Hemen zaude: Hasiera Blogak Nire uste harroan Artxiboa 2005

Artxiboa 2005

Itxurak gordetzeko besterik ez bada ere...

Atzo lagun batek idatzi zidan, "ze mezu laburra" esanez. Agurrak halakoa izan behar duela pentsatu nuen, "The long good-bye" izenburuak besterik esan arren. Hala ere, ez nuen agurrik ere esan eta, itxurak gordetzeko bada ere, hori behintzat egin beharko dut: laster arte, ondo pasa, urte berrian itzuliko naiz.

Xabier Mendiguren 2005/12/22

Maratoi pantagruelikoa

Hasita dago dagoeneko. Gurekin sukaldaritza-liburuak ateratzen dituen batek gozo-sorta bidali digula, gosatzeko; urteak betetzen dituen lankideak tortilla batzuk ekarri dizkigula, hamaiketakoa egiteko; lankide guztiok ere egin beharko dugula bazkari bat, Durango amaitu dela edo Eguberritako oporrak badatozela ospatzeko. Eta gaur berriz San Tomas: taloaren orritsa, txorixoaren orgia.

Lagun talde, maitale ohi, bazkide gurako... denak dabiltza hurrengo egunetarako bilerak jartzen eta afariak antolatzen.

Eta hemendik aurrera Gabonak...

Xabier Mendiguren 2005/12/21

Jatorria dela-eta

Garai honetan irakurri gabeko liburuak pilatzen zaizkit ohe ondoan. Aurten, kasualitatea, bi, izenburu bera dutenak: "Orígenes". Titulu bera, baina eduki guztiz diferentea.

Bata Xabier Peñalver arkeologoak idatzi duena, Euskal Herriaren historiaurreaz, ia bostehun orritan, eta Txalapartak argitaratu berri duena. Peñalver Aranzadi zientzia-elkartean aritu da urtetan, mila indusketatan zaildua da, eta ikerketa guztiz interesgarriak kaleratu ditu, antzinako ehorzketa-moduez eta abar.

Peñalverrekin izan dudan topaketa bakarra ez daukat ahazteko, berak erakutsi baitzigun, taldetxo bati, Ekaingo kobazuloa: hago zaldia, hartza eta bere kumea... Gogoan daukat leizean sartu aurretik emandako azalpen eta oharretan bota zigun mehatxua: inork estropezu egiten bazuen, jo zezala lurra muturrez aurrera, baina inola ere ez zezala paretarik ukitu bere eskuekin. Espeziearen bizi-senaren kontrakoa da agindu hori, noski, baina hori aditu eta gero kontu gehiago izango genuen ezer ez ukitzeko.

Egia aitortuko dut: liburua irakurtzeko baino gogo handiagoa neukan argitaletxearen oparia eskuratzeko: Praile Haitz leizean berriki aurkitu duten eskulturatxoaren kopia eskalazko bat, orain dela 15.000 urte emakume itxuraz harri beltzean egina, soka eta guzti lepotik zintzilik erabiltzekoa. Halaxe erabili dut aste pare batean, baina aurreko batean, igerilekuan-edo, galdu egin zitzaidan. Liburua irakurri beharko dut orain...

"Orígenes" izeneko bigarrena Amin Maalouf idazlearena da. Aspaldian Frantzian bizi eta frantsesez idazten duen sortzaile libanoar honek milioika irakurle xarmatu eta xaramelatu ditu bere eleberri historikoekin: "Leon afrikarra", "Samarkanda", "Taniosko haitza"... Hizkuntzaren erabilera egokia, tramaren eraikuntza zaindua, gogoetagai mamitsuen planteamendua eta beste dohain batzuk aipa daitezke, baina nik azpimarratuko nuke, goxotasunari uko egin gabe, irakurlea ez duela ergeltzat hartzen eta literaturaren duintasunari ez diola uko egiten (nobela historikoa lantzen duten askok eta askok esan ezin dutena).

Maalouf-en ezaugarri nagusia, baina, ekialdearen eta mendebaldearen arteko elkarrizketa lantzea da, bera ere zibilizazio bien harremanaren emaitza den aldetik. Obra honetan, berriz, fikzioa alde batera utzi eta bere familiaren erroetan murgildu da; Libano, Kuba, Frantzia... Ezin dizuet gauza handirik aurreratu, oraintxe hasi naizelako irakurtzen. Ea Gabonetako oporretan...

