Hamar urte, eta aurrera
Duela hamar urte aurkitu nuen Interneten Makelist izeneko gauza bat. Arratsalde hartan bertan pentsatu nuen probatzea, ea nola zebilen. Posta-zerrendak sortzeko trasto bat zen, eta gai baten inguruan sortu behar zerbait, eta, tira, eibartar batzuen e-postak gehitu eta Eibartarrak izena eman nion. Makelist haren sorrera kontatzen da hemen, posta-zerrenden sareko sistemen historia osoago baten barruan.
Data zehatza apirilaren 18a ala lehentxeago ote zen ez nago seguru. Zerrendaren sistemak eta artxiboak migrazio bat izan zuten duela 4 urte, eta migrazio horretan, zenbaketa eta data-nahasketa batzuk gertatu ziren, baina lehen mezuen haria hauxe da.Lehen mezuaren data okerra da, baina 2. erantzunetik aurrera, apirilaren 18ko data ikusten da. Neure seme Peru jaioberria zen egun haietan (apirilaren 9koa da), eta ez dut hortaz Eibartarrak zerrendaren adinaz duda askorik: semearen adina dauka.
Historia gehiago hemen kontatu dut
. Zerrendan 99 harpidedun gara gaur. Ehun izan gaitezen lagundu nahi baduzu, hemendik eman izena.
Zerrendaren jardunak gauza asko eman dizkit. Eibar.org elkartea, laguntaldea eta webgunea, zerrendatik sortu ziren. Neure enpresa ere, zerrendaren bidez harremana estutu genuen lagunen artean konfabulaturik sortu zen. Eta aurrera goaz: gaur arratsaldez kotxeetako TomTom nabigatzailearen ahots sistema euskaratzeko auzolan elkarketa
bat dago, eta laster egongo da horren emaitza denen eskura.