Udako postalak (VIII)
Larunbata, uztailak 23
Ardanza jauna:
Madariaga, Gorospe, Maio eta konpainiari datorren urterako soldatak jaistea pentsatzen ariko zara beharbada Haien alde esango dizut, telebistarako asmatu duzuen iragarkiarekin guztiz bat egin duela taldearen emaitzak, inoiz ez bezala: Na de na.
Ziklistak barregarri ibili arren negozioa ondo, espero dut.
Eta zelan uda, Kanalako txaletean? Ederto? Segi ba horrela.
Zure bezero fin batek.
Igandea, uztailak 24
Kaixo, Ainhoa:
Deskubritu da sekretua, nor zen liburuko protagonista, gutun haien hartzailea. Hogei urteren buruan gauza asko aldatu dira: bai nire itxura, bai nire bizimodua, eta zer esanik ez zureak; orduan bezala nire aurrean lau oinean, biluzik eta zezelka ibiliko bazina, uste dut polizia eta jujeen aurrean baino aztoratuago geratuko nintzatekeela. Gure herriaren egoera ematen du dela aldatzen ez den bakarra, baina esperantza ez omen da galtzen-eta. Hor nonbait egon behar du, kajoi edo poltsiko ahazturen batean gordeta
Lagun izoztua
Asteartea, uztailak 26
Guraso atsekabetu batzuei:
Galiziatik etorri zineten etorkizun hobearen eta seme-alabentzako lur berri baten bila. Eta orain lur horrek kendu dizue semea; edo berak eman du bizia hainbeste maite zuen herriaren alde. Ideietan zuzen edo oker zebilen, axola gutxi orain.
Orain 30 urte fusilatu zuten Txiki, Extremaduratik etorria. Bitartean zenbat hildako, bertako nahiz bertakotutako familietako neska-mutilak. Oxala, Imanol Gomez balitz zerrendako azkena. Gure herria izan dadin ez malkoa eta odola baizik esnea eta eztia darizkion lurra. Denentzat.
Asteazkena, uztailak 27
Bekario gaixoa:
Udako sasoian nire mahaia eta aulkia okupatzen zabiltzanez, zaindu artoski eta erabili goxoki. Nire soldataren erdia edo laurdena kobratzeak ez dizu zakarkeriarako baimenik ematen eta. Bide batez, atzeko apaletako amaraunak garbitzen badituzu, ezin hobeto. Bigarren tiraderan ahaztutako donutsak jan ditzakezu nahi baduzu, igual gogor samarrak egongo dira baina. Eta egin lana gogor, horrela lortuko baituzu noizbait lanpostu txukunago bat. Ez pentsa Lewinsky metodoak funtzionatzen duenik.
A, eta bero gehiegi dagoenerako, haize-emaile bat onena. Andaluzak bezala.
Udako postalak (VII)
Asteartea, uztailak 19
Joxemari eta Juan Manuel:
Zuek bai mutilak! Bejondeizuela.
Apustu ederra jokatu zenuten atzo, lege zaharrekoa, oraindik ere bagaituk esanarazten dizuten horietakoa. Aspaldian ikusi den politena eta, batzuek diotenez, estilo horretako akaso azkena. Akordatzen nauk, Erasunek eta Olasagastik Andoaingo Garaten jokatu zuten errebantxa hura esan beharko diegu, beharbada, gure ondorengoei. Hala behar badu, zer egingo diogu? Zuek izerditan ikusita hala pentsatuko zuen askok: Ederki bizi gaituk gu, telebisio aurrean eserita, lanean ari diren basakristau horiei begira.
Dirutan-eta ondo?
Kalekume batek
Asteazkena, uztailak 20
Kutsidazu niri ere, Ixabel:
Zenbat gauza daukagun ikasteko, eta, geure kaxkarrean eta mordoiloan, hizkuntza zaharra etxean ikasi genuenok, aitzakiarik ez zure etxera joateko beste horrenbeste ikasgai geureganatzearren: behiak gobernatzen, txorien kantuak bereizten, eta, batez ere, zu bezalako mendi arteko loreen koloreei antzematen.
