Ez dakit zer esan. Niri asko gustatzen zait Cano idazlea: bere asmamen txundigarria, indar poetikoa, sujeritzeko ahalmena... eta horiek denak topatu nituen obra txiki honetan. Hala ere, testuen saturazio bat ote zegoen iruditu zitzaidan, mugimenduaren eta ekintzaren kaltetan. Arazo pertsonala ere izan liteke: belarri hutsezko arreta eskasa daukadala nik; ikuskizunaren ostean bizpahiru lagunekin mintzatu eta denei gustatu baitzitzaien izugarri.
Belarriak belarri, neure oharmen eta sentipenei zor natzaie ni, eta, zintzo jokatzekotan, aholkua emango nioke Harkaitz Canori, obra honi begira ez bada hurrengoetarako, testu poetikoen eta zati dialogatuen proportzioa alderantziz ipin dezan alegia.
Ia dena da teatroa
Daniel Landartek kontatzen zuen, "Aihen ahula" bere oroitzapen-liburu ederrean, mezaren ikuskizuna izan zela bere lehenengo antzerkia, eta apaizaren mugimendu eta hitzak antzeztera jolasten zela gero. Gehiagori ere aditu izan dizkiot antzeko adierazpenak, eta argi atera dezakegu hortik berezkoa duela gizakiak antzerkirako jaiera, eta ikusleen aurrean egiten den edozein funtzio sar daitekeela zaku zabal horretan.
Zaku horrek zabala izaten segitzen duelako beste bi froga izan ditut azken asteotan, biak ere literaturarekiko maitasunez eginak. Bateko, "Tramankuluak" izeneko obra bat, haurrentzat, hauen artean liburuarenganako zaletasuna piztu nahi duena; besteko, "Quien lo probó lo sabe", poesia-testuetan oinarritutako antzezlana. Komenta ditzagun banan-banan.
Atrezzoaren magia
"Tramankuluak" antzerki-frankizia moduko bat da, Kataluniatik datorrena. Jose Antonio Portillo deritzan idazle batek asmatu zuen ideia eta sortu testua; han egin zioten eszenografia, dramaturgia, argia, musika... Orain, berriz, Tanttakak inportatu du, Bernues-en eskutik, Harkaitz Canok itzuli eta moldatu, eta Aizpea goenagak zein Jose Ramon Soroizek interpretatu (txandaka egiten baitute, aldiko bat edo bestea ikusten dugula). Koldo Mitxelena kulturunean eskaini berri dute, eta toki gehiagotan ematekoak izango dira.
Monologo honen funtsa haurrei ipuin bat kontatzea da, zenbait tresnaren laguntzarekin (izenburuko tramankuluak, alegia), istorioak kontatzeak duen garrantziaren inguruan. Jokalekua da, izatez, ederrena: egurrezko txoko bildu bat, ikusle eta antzezle sabel babesle batean elkartuko balitu bezala; aulkiak, argiak, soinuak, egurraren usainak berak... guztiak giro magiko bat sortzen du, haurrak ez ezik helduak ere liluratzeko modukoa.
Hala ere, kontatzen den istorioa ez dago eszenografiaren pare. Txukuna da kontagaia, egokia itzulpena, polita interpretazioa ere, baina ohiko ipuin kontaketen mailan jarriko nituzke horiek denak, ez inor txunditzeko, nire ustez behintzat.
Los mil mejores poemas de la lengua castellana
Donostian bada, gure beste hiriburu guztietan bezala, bertako erdaldun kulturazaleen tradizio bat, euskarazko kulturgintzan gabiltzanokin zerikusi gutxi izan arren bere lantxoak egiten dituena. Horren adibide bat dugu "Quien lo probó lo sabe", joan den asteburuan Lugaritzen estreinatu zen ikuskizuna, testu poetikoen errezitaldi modukoa.
Hiru aktore oholtzan: Ana Miranda, Jorge Carrero eta Romualdo Salcedo, lehenengoaren zuzendaritzapean. Esan bezala, poemak errezitatzea da emanaldiaren funtsa, poemen artean antzerki-elementu batzuk sartu arren: aktore gizonezkoen arteko ika-mikatxoak andrazkoa dela-eta, poeten bizitzen inguruko txutxu-mutxuak eta abar.
