Selekzioaren izena. Eta izana?
”Manifestaldi nazionala. Abenduak 27. Larunbata. 17,30. Aita Donostia. Bilbao. Esait. www.naziobatselekziobat.org.” Berria, 08-12-21
Askotan, gaiak hazi eta konplikatzen direnean, selekzioaren izenaren arazo honen kasu, gauzak bere onetik ateratzeraino, ez da txarra hasierako kontzeptuak xehe-xehe azaltzen hastea, kontua non katramilatu zen argitze aldera. Ia:
1. Euskadiko selekzioaren urtean behingo partida sinbolikoa Euskal Herria izenarenpean jokatzea aldarrikatzen da. Aldarri legitimoa, kontutan hartuta herritar askoren izana Euskal Herria izenarekin identifikatzen direla, eta ez Euskadirekin.
2. Izen bat zein bestearekin tematuta, ondorioa da ez dela partidarik izango. Ez sinbolorik, eta beraz ez dela izango horrek ateratzen zuen diru-iturririk.
Zergaitik sinboloetan tematu? Euskal Herria kontzeptua kirolean sentitzen dugulako? Kirolean batez ere sentitzen badugu kontzeptua, tira, edo kirolaren errepresentazioa oso inportantea da gure bizitzan eta beraz EH kiroletik abiatuta nahi dugu, edo aitzitik, kiroletan baino ez dugu sentitzen, eta beraz gainerako alderdietan ez dugu EHko moduan identifikatzeko premiarik.
Esan nahi dut honekin herritar gehienok mila ekintza egiten ditugula egunean EHko identifikazio barik, eta euretariko asko Espainiako herritar moduan, eta hor ez dugula inolako oztoporik ipintzen, bizitzarako traba handia izango liratekeelako.
Euskal Herri osoan hizkuntza ofiziala ez den hizkuntza batean kontsumitzen dugu. Gazteleraz idatzitako eta Espainia nazio bakar moduan oinarri duten komunikabideak kontsumitzen ditugu. Espainiako estatuko funtzionari diren epaileei konfiatzen dizkiegu geure arazorik pribatuenak. Euskal mendizale ospetsuak pasaporte espainiarrarekin iristen dira mendirik zailenetara. Berdin bidaiari euskaldun abenturazale ausartenak. Eta herritar arruntak ere, Espainiaren mugatik irteten duenean. Espainiar dihardugu behin eta berriro, inolako konplejurik, zalapartarik eta matxinadarik barik. Zertan dator orduan futbol partida sinbolikoari horren besteko garrantzia ematea, ohiz Euskal Herriko hegoaldeko futbol talde guztiak Espainiako ligan badabiltza eta horietako jokalari batzuk Espainiako selekzioan, himnoa tente eta errespetuz entzuten?
Futbola baino haratagokoa da, esaten dute, arazo politikoa egin da. Iruditzen zait arazo politikoa baldin badaukagu, eguneroko bizitzan igarriko litzatekeela arazo hori, ez bakarrik futbolean. Nago ostera eguneroko bizitzan erosoegi bizi garela Espainiar naziotasunaren magalean, eta beraz, protestarako geratzen zaigun esparru bakarra, futbol sinbolikoarena dela.
BLOGERAKO: Atzo eguerdian Astelehenko Goienkaria-rako zutabe hau idatzi ondoren, gaur goizean pentsatzen nuen inork ez duela eztabaidatu Espainiako loteriari loteria nazionala edo estatala esan. Eta gutxiago planto egin, loteriarik ez erosi, Gabonetako loteriari estatu-loteria esaten ez dioten bitartean. Ez dut sinisten Euskal Herriko selekzioa defenditzeko manifestaziora joango direnek loteria nazionalik erosi ez dutenik.
Euskadi, Sabinok 7entzat sortu eta batzuek hiruri mugatu diguten izea da. Ikurriña, Sabinok (hasieran Bizkaiarentzat sortu) gero 7entzat zabadu eta orain 3ri mugatu diguten sinboloa da. Eta erabiltzen jarraitzen dugu. Zein da diferentzia?
Jokalari batzuena aparte lagatzekoa da. Burujabetzaren alde pausuak eman behar direla esan lehenengo, eta gero Espainiako selekzioarekin jolastea sekulako ohorea eta betiko ametsa dela esatea...