Euskal Herri osoa euskaldundutakoan, mintza-praktikaren ordez beste hainbat ikastaro trinko antolatu dezakezue: komunikazio-praktika, patxada-praktika, bizipoz-praktika
Zutaz amoroski, beste Juan Martin batek.
Osteguna, uztailak 21
Zeberio familia:
(Ceberio erabiltzen duzue zuek, baina Xebe deitzen zioten Jokini eta bidezkoa izango da euskaraz jartzea abizena)
Etxeko norbait galtzeak dakarren mina ez dago neurtzerik. Nik behintzat ez dakit, eta ez naiz saiatuko. Oinazeak mendeku-gogoa ekartzea ere naturala izango da, baina ez inola ere goraipatzekoa. Ematen baitu horretan saiatu zaretela: zuen semearen heriotzaren erantzuletzat jotzen dituzuenei ahalik eta minik handiena egiten.
Eta gizartea (edo komunikabide asko) zuei txaloka. Horixe da minik handiena ematen didana.
Ostirala, uztailak 22
Caballitoko langileoi:
Alemania aldean izan zarete, Pfer-Rüggeberg zuen enpresaren egoitzan, nagusien ulerkortasuna ez bada langileen babesa lortzeko, eta ez bat eta ez beste. Marx zaharrak elkartzeko deia egin zigun munduko langile guztioi, baina badirudi Kapitala dela mezua ikasi duen bakarra, horra hor G-8koak eredutarako.
Alemanen berekoitasuna kritikatu genezake baina, ez ote genuke gauza bera egingo, adibidez, Fagor-ek Marokon duen fabrikatik jendea bota nahi eta haiek gurera protestan baletoz? Hobe hala ez balitz.
Hamarkadei buruz
Argiak 2000. zenbakia atera behar zuela-eta, Larrun barne-aldizkaritxoaren ale bat prestatu dute, astekariaren historian esangura nabarmena izan duten lau lagun mahai-inguruan bilduta: Mikel Atxaga, Elixabete Garmendia, Pello Zubiria eta Josu Landa.
Hizketaldiaren momentu jakin batean, Elixabetek komentatzen du 70eko hamarkada ze garrantzitsu eta ederra izan zen berarentzat, errebeldiaren eta berritzearen aroa nolabait, horren aldean 80koari erosotasun eta kontserbadurismoaren garaia iritzita.
Josu Landak erantzuten dio Elixabeteri, esanez berak bestela ikusten dituela gauzak: 80ek erakutsi omen diote borroka-gogoari eusteko modua badagoela, baita borroka egiteko era berriak ere; eta beregan egundoko eragina izan omen zuen 81eko otsaileko zurrunbiloak: Ryan eta Arregiren hilketak, Juan Carlos Gernikako Juntetxean...
Nik ere oso gogoan daukat 1981eko hasiera hark eragin zidan zirrara, 16 urte nituela. Hala ere, arrazoi kronologiko hutsengatik 80ak nire baitan mila aldiz munta handiagoa izan arren, bat egiten dut Elixabeteren lilurarekin.
Hamarkaden zatiketak arbitrarioak dira edozein kasutan, aldaketak pixkanaka gertatzen baitira beti, baina 70eko hamarraldiak badu niretzat indar berezi bat, 80koak izan ez duena.
Nire ikuspegia ez da bizi izandakoarena, ezpada kultur kontsumitzailearena. Horrek asko mugatzen ditu gauzak. Nire talaia murritz horretatik jardungo naiz, beraz, liburu, disko eta pelikuletan oinarrituta, eta Mendebaldeko zibilizazioa gogoan, ez Euskal Herria.
Zergatik lilura hori? Zerk definitzen du 70eko hamarkada? Hitz gutxitan esan beharko banu, hona ezaugarri batzuk: esajerazioa, gauzak muturrera eramatea, transgresioaren bilaketa, autoritate oro auzitan jartzea, esperimentalismoa. Bereziki 70etakoak diren hiru gertakari sozial aipatzearren: pornografia, droga gogorrak, terrorismoa.
