Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Baketik: Afrikatik hurbil

Luistxo Fernandez 2008/06/03 15:01

Baketik-ek espameatu nau berriro. Ze arraroa. Beren lehengusu Lokarrikoen ildotik jarraitzen dute. Baina grazia egin dit izenburuak: Afrikako errealitatera hurbiltze ikastaroa / Curso.

Ooo! E-postaren erabilpenari buruzko mintegi nigeriar bat Euskal Herrian!

Egixa-barren, Elosua

Luistxo Fernandez 2008/05/23 07:28

Asteburua lagunartean igaro genuen Elosuko bazter batean, Egixa-Barren deritzon baserrian. Duela ia 20 urte erosi zuten hondarretan zegoen etxea bi azpeitiarrek, Felixek eta Joxeanek, eta bien artean banatu. Etxearen erdia berriz jasota du batek. Besteak, garai hobeen zain edo, aldamenean du egokitua borda.

Bazter ederrak dira. Inguruaren toponimiaz buruan galderak nituela itzuli nintzen etxera. Eta gauza batzuk aurkitu:

  • Elosu zabalduago ikusten dugun arren, Elosua da auzune honen izena Euskaltzaindiaren arabera, eta -a Bizkaian baina Bizkaiko, Elosuan baina Elosuko.
  • Egixa-barren bera eta haren ingurukoak jatorri bereko erro batetik datoz, baina horren idazkeraz makina bat forma ikusiko dituzu. Hegiaga Azpikoa, Egiara Azpikoa... Egizabal eta Egidazu etxeak ere inguruan dira. Bertako ahoskeran, Egixa hori garbia da.
  • Bergarako kaletegian Egiarazpikoa da gu egon ginen etxe hori. Baina etxekoek esan zidaten Egixa-Barren horren aztarna zaharragoa ere aurkitu dut bezero bati ireki diogun webgune berri batean, Bergarako Udal Artxiboan: Egiara-Barrena. Egieder, Egiara de Abajo eta Egiara de Suso izenak ere eman izan zaizkio.


Egixa-Barren etxea 17. mendean nola saldu zen ageri da artxibo horretan, hemen. Hauxe izan zen prezioa: siete cuartas de trigo y siete de borona, y once reales en dinero. Kuarta bat zen egrrezko kaxa bat, garia neurtzeko erabiltzen zena. Hori izango ziren, gutxi gora-behera 28 litro gari eta beste horrenbeste arto, eta dirutan 11 erreal, edo 374 marabedi, edo 2,75 pezeta, hau da, 2 zentimo eurotan, inflazioa kontuan hartu barik. Zerealen neurriez, kuarta eta beste batzuez, mintzo da Ahotsak.com-en Bergarako baserritar bat (tira, Angiozar aldekoa).

Egixa-barren benta izan zen garai batean. Osintxu eta Elosu arteko bidean, autobide ondoko area horien funtzioa betetzen zuen orduan bideko bentak.

Elosua ezagutzeko ez dago Egixa-barrengo azpeitiarren laguna izan beharrik. Elizaren ondoan, abadetxea zena gaur aterpetxe da gela kolektibo batzuekin (sukaldea ere bai). Pertsona eta gauko, sei euro. Tratua egiteko, ez dakit nori deitu behar zaion zehazki, baina ondoko Ixaun jatetxean (Iriaun baserrian) galdetzen baduzu, jakingo dute.

Bi mahaingurutan EHUren Uda Ikastaroetan

Luistxo Fernandez 2008/05/21 08:07

Miramar Jauregian izaten diren EHUko uda ikastaroetan bi mahaingurutan izango naiz hizlari autengo udan, batean euskaraz, bestean gaztelaniaz.

Lehenean, Identitate post-euskaldunak gaia jarri digute neuri, Fermin Etxegoieni eta Juan Kruz Lakastari. Uztailak 15 izango da, 16.00etan, Aniztasun Berrien Harira izeneko ikastaroan.

