Telebista telebisiyua zenean
Hegoaldeko askok gogoratzen ditugun Espainiako telebisten bi une.
Fernando Arrabal, hordituta, milenarismoaz hitz egin nahian, Fernando Sánchez Dragóren TVEko saio batean.
Francisco Umbral, haserre, Antena 3 telebistaren beste saio batean, bere liburuari buruz berba egin nahian. Aurkezle lanetan Mercedes Milá.
Mozkorra desagertu egin da panoramatik. Beste hirurak, nola edo hala, jarraitzen dute lehen lerroan.
Elkano Browning Cream Victoria Eugenian
Victoria Eugenia Antzokian egon naiz Elkano Browning Cream taldearen emanaldia ikusten. Azken aldiz, 2000ko udaberrian egon nintzen teatroan. Gaur euria ari zuen sartzerakoan. Beraz, korrika eta presaka egin dugu barrurantz. Kanpoko obrak amaitu gabe daude oraindik eta eguraldi honekin ez zen giro (itoginak pergolan). Barrukoari ere gutxi erreparatu diot, baina uste dut jende asko zegoela.
Mikel Azpiroz donostiarraren proiektua da Elkano Browning Cream. Duela bi urteko formatua aldatuz (Fran Iturbe eta Karlos Aranzegi), kanpoko bi musikarirekin elkartu da diskoa grabatzeko: aspaldiko laguna duen Matt Harding, New Yorken bizi den Salt Lake Citytarra, eta Frank Mantegari paristarra, Alpha Blondy reggae taldeko bateria izandakoa zortzi urtez.
Gaztelumendiri irakurri diogu Berri Txarrak rock talde nafarra hemendik kanpo dabilela gora eta behera. Ez da makala ere Azpirozek gidatzen duen hirukoteak daraman bidea. Txina-AEB-EHn grabatutako diskoa, Europan eta Amerikan ari dira aurkezten (ikusi bira). Hilabete honetan Estatu espainiarrean ariko dira eta aukera izango duzue zuzenean ikusteko.
Zer eskaintzen duen EBCk? Musika beltza. Groovy, man! Ez zuten jende aproposena gaur aurrean (publikoa irrikitan dago antzoki berritua ikusteko eta askori bost axola zaio eskaintza), baina gozatu dutelakoan nago. Organoa, bateria eta gitarra, denak maila berean lerratuta. Argi gutxi, gehienetan estatikoa. Nahikoa zen gaur musika.
Bateriari begirik kendu gabe egon naiz ia emanaldi guztian. Izugarri gustatu zait.
Zizka-mizka sarean
Igande goiz honetan alferkeriaz ordenagailuaren aurrean harrapatutakoak.
Bittori
Aurkeztu ez badute ere, gaur ikusi dut sarean dagoela Victoria Eugenia antzokiaren webgunea.
Doka
Lagun batek esan zidan Antiguako Kandela zena kafe antzoki bihurtzekotan dagoela. Izena ere aipatu zidan: Doka. Webgunearen erregistroa egina dago, enpresa sortuta dago ere: Doka Kafe Antzokia.
Laster jakingo da ekimen honen bultzatzaile direnen izen-abizenak, euskal kultura eta kirolaren bueltakoak, kontatzen dutenez. Zorterik onena opa nahi diet.
Fermin
Never say never again. 2004koa azken bira izango zela esan ostean, aurten ere ekingo dio Muguruzak lau hilabeteko tourrari. Europan abiatuko da apirilean (Paris, Durango, Donibane Garazi, Viña Rock…) eta Amerikan izango du jarraipena maiatzean (Mexiko, Kuba, Venezuela).
Laboa
Donostian ere ez. Bertan behera geratu da apirilean Laboak egitekoa zuen kontzertua. Martxoan Tolosan egitekoa zuena erori ondoren, apirileko guztiak geratu dira bazterrean.
Gertuko norbaitek, maitasunez, esango al dio, bapo, amaitu da? Eszenatoki gainean zenbat sufritzen duen jakinda, mediku-arrazoiak argudiatzen dituztela ikusita.
Zapiain
Ez da gaurkoa, baina astekoa bai. Garraio publikoaren aldeko mezu argia, gure filosofo kontenplalariak Bilboko metroan entzundakoa hamasei urteko neska bati: "vamos a ponernos de pie tía porque entre el tracatrá este y el piercin que llevo en el coño es que me voy a correr".
Manque mierda
Garai bateko Betis gustuko nuen; talde atsegina, zalego are atseginagoa (manque pierda). López Ufartek aste honetan kontatu du taldea Bigarren Mailara jaitsi zenean, abonatu eta bazkide kopurua igo egin zela laurogeigarren hamarkadaren bukaeran.