Horrek guztiak, noski, deskalabru franko ekarri zuen, eta ez da harritzekoa, beraz, 80ko aldian neokontserbadurismo-aro gogor batean sartu izana (orduantxe igoko dira agintera Margareth Thatcher eta Ronald Reagan, dena libre eta posible zelako usteari giltzarrapoa jartzera). Hala ere, askoz ere interesgarriagoa izan zen 70eko musika edo zinema, 80koa baino (literaturaz, ez naiz ausartzen epai bat ematera). Nazioarteaz ari naizela gogora dezadan, Euskal Herrian kontuan hartu beharreko faktore inportante bi dauzkagu-eta: diktaduraren zapalkuntza, batetik, eta autonomiak bideraturiko instituzioen laguntzak, bestetik.
Hauek denak etorri zitzaizkidan gogora bart gauean, "La grande bouffe" Marco Ferreriren filma ikusten jarri nintzenean. Dagoeneko dexente luzatu naiz ordea, eta hurrengoan jardungo dut pelikulaz.
Ahotsa lokarri
Segura Irratia da nire txikitako sintonia. Eta, programazio osoaren barruan, bereziki "discos dedicados" atala, eguerdietan entzuten zena, bazkaltzen genuen bitartean.
Ez zen oso distiratsua Segura Irratiaren programazioa, baina, artean umeak ginela, besterik ezagutu ez eta huraxe zen guretzat naturala, ordueroko Radio Nacional-en parteak ziren bezalaxe.
Koxkortu ginenean konturatu ginen irratia egiteko beste modu batzuk bazirela, askoz landuagoak, jantziagoak, profesionalagoak, eta barre egiten genion Segura Irratiari, baita eskainitako disko eta abestien tarteari ere, pellokeriaren mukurua zelakoan.
Urteen buruan ezetz konturatu naiz ordea. Irratiz zorion-agurrak bidaltzeak, abesti batekin ahal dela, egundoko tiradizoa eta gaurkotasuna dituela. Euskadi Gaztea entzun besterik ez dago, gazte jendea zalapartan Joseinak norberaren agurra irakurri eta kantua ipin dezan. Gazteei bezala gustatzen zaie zaharrei: Bizkaia aldera noanetan sarritan bilatzen dut Bizkaia Irratia, Gernika aldeko berbontzi batek goizero herrialde osoko atsoekin izaten dituen berriketak entzutearren.
Gogora datozkidan beste kasu batzuk: Egin Irratiaren garaian (hilaren 15ean bete ziren zazpi urte agintari espainiarrek itxi zutenetik), egundoko arrakasta izaten zuen arratsalderoko kantu eskainien saioak, ia osorik preso eta errefuxiatuentzako agurrez beterik egoten zenak. Tarteka Radio Tropical delako bat entzuten dut, Karibe aldeko etorkinek gure artean zabaldua, eta hor ere toki berezia izaten du formatu horrek.
Bila segituz gero, seguru nahi adina adibide pila daitezkeela, baina nahikoa izango da bere horretan. Zein da sofistikaziorik gabeko saio horien erakarmena? Asko pentsatu gabe ohartu gaitezke: ahotsaren indarra, jendearen parte hartzea, komunikazioa azken batean. Eta komunikazioa bezainbat, oinarri semantiko bereko beste hitz bat: komunitatea, lokarri bat daukan edo behar duen jendearen arteko oinarrizko elkartasuna.
Blogean eta euskaraz gabiltzanoz ere erabiltzen da komunitate hitza, eta gustatzen zait horren zentzua, nor bere txokoan aritu arren denon arteko hari eta harremana adierazten baitu. Eta ez dadila inor etorri, arren, gure komunitatea erkidego bihurtzera.
Udako postalak (VI)
Osteguna, uztailak 14
Marianne:
Gaur, katorxuie, hiritar prestuok Bastilla hartu genueneko urteurrena, zure eguna.
Erregeren eta elizaren lekua hartu duen jainkosa gisa gurtzen zaitugu aspaldian baina, zure irudi gorpuztua izan zen Catherine Deneuve haren antzera, maitale hotza zaitugu, erdeinu eta mespretxua besterik opa ez diguzuna, non eta ez zaren gu zigortuz plazer hartzen duzun amoros gaiztoa.
