Agur Mezulariari
Ez da berdina etxeko silloitik arbitroa kritikatzea edo futbol zelaira salto egitea. Gustora aritu naiz hiru denboraldiz Mezularian, baina beti zizarea tripan. Denetik egon da: egun berbatsuak, egun isilagoak, pozik bukatu ditudanak edo neure buruari “hau azkena dun” zin egin dizkiodanak. Badauka baina engantxea, mikrofonoak erakarri egiten du. Eta guztietan, lankideekin primeran, bai irratiko langileekin, bai terkuliakideekin, denak izan dira oso atsegin eta lankide on.
Orain tertuliaren formatoa aldatu egin da, eta nire zikloa bukatu da. Konturatu naiz astean ordu betek nolako estresa sortzen zidan, orain, gainetik kendu dudanean. Ez nintzen jabetzen zein pendiente nengoen eguneroko berriekin. Hemendik aurrera informazioaren neure erritmoa berreskuratuko dut, mantsoagoa. Ispiluaren beste aldean ipiniko naiz berriro, kotxeko jarlekutik tertuliakideei erantzuten.
Irratian berba egiten, blog batean idaztea, beti geratzen da zalantza norbaitentzako zerbait esaten duzun, zerbaiterako diharduzun. Irratian, hiru urteetan lau pertsonek esan didate gustora entzuten nindutela. Amaz kanpo, noski, zertarako dira amak, euskaraz tutik ulertu ez eta saio bakoitzaren ondoren “qué bien has hablado” esanez deitzeko ez bada. Eskerrak ematen diet beraz entzule izandako guztiei, baina bereziki I.M.N. eta I.ri, hor komunikazioa sortu delako.
Hemen, beste ispilu baten aurrean, blogari ekingo diot beste ikasturte batez, gutxienez nire bloglineseko bederatzi harpidedunentzat, eta aitortu beharra dago, ispilu-pantailak ere harrapatu egiten du.
Nik ere gustora entzuten zintudan ostiraletan Elena, Aramendiren orojakintasunaz konbinatuta. Pena hartzen dut ez duzula jarraituko jakitean.
Bestalde, bereziki moskeatzen nau Radio Euskadi eta Euskadi Irratiaren arteko oporren desberdintasunak. Uda osoan izan dugu Ganbarako tertulia politikoa (motzagoa) eta Euskadi Irratikoak ez dakit gutxiago diren edo zer, baina izugarrizko opor luzeak egiten dituztela iruditzen zait urtero.