Gaur egungo jabeak boterea hartu zuenetik, gauzak asko aldatu dira. Ez da han bakarrik gertatu, futbola (eta ingurua) asko kakaztu baitira, han eta hemen.
Gehienok jakinaren gainean egongo zarete. Pasa den asteazkenean, otsailaren 28an, Betis eta Sevilla taldeen arteko norgehiagoka jokatu zen lehenengoaren zelaian. Jokoan Kopan urrats bat ematea, finala jomugan. Kanouték kanpoko taldea aurreratu zuenean, bigarren zatiaren hasieran, norbaitek botila bat jaurti eta buruan seko jo zion Juande Ramosi, Sevilla taldearen egungo entrenatzaileari, lehenagotik Betisen prestatzaile izandakoari. Ramosek konortea galdu zuen eta esku-ohe batean atera behar izan zuten bertatik. Partida bertan behera utzi zuen epaileak.
Gau hartan telebista kate ezberdinetan bota zuten irudia. Etxeko taldearen presidente den José León Gómez jaunak komunikatua irakurri zuen kameren aurrean:
"El Consejo de Administración del Real Betis Balompié, sus técnicos y jugadores lamentan el incidente que de forma puntual y aislada ha ocasionado la suspensión del partido de cuartos de final de la Copa del Rey entre el Real Betis Balompié y el Sevilla Fútbol Club".
Hori baino puntu gehiago ditu agiriak, baina hemen egingo dut planto.
Galdera: edozein biolentzia-motaren aurrean, behin eta berriro gaitzespenak eskatzen dituztenek, ahorik zabaldu al dute oraingoan?
Loretopetik (XII) Bittorik beste hiri batekin egingo du topo
Irutxuloko Hitzan martxoaren 2an argitaratutakoa.
Nahi baino gehiago iraun duten berritze lanen bueltan, hilabete honetan abiatuko da XXI. mendeko Victoria Eugenia Antzokia. Etxafuegoak inaugurazio gala bakarrean edo publiko anitzaren gustuko programa osatuz izan behar ote duen polemika antzua alde batera utzita, 2006ko maiatzean Donostiako Kultur Proiektuen berri emateko Topaketetan Miguel Martínek adierazi bezala, beste hiri batekin egingo du topo teatroak.
Victoria Eugeniaren kudeaketari dagokionez formula berri baten bila aritu dira agintariak azken hilabeteotan. Urrian zurrumurru zena, San Sebastian egunaren ondoren behin-betiko erabakia izateko bidean da. PSE-EE eta EAJ alderdiek Donostia Kultura enpresa-erakunde publikoa egiteko akordioa hartu zutela jakinarazi zuten. Horrek zer esan nahi duen? Funtsean, Zuzenbide Pribatuaren eremupean sartzea aipatu erakundea.
Bertako langilea izanik, nire ikuspegia ez da objektiboa, baina beste zenbait udal elkarteren ibilbideari erreparatuz gero, ez dakit ezer onik ekar dezakeen erabakiak. Badakigu ere asko aldatzen ari direla gauzak eta bizitza guztirako enplegua pasa den mendeko kontua izango dugula laster. Malgutasunak agintzen du, besteak beste.
Nortasun juridiko berria legegintzaldi honetan gauzatu nahi dute eta hain garrantzitsua den erabakia presaka aplikatu. Gauzak horrela, kezkatuta utzi nau aldaketa prozesua nola komunikatu diguten langileei. Felipe González bezala, langileen ordezkariak komunikabideen bidez enteratu omen ziren bi alderdien arteko akordioaz.
Otsailean kezka iturri izan zen ere Urgulleko magalean dagoen Guardetxea norbaitek erre egin duela jakitea. Pena hartu nuen horren berri izandakoan. Toki atsegina delako, jarduera interesgarri asko egiten dituztelako, auto-kudeaketaren kultura hirian bizirik mantentzeko balio duelako. Besteak beste.
Egun horretan bertan betiko Donostiak atsegin handiz hartuko zuen beste albiste batek zer pentsatua eman zidan: Orfeoi Donostiarrak gune berria eraiki nahi duela Miramonen. Tartean, 1500 lagunentzako auditorioa. Harrigarria egin zitzaidan, iazko maiatzean izandako jardunaldi haietan proiektu horren berri inork eman ez zuelako. Gizarte-mota honek hain gustuko dituen beste proiektu erraldoi bat?
Hiriaren sinbolo diren elkarte eta erakundeek bezala, Reala kasu, Orfeoiak politikarien ateak joko ditu. Hauteskunde atarian, ate horiek argazkia egiteko zabalduko dira. Gero, gerokoak.
Guardetxeari dagokionez, berriz, zenbait udal agintarik trabak jartzen hasi dira jada. Soberan dute gune hori.
Igual ez da hainbeste aldatu hiria, Bittori.