Xabier Mendiguren 2005/12/20

Hiru opari

Dena ez da Durango. Joan den asteburuan, nire herrian eta ondoko batean (Beasainen eta Lazkaon) postuak jarri dituzte kalean, azken aldiko liburu, disko, jostailu eta abarrekin, jendea hurbildu, ikusmiran aritu, eta, animatuz gero, erosteko. Ni ere eraman ninduten herriko azokatxo horietara, batean hizlari, bestean sinatzaile. Hitzaldia eman, eman nuen; sinatu, berriz, ez, baina nik ere liburuen artean azterka jardun nuen, eta gauza polit askoak deskubritu ere bai. Nork bere buruari edo lagunen bati egiteko hiru opari, paperjalearen berme guztiekin.

Hasteko, bat haur txintxo eta heldu gaiztoentzat: "Txanogorritxu eta Otso beltxu", Perrault-en klasiko ezagunaren gainean Kukuxumusuk egindako moldaketa, Ttarttalok argitaratua. Ipuina ezagutzen duzula? Bertsio hau ez ordea. Edo "perbertsioa" esan beharko genuke? Marrazkiak oso onak, eta gidoia jeniala. Jakin dut "Ahate zantartxoa" ere egin dutela, eta ez naiz geratuko irakurri gabe.

Beste bat, inoiz maitemindurik egon diren gizon eta emakume guztientzako aproposa (nor ez?): "Emakume ezezagun baten gutuna", Stephan Zweig-en nobela laburra, Edorta Mataukok euskaratu eta Igelak publikatu duena. Liburua irakurri gabe ere askok ezagutuko duzue istorioa, behin baino gehiagotan eraman baita zinemara (nik ikusi dudan azkena, Txinan kokatua). Testu fin, erakarri eta harrapatzen zaituena, gozo bezain egoki itzulia. Perla koxkor bat.

Azkena, Jesus Mari Arruabarrena idazle eta argazkilari durangarraren "Baserria: oroimenari loturik", Bizkaiko Diputazioak iaz kaleratua baina nik ezagutzen ez nuena. Lehendik ere "Antzinako ogibideak galbidean" edo "Azken belaunaldia" ezagutzen genizkion, galzorian dauden bizimodu eta langintzekin arduraturik betiere. Argazkiari bezainbesteko maitasun eta errespetua dio jendeari, haren habitat naturala eta barruko istorioak bere horretan jasotzeari, eta hori ez dago artista guztiez esaterik. Egiazko pitxi bat.

Xabier Mendiguren 2005/12/19

Kreolen izaeraz

Ameriketako kolonizatzaile zurien ondorengo bertakotuei deitzen zaie kreol (criollo, gaztelaniaz). Kultura indio eta europarren arteko nahasketa konplexu eta era guztietakoak atera litezke hortik, herri amerikarraren nortasunaren oinarri izan direnak askotan, eta Europako kultura zaharkituen aberasgarri.

Kreolei buruz gogoeta interesgarri bat plazaratu zuen Jon Sarasuak orain dela urte batzuk (Guatemalako bere egonalditik bueltan-edo), esanez kriolloek europarren aurrean amerikar indigena agertzea maite dutela, eta bertako indigenen aurrean, berriz, europar zibilizatu. Gogoan daukat bi lagunen aspaldiko solasa, biak ezkertiarrak, bata hegoamerikarra eta bestea hara azaldu berria. Esaten dio hegoamerikarrak: "Zuen arbasoek akabatu gintuztenean...". Eta besteak erantzun: "Barkatu: nire arbasoek ez, zure arbasoek txikitu eta akabatu zituzten indioak, nireak hemen gelditu ziren behiak zaintzen".

Sarasuaren gogoetak, oroimenak huts egiten ez badit, bazuen bigarren parte bat, euskaldunei aplikatua: hemengo agintari-kasta jeltzaleak kreolen modura jokatzen zuela zioen, alegia, espainiarren aurrean euskaldun agertzea gustatzen zaiela, baina egiazko euskaldun indigenen aurrean espainol jokatzen dutela gero.

