Topaketak-Encuentros (II), hiru administrazioen kultur proiektuak
Ramon Etxezarretak jendea agurtu ondoren, Miren Azkarateri eman dio hitza. Gero, Joxe Joan Gonzalez Txabarrik eta Odon Elorzak egin dute berba.
Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritza
Euskaraz hasi eta gaztelerarekin tartekatuz hitz egin du kontseilariak. Ez dut apunte askorik hartu, tokia, tonua hartzen ibili bainaiz, ingurua ezagutzen.
Azkaratek kontatu du nola 2001eko maiatzaren 10ean hiru erakundeek (Jaurlaritza, Aldundia eta Udala) sinatu zuten akordioa Tabacaleraren egitasmoa aurrera eramateko. Local-global horretan jardun beharraz eta Estatuan zein Europan erreferente bihurtzeko beharraz. Karlsruheko adibidea aipatu du, jardunaldi hauetan aurkeztuko zaiguna.
Tabacalerako egitasmoan, San Telmorentzat jartzekoa zuten dirua bideratu zutela esan du Azkaratek.
Donostialdean daramaten beste zenbait egitasmoren berri ere eman du. Denentzat ezagunak: EITB eta EOS, baita Errenterian dagoen Eresbil ere.
Joxe Joan Gonzalez Txabarri, Gipuzkoako Foru Aldundia
Kepa Kortak hartu du hitza. Alkatea berandu datorrela esateko. Txabarri aldun nagusiak hitza hartu eta minutu batera sartu da aretoan Odon.
Joxe Joanek kultur proiektuak ditu aipagai. Koldo Mitxelena Kulturunea, Arteleku(harribitxia dela esan du), Santa Teresa (Alde Zaharrean dagoen eliza, tesoro arkeologikoa). San Telmorekin batera Gipuzkoako memoriaren lerroburu izan behar duela Santa Teresak.
Dirulaguntzak, bekak eta fiskalitateak dituen aukerak erabiliz 13 milioi euro banatu direla iaz kultura, kirola eta hizkuntz normalkuntzan.
Haria galdu eta, bote prontoan, "kultura gastronomikoa" hitza entzun dut. Donostia kultur hiriburua dela, baina berak Gipuzkoa Hiria kontzeptua aipatu du, Euskal Hiriaren barruan.
Etorkizunari begira, hiru ildo nagusi:
Koldo Mitxelena erakundea: erreferentziazko erakundea izango da programazio eta produkzio propioak bultzatzeko. Eztabaida zabalik dago.
Irungo URI eraikina: Gipuzkoako kultur sistemaren hornitzailea izango dena. URI, Unión Radio Irun enpresaren pabiloi zahar bat da.
Informazioaren gizartea: e-gipuzkoa. Erronka: sarean lan egitea.
Odon Elorza, Donostiako Udala
Alkateak hartu du hitza 11:05ean. Lehen hitzak euskaraz. Irakurtzen hasi da, baina berehala utzi du eta gazteleraz jarraitu du. Gogor.
Auzoetan dauden kultur etxeen sarea kenduta, ez dugu lehen mailako ekipamendurik. Autokritika egin beharra dago: ondo daude ekipamendu handi horiek barrura begira, baina motz gelditzen dira hiriak aurrera egin dezan. Kultur berpizkundea aipatu du.
Anbizioa behar dugu: kalitatea eta berrikuntza. Iparraldea eta Bilbo, Euskal Herria ere bai.
Autobonboa: ez dago Espainian, gure tamainako hiririk egun ditugun antzeko kultur proiektu eta erronka hauetan sartuta dagoenik.
Victoria Eugeniak ia 21 milioi euro behar ditu. Estatuak ia 9 milioi jarriko ditu. Euskal Herriko antzokirik onena izan behar du, Arriaga antzokiarekin batera. Ballet Biarritzek bigarren egoitza behar duela bertan. Eta Iparraldeko beste zenbait talderekin egin beharreko harremanaz jardun du.
San Telmo martxan jartzeko, 24 milioi behar ditugu. Estatuak 8 milioi jarriko ditu. Oraindik pendiente daudela gainerako diru kontuak. Ez da izango hiriaren museoa, ez da Gipuzkoakoa ere. Euskal Herrikoa izan behar du, Bilboko Arte Ederretako Museoa bezalatsu. Gero, museoari buruzko eztabaidan, hitza hartu eta beste erakundeen laguntzarik ez badu ere, udalak aurrera egingo duela adierazi du.
