Lertxuna ordenagailuan
Ordenagailu berria erosi dugu etxerako. Marka jakinik gabeko eramangarri kloniko txinatar bat ei da. Kanpotik ezer berezirik ez, beraz, baina barrutik, hortxe du politena, Ubunturen bertsio berriko lertxuna. Ubuntu da GNU/Linux sistema eragilean oinarritutako etxerako moduko bertsio zentzuzkoena, eta bere bertsio nagusiak zenbakiz, alfabetoz eta animaliaz izendatzen dituzte. 8. eguneraketa handiari H letra dagokio, eta hortaz Hardy Heron deritzo bertsio honi. Heron bat lertxun moduko txori bat da ingelesez.
Windows erabiltzen ohituta bazaude, ez duzu ezer galtzen Ubunturekin, eta bai asko irabazi. OpenOffice paketearekin dator, eta horrek Microsoften ofimatika guztia ordezkatzen du lasai asko, batzuek uste arren powerpoint ezinbestekoa dela bizitzeko. Sistema Mac OS baino erabilterrazagoa egiten zait, halaber. Hala ere, gauzak dauden bezala, Ubuntu erabilita arazoak topa daitezke, errealista izanda. Nik bereziki, makina berri hau neure semealabek erabil dezaten nahi dut, eta hor egon daitekeen arazo nagusia da ikastolatik, liburutegitik edo zerealekin opari etor daitezkeen CD-ROM gehienak Windows-erako prestatuta daudela, eta ez dutela korritzen makina horretan. Baina horrek ere badu konponbidea: Windows-en birtualizazio bat instalatu daiteke ordenagailuan, eta horren bidez, CD-ROM horiek ikuskatu eta erabili.
Birtualizazioaren kontu hori ez dator defetkuz. Horregatik, oraindik ere, laguntza informatikoa eskura edukitzea inportantea da Ubuntu erabiltzeko. Eta nik topatu dut laguntza hori, ordenagailuak Ubunturekin saltzeko salto ausarta ematea erabaki duen informatika-denda txiki batean.
Jorge Casalek Eos Computer denda dauka Errenterian, eta hantxe saltzen ditu ordenagailu Ubuntudunak. Igor Leturia lagunak gomendatu zidan berarengana joateko, eta gustura nago. Badaude inguruotan beste denda batzuk berdintsu ari direna, baina nik hauxe topatu dut, eta horregatik egin nahi diot propaganda apur bat. Lokal txikia du Jorgek, baina makina interesgarriz betea. Asko dakien informatikaria da, eta ultra-eramangarrietan eta punta-puntako gagdet txikietan duen jakintzak eta hornidurak harritzen du dendako bisitaria.