Artxiboa 2008
- Abendua (1)
- Azaroa (1)
- Iraila (3)
- Uztaila (6)
- Ekaina (2)
- Maiatza (9)
- Urtarrila (6)
- Otsaila (3)
- Martxoa (6)
Selekzioaren izena. Eta izana?
Asteleheneko Goienkaria
”Manifestaldi nazionala. Abenduak 27. Larunbata. 17,30. Aita Donostia. Bilbao. Esait. www.naziobatselekziobat.org.” Berria, 08-12-21
Askotan, gaiak hazi eta konplikatzen direnean, selekzioaren izenaren arazo honen kasu, gauzak bere onetik ateratzeraino, ez da txarra hasierako kontzeptuak xehe-xehe azaltzen hastea, kontua non katramilatu zen argitze aldera. Ia:
1. Euskadiko selekzioaren urtean behingo partida sinbolikoa Euskal Herria izenarenpean jokatzea aldarrikatzen da. Aldarri legitimoa, kontutan hartuta herritar askoren izana Euskal Herria izenarekin identifikatzen direla, eta ez Euskadirekin.
2. Izen bat zein bestearekin tematuta, ondorioa da ez dela partidarik izango. Ez sinbolorik, eta beraz ez dela izango horrek ateratzen zuen diru-iturririk.
Zergaitik sinboloetan tematu? Euskal Herria kontzeptua kirolean sentitzen dugulako? Kirolean batez ere sentitzen badugu kontzeptua, tira, edo kirolaren errepresentazioa oso inportantea da gure bizitzan eta beraz EH kiroletik abiatuta nahi dugu, edo aitzitik, kiroletan baino ez dugu sentitzen, eta beraz gainerako alderdietan ez dugu EHko moduan identifikatzeko premiarik.
Esan nahi dut honekin herritar gehienok mila ekintza egiten ditugula egunean EHko identifikazio barik, eta euretariko asko Espainiako herritar moduan, eta hor ez dugula inolako oztoporik ipintzen, bizitzarako traba handia izango liratekeelako.
Euskal Herri osoan hizkuntza ofiziala ez den hizkuntza batean kontsumitzen dugu. Gazteleraz idatzitako eta Espainia nazio bakar moduan oinarri duten komunikabideak kontsumitzen ditugu. Espainiako estatuko funtzionari diren epaileei konfiatzen dizkiegu geure arazorik pribatuenak. Euskal mendizale ospetsuak pasaporte espainiarrarekin iristen dira mendirik zailenetara. Berdin bidaiari euskaldun abenturazale ausartenak. Eta herritar arruntak ere, Espainiaren mugatik irteten duenean. Espainiar dihardugu behin eta berriro, inolako konplejurik, zalapartarik eta matxinadarik barik. Zertan dator orduan futbol partida sinbolikoari horren besteko garrantzia ematea, ohiz Euskal Herriko hegoaldeko futbol talde guztiak Espainiako ligan badabiltza eta horietako jokalari batzuk Espainiako selekzioan, himnoa tente eta errespetuz entzuten?
Futbola baino haratagokoa da, esaten dute, arazo politikoa egin da. Iruditzen zait arazo politikoa baldin badaukagu, eguneroko bizitzan igarriko litzatekeela arazo hori, ez bakarrik futbolean. Nago ostera eguneroko bizitzan erosoegi bizi garela Espainiar naziotasunaren magalean, eta beraz, protestarako geratzen zaigun esparru bakarra, futbol sinbolikoarena dela.
BLOGERAKO: Atzo eguerdian Astelehenko Goienkaria-rako zutabe hau idatzi ondoren, gaur goizean pentsatzen nuen inork ez duela eztabaidatu Espainiako loteriari loteria nazionala edo estatala esan. Eta gutxiago planto egin, loteriarik ez erosi, Gabonetako loteriari estatu-loteria esaten ez dioten bitartean. Ez dut sinisten Euskal Herriko selekzioa defenditzeko manifestaziora joango direnek loteria nazionalik erosi ez dutenik.