Tabacaleraren kasuan hiru erakundeek jarriko dute dirua. Bakoitzak heren bat. Altadisekin itxitako tratua hiriaren, udalaren meritu izan zen. Egin zitekeen merkataritza gunea bertan, baina gure apustua kultur faktoriaren aldekoa da. Hiru erakundeak ados gaude eta erronka ederra dugu aurrera begira.
Odonek esan du hiritarrak oso gustura daudela kultur etxe eta liburutegi sarearekin. Eta auzoetan kultur mailan egin berri diren eta egingo diren inbertsioen berri eman du.
Bukatzeko, bake garaian gaudela eta harritu nauen ondorengoa: ozen esan du ez dagoela inolako interbentzionismo politikorik Donostiako kultur guneetan, ez jaialdietan, ez inon.
Topaketak-Encuentros (I), Donostiako Kultur Proiektuak
Maiatzaren 11 eta 12an, Donostiako Plan Estrategikoak, Udalarekin eta Donostia Kulturarekin batera, antolaturiko Topaketak izan dira San Telmo Museoan. Bertan, Donostian puri-purian dauden hiru kultur proiektu potoloei buruz (Tabacalera, Victoria Eugenia eta San Telmo, hor behean hirurak mapan) jendaurrean hitz egiteko aukera izan da.
Ostegun goizean, Miren Azkarate, Joxe Joan Gonzalez Txabarri eta Odón Elorza agintariek ireki zituzten jardunaldiak, Ramon Etxezarreta zinegotziak etorritakoei egindako agurra ahaztu gabe. Ordezkatzen dituzten administrazioen kultur proiektuak agertu zituzten jendaurrean, baita dagoeneko ezagunak diren liskarrak ere.
Kafea hartu ondoren, San Telmo Museoari buruzko gogoeta etorri zen. Juan Velázquezek moderatu zuen Antoni Nicolau, Bartzelonako Hiriko Historiaren Museoko zuzendaria, Víctor Cageao, Kultura Ministerioko Estatu-Museoen Zuzendaritza Nagusiko goi kargua, eta Susana Soto San Telmo Museoko zuzendariaren arteko eztabaida. Bildutakoek egindako zenbait galdera ere erantzun zituzten.
Bazkaldu ondoren, Victoria Eugenia: Hiriko antzokia izan zen eztabaidagai. York Theatre Royal antzokiko Daniel Bates jaunak aurkeztu zuen Ingalaterrako York hiriko teatro honen zeregina, Ramon Etxezarretak gure antzokiaren erabilera proiektuaren berri eman zuen eta, ondoren, mahaingurua: Filgi Claverie (Ballet Biarritz), Norka Chiapuso (Donostia Kultura), Miguel Martin (Donostiako Jazzaldia eta Musika Bulegoa) eta Eduardo Clausen (Cultura Musical elkartekoa). Antton Azpitarte, Donostia Kulturako zuzendaria aritu zen moderatzaile lanetan.
Gauzarik interesgarrienak ostiral goizean entzun nituen. Tabacalera izan zen goizeko gaia. Lehen orduan Josep Ramoneda (Bartzelonako CCCB-ko zuzendaria) aritu zen. Ondoren, Karlsruhe hiriko ZKM zentroko Komunikazio zuzendariak hartu zuen hitza, Berhard Serexhek. Kafea hartu eta Josean Muñozek Tabacalerako proiektuari buruz esandakoak gustura entzun nituen. Mahainguruan, Joseanekin batera eta Aurkene Alzuaren gidaritzapean, Kepa Kortak (Donostiako Plan Estrategikoa), Mikel Lejarzak (Grupo Árbol, besteak beste) eta Lourdes Fernándezek (Manifesta 5 eta ARCO-ko egungo zuzendariak) egin zuten berba.
Amaieran, bezperan hitz egin behar zuen Nieto Sobejano arkitekto estudioko kide batek aurkeztu zuen San Telmo Museoko proiektu arkitektonikoa, baina ez nintzen geratu.
