Ordena zaharra vs. ordena berria
Fareed Zakaria Newsweek aldizkariko editorea da, eta CNNko GPS elkarrizketa programako aurkezle, besteak beste. Munduko zati honetan ibili zen duela egun batzuk The Post-american World liburuaren promozio tourrean (honetan ere, besteak beste).
Aukera hori ez zuten alferrik pasatzen utzi La Vanguardia periodikoaren kontrazaleko La Contra atalekoek. "Mundua antiamerikarra zen eta gaur jada postamerikarra da" esaldia nabarmendu dute tituluan bertan.
Esaldi azpimarragarri batzuk daude tarte horretan. Munduak dituen arriskuei buruz galdetuta, zera erantzuten du:
"Benetazko arriskua ez da terrorismoa, boterearen mahaian etorri berriei tokia egitea baizik. Lege historikoa da: gora begira dagoen potentzia bat boteretsuen mahaian hartzen ez dutenean, dagoen mundu ordena lehertarazten saiatzen da eta berea sortzen".
Komunikabideen etorkizunari buruz, berriz:
"Alde egindako publizitatea, ez da bueltatuko. Eta lehen iragarkiek finantzatzen zutena, orain irakurleek pagatu beharko dute. (...) Irakurle gutxiagok gehiago ordainduko dute. Periodiko bat produktu oso garestia da, merkeegi saltzen zena dirulaguntza publizitarioagatik".
Demagun Google iritsi berria dela. Gozoak daude Murdoch eta beste jauntxo batzuk berarekin. Newsweek atarian topatu dugu jauntxoen esaldi hau: "Beraiek (komunikabide taldeetako buruek) diote Google dirutza ari dela egiten beren edukiak inolako lotsarik gabe hartuz eta beraiek zuzentzen dituzten periodikoak negoziotik kanpo utziz".
Gauzak horrela: Google-k lehertarazi al du jada ordena zaharra?
Mikel Iturria. Ordena zaharra vs. ordena berria. Aktan jasoa. Sustatu. 2009-10-10.
eMarketina kultur esparruan
Esan bezala, SGAEk eta Fundación Autor erakundeek antolaturiko jardunaldian egon naiz aste honetan. eMarketina kultur esparruan ikastaroa urriaren 7an egin zen Bilboko Merkataritza Ganberan, goizeko 9:00etatik eguerdiko 14:30era. Laster, hizlari bakoitzak erabilitako materiala sarean jarriko ei dute, baina oraingoz ez dago. Hori iritsi bitartean, hona hemen niri apunte batzuk. Bi post egingo ditut.
Antolatzaileen ongi etorriaren ondoren, Ángel San Segundo irakasleak zentratu zuen gaia. CRM erraminta aurkeztu zuen eta, batez ere, zergatik den nahitaezkoa bezeroak ezagutzea. Hartutako apunteen artean esaldi hau: bezeroen % 20a dira gure bezerorik onenak. Beraz, badaude zenbait bezero errentagarriak ez direnak. Galdera-erantzunen txandan, batek galdetu zuen zergatik frakasatzen duten hainbeste CRMk. Gaizki egiten delako, noski.
Goizeko ponentziarik ederrena Maryam Ashgarirena izan zen. Londresko Barbican Centre erabilera anitzeko guneko eMarketin arduraduna da Maryam. Besteak beste, London Philarmonic Orchestrak du bertan egoitza. Urtean 1000 ekitaldi baino gehiago egiten dituzte, 13 milioi libera esterlinako diru sarrerak eta 2 milioi online bisitari dituzte. 280.000 e-list suscribers dituzte. 360 ºko eMarketin toolbox aurkeztu zuen, baina hobe hau beste post batean garatzea.
Mario Rigotek hartu zuen hitza kafe tartearen ondoren. SGAEren La Central Digital enpresako zuzendaria da. 120.000 track kudeatzen dituzte eta beraien lana material hori sare digitaletan kolokatzea da. Diskurtso garatua du, baina hartutako oharrak errepasatzerakoan esaldi potoloak kolatu zituela konturatu naiz.
Adibidez, abila iruditu zitzaidan planteatu zuenean balioaren % 80a iristen zaiola sortzaileari. Gainerakoa, La Central Digital eta dagokion atariaren artean banatuko da, beraz. Bertaratutakoei gomendatu zien alter ego bat izateko sarean, erakundearentzat lana egingo lukeena. Horrela idatzita, itsusi geratzen da, ezta?