Kreolen bikoiztasunaren beste ikuspegi bat ageri da argitaratu berri den eleberri guztiz eder batean: "Sargazo itsaso zabala", Jean Rhys-ena, Txomin Arratibelek euskaratua. Rhys antillarra zen, Dominika uharte anglofonokoa; galestarra zuen aita eta bertako kreol zuria ama. Karibeko mundu sentsual baina gupidagabea agertzen da nobelan, sexuen, arrazen eta klaseen arteko tentsioz gainezka.

XIX. mendearen erdialdera, esklabotza amaitzearekin batera, gainbehera etorri zen lehengo ugazaben klasea, eta metropolitik iritsitako aberats berriak nagusitu. Lehengo kreol esklabo-jabe ohiek pobretuta ikusi zituzten beren buruak, eta gizarteak mespretxatuak: beltzentzat negrero hutsak ziren, noski, eta Ingalaterratik iritsi berrientzat antigoaleko zerbait, jende erdi-basati erdi-dekadentea. Bereziki emakume kreolen egoera iruditzen zaio errukarria Rhys-i, eta haien ikuspegia saiatzen da adierazten.

Xabier Mendiguren 2005/12/16

Talibanaren penak eta garaipenak

Uda zen. Gertakari kultural ponpoxo bat, ondotik luntxa izaten dutenetakoa, gonbidatuentzat, eta horien artean ni. Aperitifak, berriketak eta gainerako konplimenduak amaituta, banindoan etxera, baina irteera inguruan gure kultur agintari gorenak ikusi nituen solasean, eta, haietako batekin hitz bi egin nahi nituenez, hara hurbildu nintzen.

Erdaraz ari ziren. Baina ez haien erruz: ekitaldiaren protokolo-arduraduna zegoen haien artean, erdalduna bera, eta hark behartzen zuen erabili beharreko hizkuntza. Beste hainbatetan bezala, horretan nobedaderik ez.

Hala ere, pentsatzen hasi nintzen protokolozainaren jarreraz eta lanaz. Beti entzun izan dut gonbidatua eroso sentitzea dela protokoloaren egiteko funtsezkoa; horregatik saiatzen dira langintza horretan dabiltzanak edonori hizketa-gaia eta hizpidea ematen. Arduradun horri, berriz, ez ote zaio burutik pasatu euskaldun asko (ez denak, ezta gehienak ere, seguru asko) erosoago sentitzen direla euskaraz, eta bere eginkizuna litzatekeela bakoitzari bere hizkuntzan egitea? Edo ez zaio bururatu edo ez zaio asko axola, ikusitakoak ikusita.

Eta beste galdera bat: horrelako protokolo-arduradunak kontratatzen dituenari ez ote zaio burutik pasatu kasu honetan behar-beharrezkoa dela nolabaiteko hizkuntz eskakizuna?

Horra talibanaren penak. Baina batzuetan izaten ditu garaipenak ere. Aurtengo Durangoko Azokan mahai-inguru batean parte hartzeko deitu zidaten. Gaia eta han esandakoak beste baterako utziko ditut. Solasgaiak zehazteko mezuan jakinarazi zidaten partehartzaile batek Bartzelonatik jardungo zuela bideo-konferentziaz, hark ez zekiela euskaraz eta, "beraz", nahiz eta beste guztiok euskaldunak ginen, gaztelaniaz izango zela mahai-ingurua.

Taliban jatorra taliban zakar bihurtu zen, eta ezetz esan zuen, Durangoko Azokan ez zuela erdaraz hitz egingo, inondik inora. Erosoago sentitzen banintzen euskaraz aritzeko erantzun zidaten; kontua, baina, ez zen erosotasuna (protokoloarekin bezala), printzipiozkoa baizik, eta halaxe jakinarazi nien bai antolatzaileei, bai gainerako hizlariei.

Kontuak kontu, iritsi zen mahai-ingurua. Partehartzaile katalanaren ondotik neuk hartu nuen hitza, euskaraz noski, eta ondotik mintzatu zirenak ere, konbentzituta edo bestela egitea lotsagarria litzatekeela ohartuta, euskaraz aritu ziren, salbuespenen batekin.

Talibana pozik itzuli zen gau hartan Iratiko oihaneko bere bolizko dorrera.