Prentsa idatziak jardunaldi hauei buruz jasotakoak hemen bildu ditut. Hurrengo egunean nire apunteak copyleft zabalduko ditut. Euskaraz, hemen. Gazteleraz, han.
Hiru administrazioen kultur proiektuak Donostian
Los proyectos culturales de las tres administraciones en Donostia-San Sebastián
Josep Ramoneda: kultur instalazioen etorkizuna
Josep Ramoneda: el futuro de las instalaciones culturales
Maiatzaren 14ko eguneratzea: lana uste baino potoloagoa izan da, baina amaitu dut. Norbait gustura ez badago nik haren ahoan jarritakoarekin edo beste zerbait adierazi nahi badu, hona hemen nire e-maila: iturri a bildua puntu org.
Maiatzaren 29ko eguneratzea: Plan Estrategikoaren Bulegoak jarri ditu jada bere webgunean jardunaldien laburpenak. Pdf formatuan daude:
Euskaraz eta gazteleraz
Poltsiko Antzerkia eta Literaktum Donostian
Gaur goizean zen aurkeztekoa hurrengo hiru aste bukaeratan egingo den Poltsiko Antzerkia jaialdia. 26 ekitaldi antolatuko dira auzo ezberdinetako tabernetan. Bestalde, hilabete hasieran aurkeztu zen maiatzaren 16tik 20ra, Donostiako auzoetako kultur etxeetan eta Liburutegi Nagusian, egingo den Literaktum jaialdia.
Poltsiko Antzerkiaren zikloari hasiera emango dio, besteak beste, Ander Lipus komerianteak, zenbait bertsolarirekin batera, martxan jarri duen Bertsotranpak izeneko emanaldiak. Pasa den urtean aritu ziren estreinakoz Algortan. Aurtengo Aste Santuan egon dira Aulestin eta Donostian Via Fora jatetxean, Espai Catalunya Topalekuaren egoitzan, egongo dira maiatzaren 11n, gaueko 21:00etan. Eta 18an, Intxaurrondoko Txiki Tabernan, hemen 20:00etan.
Bertsolarien artean, Andoni Egaña txapelduna eta Getxoko Fredi eta Xabi Paia anaiak daude. Antzerkiola Imaginarioan dabilen Aitor Agiriano musikariak ere hartuko du parte ikuskizunean.
Ostiralean, berriz, Larramendi kaleko Soma 107 tabernan, gaueko 23:30etan, Ajo (Mil Dolores Pequeños taldeko abeslari ohia) eta Mastretta musikaria arituko dira Striptease Cardiovascular lanarekin. Funtsean, Ajok mikro-poesiak irakurriko ditu eta Mastrettak musika jarriko du.
Maiatzaren 16an, asteartean, Literaktum hasiko da. Jaialdi hau ez dago bakarrik literatur sorkuntzari begira eta beste zenbait arte diziplina ere hartzen ditu kontutan. Iaz, zinema; aurten, musika. Besteak beste.
Honela, maiatzaren 16an, Ernest Lluch Kultur Etxean bi abeslari jarriko ditugu elkarrekin solasean. Batak, Jabier Muguruzak, jazz, pop eta literatur erreferentziak ditu abiapuntu. Besteak, El Chojín-ek, kalea izan du unibertsitate (hip-hop). Jabier ezagutzen nuen, baina Chojín-en azken diskoa berriki entzun dut eta sorpresa polita izan da. Joseba Martinek, La Jungla Sonora irratsaio beteranoko aurkezleak, jarriko ditu biak lanean eta bakoitzak nola lantzen dituen kantak ikusteko parada izango dugu.
Finean, konturatuko zineten, arte adierazpen horien (antzerkia, literatura) muga-mugan dauden beste hiru adibide hauek izan dira gehien interesatu zaizkidanak niri hemen aipatzeko. Norbaitek esango du, esaten dute, "hori ez da antzerkia" (bertsoa) edo "hori ez da literatura" (musika). Niri bost. Etiketak mundua etiketatzeko.
Foroa baino forroa
Igande arratsaldean DFoto izeneko Bideo-artearen eta Argazki Garaikidearen Nazioarteko Azokaren 3. ediziora joan nintzen. Kursaaleko kuboetan egiten den azoka da hau eta COFF fundazioak antolatzen du.