Bigarren mahaingurua gaztelaniaz izango dut: Blogosferaren eragina: Mikro-komunitaeentzako informazioa edo masa-hedabidea? Hor izango naiz El Correoko Magonia blogeko blogari Luis Alfonso Gamez-ekin. Antolatzaileek esan zidaten Gumersindo Lafuente Soitu.es-eko zuzendaria ere izango zela hizlari baina ez dut ikusi azkena pasatu didaten egitarauan. Mahaingurua baino lehenago, hitzaldi propioa du Lafuentek. Lastima litzateke hura amaitu ostean joatea, geratuko balitz gure mahaingurura, hobeto. Soitun baino lehenago, El Mundo egunkariaren Interneteko webgunea asmatu eta indartu zuen Lafuentek. Ikastaroak izen hau du, Periodismo digital y metamorfosis en los patrones de consumo de medios, eta abuztuaren 25etik 27ra izango da. Neure mahaingurua, 27an, 12.15etan.

Titulua beste gidoirik ez dut jaso oraingoz ikastaroen zuzendariengatik (Xabier Aierdi soziologoak antolatu du lehena, Iñigo Kortabitarte Diario Vascoko Interneteko adarraren arduradunak bigarrena). Bigarrenerako, blogosfera-hedabide kontuaz, okurrituko zait zerbait, baina Aierdirenean, espero dut gidaritza apur bat gehiago emango digula hizlarioi.

Ikastaro bietarako matrikula irekita dago jada. Ekaina baino lehenago eginez gero, merkeago suertatzen da.


Lertxuna ordenagailuan

Luistxo Fernandez 2008/05/20 08:14

Ordenagailu berria erosi dugu etxerako. Marka jakinik gabeko eramangarri kloniko txinatar bat ei da. Kanpotik ezer berezirik ez, beraz, baina barrutik, hortxe du politena, Ubunturen bertsio berriko lertxuna. Ubuntu da GNU/Linux sistema eragilean oinarritutako etxerako moduko bertsio zentzuzkoena, eta bere bertsio nagusiak zenbakiz, alfabetoz eta animaliaz izendatzen dituzte. 8. eguneraketa handiari H letra dagokio, eta hortaz Hardy Heron deritzo bertsio honi. Heron bat lertxun moduko txori bat da ingelesez.

Windows erabiltzen ohituta bazaude, ez duzu ezer galtzen Ubunturekin, eta bai asko irabazi. OpenOffice paketearekin dator, eta horrek Microsoften ofimatika guztia ordezkatzen du lasai asko, batzuek uste arren powerpoint ezinbestekoa dela bizitzeko. Sistema Mac OS baino erabilterrazagoa egiten zait, halaber. Hala ere, gauzak dauden bezala, Ubuntu erabilita arazoak topa daitezke, errealista izanda. Nik bereziki, makina berri hau neure semealabek erabil dezaten nahi dut, eta hor egon daitekeen arazo nagusia da ikastolatik, liburutegitik edo zerealekin opari etor daitezkeen CD-ROM gehienak Windows-erako prestatuta daudela, eta ez dutela korritzen makina horretan. Baina horrek ere badu konponbidea: Windows-en birtualizazio bat instalatu daiteke ordenagailuan, eta horren bidez, CD-ROM horiek ikuskatu eta erabili.

Birtualizazioaren kontu hori ez dator defetkuz. Horregatik, oraindik ere, laguntza informatikoa eskura edukitzea inportantea da Ubuntu erabiltzeko. Eta nik topatu dut laguntza hori, ordenagailuak Ubunturekin saltzeko salto ausarta ematea erabaki duen informatika-denda txiki batean.

Eos Computers, Jorge Casal, Errenteria

Jorge Casalek Eos Computer denda dauka Errenterian, eta hantxe saltzen ditu ordenagailu Ubuntudunak. Igor Leturia lagunak gomendatu zidan berarengana joateko, eta gustura nago. Badaude inguruotan beste denda batzuk berdintsu ari direna, baina nik hauxe topatu dut, eta horregatik egin nahi diot propaganda apur bat. Lokal txikia du Jorgek, baina makina interesgarriz betea. Asko dakien informatikaria da, eta ultra-eramangarrietan eta punta-puntako gagdet txikietan duen jakintzak eta hornidurak harritzen du dendako bisitaria.

Itsasoak ekarri ditu harri hauek hondartzara?

Luistxo Fernandez 2008/05/14 05:09

Udaberriko ekaitz gogorren ostean, Getariako Gaztetape hondatza harriz beteta geratu da. Harrien altuera iaz horma batean zeuden dutxak estaltzearaino iritsi da. Hala ere, zalantza eta eztabaida familiarra ere badugu. Itsasoak ekarri ditu harriak? ala itsasoak hondarra eraman du?