Xabier Mendiguren 2005/12/15

Talibanxeago izango bagina

Instituzio inportante batean lan egiten duen lagun batek kontatu zidan zer esan zion behin erakunde horren plan estrategikoa egiten zebilen consulting etxeko ingeniari batek; madrildarra zen bera, eta euskaldunei buruzko aurreiritzi batzuekin etorria, baina gurekiko tratuan konturatu omen zen uste horien ustelaz: "hizkuntzaren kontuan, adibidez, errespetu osoarekin jokatzen duzue". Eta erantsi omen zuen: "katalanek ez bezala".

Ai katalanxeago bagina! Baina ez, gure betiko errespetu horrekin, burutik behera kaka egiten digute, edo geuk egiten diogu geure buruari.

Hona Gandiagaren olerki kaleratu berri bat, bere "Poema Argitaragabeak" saileko "Euskalminez" liburutik hartua:

Karitatea,
esate baterako,
zera da:
erdaraz egitea
euskaldunen artean.

Beste ejenplu bat:
erdaldunen artean
erdaraz egitea ere
karitatea da.

Eliza erdalzalearekin zuen borroka Bitorianok, eta hortik "karitate" hitza. Horren ordez lasai ipin liteke tolerantzia, demokrazia, edo nahi duzuena.

Honen haritik, aspaldi honetan ekitaldi kultural zenbaitetan ikusi eta bizi izandakoak kontatu nahi nituen, baina denbora faltaz nabil eta biharko utziko ditut, axola ez bazaizue.

Xabier Mendiguren 2005/12/14

Ardoari eta poetari gorazarre

Pasatu dira aurten ere nire egun albaniarrak. Ez dut azokaren kronikarik egingo, zuek ere ni bezain nekatuta egongo baitzarete honezkero. Pasadizo koxkor bat, hala ere, kontatu nahi dudan beste istorio baterako hizpidea emango didana.

Jan-edanean ez daukat kexarik: otorduetan ondo eman digute, eta hortik kanpo ere ez dira gutxi izan tabernetara egindako bisitak, orain tortilla-mokadua, orain garagardoa... Larunbat eguerdian, baina, Plateruenea kafe-antzokian nengoen, alde egin behar nuela-eta halamoduzko bazkari-legea egiten, urdaiazpiko pintxoa eta kafesnea aurrean. Barrako txoko batean nengoen, bakarrik eta isilik, azoka barruko hauts eta berbarotik atseden hartuz, eta horra non etortzen zaidan gizon bat, adin pixka bat bazeukana.

"Barkatu, zu halako izango zara?" ta, baietz nik. Ez zidala endredorik sortu nahi baina, ni hor eta horrela ikusita, esan nahi zidala gu garela (idazleak alegia) bera bezalako batzuei bizitza goxatzen diegunak, eta, zutik eta presaka pintxo bat jan ordez, geuk izan beharko genukeela jatetxe dotoreetan ibiltzen direnak, eta ez politikariak eta. Barkatzeko enbarazua berriz ere, baina horixe esan nahi zidala, eta agur.

Eskertu nion gizonari bere adeitasuna. Ez diet politikariei inbidia handirik, baina poztekoa da pertsona batzuei halako bizi-poza ematen diegula jakitea. Dena dela, gizon haren pasadizoak beste idazle bat ekarri zidan gogora, aste horretan maiz aipatu eta oroitua: Juan Mari Lekuona.

Lekuonaren gaineko hainbat iritzi irakurri ditugu egunotan, eta haren ikasle izandako lagunei ere aditu dizkiet beste horrenbeste oroitzapen, denak ere haren kalitatea azpimarratzera zetozenak, kalitate literarioa nahiz pertsonala. Nik ez dut beraz zer erantsi handirik, harekiko tratu hurbil-hurbilik ere ez bainuen izan. Gogora datorkit, ordea, harekin bazkaltzen edo afaltzen nengoen batean aditu niona, orain arte aipatu diren alderdien ondoan beste ezaugarri bat erakusten diguna: Lekuonaren bizizaletasuna.