Gutxi dut esateko. Lehenengo aldiz egon nintzen feria horretan eta lekuz kanpo ikusi nuen nire burua. Interesgarria izango dela ziur nago, baina Ismael Manterola aditua ere aspertu egin zela irakurri dugu gaur.
Ostiraleko funtsa, dena den, hiriaren beste tenplu hiper-modernoan zegoen ekitaldia zen. Iban Zaldua idazleak etxean aurkezten zuen Mentiras, mentiras, mentiras liburua. 2000an argitaratutako ipuin haiek itzuli ditu Ibanek eta Lengua de Trapo argitaletxeak publikatu ditu orain.
Kasualitateak nahi izan du aurreko su-etenean idatzitako ipuin ausart haiek su-eten iraunkorraren garai honetan gazteleraz irakurtzeko aukera egotea.
Luxuzko bi aurkezle izan zituen Ibanen liburuak: Pedro Ugarte eta Juan Garzia egon ziren ring-ean.
Ring-a zergatik? Borroka egoten delako FNACen Forumean. Tokia zabaldu berritan, Jabier Muguruzaren "Abenduak 29" diskoaren aurkezpena egiteko emandako kontzertu laburrera joan nintzen. Pasa den urteko urrian izan zen hori eta orduan ez nintzen gustura geratu. Harritu ere egin nintzen tokia nolakoa zen ikusita.
Toki deserosoa zena okerragoa da egun: foroa eta kafetegia banatzeko gortina beltza jarri baitute. Batek esan zuen bezala "forro de los cojones". Honela ekitaldira joan direnek sufritu behar dute estalkiaren beste aldean kafetegiko bezeroek horrelako tokietan ohiko diren zalapartak armatzea.
FNACek jakingo du zer nahi duen. Bertan zer edo zer aurkeztu nahi duenak, edo aurkezpenera joan nahi duenak, jakinaren gainean egon dadila. Ring batean sartuko dira.
Realaren kapital handitzea zertarako
Igande arratsaldea. 17:00ak izateko hogei minutu falta dira eta Anoeta Estadiora sartu naiz. Gure mutilek beroketa ariketak nola egiten dituzten ikusi ondoren, nire eserlekua dagoen zonaldera abiatu naiz. 7. atetik sartu naiz estadiora, eskailerak igo eta gora egin dut.
Nire eserlekua dagoen tokira hurbiltzen naizenean, aldameneko bi eserlekuak uso kakaz blai daudela konturatzen naiz. Bietako batekin, gainera, usoek ezin hobeto asmatu dute.
Aldamenean nire bi lagun eseritzen dira. Badakit ez direla etorriko, baina txartela lagun batzuei utzi dietenez, eta denbora dudanez, inguruan dagoen atezain bati kontatzen diot nire arazoa. Ea norbaitek garbi dezakeen galdetzen diot. Berak ezin duela handik mugitu eta Segurtasun kabinan daudenei esateko. Bertan dagoenak, bera ez dela klubeko langile, ertzaina baizik, eta joateko beheko atera.
Sartu naizen atera, 7. atera, hurbildu, bertan dagoenari nire prolemak berriro kontatu eta lehenengo atezainaren moduan berak ezin duela handik mugitu. 8. atera joateko, han dagoela koordinatzailea.
Nire pazientzia, normalean potea akitu samarra eramaten dut, agortzear dago, baina ez dut aurpegia aldatzen. 8. atean dagoen koordinatzaileari, berriro, nire arazoa esplikatu. Hartu talkia gure lagunak. Norbaiti deitu. Haren mezuren bat jaso. Nire eserlekura joateko eta azalduko zela norbait.
Norbait azaldu? Seguru nago tokia oraindik garbitu gabe dagoela, nahiz eta igandean partida garrantzitsua jokatu behar gure mutilek.
Eserleku bakoitzean kapital handitzearen berri ematen duen foileto bana dago. Hartu foileto batzuk eta aldameneko bi eserlekuak behar diren bezala tapatu genituen.
Nire lagunen lagunak etorri ziren, eseri eta Realak nola galdu egin zuen ikusi zuten. 1-2 Sevillaren aurka.
Realaren kapital handitzea zertarako? Usoen kakak estaltzeko.
Euskal Herria Jamaika Clash, Fermin Muguruzaren disko berria
"Euskal Herria Jamaika Clash" abestiaren bideoa da goikoa.