Veleia, matxista
Asteleheneko Goienkaria
“Eliseo Gil arkeologoari elkarrizketa egin diote Veleiako eskandaluaz. Ez du kasu zehatzen gainean erantzun nahi, salbu eta15. mendeko esaldi latino batez, zeharka: "nork demostratu lehen aipua 15. mendekoa dela?" Bere defentsa nagusia da bera arkeologoa denez, piezen jatorri arkeologikoaz erantzun dezakeela, baina epigrafista ez denez, ezin du erantzun idazkunez. (...) Kasu bakarrean erantzuten dio zertxobait, Homo proponit, sed Deus disponit agertzen dela-eta idazkunetan. 15. mendeko fraide baten liburuko esaldia omen da”. Sustatu 08-11-22.
Patxadarako betarik ez euskal munduak azken astean. “Edan, ian, lo” gure III. mendeko arbaso euskaldunen bizitzaz disfrutatzeko grinaz hitz egiten ziguten berbok, duela bi urte Iruña-Veleia erromatarren aztarnategi aberatsean topatutakoak, faltsuak direla iragarri zuen joan zen astean horiek ikertzeko Arabako Aldundiak eratu zuen batzorde zientifikoak. Hasieratik aho batzuk barreiatutako susmoa ofizial bilakatu zen, eta “zehaztasun falta”, “manipulazioa”, “disparateak” moduko berbak erabili dira lehen aurkikuntza “paregabetzat” jotzen zena izendatzeko.
Botatzen ari zuenari aurre egiten saiatuz, segituan atera zen Eliseo Gil, aztarnategiko indusketen zuzendaria, esanez idazkunak benetakoak direla, eta adituen txostenean agertutakoak iritzi hutsak direla, ez froga zientifikoak.
Jende askoren arreta piztuta, asko eta asko ziren froga txikiena emanda Gil-en hitzetan sinisteko gertu zeudenak. Gil-ek erakutsitakoen artean ostera, froga gutxi, erantzun gutxiago, eta horietatik, zehaztasunak ia bat ere. Erantzuten dituen galdera gutxi horien artean “Homo proponit, sed Deus disponit” esaldiaren aurkikuntzaren ingurukoa dela. Gotzon Garatek “Gizona dabil eta Jaunak darabil” moduan itzulitako hau, ez ei dago demostratzerik XV. mendeko atsotitza denik, Gil-en hitzetan. Hala ere, Sustatu-n irakurri dudanez, esaldia Thomas Kempis frailearena da, XV. mende hasierakoa.
Galderak dira orain nork eta zertarako egin dituen faltsuketok. Eta Gil-entzako edo erantzunak eduki dezaken edozeinentzako, arriskutsua izan daiteke “Homo proponit, sed Deus disponit” esaldiari bakarrik ematea erantzuna. Zeren hurrengo etor dakioken salaketa matxismoarena izan daiteke, Durangoko Liburu Azokaren kartelari gutxiagogaitik gertatu zaion moduan. Eta orduan eztabaida ez litzateke izango den ala ez den, baizik eta den ala izan behar duen, eta orduan gauzak nahastuko lirateke, eta gertatuko litzateke ez jakitea gizarteari interesatzen zaion eztabaida interesgarri batean ala zirku-ikuskizun batean gauden.
Aukeratzeko eskubideak
Zuzenbideak ematen dizkigun aukerak
Zuzenbideak gaur egun bizitzan aukera asko egiteko eskubidea ahalbideratzen digu, duela ehun urte pentsa ezinak. Aukera horietako asko zientziaren garapenaren eskutik etorri dira, zientziak bideak ipini eta zuzenbideak aitortu. Beste batzuk ostera, gizartearen eta zuzenbidearen beraren bilakaeraren ondorio dira.
Adibidez, egun emakume batek erabaki dezake haurdunaldia aurrera eraman ala ez, Kode Penalean abortua zenbait kasutan ez da zigortzen eta Espainiako Gobernuak aurreikusita dauka abortua ahalbideratzen duen epe eta kasuetako lege berri bat bultzatzea. Era berean, hiltzeko aukera ere jaso egingo da, segurasko, gutxi barru. Bernat Soria ministroak iragarrita dauka borondatezko heriotza zenbait kasutan arautu egingo dela, eta zenbait kasutan gaixoaren aukera kontutan izango dela duintasunez hiltzen utzi edo laguntzeko. Jaiotza eta heriotza aukeran.