Zugandik dibortziatzeko eskubide eta ahala nahi genituzke, noizbait erdiesteko egiazko askatasuna, berdintasuna, haurridetasuna.
Ostirala, uztailak 15
Baltasar ongile hori:
Badira pertsona eta gertakari batzuk bizitza bitan banatzen dizutenak. Nirea zuk aldatu zenuen, duela zazpi urte lan egiten nuen egunkaria itxi zenuenean. Onerako aldatu ere, halakorik inor gutxik aitortuko dizun arren. Geroztik, hau poza! Beti lan eta lan madarikatzen ibili eta gero, INEMen subsidioa ezagutu nuen, Diputazioaren dirulaguntza, Caritasen eskuzabaltasuna Alde ederreko bizimodua!
Ez dakit inoiz behar bezala eskertu ahal izango dizudan.
Larunbata, uztailak 16
Pello Zabala:
Eguraldia basilika batetik jakinarazteak bazuen halako magia-ukitu antzinako bat, Jainkoekin komunikazio zuzena bazenu bezala-edo. Euskalmet-en iragarpenak ez dakit zientifikoagoak diren baina hotzagoak bai behintzat. Eta gainera ezin esan "prailezar horrek ez dik batere asmatzen".
Egunotako bero zakarraren errua ezin zuri leporatu baina, giroa epeltzerik ez bazenu ere, egingo al zeniguke tokitxo bat zure Arantzazu horretan? Hemen baino freskoxeago egingo ahal due behintzat.
Igandea, uztailak 17
Gabriel:
Hogeita hamar urteren ondoren, zure Bilbao hura ezagutzen lanak izango zenituzkeela esaten dute, oraingo metro, museo eta distirarekin. Hala ere, ugerraren ordez titanioz jantzi arren, azpian gizon-emakumeen betiko izerdia dago. Anton, Gilen.
Asteburu honetan, Bilboko kaleak hartuko dituen auto-lasterketaren burrundaratik ihesi edo, Iera joango gara hainbat lagun, Bizkaiko kostako Eara, zure poesia oraindik bizirik dagoela oroitu eta aldarrikatzera. Eta ez diogu inongo kaleri zure izenik emango.
Norberaren hiletak eta aurrerantzeko planak
Aurreko batean aipatu nuen Andoni Egañaren ipuin bat, "Hil-kanpaiak", non protagonistak hildakoaren itxurak egiten dituen, han eta hemen botako dizkioten lore eta laudorioak entzutearren. Nik ere antzeko zer edo zer egin dudala esan liteke: despedida iragarri, jendearen maitasun-mezuak jasotzearren. Eskerrik asko denoi, beraz.
Baina hemen nago. Ez naiz inora joan, ezta oporretan ere. Oskorriren abesti hark zioen legez, "guretzat berdin dira, astea eta jaia".
Orain arte aipatu ez dudan kontu bat aitortu beharko dizuet: urtean zehar blogean ateratako lanekin liburu bat osatu dut, "Egunen harian" izena izango duena eta udazkenean kaleratuko dena, Elea argitaletxean. Aldi bat itxi behar nuen, beraz, eta berri bat hasi: hemendik aurrera, "Paper jalearen dieta". Hortixe jaten dudalako batik bat, eta dietarioak esaten zaielako eguneroko gorabeherak apuntatzen diren liburuei.
Orriak duen itxura ederra, Maite Rementeriari zor zaio: mila esker zuri, Maite, beste behin ere.
Hauxe da despedidea
Langile-auzo batekoa naiz ni, etxeak eta fabrikak elkarren ondoan zeuden kale batekoa, gaur zatarra irudituko litzaigukeen baina orduan naturaltzat geneukan moduan. Auto, moto eta kamioientzako tailerrak ziren nagusi gure barrio hartan, eta nire jirako mutil gehienak egiazko adituak ziren motor-kontuetan: kotxe bat martxan entzute hutsarekin esango zizuten Peugeota edo Renaulta zen, edo bataren eta bestearen arteko aldeez eztabaidatuko. Ni, halakoetan, isilik, ezjakin bezain ezaxolati. Urteen buruan iritsi naiz autoz ibiltzera, eta kilometro askotxo egiten dudala aitortu behar, ingurumenaren eta neure sakelaren kalterako, baina lehen bezain gutxi dakit autoaren tripei buruz.