Poemen hurrenkera kronologikoa da, erromantze zaharrekin hasi eta azken aldiko poetekin amaitzeko, eta, lehenengo partean batez ere, literatura espainolaren klase praktiko baten itxura hartzen du antzezpenak, eskolan ikasgai horrekin ohituak berehala ezagutuko baititu botatako testu asko eta asko: "El conde Arnaldos", "Que por mayo era por mayo", "Recuerde el alma dormida", "Vivo sin vivir en mí", "Noche oscura del alma", "Poderoso caballero es don Dinero", "Erase un hombre a una nariz pegado", "Volverán las oscuras golondrinas", "Mi infancia son recuerdos de un patio de Sevilla"... Eta abar (eta abar luze bat, hobeto esanda, Euskaltzaindiak esamolde hau espresuki gaitzetsi arren).
Azken partean, 27ko belaunaldikoen ondoren, azken berrogeita hamar urteetako poetak iritsi ziren: ez hain akademikoak eta ezagunak batetik, neurriz libreak izaki ez hain errezitatzekoak bestetik, eta horrenbestez originalagoa izan zen amaiera. Bestalde, kastizismo kastillanoaren salbuespen gisa, Bukowski sartu zuten, eta Gabriel Arestiren poema bat euskaraz ("Egia bat esateagatik").
Emaitza txukuna izan zen, fantasia handirik gabe hala ere. Musika konbentzionalegia izan zen; poemetatik aparteko jardunak topiko samarrak, baina poetikotasun gehiegizkoaren kontrentrazioa arintzeko aproposak. Poesia bera izan zen protagonista, eta hori ondo dago.
Hala ere, duda geratzen zait, ipuin-kontaketatik eta poema-errezitalditik harago joateko saio hauek behar hainbateko justifikaziorik ote duten. Justifikazio beharrik ez dago berez, antzerkia zaku zabala dela esan baitugu, gaur egun mezarik ez dagoenez askoz gehiago. Baina sustantzia gutxiko ikuskizunak sortzen ote diren...
Oteiza dantza librean
Joan den asteburuan "Otehitzari biraka" ikuskizuna estreinatu zuten, Donostian, Kukai dantza-taldeak eta Tanttaka antzerki-ekoiztetxeak; Jorge Oteizaren hitz, pentsamendu eta irudien aitzakiaz eta laguntzaz osaturiko dantza eta antzerki nahasketa antzekoa.
Lehenago ere "1937" ikuskizun ederra eskaini ziguten partaide berberek, urteko ustekabe politenetakoa, eta Oteizaren nortasun poliedriko bezain polemikoa ezagututa ikusmina zegoen obra berri honen aurrean. Emaitzaz, berriz, ez naiz gauza sentitzen epai bat emateko, duda handiak baititut osagaiak behar bezala ezkontzen ziren. Noan puntuz puntu.
Dantza eta musika berez uztartzen dira; lehena ez litzateke ezer bigarrena gabe. Ikuskizun honi dagokionez, Urdangarin, Mendizabal, Rueda eta Krutzaga arduratu dira doinuak jartzeaz, eta Jon Maiak egin du koreografia: euskal dantza tradizionaletako urrats eta mugimenduetan oinarrituta baina libreago jokatuz.
Aldi berean, Fernando Bernuesek asmatutako eszenografia; profesional gutxi izango dira inguru honetan Bernuesen mailakoak agertokiak girotzen eta iruditeria berezi batez janzten. Oraingoan, Oteiza zenez gaia, haren arbel eta klarionek eman zioten haria, txuri-beltzezko estetika baterako.
Eta horren gainean Jurgi: jeinu handia pantailan, etengabe hizketan eta mugitzen, eta haren hitzak paretetan idatzita. Esaldi sujerikor eta kilikagarriz beterik dago Oteizaren produkzioa, eta haren indarra hitzok esatean hurbilago dago Itun Zaharreko profetetatik gaurko mitinlarietatik baino.