Dozena erdi bat lagun izango ginen, orain dela dozena bat urte edo. Ahaztu ditut mahaikideak eta tokia, baina ez ardoa ekarri zigutenean Juan Marik esan zuena, bere erdizkako irribarre goxo-burlati harekin: ardo ona estimatzen ez zekien poeta, ezin zitekeela poeta ona izan. Beste esaldi bat ere badaukat oroimenean, baina ezin gogoratu otordu berean edo beste batean izan zen: berdurak eskaini zizkigutela-eta, halaxe esan zuen poetak; "Ni, berdura-kontuetan, testamentu zaharrekoa naiz: penitentziarako bakarrik".

Mahai on baten aurrean esertzen naizen hurrengoan, Durangoko miresle anonimoarekin eta Oiartzungo idazle handiarekin oroituko naiz, jan-edanei ohore eta literaturari gorazarre egiteko.

Lekuonaren esaldiari buelta emanda, ardo ona estimatzen dakien poeta ez da derrigor poeta ona izango baina.

Xabier Mendiguren 2005/12/13

Kaixo, Laura

(Durangoko Azokatik bueltan, pixkanaka egin beharko dut egokitzea. Datozen egunetako idazkiak iritsi bitartean, zintzilik geratu zitzaidan bat: "Adiskide maitea:" liburu kolektiboan atera dudana)

Kaixo, Laura:

Ez zaitut ezagutzen, ez nauzu ezagutzen, baina hala ere badut esperantza gutun hau zuregana iritsiko dela. Nire herrian ikusi dut zure argazkia. Beasainen. Herriko presoen aldeko kartelak aritzen dira jartzen jestoretakoak, txandaka, sentsibilizazio-kanpainan, eta halako batean zurea egokitu zen: Laura Riera. Hasieran harritu egin nintzen, ez baineukan zure berri, ez baitzitzaidan ezaguna egiten zure izena herriko presoen artean. Gero, paretan itsatsitako informazioa irakurriz jabetu nintzen: "katalana, Beasaingo herriak etxekotua" zioen bertan.

Polita iruditu zitzaidan irudia. Gure herriak etxekotu egin zaitu, beraz. Norbaiti entzun nion behin, norbera nongoa den eztabaidan ari zirela, jaio garen tokikoak izaten garela, bizi garen tokikoak ere bai, noski, eta baita maite dugun jendea bizi den lekukoak ere. Beasainen bada beraz maite duzun jendea, maite zaituen jendea. Nahiz eta zu beharbada inoiz gure herrian izan ez. Ez dio gehiegi inporta ere. Maite dugun jendea bizi den lekua beti izango da leku maitagarria. Bueno, barka, oraintxe konturatu naiz esan dudan astakeriaz; ñabardura bat erantsiko diot aurreko esaldiari: maite dugun jendea bizi den lekua beti izango da leku maitagarria, handik joateko libertatea baldin badago; zure oraingo bizileku hori ezin izan beraz maitagarria.

Nire herria aurkeztea nahi duzu? Gure herria esan beharko genuke, bertakotua zarenez gero, espirituz behintzat. Ez du apartekorik: herri koxkor bat da, inguruko handitxoena, baina zure Terrassaren aldean txikitxoa. Industriala, baina mendiz inguratua. Jendeari hainbeste gustatzen zaizkion mende berde horiek, euskaltasunaren sinbolo bihurtu diren baserriz hornituak. Hala ere, susmoa dut zu ez zarela euskaldunengana hurbildu gure irudi bukoliko horrek sorginduta.

Behin baino gehiagotan galdetu diot neure buruari nola den posible inork bat egitea beste herri baten borrokarekin, beste herri baten patuarekin, norberaren sakrifizioraino. Ez da galdera gaiztoa, sinets iezadazu. Aitzitik, mirespenez egin ohi dut galde, aski zaila izaten baita inork inoren problemekin bat egitea. Modu abstraktuan pentsatuta, esan liteke maitasuna dela, pertsonak pertsonekin lotzen gaituen lokarria bezala, pertsonak beste herriekin elkartzen gaituen sentimendua. Sentimendu hori, maila konkretura jaitsita, askoz ere modu xeheagoan gauzatuko da seguru asko: halako ezagutu nuen, beste harekin hitz egin nuen...