Blogari batzuei prentsa-ohar jakin batzuk filtratzearen aldeko agertu zen. Horrelako gauzak maisuki egiten omen ditu Apple-k.
Reverbnation plataformaz aritu zen, zaleak edo fan-ak kudeatzeko erraminta aproposa omen da. Garrantzitsua da gure erabiltzaileak guretzat aritzea lanean.
Spotify, musika streamingean entzuteko zerbitzuari dagokionez, aipatu zuen jada bi milioi erabiltzaile zituela Espainian. Eta oso plataforma potentea dela publizitatea egiteko. Galdera-erantzunetan, musikari gisa agertu zen pertsona batek galdetu zion ea nola iristen zen sortzailea Spotify-ra. Mariok erantzun zion La Central Digital edo antzeko zerbitzu bat behar-beharrezkoa dela, Spotify-rekin ezin omen duzu traturik egin zuzenean. Urte hasieran aipatu genuen hemen diskoetxe handiak daudela tartean eta Mariok ideia hori berretsi zuen. Nire oharra: 2.0ak ez al zituen ba bitartekariak kenduko?
Tuenti, gazte espainiarren sareari dagokionez, 6 milioi erabiltzaile ei ditu une honetan. Estefanía abeslariaren lantzamendua tuentin egin berri dute. Sare horrek 14-25 urte bitarteko 2.300.000 erabiltzaile baititu. Oso arrakastatsua suertatu omen da kanpaina.
Demini enpresako David Sánchez Mateoren jarduna ez zitzaidan interesatu.
Fundación Autor-ek Espainiako Erresumako laupabost tokitan egin ditu jardunaldi hauek. Toki bakoitzean bertako bi adibide on erakutsi ditu. José Antonio Pérez aka Mi Mesa Cojea eta datorren urtean zabalduko duten Alhóndiga gunea izan ziren Bilboko gonbidatuak.
Pérez Espainiako blogarien artean punta puntako bat da. Egun horretan bertan, gauean, agertu zen Mi Mesa Cojea Nick dut Nik telebista saioan. Tipoak argi eta garbi hitz egin zuen. E-mailak bidaltzen omen dizkiote produktu edo gauza ezberdinei buruz berak berba egin dezan. Azken asteko hiru adibide erabili zituen.
Txarra, Muchachada Nuik duela gutxi atera duen DVD sorta ezagutzera emateko, prentsa-oharra bidali zion enpresak. Lagunak ei dira, baina praktika oso txarra. Spam.
Erdipurdikoa, Bayleys enpresarena. Ez nion oso ondo ulertu, baina, behintzat, mezu pertsonalizatua bidali omen zioten.
Ona, Eitb.comeko Lontzo Sainzek bidalitako mezu bat. Beta tester moduan-edo aritzeko martxan jarri behar duten sare bat probatzeko.
Unean bertan, ez zitzaidan gustatu Pérezen jarduna, baina, gero, horrelako gauzak kontatzeko eraman zutela konturatu nintzen. Beraz, eskatutako papera bete zuen.
Bárbara Epalzak, berriz, Alhóndiga eraikin enblematikoan egin behar duten proiektuak internet nola erabili duen erakutsi beharrean, beste gauza batzuk kontatzen aritu zen. Hau da, ez zuen aukera aprobetxatu.
Berak kontatu zuen bezala, zarata hutsa iruditu zitzaidan urte hasieran egin zuten flashmob izeneko ekimen bat. Lost in Bilbao-ko jendea zegoen tartean eta agian ni torpe samar nengoen egun horretan. Baliteke, baina ez zen sentsazio horrekin geratutako bakarra.
Ondoren, nahi zuenak SGAEk kudeatuko duen Campos antzokia ikusteko bisita zegoen, baina gu ez ginen hurbildu. Ea zer egiten duen erakunde horrek gune horrekin. Onerako izan dadila jarri behar nuen, baina ez dut konfiantza askorik.
Bigarren zatian, Maryam Ashgariren partehartzea: Barbican Centre, eredugarri kultur esparruko eMarketinean.
eMarketing cultural, este apunte en castellano.
Uste baino kaikuagoak?