Motorrekiko ezagupen eta interes falta hura teknologiaren edozein adarretara zabaltzen dela esan behar dut, informatika barne dela. Horregatik, Luis Fernandez xaxaka hasi zitzaidanean "blog" delako gauza bat zela eta ez zela, lagunekiko nire amore emate erraza izan zen, ez besterik, baietz esanarazi zidana.
Hasi banintzen hasi nintzen: gaur beteko dut urtebete txoko honetan, eta ez dut kontatzen "Zorionak niri" kantatzeko, geldialditxo bat iragartzeko baino. "Egunen harian" eman nion izena, gehiegi pentsatu barik, eta urtebetean behintzat egunero idazten saiatuko nintzela agindu nion neure buruari.
Zergatik martxa hori? Ez dakit ongi. Nik uste txikitako auzo proletario hartako langile buzodunak izan ditudala gogoan. Neuk ere, neure arloan, lana gogor egin nezakeela erakutsi nahi izan banu bezala; inspirazioan eta halako txepelkerietan babestu gabe, egunero-egunero zerbait berria idatzi, ahalik eta txukunena. Produkzio-asmoak bete ditut; emaitzak merezi ote duen, irakurleak esan beharko: nik hemen erakusten dut, sortu zen bezala, orraztu eta hobetu gabe, lanegun normalari erantsi edo lapurtutako ordu erdian egindakoak bere mugak dituela jakinda.
Eta hemendik aurrera? Aurrerantzean ere idazten segitzeko asmoa daukat, baina neure buruari ezarritako diziplina espartar hori gabe. Maiztasuna lotuago egongo da maitasunarekin, alegia, gogoak emandakoan egingo dudala. Plazer baduzu, gonbidatuta zaude zu ere.
Txomin-igande
(Igandean Goierriko Hitza-n aterako den artikulua)
Txomin-igandea zer edo nor den ez dakizula? Berehala ezagutuko duzu. Astean zehar ez da gehiegi nabarmentzen, astebururako planak aurreratzen badabil ere. Larunbatean bai, dena ondo prestatu behar: autoa, kanpineko mahai eta aulkiak, kanpingas eta barbakoa, jan-edanak Tourreko tropel osoak astebete pasatzeko lain...
Iritsi da egun handia, Txomin-igande sendi osoa elkartzekoa. Bizpahiru familia biltzea ere ez da aukera txarra, jende ugari izanez gero hobe betiere: amona bere gantxilloarekin, ninia bere pardelarekin, neska gazteak bikiniarekin, sasoikoak periodikoarekin...
Goiz abiatzea komeni da, leku egokia hartzeko. Egokia eta zabala. Parte bat itzalpean, patxadan bazkaltzeko; beste parte bat eguzkitan, toaila gainean edo tunbonan etzanda belztu nahi dutenentzako; eta tartean tartekoak: baloiarekin jolasteko, kartetan jokatzeko, bizikletarekin ibiltzeko Mendia denona baldin bada ere, aurrena iristen denak baditu bere eskubideak.
Inguruan jende gehiago egongo da baina, nabaritu dadila zein garen: altu hitz egin beti, algara eta barreak ausarki, eta deskuidoan isilduko bagina, piztuta eduki badaezpada irrati edo kasetea, zuhaitz arteko isiltasuna arriskugarria da-eta.
Ahal dela eraman aizkora ere, inguruko arboletatik adarrak moztu eta su eder bat egiteko. Zabaldu daitezela kea eta usaina alde guztietara; ez al gaude ba naturaren erdian? Eta ez al da naturala egiten duguna?