Hala ere, nola josten da hori dena? Alegia, argiztapen egokia eta dantzarien jantziak atmosfera oteitzar horretaz blaiturik egon arren, nola lotu dantza eta doinu horiek, Oteizaren hitzontzikeria sasitranszendentalarekin? (Barka nazatela oteizamano itsuek baina gauza batzuk dagozkien hitzez izendatzen hasi beharra dago).
"1937" hartan bazen hari narratibo bat, eta horrek errazago egiten zuen dantza berez den hizkuntza abstraktuari balio sinboliko bat ematea. Hemen, ordea, lanbrotsuago bihurtzen zen dena, eta ni tarteka errege biluziaren ipuinean bezala sentitzen nintzen: inork ez ote du esango zenbateraino den hau dena mitifikazio eta mistifikazioa?
Beharbada nirea da errua: Argia sarietako bazkaritik nentorren, jan-edanean bapo eta aserik, eta zentzumenak, halakoetan, ez dira egoten nahi bezain erne.
Ez da "el del bombo"
Santurtziko Serantes antzerki saria irabazi zuen iaz Teresa Calo aktore eta idazle donostiarrak "¡Ay Manolo!" deritzan obra honekin, eta testutik antzeztokirako jauzia ikusteko aukera zorionekoa izan dugu, Santurtzin eta Madrilen estreinatu ostean Donostiako Lugaritzen eman baitute joan den asteburuan. Aukera zorionekoa esan dut gutxitan gertatzen delako, eta emaitza pozgarria izan delako.
Titulua ezagutua eta antzezlanaren hasiera ikusita (bi igeltsero adreiluak jartzen, etxe barruko obra batean tabike bat altxatzen, bat doinu anduliarrez gainera), aurrekari horiekin, diot, kostunbrismo espainiar gordin hori espero duzu, umore merkez eta topikoz osatua. Baina ez. Zorionez. Lehen eszena horrek hizpidea ematen du elkarrekin kateatzen diren zenbait istorio kontatzeko, gizon-emakumeen arteko harremanen inguruan; gustu onez eta zorroztasunez idatzitako elkarrizketak, gero taula gainean abileziaz jokatuak.
Eneko Olasagastik zuzendu du lana, eta talde teknikoan Donostiako antzerki-munduko izen ezagunak ezagutu ditugu, baina obra ikusi ahala nabari da ez dutela barne-kontsumorako pentsatu, ezpada Ebrotik behera ere oparo emateko: aktoreetan hemengoak eta hangoak dabiltza, eta ekoizpenean hemengo Tentazioarekin batean Madrilgo produkzio-etxe bat aritu da. Zorte on.
Korrikaren bekatua
Atzo, igandea, hilak 23, Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatu zen "Euskararen 7 bekatu nagusiak" antzezlana, II. Korrika-AEK bekari esker Aizpea Goenagak idatzi eta Olatz Beobide-Edi Naudok zuzendua. Donostian estreinatu baina, 14. Korrikarekin batera, Euskal Herriko hainbat txokotan eskainiko dute datozen asteetan.
Obra gustagarria da Pok produkzio-etxeak taularatu duen hau: soila, baina atseginez ikusten dena. Taula gainean hiru aktore: Lierni Fresnedo, Mikel Laskurain eta Niko Lizeaga. Eszenografia, Edi Naudok egina, sinple baina dotore eta funtzionala, giro desberdinak iradokitzeko aproposa. Obraren mamia, berriz, esketx sorta bat, zazpi bekatu nagusien ingurukoa, euskararerekin loturik betiere.
Haragikeria, inbidia, harrokeria, tripazainkeria... zerikusirik ba al dute horiek denek euskararekin? Bekatuari buruzko trataturik ez dago hemen, noski, gehiago da denbora-pasa alai bat, irribarrea pizteko, geure buruaz eta auzokoaz barre apur bat egiteko.
Bergarako enpresari aprobetxategi bat ikusiko dugu, Pirinioetan Xiberolandia parke tematikoa antolatu nahi duena, euskal esentziak gordetzeko, eta artzain zuberotarrari terrenoa erosi behar; edo 6. maila egokitzen zaion arren alfabetatze taldera igaro nahi duen euskaltegiko ikaslea, hitanoak sexualki kilikatzen duela-eta; edo gizartearen axolariz ezaz erretxindutako idazlea...