Aurreko batean entzun nion pertsona bati, Zinemaldia antolatzen duen taldeak ez zekiela nori begira prestatu jaialdia. Hau da, bertako prentsan (española barne) oso emaitza kaskarrak lortzen dituzten filmek, mundu mailako puntako aldizkarietan nota altuak lortzen zituztela. Eta hemengoentzat gustukoak ziren filmak, berriz, iritzi eskasak jasotzen zituztela aipatu tribunetan.
Hau da, Campanellaren filma (El secreto de sus ojos) Donostiara iritsi zela puntako beste jaialdi batean ez zutelako onartu. Bruno Dumont-en Hadewijch, aldiz, eliteko beste jaialdi bati kendu ziotela eta urteko filmik ederrena dela lehen aipatutako zine aldizkarientzat.
Hori guztia ostiralean entzun nion. Ostiralean bertan David de Jorge gonbidatu zuten urriko Pintxos and Blogs ekitaldira (hona hemen De la Maza eta Mak Gregoryren kronikak). Davidek kontatu zuen Frantzian pasa zuela urtebete goi mailako jatetxe batean. Bueltan, Gasteiza ekarri zutela aipatu chefa, halako batean, eta David bera gonbidatu bitartekari lanak egitera. Daviden ustez, frantsesak oso plater bikainak mahai gaineratu zituen, baina bilera hartan zeuden gehienei, sukalde kontuetan ustezko adituak, ez zitzaien batere gustatu edo, behintzat, pega asko jarri zituzten.
Ireki parentesia. David ganberroak ederra egin zuen: berak itzultzen zizkion frantsesari besteen iritziak, baina berak nahi bezala. Hau da, itzulpen sui generis. Itxi parentesia.
Egun berean entzundako bi pasadizo hauek, galdera hauek utzi dituzte nire buruan: Uste baino kaikuagoak gara? Ez al gara uste dugun bezain kosmopolitak? Zilborrari begira jarraitzen dugu hura gizentzen den bitartean?
Ez erantzun, mesedez. Oraindik ez, behintzat. Goazen publizitatera.
Igual no somos tan cosmopolitas, este apunte en castellano
Durangoko Azokari begirako musika uztaren zenbait ale
Lehenengoa, irailaren 14an hain zuzen ere, Berri Txarrak taldea izan zen. Payola diskoarekin beste koska bat gorago egiteko prest daudela dirudi: Roadrunner diskoetxearekin kaleratutako lana, Steve Albiniren produkzioa, Espainiako zerrendetan (AFYVE) 7. diskorik salduena pasa den astean, kritika on batzuk jaso dituzte jada...
Irailaren 30ean, berriz, Bide Ertzean taldeak aurkeztu zuen urte hasieran Tolosan grabatutako emanaldi elegante eta hunkigarri hura. Leidor Sessions CD-DVD formatuan atera du Gaztelupeko Hotsak zigiluak. Kontzertu batzuk ematekoak dira azaroan eta apuntatu dut agendan azaroaren 6an Andoaingo Basteron emango dutena.
Jabier Muguruzak hamargarren diskoa publikatu berri du. Elkar utzi du berriro eta Madrilgo Resistencia diskoetxearekin ikusi du argia Taxirik ez lanak. Urriaren 30ean Donostiako Lugaritzen ikusteko asmoa daukat. Azken bi diskoetan hirukote formatuan aritu da zuzenean, baina bateria eta baxua berreskuratu ditu irundarrak eta ikusiko dugu ea zer formatuarekin aritzen den taula gainean.
Anarik, aurrekoan bezala, Bidehuts mekanismoarekin Irla izan lana publikatuko du. Eta azaroaren 5ean egongo da Donostiako Gazteszenan (Egia Kultur Etxean). Maite Goñik bota zuen pasa den astean asko gustatu zitzaiola Anarik primizian erakutsitako lana. Eta guk sinisten diogu. Amen.
Ruper Ordorikak ere kontatu zuen bere gunean ekainean Brooklyn-en egon zela grabatzen disko berria, azaroan kalera irtengo dena. Donostiako Antzoki Zaharrean arituko da abenduaren 17an, 90eko ostegunetako emanaldi haiek gogoan, asko maite dudan gunea. Oñatiarrak Elkar diskoetxearen aterpea izango du.
Bost euskal abeslari edo talde, bost bide. Krisiak krisi.
Parte de la cosecha musical para Durango, este apunte en castellano.
