Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Kode Zibila hankaz gora

Kode Zibila hankaz gora

Elena Laka 2008/07/16 14:08
Dio gaurko El Paísek Fiskalak De Juana Chaosen andrearen etxebizitzaren kautelazko enbargoa eskatu duela.

Nahiz eta, eransten du egunkariak, pentsatzekoa den De Juanak eta bere ezkontideak ondasunen banaketaren erregimena hautatuko zutela ezkontzerakoan, zeren irazpideen sozietatea izanez gero, andrearen ondasunak enbargatu ahal izango liratekeen.

 

Beraz, diot nik, eta baita ere zuzenbidea ikasten diharduen edozein ikaslek, ondasunen banaketa erregimenpean ezkonduta badaude, eta etxebizitza emazteak erosi bazuen, etxebizitza andrearena da. Andrearena bakarrik, ez ezkontide biena, ez ezkontza-sozietatearena. Eta andreak ordaindu behar al ditu bere gizonaren kalteak, asko eta mingarriak izanik ere?

 

Zuzenbidea penala zabaldu zuten interpretazioaren interpretazioaz, nahiz eta zuzenbide penalaren printzipioa izan modu hertsian interpretatu behar dela. Orain Zuzenbide zibila da malgutu, zabaldu eta bere erara makurtu nahi dutena.

 

Kontzeptuak argitze aldera, egunero egiten dugun lanak baliotxo bat-edo izan dezan, eta medio itxuraz serioak eskaintzen duen kakanahaste hori ezeztatzeko:

 

1. Bikote bat ezkontzen denean, gizon zein emakume arteko konbinazioa edozein dela, Espainiako Kode Zibilaren lurraldean irabazpideen sozietatearen erregimenpean ezkontzen da.  Ondorioz, bikoteak ezkontzan zehar irabazten edo erosten dituen ondasunak, edo hartzen dituen zorrak, sozietatearenak dira, alegia, bi ezkontideenak.

 

2. Kode Zibilak berak beste aukera bat ematen du: ezkondu aurretik edo ezkondu ondoren, edozein momentutan, ezkontideek erregimen ekonomikoa alda dezakete. Nahikoa da notarioarengana joatea eta eskritura bat sinatzea. Horrela, hortik aurrera, ondasun banaketaren erregimenpean egongo dira. Ondorioa: bakoitzak erosten duena, irabazten duena,  bakoitzak hartzen dituen zorrak… bereak baino ez dira. Ezkontide horrenak, ez bestearenak.

 

3. Ondasun banaketaren erregimen hau oso erabilia da, eta bereziki ohikoa

         - politikarien artean (etxebizitza bat zure izenean eta bestea zure andrearen izenean, eta horrela, errenta deklarazioa publiko egiteko beharrik balego, ez du ematen horren beste ondasun dituzunik)

         - autonomo eta oro har negozioetan dabilen jendearen artean: igeltseroak, eraikitzaileak, enpresa-jabeak etab. Modu honetan negozioa gaizki baldin badoa, ondasunak ezkontidearen izenean daudenez, salbu geratzen dira.

 

4. Ezkontza-erregimena publikoa da. Adibidez, pertsona ezkondu batek etxebizitza bat erosten badu, Jabetza Erregistroan agertzen da zein erregimen ekonomikoren pean erosi duen etxe hori. Edozeinek eskura dezake informazio hori ordenagailuaren aulkitik mugitu ere egiteke. Beraz, horren gainean espekulazioak egitea zorroztasun eskasarekin jokatzea da. Informazioa nahi duenak, konproba dezala.

 

5. Beraz, eta Kode Zibila eskuan, ondasun banaketaren erregimenpean ezkontide batek erositako etxebizitza, berea baino ez da. Bere ezkontideak zorrak baldin badauzka (negozioetakoak, epaitegietakoak, haziendarekikoak etab) etxebizitza horrek ez die zor horiei erantzungo, eta beraz, ezin da enbargatu zor horiei aurre egiteko. Ez eta Ministeritza Fiskalak eskatuta ere.

 

Bestelako interpretazioek Kode Zibila hankaz gora jartzea dakarte. Eta Espainian dauden milaka negozio-gizon, promotore, eraikitzaile, politikari etabarren familien ondarea arriskuan jarri. Eta hori ez dago onartzerik.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.