Txomin-igande
(Igandean Goierriko Hitza-n aterako den artikulua)
Txomin-igandea zer edo nor den ez dakizula? Berehala ezagutuko duzu. Astean zehar ez da gehiegi nabarmentzen, astebururako planak aurreratzen badabil ere. Larunbatean bai, dena ondo prestatu behar: autoa, kanpineko mahai eta aulkiak, kanpingas eta barbakoa, jan-edanak Tourreko tropel osoak astebete pasatzeko lain...
Iritsi da egun handia, Txomin-igande sendi osoa elkartzekoa. Bizpahiru familia biltzea ere ez da aukera txarra, jende ugari izanez gero hobe betiere: amona bere gantxilloarekin, ninia bere pardelarekin, neska gazteak bikiniarekin, sasoikoak periodikoarekin...
Goiz abiatzea komeni da, leku egokia hartzeko. Egokia eta zabala. Parte bat itzalpean, patxadan bazkaltzeko; beste parte bat eguzkitan, toaila gainean edo tunbonan etzanda belztu nahi dutenentzako; eta tartean tartekoak: baloiarekin jolasteko, kartetan jokatzeko, bizikletarekin ibiltzeko Mendia denona baldin bada ere, aurrena iristen denak baditu bere eskubideak.
Inguruan jende gehiago egongo da baina, nabaritu dadila zein garen: altu hitz egin beti, algara eta barreak ausarki, eta deskuidoan isilduko bagina, piztuta eduki badaezpada irrati edo kasetea, zuhaitz arteko isiltasuna arriskugarria da-eta.
Ahal dela eraman aizkora ere, inguruko arboletatik adarrak moztu eta su eder bat egiteko. Zabaldu daitezela kea eta usaina alde guztietara; ez al gaude ba naturaren erdian? Eta ez al da naturala egiten duguna?
Kafea, kopa eta purua, hutsik gabe. Baten batek siesta koxkorra egin nahi badu, libre, baina, guardiako botika bezala, beste batzuk gelditu behar erne, beren zarata eta atzera-aurrerekin bazterrak endredatzeko eta aldamenekoak ernegatzeko.
Eguraldiak laguntzen badu, afari-merienda bertan, oraindik ere geratzen da sutarako egurra-eta. Eta ilundutakoan, ondo egindako lanak ematen duen neke eta pozarekin, Txomin-igandetarren familia etxera berriro, datorren jaiegunerako planak egitera.
Ez eik aiztu komuneko papela, ugari; bedarrak edo ideak eperdie arraspau eiten jeuriek eta.