Gaztetape 2008

Nik ez dut uste itsasoak harriak ekarri dituenik. Ez dira olatuetan surf egiten etorri. Nire teoria da hondarra kendu duela itsasoak, eta gero bai, hondar azpikoak txikitu eta mugitu ahala, bai, pilatu dituela harriak hormatik gertu. Hala ere, talasofisikaz inork gehiago baleki, eskertuko nioke informazioa.

Hondartza nagusiki harri izateak baditu bere bentajak, bestalde. Adibidez, fauna basatiarekin errazago egin daiteke topo orain.

Sandra Carrasco peajean

Luistxo Fernandez 2008/04/25 13:02

Atzo arratsaldean medio asko Arrasatera begira. Neuk ere han igaro nuen arratsaldea, bezero batekin lanean. Peajetik irten eta kabinan kobratzeko momentuan, kontxo, emakumezko gazte bat, begi haundi eder batzuk, pirtzin bat beheko ezpainean, oso neska polita, eta ezaguna: Sandra Carrasco zen, Isaias Carrasco hildako zinegotzi-ohi sozialistaren alaba. Aitaren lanpostu berean.



Begira geratu nintzen, eta konturatu zen, ezagutu nuela, beste askok ezagutuko duten bezala, hark gu nor garen jakin barik, ofizinista aspertuak bolantean besterik ez. Ez nion ezer esan, eskerrik asko bakarrik, tiketa jasotzean. Zerbait esan behar ote nion pentsatzen jarraitu nuen kotxearekin, oso indartsua eta oso duina iruditu zitzaidala nola eman zuen aurpegia aita hil ziotenean.

Iluntzean etxean, notiziak ikusten, pentsatu nuen berriro kontu hartan: inor konturatuko ote zen atzo, Arrasatera peajetik joandako kazetari guztien artean, nork zuen txanda hango kabinan, non zegoen notizia.

Gaur errepasoa egin dut han eta hemen. Kazetari bakarrari egin zaio aipagarri: M. Rueda delako bat, El Diario Montañes-erako.

Bloga aipagarri Euskadi Irratiko albistegileen artean?

Luistxo Fernandez 2008/04/25 10:46

Atzo, Juan Kruz Lakastaren Euskadi Irratiko goizeko prentsa errepaso eruditoan, eta baita arratsaldez Maite Artolaren Mezularian, blog euskaldun bat aipagarri. Volgako Batelariak aipatu zituzten!

Aibadios! Azkenean bagara zerbait!

Baina ez, alarma faltsua. Lakastak eta Artolak esandakoa ez da irten Batelarienean (zergatik ote?); paperean argitaratu dutena da notizia, paperean argitaratu dutelako. Errepaso digitalik ez dugu merezi, bizitza honetan ez behintzat. Hausnarketa agindu ostean, 2006ko abendutik hona ez dituzte beren irizpideak aldatu. Interesa non dagoen argi dute, eta badakite Clarinek egunero egunero duela zerbait interesgarria, egunero kontatzen baitigute Interneten zer dioen Argentinako kabezera horrek.

Hamar urte, eta aurrera

Luistxo Fernandez 2008/04/18 09:24

Duela hamar urte aurkitu nuen Interneten Makelist izeneko gauza bat. Arratsalde hartan bertan pentsatu nuen probatzea, ea nola zebilen. Posta-zerrendak sortzeko trasto bat zen, eta gai baten inguruan sortu behar zerbait, eta, tira, eibartar batzuen e-postak gehitu eta Eibartarrak izena eman nion. Makelist haren sorrera kontatzen da hemen, posta-zerrenden sareko sistemen historia osoago baten barruan.

Data zehatza apirilaren 18a ala lehentxeago ote zen ez nago seguru. Zerrendaren sistemak eta artxiboak migrazio bat izan zuten duela 4 urte, eta migrazio horretan, zenbaketa eta data-nahasketa batzuk gertatu ziren, baina lehen mezuen haria hauxe da.