Kafea, kopa eta purua, hutsik gabe. Baten batek siesta koxkorra egin nahi badu, libre, baina, guardiako botika bezala, beste batzuk gelditu behar erne, beren zarata eta atzera-aurrerekin bazterrak endredatzeko eta aldamenekoak ernegatzeko.
Eguraldiak laguntzen badu, afari-merienda bertan, oraindik ere geratzen da sutarako egurra-eta. Eta ilundutakoan, ondo egindako lanak ematen duen neke eta pozarekin, Txomin-igandetarren familia etxera berriro, datorren jaiegunerako planak egitera.
Udako postalak (V)
larunbata, uztailak 9
Franz Kafka oroitua:
Orain dela 91 urte, I. Mundu-Gerra hasi zenean, hala moduzko zer edo zer idatzi omen zenuen zure egunerokoan: Gaur igeri egitera joan naiz. Gerra hasi da. Hori dela-eta, halako hoztasun bat egotzi zaizu, autismo antzeko bat giza sufrimenduaren aurrean. Hala ere, zer esango dugu gertakarien ikusle bihurtu garen gizajook? Uztailaren 7ko egunerokoa idazten imajinatzen dut makina bat jende, ezer idatziko balute: Gaur sekulako atxurra harrapatu dut San Ferminetan. Londresen dozenaka lagun hil dituzte.
Irakurle bat
igandea, uztailak 10
Argiako lagunak:
Gogoan dut 1000.a atera zenekoa, orain hogei bat urte (Serratek kantatzen zuen: 20 urte dira 20 urte dudala). Erraz esaten da: mila ale, bi mila baina horietakko bakoitzaren atzean zenbat lan dagoen, zenbat ilusio, eta zenbat mami.
Proiektu berriak maite ditugu gure herrian, bestela aspertu egingo garela-eta. Mundua ez bada, gure ingurua behintzat aldatuko duen iraultzarekin egiten dugu amets. Baina ez da amets makalagoa irauntza, ditugun gauza ederrei eusten asmatzea.
Ea beste hogei urte barru 3000.a ospatzen dugun.
asteartea, uztailak 12
Hi, Treintaixeix:
Aukera-aukerakoa haiz hi besteren lepotik barre egiteko. Eta gero gainera jatorrarena eginez ibiliko haiz batean eta bestean, bizkarrean txapaka jo eta altu hitz eginez, hemen gaituk!, trago batera gonbidatuko hautelakoan. Ba, gure herrira festetan-edo agertzen bahaiz, argi ibili, nokierokoren bat hartuta bueltatuko haiz igual eta. Besterik ez genian behar: hi bezalako txilibitu txatxu batek sekulakoak esan eta burutik behera kaka egiten uztea guk. Abisatuta hago.
Arregitarrak eta Agirretarrak
asteazkena, uztailak 13
Aupa, Patxi:
Kolpeak jasotzen jakin behar omen du boxeolariak, eta kritikak onartzen jendaurrean mugitzen denak. Eneko Aritzaren Hilobia kaxkarra dela esaten dutela? Pentsa ezazu hobe dela propaganda txarra isiltasuna baino. Aspaldi honetan gizenduta zaudela leporatzen dizula inork? Gazte liraina zinen garaiaz oroitu. Kritikak, baina, hor gelditu behar luke beti. Ezin du izan irainaren atariko, are gutxiago mehatxuaren pareko, adarkadaren aurreko. Zezenak azkar pasa daitezela.
Kazetari-sena
Oroitzapen zahar bat. 1983ko uda zen. Karrerako lehen urtea amaitu berria, eta plan berezirik ez oporretarako. Kazetari-lan bat eskaini zidaten, oraingo bekarioen antzera, izen hori gabe bazen ere.
La Voz de Euskadi zen orduan Gipuzkoako egunkari bat, garai bateko La Voz de Españaren errautsetatik sortu nahian zebilena. La Voz de España estatu frankistaren prentsa-sarekoa zen, arratsaldeetan ateratzen zen Unidad bezala, eta urte luzez Gipuzkoako egunkari salduena, alde handiz. Trantsizio-urteetan, baina, UCDk horiek denak ixtea erabaki zuen. Faxismoa lurperatzen laguntzeko erabaki demokratikoa izan zitekeen, edo gobernuak nola kudeatu ez zekien patata beroa gainetik kentzeko modua. Zena zela, langile mordoxka gelditu zen kalean, eta irakurle ugari, zein egunkari erosi jakin barik.