Zailagoa zirudien beste honek, baina egun lortu da sexua aukeratu ahal izatea. Erregistro Zibilean gizon edo emakume moduan inskribatuta dagoenak eskubidea dauka bere sexu zibila aldatzeko, aurretik sexu fisikoa aldatu badu. Atsotitz zaharrak zioen zuzenbideak dena ahal zuela, gizona emakume bihurtu ez ezik. El imposible vencido, zuzenbidea eskuan, gizona emakume bihur daiteke.
Aukeratzeko gai gehiago aitortuta dauzkagu: ezkontideaz banatzeko ahalbidea, duela urte batzuk irudika ezina, eta baita ere erlijioa aukeratzeko edo ez aukeratzeko eskubidea. Are gehiago, elizatik ateratzea aukeratzea ere badago.
Besteak beste, ordea, aukera bat dugu debekatuta, alegia, nazionalitatea aukeratzea: Espainiako lurraldean jaiotakoak nazionalitate espainola daukate, bere gurasoetako bat behintzat espainola bada, eta ez daukate nazionalitate espainiarra gurasoetako bat behintzat espainola ez bada. Ez daukat ikusmen nahikorik ehun urte barru zer izango den iragartzeko, baina, zinez, gustora kilikatuko nuke aukera honen bilakaera.
Arotzaren etxean, oraingoan, zurezko goilara
Filme amerikarretan abokatu bat agertzen denean, bulego handi batekoa ez bada behintzat, istripu bat dela-eta aseguru-konpainiaren bati ziria sartu nahian ibiliko da, ziur.
Horrela, gogoratzen ditut “En bandeja de plata” filmean Walter Mathau, “Philadelphia”n Denzel Washington, eta “Juegos Salvajes”en Bill Murray. Ez da nire kasua.
Martxoaren ez naiz gogoratzen zein egunetan kolpetxo bat izan nuen kotxearekin. Eibarren sartzen Elgetatik, futbol-zelai parean, atzeko kotxeak ez ninduen ikusi kamioi bat zetorrelako frenatu nuenean, eta euri piska bat ere bazenez, atzetik kolpea eman zion neure Dacia Logan-i. Bizkarreko kolpea, sustoa eta paperak. Gauza handirik ez, momentuan.
Biharamunean ostera, lepoko mina. Latigazo cervical (zerbikaletako zartatekoa?). Medikuarengana joan, ospitalera bidali ninduen, eta egun batzuetan lepokoa erabili behar. Antiinflamatorioak, eta egun gutxitan, sendatuta. Hala ere, oraindik hilabete bat beranduago, buruko minak izan nituen, lepotik hasten diren horietakoak.
Istripuaren erantzukizuna garbia zenez, kalteordaina baino ez zen zehaztu behar. Autoa konpondu eta nire minak ordaindu. Aseguru guztiek daukaten “defentsa juridikoa” klausulan babestuta, fax bat bidali nion nire aseguru-etxeari, esanez nik nahi nuen abokatua aukeratuko nuela erreklamazioa aurrera eramateko, eta gero pasako ziola faktura.
Neure konfidantzazko abokatua, lankide Susana Gamino arduratu zen jo zidan autoaren aseguru-etxeari, Mapfreri, egin beharreko erreklamazioaz.
Gaia ahaztuta neukan arren, joan zen astean itxi zuen lankideak gaia, eta kalteordaina eman didate, indarreango baremoaren arabera:
Hamabost egun sendatu bitartean: 52,47 € eguneko, guztira 787,05 €
Istripuaren ondorioak, buruko minak, puntu bat: 652,39 €
Autobus gastuak autoa ezin erabilita: 2,79 €
Abokatua abokatuaren bezero, arraroa egin zait.
Agur Mezulariari
Mezulariako tertulian entzule fin izatetik tertuliakide izatera pasatu nintzen. Alizia ispiluaren beste aldera pasa zenean bezala.
