Hemen zaude: Hasiera Blogak Nire uste harroan Amezketa

Nire uste harroan

Amezketa

Pernando bakarrik ez

Amezketak eman duen herritar ospetsuena izango da Fernando Bengoetxea Altuna, izen-abizenez ez baizik Pernando Amezketarra goitizenaz ezagunagoa (entziklopedian begiratu dut deituraren berri jakiteko, eta hor ikusi dut ni baino juxtu bi mende lehenago jaio zela). Gaur egun, berriz, herriko seme aski ezagunak dira Pello Zabala frantziskotar meteorologoa eta Joxean Tolosa pilotari ohia eta esataria (gehi euskal imitatuen parnasoan leku nabarmena duena), biak ere hiztun egokiak eta herriaren izena munduan altxatuko dutenak (gure mundutxoan, bederen).

Nik ere Amezketaren izena altxatu nahi nuke bada. Izan ere, joan den urte amaieran ezagun batek eskatu zidan, Amezketako liburutegian euskarazko liburuak jende gutxik hartzen zituela-eta, euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzeko talde bat osatu nahi zutela-eta, ea nik akuilatzaile-lanak egingo nituen. Baietz esan nion, eta hilero hasi gara biltzen, hileko lehen astelehen arratsaldean. Aldi bakoitzean liburu bat hautatu eta huraxe komentatuko dugu hurrengo hilean. Bilerari itxura akademikoa kentzeko eta denok lasaiago jarduteko, txorixoa, ogia, gazta eta  txorixoa eramaten ditugu, eta orain arte umore eta giro onean joan dira gure tertuliak.

Ez dut esan nahi Sarako eskolaren hurrena izango denik Amezketakoa. Herriko jende normala da bildutakoa, 20 eta 50 urte bitartekoak gehienak, batzuk irakurtzeko ohitura badutenak eta besteak ez hainbeste, baina 1000 biztanletara iristen ez den herrian 20 lagun biltzen gara, hilero euskarazko liburu bat irakurri eta komentatzeko. Egin kalkuluak herri handiago bateko biztanle-kopuruarekin, eta berehala ohartuko zarete zenbat den hori.

Oraindik ez didate txisterik-edo kontatu, baina ea hurrengoan, ardo pixka baten laguntzaz...

Xabier Mendiguren 2008/01/09

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.

Azken erantzunak
herri hizkera egoitz, 2009/10/28
liburua julen, 2008/11/29
Emakumeen eragina Amatiño, 2008/03/08
sketxa xipri, 2008/03/07
Etiketa lainoa
Alberto Barandiaran Amezketa Antzerkia Arte plastikoak Artikulu kulturalak Editore lanak Liburu kritikak Philip Roth Politika Saski Naski Sorkuntza Tene Mujika beka sexua literaturan tortura zinema