Lehen mezuaren data okerra da, baina 2. erantzunetik aurrera, apirilaren 18ko data ikusten da. Neure seme Peru jaioberria zen egun haietan (apirilaren 9koa da), eta ez dut hortaz Eibartarrak zerrendaren adinaz duda askorik: semearen adina dauka.

 

Historia gehiago hemen kontatu dut

. Zerrendan 99 harpidedun gara gaur. Ehun izan gaitezen lagundu nahi baduzu, hemendik eman izena.

 

Zerrendaren jardunak gauza asko eman dizkit. Eibar.org elkartea, laguntaldea eta webgunea, zerrendatik sortu ziren. Neure enpresa ere, zerrendaren bidez harremana estutu genuen lagunen artean konfabulaturik sortu zen. Eta aurrera goaz: gaur arratsaldez kotxeetako TomTom nabigatzailearen ahots sistema euskaratzeko auzolan elkarketa

bat dago, eta laster egongo da horren emaitza denen eskura.

 

 

 

Aita eta amaren berbetak

Luistxo Fernandez 2008/04/17 10:10

Euskal Herriko Ahotsak proiektuan Badihardugu elkarteak egin duena sekulakoa da. Barkatuko ahal dit Asier Sarasuak inoiz adarra jo izana Eztihardugu elkarteaz berba egin izan dudala-eta... Euskararen doinua gordetzeko ahalegin paregabea, Internetez partekatzeko moduan gainera.

Aita Elgetakoa dut, Jose Luis Fernandez Zubimendi, Panaderokua etxean jaiotakoa. Gerra hasi zenean, 14 urterekin, hanka egin behar izan zuen herritik, eta handik gutxira Eibarren jarri zen bizitzen, baina bere hizkera eta doinuak beste elgetar honen tankerakoa da, duda barik.

Hau ikusteko Macromedia Flash Player behar duzu. Doan da. Jaitsi produktu hori.

Gure ama zena, Josefa Ostolaza Sarasua, Mallabiako Gerea auzoko Barrenengua baserrian jaio zen. Gereako emakume honen berbeta da hark, bideokoak bezala, ezkondutakoan Eibarrera ekarri zuena.

Hau ikusteko Macromedia Flash Player behar duzu. Doan da. Jaitsi produktu hori.

Eibarko berbetak, ostera, ez daude Ahotsak proiektuan. Eibartarren Ahotan proiektua antzeko gauza bat da. Jende bertsua ibili da batean eta bestean lana egiten, baina itxura baten trabak jarri ditu Eibarko Udalak gure herriko bozak Ahotsak honetan egon ez daitezen. Espero dut zuzenduko dela, ez bada bihar, etzi.

Japoniako komun eta bainugelak

Luistxo Fernandez 2008/03/31 11:51

Komunitate honetan blogkide dudan Oier Gorosabelek liburu txiki baten tankerako entsegua idatzi du, higienearen inguruan, garbiketa eta bainuen historia eginez. Ekialdeko ohiturak aipatzen ditu zeharbidez, eta hortaz, Japonian ezagututakoarekin osatu dezaket apurtxo bat haren lana.
 
Bainutik kanpo garbitzen dira japoniarrak (ez dakit ze epokatik), baina taburete txiki baten jarrita, baldetxo bat erabilita, enjabonatu eta ureztatu, eta toalla bustarekin igurtzitzen da bat. Bainuko zoruak berak daka desague bat beraz, eta isolatutako dago pasillotik. Banketa-aulkia ezinbestekoa da itxuraz: jateko ez dute bihar eselekurik, ezta oherik lotarako, dena lurrean egin daiteke tatami gainean; baina soina garbitzeko bai, sillatxo bat behar dute.

Hala garbitu ostean, bainera bero-beroan sartzen da bat, baina xaboi guztia kendu ostian. Ezin da bat xaboiatekin sartu bainura, ojo! Ohiturak dio bainua erlaxatzeko dela, ez garbitzeko. Etxean bat baino geihago bainatu behar badira, bainera ez da husten: denak ur berean. Dutxa-telefonoa dago ez bainera parian, handik kanpo baizik. Baineran dutxatzeko modua badago, baina telefonoa luzatuta, eskuarekin eusten badiozu baineran sartuta zaudela.

Hori etxe partikularrean ikusi dogu, Teshima-Berriozabal familiarenean. Eta Ryokan edo hotel/ostatu tradizionaletan, Onsen bainu tradizionala baldin badaukate, antzera da. Hotel eder honetan egon ginen, eta irudieetan ikusten da.