Apirilaren 23an Zazpikan agertu zen elkarrizketa jaisterik dago negugorriak.net webgunetik. Adi ibili, aste batzuk barru kenduko baitute.
Irun-Kingston konexioa, Ferminen artikulua Berrian, apirilaren 29an. Jamaikan bizitako esperientzia kontatzen du bertan. Euskarazko testu hau gazteleraz jarri dut nik pedradas blogean.
Maiatzaren 3an da diskoaren aurkezpena. Eguerdiko 12:00etan KMn. KM 2.0.
Maiatzaren 3an, gaueko 21:30etan, elkarrizketa Bertatik Bertara telebista saioan.
Maiatzaren 4tik aurrera egongo da diskoa erosteko aukera.
Maiatzaren 3ko eguneratzea: Maiatzaren 7an ez, maiatzaren 9an, gaueko 23:00etan, ETB1ek botako omen du Ferminek Jamaikan bizitako esperientziaren berri ematen duen dokumentala.
Maiatzaren 4ko eguneratzea: atzo egin zuen KMn aurkezpena Ferminek. Koloretsua, jendetsua, desberdina. Areto nagusian 60-70en bat lagun egongo ginen.
Horrela jaso dute komunikabideek atzokoa, Haria-tik tiraka
Dena dela, blogosferan ere izan da honetaz idatzi duen pertsonarik. Adibidez Gaztelumendi aka ptx
Diskoaz egin beharko dugu berba beste egun batean. Itxura oso ona du-eta.
Maiatzaren 7ko eguneratzea: "Euskal Herria Jamaika Clash" dokumentalaren estreinaldia gaur Irungo Lakaxita gaztetxean izango da. 18:30etan izango dela dio lotura horrek, baina atzo 18:00etan izango zela irakurri nuen.
Serio Demoniok langileriari
"Aitortu behar da Sanzek gaitasun paregabea duela pertzepzio ikaragarriak izateko. Martxa honetan, esanen du pertzepzioa duela LAB, CGT eta CCOO The Organization-en aginduz saiatzen ari direla ixten Volkswagenen Landabengo lantegia".
"Ikaragarria. VWen gertatzen ari dena. Azken hiru urteotan, Landabenen 700 lanpostu desagerrarazi dituzte, langileen soldata % 10 jaitsi da eta malgutasuna areagotu da. Sindikatuen Lan Hitzarmenerako azken eskaintzak zuzendaritzaren eskaera ia guztiak biltzen ditu. Zergatik ez du onartu VWk? Epe ertainean Ekialdeko Europara alde egiteko erabakia hartua duelako, eta ihesaldiaren errua langileei egotzi nahi dielako. Zergatik? Etekin are handiagoak lortzeko. Iaz, VWk Nafarroan 18 milioi euroko irabaziak izan zituen. Mundu osoan, 1.120 milioikoak. Halere, gehiago nahi dute, eta horregatik ari dira Ekialdeko Europan lantegiak eraikitzen, egungo haren lantegiek sal ditzaketenak baino auto gehiago fabrikatzeko gaitasuna duten arren".
"Zergatik egin du Foru Gobernuak VWen alde? Hari ere komeni zaiolako errua langileei egoztea, inork ez dezan errudunik bila Diputazioan, Nafarroa industrialki Errepublika banana-ekoizle bilakatu duten agintari erregionalisten artean. Gobernuaren azken demagogia ariketa, esatea VWeko langileen greba egun bakoitzeko Foru Ogasunak milioi bat euro galtzen duela, "ospitaleak eta eskolak eraikitzeko". Edo foruzainek langileak egurtzeko borrak erosteko. Antza, zuzendaritzak malgutasunaren izenean urtean hainbat lanegunez lantegia ixten duelarik, Ogasunak ez du sosik galtzen. Enpresaburuek gero eta gehiago irabazten dute, langileok gero eta gutxiago, eta gaiztoak langileok gara, hamarkadetako borrokaz lorturiko eskubideei ez diegulako muzin egiten. To eta no".
Juan Kruz Lakasta / Zaldieroa Serio demonio, Tartea, Berria. 2006ko apirilaren 29an.
Eta diot nik: ozenago agian, argiago ezin esan.