Deskubrimendu bat
Arin doa antzezlana, eta sumatzen da arinago joango dela hurrengo emanaldietan, antzezleak bere rolekin eta jokalekuarekin ohitu ahala. Aktoreen lanari dagokionez, Mikel Laskurain bere ohiko estilo lau eta freskoan ari da; Niko Lizeaga, beti profesional, estilo desberdinetara azkar egokituz; baina benetako ustekabea, niretzat behintzat, Lierni Fresnedo izan zen: ezagutzen ez nuen aktorea "Ur taldean aritu omen da urtetan, erdaraz beraz" eta egundoko talentua erakutsi zuena.
Gainerakoan, ofizioa frogatua duen jendea arduratu da atrezzoaz, jantziez, musikaz eta abarrez; aitzakiaren bat jartzekotan, esketxen artean ematen dituzten bideo irudiek ez dut uste bere funtzioa betetzen dutenik, esandakoa ez baitzen batere ongi entzuten. Bestalde, esketxen pilaketaz gain guztia bilduko zuen egitura bat eskertzekoa izango zen, baina ezin ba dena eskatu.
Beraz, Korrika kulturalaren ekitaldien barruan baleko eskaintza bat, tarte on bat pasatzeko.
Je t'aime, moi non plus
Markeliñe antzerki-talde zornotzarra bere azken obra jokatzen aritu da joan den asteburuan Donostiako Antzoki Zaharrean, 4 de corazones, taldearen ohiko hizkuntza dramatikoa erabiliz eta gai betidaniko bezain nonahikoa hautatuz: maitasuna, gizon-emakumeen arteko harremanak.
Markeliñeren berezitasuna, inoiz ikusi ez dituenarentzat, hitzik gabeko antzerkia egitea da, edo oso hitz gutxikoa. Keinuetan eta gorputzaren adierazkortasunean oinarritzen dute beren jarduera, eta munduan barrena ibiltzea lortu dute, urteetan erakutsi duten kalitateari eta lan-modu horren unibertsaltasunari esker.
Kasu honetan, gainera, hizkuntza bezain unibertsala dute sujeta: amodioa. Lau lagun dira oholtza gainean: bi emakumezko (Soledad Carril eta Ana Martínez) eta bi gizonezko (Juanjo Otero eta Pako Revueltas), eta haien artean mila korapilo lotzen eta askatzen dira. Antzerkiak ez du berez istorio bat, hari bat, gehiago da gai nagusiaren inguruan hainbat motibo eta bariazio erakustea eta horiekin jolastea.
Zerbait azpimarratzekotan, taldekoek aukeratu duten eszenografia guztiz soila aipatuko nuke: parke bat irudikatzeko, farola (gero ilargia), eserlekua eta paperontzia; hor egingo dute topo eta estropezu maitale sufrituek, bihotz bakartiek, hor sortuko dira sedukzio istorioak, jelosiazkoak, bakardadezkoak Horretarako, gorputz espresioan oinarrituriko hainbat teknika erabiltzen dituzte aktoreek: mimoa, zinema mutua, clowna, txotxongiloa Agertoki hutsean gorputzen lagungarri, elementu bakan batzuk: globoak eta loreak batik bat, lokarri eta tutuak noizbehinka. Tonua umorezkoa da gehienbat, baina ez algara bilatzekoa, irri xumea baizik, eta lirismora jotzen du aldika. Estilo sinbolista indartzera dator koloreen hautaketa ere, zuria, gorria eta beltza baitira jantzietan nahiz atrezzoan erabiltzen diren bakarrak.
Antzezpenaren alderdi makurra da ez duela lortzen ikuslearengan emozio handirik sortzea, eta haririk ezean arreta ere jaitsi egiten dela. Ordubetekoa da obra, eta aspertzeko beta handirik ez beraz, baina hala ere errepikaren sentipena izan nuen nik behin baino gehiagotan, ikuskizunak gainerakoen beste aitzakiarik ez zeukan arren.