Balde biribilak buruz behera daudez, baina hor jartzen da toalla uretan, eta paretera begira, taburete batean jarrita garbitzen duzu gorputza, zure pareko grifo, telefono eta xaboiak erabilita (Shiseido markakoak, de-kalité, leku jakin honetan). Beste parrokiano batzuk ere egon daitezke leku berean. Hala garbitu osean, uretara. 40 gradu inguru, gure umeentzat beruegi, eta neuretzat ere bai, baina probatu genuen. Irten ostean, beste gela batean sikatu, eta orrazi, aitzur, aftershave eta lurrunak zure esku, guapo jartzeko.

Hirietako bainuetxe publikoetan antzekoa ei da, nahiz eta halakoetan ez garen sartu. Halako baten irudia ematen duten pantallazo hauetan ikus dezakezu, ideia bat izateko.


Neskak eta mutilak, bereizita. Baina hara ze sorpresa izan genuen Onsen horretan: arratsaldez hotelera sartzean joan ginen Peru ta biok mutilenera, eta hurrengo goizean, berriro, zuzen biok bezperako lekura: aldatuta zegoen! nesken artera sartu ginen zuzenean! Shinchan eta bere aita, marrazki bizidunetan bageunde bezala! enfin, kanpora irten eta bai, abisatua zegoen, ezker-eskuma kanbiatuta zeuden gizon-andrazkoen kartelak. Zergatik? bainua relaxa delako batik bat, eta ezker edo eskumakotik bista desberdina zegoelako, baten kristalerak
zuhaizti-lorategi batera ematen zuen, eta besteak banbu artera. Bezeroei bi bistak eskaini ahal izateko, egunero aldatzen da andren eta gizonen Onsen posizioa.

Horrez aparte, etxe, hotel eta abarretan, komun elektronikoak, beroketa automatikoarekin eta txorro-garbiketakin, zuzenean ura ipurtzulora apuntatuta... Baina adi! modernokeria hauek, Western Style komunetan dira, inodoro aborigen naturala, Japanese Style (toki batzuetan hala bereizten dira batzuk eta besteak) beste hau da, lurreko zuloa, alde batean altxatutako parte batekin:



Wikipediako gaztelaniazko artikulu honek detaile asko ematen ditu. Puskarrak disimulatzen dituen audio-gailuren baten aipua egin zigun baten batek, baina ez nuen Wikipediako zera horretan aipatzen den soinu-printzesarik aurkitu. Ikusi ditudan beste gauza praktiko batzuk:

  • komun publikoetan ume txikia paretean "kolokatzeko" trasto bat, ez dadin zikindu lurrean zurekin daroazunean,
  • tapa garbitzeko (aurretik inor egon denean, badakizue), sprai berezi bat papera haren lurrin usaintsu eta desinfektatearekin busti eta
  • harekin garbitzeko tapa: honen funtzionamendua igarri genuen, ze irudi grafikoz dokumentatzen zuten (eskerrak!)
  • Wikipediako artikulu horretan aipatzen den beste kontu bat ere bai, komuneko zapatilena, etxean zein hoteletan egoten dira jarrita. Asisko Urmeneteari ere atentzioa deitu zion xapin edo zapatillen kontu horrek Japonian izan zenean.
  • zisterna betetzeko bonba bota ostean, goitik, kanilla batekin, eskuak garbitzeko: komun publikoetan gutxi, baina etxeetan, ohikoa.


Komuna esateko ere estranjerismo bat erabiltzen da: toireto. Eta Western zein Japanese, toireto denetako gailuak Toto markakoak. Markarik badago alde guztietan ikusiko duzuna Japonian, Toto da hori, komun guztietan. Toyota autoak, Sony elektrogailuak edo Kirin garagardoa baino gehiago, Toto da errege.

 

 


Artikulu hau ilustratzeko, Anime film bateko irudiak erabili ditut. Tekkon Kinkreet, estetika izugarriko film japoniarra da, baina zuzendari eta gidoilariak estatubatuarrak dira. Iñaki Eraunzetamurgil lagunak pasatu zidan film zoragarri hau duela hilabete batzuk.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2025 2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004