Bueno, hasi naiz abenturak asmatzen. Barka, ofizioaren gaitzak. Ez nabil epailearen lana egiten, edo poliziarena, aski oroitzapen gordina izango duzu horien guztiena. Bakarrik esan nahi nuen lagun euskaldunak zenituela, nonbait, eta euskaldun horien lagun egiteak ez dizula, itxura batean, mesede handirik ekarri. Gurea baino herri normalago batean jaio eta bizi zinen arren, anormalagoekin egin duzu bat, zapalduekiko elkartasunez edo matxinatuekiko mirespenez. Eskerrak zor dizkizugu beraz. Eskerrak eta elkartasuna, gutxien-gutxienez.

Handia da hemen Herrialde Katalanekiko maitasun eta mirespena. Ez bakarrik guri eskaini izan digun errespetu eta laguntzagatik. Ez bakarrik etsai berak oinperaturik gauzkalako. Horrez gainera, badugu inbidia punttu bat ere; edo inbidia zakukada handia. Guk ere nahi genuke hizkuntzaren egoera osasuntsu hori, eta kultura aberats hori, eta nortasunari eusteko erabaki sendo hori. Nire lagun katalanek esan ohi didate han ere zakurrak oinutsik dabiltzala, kultura eta hizkuntza kontuetan gauzak ez direla guk uste bezain eder eta baikorrak; igual giza izatearen ezinbesteko ezaugarria da urrutiko intxaurrekin liluratzea, baina hala ere, nahiago nuke euskaldunak katalanxeagoak bagina, eta ez bakarrik oporrak Saloun pasatzeko. Oraingoz Beasainen badugu etxekotu dugun neska katalan bat; ez goaz bide txarretik, hortaz.

Zure egoeraz galdetu behar nizuke. Senarrarekin elkartzen uzten ote dizuten; eguna nola pasatzen duzun; irteten zarenerako ze plan dituzun. Horiek eta beste asko izan litezke galderak, gutunketaren gizabideak eskatzen dituenak. Baina ez dakit honakoa esku artera iritsiko zaizun, inork itzuliko dizun, erantzuteko gogorik izanez gero nora erantzun jakingo ote zenukeen... Egiazko gutuna bezainbat baita hau fikziozkoa, editore baten enkarguz egindakoa. Baina fikziozkoa bezainbat da egiazkoa, benetako jakin-minez eta kariñoz idatzia.

Zure aurpegia gogoratzen saiatzen naiz, kartela kendu baitzuten hormatik. Haren lekuan David Sanchez zure mutil-lagunarena dago orain. Aurpegi irribarretsu bat oroitzen dut, biziminez eta pozez gainezka zegoen neska batena, eta irri hori ez galdu izana desiratzen dut. Zure izaera asmatzera jolas nezake neure buruarekin; zure hobbyak, gustuko janariak, kantariak, pelikulak, paisaiak... Seguru asko ez nuke bat bera ere asmatuko. Fisionomia jakintza-gai serioa balitz ere ni ez nintzateke arlo horretako zientzialaria.

Zertaz hitz egingo genuke inoiz elkartuko bagina? Ezin jakin. Bion interes-arloen zirkunferentzietan arakatu behar, intersekzio punturik ote dagoen ikusteko. Eta gure nortasunen uhinei erreparatu behar, maiztasun berdintsuan ote gabiltzan ikusteko. Igual iruditzen zaizu tipo txepel eta aspergarria naizela; edo niri zu petral eta xinple hutsa zarela. Auskalo. Dena dela, argazkian ikusi dudan neska horri nire estimazioa adierazi nahi nion. Beasainek etxekotu duen katalanari beasaindar batek eskainitako hitz bi.

Ea aurki duzun etxekotu zaituen herri hau ezagutzeko parada. Gero, luzerako geratu nahi duzun edo lehenbailehen alde egin, zure esku. Alde egiteko aukera izatea baita toki bat maitatzeko baldintza ezinbestekoa.

Muxu bat,

Xabier Mendiguren 2005/12/12

Adiskide maitea

(Txalapartak argitaraturiko "Adiskide maitea:" liburu kolektiboaren aurkezpen ekitaldian izan naiz goizean, egileetakoa naizen aldetik, eta aurkezpenerako testu bat ere idatzi dut, Eider Rodriguez editorearen eskariz. Hona, irakurri dudana)

Irakurri ez dudan liburu bat ari naiz komentatzen. Sekula egin ez dudana. Baina halaxe eskatu didate, eta, ezetz esateko nire ezintasunaz gainera, elkartasun gremialak funtzionatzen du hemen: ondo asko dakit nolako lanak dituen editore batek aurkezpena antolatzeko eta, beraz, eragozpenak ez baizik erraztasunak jartzea dagokit niri.