Ez da berdina etxeko silloitik arbitroa kritikatzea edo futbol zelaira salto egitea. Gustora aritu naiz hiru denboraldiz Mezularian, baina beti zizarea tripan. Denetik egon da: egun berbatsuak, egun isilagoak, pozik bukatu ditudanak edo neure buruari “hau azkena dun” zin egin dizkiodanak. Badauka baina engantxea, mikrofonoak erakarri egiten du. Eta guztietan, lankideekin primeran, bai irratiko langileekin, bai terkuliakideekin, denak izan dira oso atsegin eta lankide on.
Orain tertuliaren formatoa aldatu egin da, eta nire zikloa bukatu da. Konturatu naiz astean ordu betek nolako estresa sortzen zidan, orain, gainetik kendu dudanean. Ez nintzen jabetzen zein pendiente nengoen eguneroko berriekin. Hemendik aurrera informazioaren neure erritmoa berreskuratuko dut, mantsoagoa. Ispiluaren beste aldean ipiniko naiz berriro, kotxeko jarlekutik tertuliakideei erantzuten.
Irratian berba egiten, blog batean idaztea, beti geratzen da zalantza norbaitentzako zerbait esaten duzun, zerbaiterako diharduzun. Irratian, hiru urteetan lau pertsonek esan didate gustora entzuten nindutela. Amaz kanpo, noski, zertarako dira amak, euskaraz tutik ulertu ez eta saio bakoitzaren ondoren “qué bien has hablado” esanez deitzeko ez bada. Eskerrak ematen diet beraz entzule izandako guztiei, baina bereziki I.M.N. eta I.ri, hor komunikazioa sortu delako.
Hemen, beste ispilu baten aurrean, blogari ekingo diot beste ikasturte batez, gutxienez nire bloglineseko bederatzi harpidedunentzat, eta aitortu beharra dago, ispilu-pantailak ere harrapatu egiten du.
Azkenengo eguna da eta...
goazen guztiok dantzara.
Modu asko daude udako oporrak hasteko, tartean estresak jota edo hausnarrean. Nik ere bizi izan dut oporrak bi modu horietan hasi izana. Baina aurten, kanbio.
Urteko seriotasunak astintzeko, oporrak dantzan hasi ditut. Atzo lehen entsaioa, Deban, jaietarako dantzak gertatzeko, ni berriena eta ezjakinena. Nire bildurra da oinekin korapilo bat egin eta azkenean lurrera jaustea. Momentuz behintzat, eutsi diot bertikalitateari, ez pausuari, baina tira, ez dut zerbait ikasteko itxaropena galdu. Nire kezka beraz, erritmoa ez galtzea eta bueltak ematerakoan asmatzea. Gure seme Paulorena, dantza kalean egingo ote dudan, lotsa ematen diolako.
Oporrak edozein modutan hasten dituzula ere, oporrik ez badaukazue ere, ondo pasa abuztua. Konexiobako lurraldean, irailerarte blog honek jai hartuko du.
Ibarretxe, gure bihotzera
Iritxi da gure buzoira Ibarretxeren galdeketarako botu-orriak jasotzen dituen gutun-azala.
Jasotzailearen izenik barik, propaganda moduan, ezin baita hauteskunde-errolda erabili galdeketarako.
Galdera-orria eskutitz batekin dator, Ibarretxek berak sinatutakoa. Eskutitz honetan atentzioa ematen du:
-
euskarazko bertsioa letra etzanean idatzita egotea, eta gaztelerazkoa berriz, negritan. Hobeto irakurtzen da gaztelerazko bertsioa.
-
Eskutitzaren tonu adiskidetsua, inola ere ez instituzionala. “Herritar hori” edo horrelako zerbait ipini beharrean hasieran, “lagun hori” esaten du. Ibarretxek galdera batzuk planteatzen zaizkion lagun-koadrila moduan ikusten ote gaitu.
-
Sinaduraren aurrekoa: eskuz idatzita, ez “adeitsuki”, ez “agur bat, ez “izan ontsa”, ez. “Bihotz bihotzez”. Euskaraz bakarrik. Ibarretxe geure alderdi sentibera ikutu nahi du, duda barik.