Irakurle horiek azkar batean bereganatu zituen El Diario Vasco-k, geroztik utzi ez duen nagusitasuna lortuz. Langileek, berriz, hainbat protestaren ondoren, proiektu berri batean abiatzea erabaki zuten. Asmo politak zituen La Voz de Euskadi-k (besteak beste euskarazko azpi-egunkaritxo bat, Orria, oso txukuna), baina egoerak ez zion lagundu. Moderatuki abertzale eta ezkertiar izango zen egunkaria egiten saiatu ziren, eskuindarrek diarioarekin jarraituko zutelako betiere, baina ezker abertzaleko jendeak Egin zeukan esku artean, eta Euskadiko Ezkerrako jendea txoraturik zegoen garai hartan deskubritu berria zuen progresismo espainiarrarekin eta El Pais-ekin.
Lurpera joan aurretik, nire lehenengo lantoki izan zen La Voz de Euskadi: Goierriko berriak lantzen zituen kazetariak oporretan joan nahi zuen abuztuan, eta, ezagunen baten bitartez nik "idatzi" egiten nuela jakin zuenez (zer idazten ote nuen!), niri eskaini zidan, hilabeterako, bere postua. Ez zen kontraturik edo antzekorik izan, nik dakidala. Garaiak ere bestelakoak ziren, alde guztietatik: nik astelehenean idazten banuen artikulua (etxeko Olivetti-an, ordenagailuak NASAren kontua ziren artean), gau horretan utziko nuen sobre bat herriko kioskoaren txoko batean, periodikoak banatzen zituenak jasoko zuen goizaldean sobrea eta erredakzioan entregatuko asteartean, han maketatu eta asteazkenekko egunkarian atera zedin.
Abuztua ez da hilik aberatsena berrien aldetik, are gutxiago Goierrin, baina moldatu nintzen nola-hala, zehazki zer kontatu nuen oroitzen ez naizen arren. Bai behin euskaraz idatzi nuela elkarrizketa bat (erdaraz egitekoa baitzen bestela nire lana), eta gaztelaniara itzulita atera zidatela (Orria-n zebilen Mikel Aramendik erdaratuta, nonbait); gure hizkuntzaren zangotraba eta ostiko betikoak...
Hau dena hitzaurre moduko bat zen ordea: aipatu nahi nuen oroitzapena urte horretako abuztu hondarrean gertatu zen uholdearena zen. Etxeko leihoa ireki, euria goian-behean ikusi eta bertan goxo geratzea erabaki nuen, liburu bat hartuta, egiteko nuena egitea ezinezkoa izango zela-eta. Eguerdi aldean atera ninduen erredakzioko nire arduradunak neure patxada irakurzale hartatik: "Zer egiten duk etxean? Hoa kalera, egin entrebistak, galdetu non izan diren kalte handienak, zenbatekoak diren galerak". "Aiba, egia duk", esan nuen neure artean errieta-zaparradaren erdian, eta ondoriotzat atera nuen ez neukala kazetari-senik.
Kazetari-senarena berriro etorri zait aurten gogora, beste modu batera baina. Joxe Aranzabali Berria-ko irakurleek galderak egin eta berak erantzun egin zituen "Galde-eskeak" atalean; irakurle horietako batek galdetzen dio ea blogetakoa kazetaritza den. Joxek, bere erantzunean, baietz, eta adibidetzat jartzen du euskal blogariak aritu direla kronikak zuzenean bidaltzen Donostiako Zinemalditik edo Ibarretxe plana onartu zenean Legebiltzarretik. "Aiba, hori ni nauk", esan nuen berriro neure artean, apur bat harropuztuta, eta ondoriotzat atera nuen beharbada badudala kazetari-sen apurtxo bat. Uholderik egiten ez duen bitartean.