Hona beraz ni, irakurri ez dudan liburua komentatzen. Gaiak berak asko esaten du, ordea, ia komentariorik behar ez izateraino: "Adiskide maitea:". Urruti dagoen lagunari idatzitako gutuna, alegia. Urruti, preso dagoelako. Halaxe eman ziguten gaia: euskal preso politiko bati idazteko gutuna, egiazkoa nahiz asmatua. Lagun hitzaren adiera zabalena hartuta: adiskide min izango dute batzuek, eta sorleku bereko biztanle bestetzuek; ezagutzen ez dugunari ez diogu esaten lagun; geure jatorria duenari bai, nahiz eta gure kontrako ideiak izan, nahiz eta hura eta gu ezertan konforme ez etorri: auzoko izateak ematen dizkigu erreferentzia komun batzuk, eta horrek egiten du posible hizketa, bai maitasun-keinuak adierazteko, bai errieta egin edo desadostasuna agertzeko ere.

Uste eta iritzi askotako idazleak elkartu gara liburu honetan; nor bere pentsaera eta historia dituena, eta bakoitzak bere istorioa idatzi du, bere gutuna, pentsaera hori ukatu eta ezkutatu gabe. Zintzotasun hori eskertu behar zaie. Uste dut gutunen hartzaile diren lagun horiek eskertuko dutela, bai fereka bai kritika bidaltzen zaienean, kritika zorrotzetik lausengu zuritik baino gehiago ikasten delakoan.

Liburu hau ez da espetxeko aberkide urrunduentzat ordea, edo ez haientzat bakarrik. Euskal publiko zabalari eskaintzen zaio, eta irakurtzeko eskatzen. Hainbeste liburu plazaratzen diren egunotan, beste bat aurkezten dugunean bidezkoa izan liteke galdera hau: eta zer aportazio, zer berri dakarkit honek?

Testuen kalitateaz ezin dut deus aurreratu, aitortu dizuet oraindik irakurri gabe nagoela; idazleen izenak ikusita, hala ere, badut itxaropena irakurgai bizi, atsegin, zirtolari, sakon, bihurri, gogoetagarriak topatuko ditudala. Kalitatetik harago, elkartasun keinu bat ere bada liburu hau eskuratzea, urrutiko lagunari "adiskide maite" esateko modu bat, besteren ahotsaz bada ere. Eta, horrez gainera, hitzaren aldeko aldarrikapen bat: pertsonak hitzaren bidez konpondu gaitezkeelako sinesmena, egunen batean burdinen eta bortxaren garaia pasatu eta solasaren aroa iritsiko den ustea, edo nahia.

Orduan ere ez dira amaituak izango zapalkuntzak oro, orduan ere ez gara denok irizkide izango, eta eskerrak! Baina pentsatu nahi nuke nork bere inguruan izango dituela adiskide maiteak, eta inori gutunak idaztea aukera literarioa izango dela, eta ez beste komunikazio-biderik uzten ez zaigunerako zirrikitu komunikatiboa.

(Egileen zerrenda erantsiko dut hemen: Aurelia Arkotxa, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Lutxo Egia, Julen Gabiria, Lander Garro, Arantxa Iturbe, Koldo Izagirre, Karmele Jaio, Anjel Lertxundi, Itziar Madina, Xabier Mendiguren, Laura Mintegi, Xabier Montoia, Jokin Muñoz, Paddy Rekalde, Pablo Sastre, Iban Zaldua)

Xabier Mendiguren 2005/12/02

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.

Azken erantzunak
herri hizkera egoitz, 2009/10/28
liburua julen, 2008/11/29
Emakumeen eragina Amatiño, 2008/03/08
sketxa xipri, 2008/03/07
Etiketa lainoa
Alberto Barandiaran Amezketa Antzerkia Arte plastikoak Artikulu kulturalak Editore lanak Liburu kritikak Philip Roth Politika Saski Naski Sorkuntza Tene Mujika beka sexua literaturan tortura zinema