-
Sinadura: “lehendakaria” hitza sinaduratik desagertu egiten da, eta eskuzko sinaduraren ostean, izena baino ez dator, kargua ez.
-
Beraz, herritarra lagun moduan tratatuta, maitasunezko hitzekin, karguaren formaltasuna nahita sahiestuz, gehiago ematen du, kasurik onenean, propaganda, politikoek kanpaina garaian alkondara hutsean egiten duten planta adiskidetsua. Kasurik txarrenean, ahalmen gabeko agintari baten errukizko erregua. Guztia diseinu berde itxaropentsuz jantzia.
-
Higuina demasa
Gizonezko bat atxilotu dute Bilbon, kalean masturbatzeagatik
Joan zen astean idatzi nuen post hau, baina gogorregia edo, iruditu zitzaidanez, zakarrontzira bota nuen. Gaur egunkaria irakurri dudanean, berreskuratu egin dut. Gauza batzuk ez zaizkigu aldatu.
Donostia Eibar autopistatik autoz. Ez da oraindik eguerdia. Lanetik nator, lanean dihardut. Burua egitekoez beteta. Modu mekanikoan aurrean neukan ibilgailua aurreratu dut. Itzelezko bozinakada bota dit. Zer da hau? Zer egin dut gaizki? Alboko espilutik begiratzen dut atzera, eta aurreratutakoa ikusten dut. Kamioi handi bat. Kamiolaria ahoarekin eta ezpainekin keinuka daukat. Zertan dabil hori? Beheruntz begiratu eta momentuan konturatu naiz: uda da, soinekoa jantzita daukat, eta esertzerakoan izter erdirarte igo da. Jode, kamiolaria berotu egin da eta ezin agoantatu pailazoarena egiten.
Zelan diren gauzak, burura etorri zaizkit hain beste denboran ahaztutakoa, txikitan, nerabetan lagun artean isilpean kontatzen genituenak. Lagun gehienek geneukan istorioak kontatzeko: tipo bat bazter batean geuri begira zakila ateratzen zuenekoa. Ondotik pasatzerakoan gure neskatila belarrietara lizunkeriak botatzen zigutenekoa. Jende arteaz baliatuz ipurdia edo titiak ikutzen, edo sexua geure kontra igurtzitzen igartzen genuenekoa. Edo igogailu geundela tipo batek zakila astintzen zuenekoa eskuak likido zuriz bete arte. Eraso txikiren bat...
Gauza “ohikoak” neskatila ginela, ezer larriagorik ez. Baina hori dena agoantatu behar izan genuen, eta oraindik ere, parkingetan, argi gutxiko kaleetan gauez, atzera begiratzen dugu, badaezpada.
Kamiolariaren kontra gorrotoa sentitu dut, ahaztuta neuzkan higuinak eguneratzeagaitik. Aspaldi izandako neskatila honi demaseko higuina eragin dio.
Guraso izatea zer den
Hatxis saltzailearen aitortza
Hatxis saltzailea atxilotu egin zuten. Berrogeitaka urteko gizona, duela hogei urte droga gogorragoetan ibilitakoa, azken aldian hatxisa baino ez zuen kontsumitzen. Eta urte batetik hona, saldu ere egiten zuen. Diru-sarrerak borobiltzeko. Gutxi gorabehera, bi kilo hilean, aitortu zuen. Herriko eta inguruetako gazte gehienei. Erantzun zuen ez ziela adinik galdetzen, ez zekiela hamabost ala hemeretzi urte zuten. Ikusi zen askok ez zeukatela ezta hamasei ere. Azaldu zuen berak bakarrik egiten zituela salmentak, inork ez ziola laguntzen, ez zuela ezer berezirik egiten saltzeko. Gazteek jotzen omen zuten beregana, eta berak saldu egiten ziela. Ilobei ere saltzen zien, eskatzen ziotelako. Seme-alabe nerabe eta gazteari ez, horiei ez zien ez saltzen ez ematen. Adierazi zuen kirolariak direla, eta ez duela nahi hatxisa kontsumitu dezatela, ez duela nahi berak bezala bukatu dezatela.
