Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Udako postalak (V)

Udako postalak (V)

xme 2005/07/13 07:52

larunbata, uztailak 9

Franz Kafka oroitua:

Orain dela 91 urte, I. Mundu-Gerra hasi zenean, hala moduzko zer edo zer idatzi omen zenuen zure egunerokoan: “Gaur igeri egitera joan naiz. Gerra hasi da”. Hori dela-eta, halako hoztasun bat egotzi zaizu, autismo antzeko bat giza sufrimenduaren aurrean. Hala ere, zer esango dugu gertakarien ikusle bihurtu garen gizajook? Uztailaren 7ko egunerokoa idazten imajinatzen dut makina bat jende, ezer idatziko balute: “Gaur sekulako atxurra harrapatu dut San Ferminetan. Londresen dozenaka lagun hil dituzte”.

Irakurle bat

igandea, uztailak 10

Argiako lagunak:

Gogoan dut 1000.a atera zenekoa, orain hogei bat urte (Serratek kantatzen zuen: 20 urte dira 20 urte dudala). Erraz esaten da: mila ale, bi mila baina horietakko bakoitzaren atzean zenbat lan dagoen, zenbat ilusio, eta zenbat mami.

Proiektu berriak maite ditugu gure herrian, bestela aspertu egingo garela-eta. Mundua ez bada, gure ingurua behintzat aldatuko duen iraultzarekin egiten dugu amets. Baina ez da amets makalagoa irauntza, ditugun gauza ederrei eusten asmatzea.

Ea beste hogei urte barru 3000.a ospatzen dugun.

asteartea, uztailak 12

Hi, Treintaixeix:

Aukera-aukerakoa haiz hi besteren lepotik barre egiteko. Eta gero gainera jatorrarena eginez ibiliko haiz batean eta bestean, bizkarrean txapaka jo eta altu hitz eginez, “hemen gaituk!”, trago batera gonbidatuko hautelakoan. Ba, gure herrira festetan-edo agertzen bahaiz, argi ibili, nokierokoren bat hartuta bueltatuko haiz igual eta. Besterik ez genian behar: hi bezalako txilibitu txatxu batek sekulakoak esan eta burutik behera kaka egiten uztea guk. Abisatuta hago.

Arregitarrak eta Agirretarrak

asteazkena, uztailak 13

Aupa, Patxi:

Kolpeak jasotzen jakin behar omen du boxeolariak, eta kritikak onartzen jendaurrean mugitzen denak. Eneko Aritzaren Hilobia kaxkarra dela esaten dutela? Pentsa ezazu hobe dela propaganda txarra isiltasuna baino. Aspaldi honetan gizenduta zaudela leporatzen dizula inork? Gazte liraina zinen garaiaz oroitu. Kritikak, baina, hor gelditu behar luke beti. Ezin du izan irainaren atariko, are gutxiago mehatxuaren pareko, adarkadaren aurreko. Zezenak azkar pasa daitezela.

Matxalde
Matxalde dio:
2005/07/14 01:35

IRAUNTZA, hori duk hitzari begia bilatzea! Beti berriaren bila, urrutikoa begian, hamalau asmoz. Eta ditugunak lau izanda ere, gutxi al dira? Eskuak "tintaz" beztea nahiago "lejiaz" zuritutako kaliforniakoak baino. Matxalde

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.