Kode Zibila hankaz gora
Dio gaurko El Paísek Fiskalak De Juana Chaosen andrearen etxebizitzaren kautelazko enbargoa eskatu duela.
Nahiz eta, eransten du egunkariak, pentsatzekoa den De Juanak eta bere ezkontideak ondasunen banaketaren erregimena hautatuko zutela ezkontzerakoan, zeren irazpideen sozietatea izanez gero, andrearen ondasunak enbargatu ahal izango liratekeen.
Beraz, diot nik, eta baita ere zuzenbidea ikasten diharduen edozein ikaslek, ondasunen banaketa erregimenpean ezkonduta badaude, eta etxebizitza emazteak erosi bazuen, etxebizitza andrearena da. Andrearena bakarrik, ez ezkontide biena, ez ezkontza-sozietatearena. Eta andreak ordaindu behar al ditu bere gizonaren kalteak, asko eta mingarriak izanik ere?
Zuzenbidea penala zabaldu zuten interpretazioaren interpretazioaz, nahiz eta zuzenbide penalaren printzipioa izan modu hertsian interpretatu behar dela. Orain Zuzenbide zibila da malgutu, zabaldu eta bere erara makurtu nahi dutena.
Kontzeptuak argitze aldera, egunero egiten dugun lanak baliotxo bat-edo izan dezan, eta medio itxuraz serioak eskaintzen duen kakanahaste hori ezeztatzeko:
1. Bikote bat ezkontzen denean, gizon zein emakume arteko konbinazioa edozein dela, Espainiako Kode Zibilaren lurraldean irabazpideen sozietatearen erregimenpean ezkontzen da. Ondorioz, bikoteak ezkontzan zehar irabazten edo erosten dituen ondasunak, edo hartzen dituen zorrak, sozietatearenak dira, alegia, bi ezkontideenak.
2. Kode Zibilak berak beste aukera bat ematen du: ezkondu aurretik edo ezkondu ondoren, edozein momentutan, ezkontideek erregimen ekonomikoa alda dezakete. Nahikoa da notarioarengana joatea eta eskritura bat sinatzea. Horrela, hortik aurrera, ondasun banaketaren erregimenpean egongo dira. Ondorioa: bakoitzak erosten duena, irabazten duena, bakoitzak hartzen dituen zorrak… bereak baino ez dira. Ezkontide horrenak, ez bestearenak.
3. Ondasun banaketaren erregimen hau oso erabilia da, eta bereziki ohikoa
- politikarien artean (etxebizitza bat zure izenean eta bestea zure andrearen izenean, eta horrela, errenta deklarazioa publiko egiteko beharrik balego, ez du ematen horren beste ondasun dituzunik)
- autonomo eta oro har negozioetan dabilen jendearen artean: igeltseroak, eraikitzaileak, enpresa-jabeak etab. Modu honetan negozioa gaizki baldin badoa, ondasunak ezkontidearen izenean daudenez, salbu geratzen dira.
4. Ezkontza-erregimena publikoa da. Adibidez, pertsona ezkondu batek etxebizitza bat erosten badu, Jabetza Erregistroan agertzen da zein erregimen ekonomikoren pean erosi duen etxe hori. Edozeinek eskura dezake informazio hori ordenagailuaren aulkitik mugitu ere egiteke. Beraz, horren gainean espekulazioak egitea zorroztasun eskasarekin jokatzea da. Informazioa nahi duenak, konproba dezala.
5. Beraz, eta Kode Zibila eskuan, ondasun banaketaren erregimenpean ezkontide batek erositako etxebizitza, berea baino ez da. Bere ezkontideak zorrak baldin badauzka (negozioetakoak, epaitegietakoak, haziendarekikoak etab) etxebizitza horrek ez die zor horiei erantzungo, eta beraz, ezin da enbargatu zor horiei aurre egiteko. Ez eta Ministeritza Fiskalak eskatuta ere.
Bestelako interpretazioek Kode Zibila hankaz gora jartzea dakarte. Eta Espainian dauden milaka negozio-gizon, promotore, eraikitzaile, politikari etabarren familien ondarea arriskuan jarri. Eta hori ez dago onartzerik.
