Botere hutsalenaren erotismoa
Bitxia da botereak, denik eta ezdeusenak ere, batzuetan eragiten dituen ezusteko erreakzioak; esaterako, lilura.
Demagun Institutu bateko irakasle arrunt bat zuzendari izatera behartu dutela. Inork ez du nahi izaten, gehiago kobratu arren: irakasleek ez dute zuzendari izateko ikasi, bestelako lanbide bat da, presaka eta beraz baldarki ikasi beharrekoa goitik behera, gurasoen eta administrazioaren presioei aurre egin behar diezu, asteburu eta oporretan ere ikastetxearen erantzule zara... Lankideek badakite ez duzula zuzendari izateko inolako meriturik egin, eta ikuskariak derrigortu zaituela ez zarelako gauza ezta eskakeatzeko arrazoi konbentzigarriren bat asmatzeko ere.
Gainera, barregarria da zuzendariaren egiazko boterea. Botere efektibo handiagoa dute Institutuko administratiboek, intringulis burokratiko guztiak kontrolatzeaz gain, zuzendaritzak joan zuzendaritzak etorri hortxe jarraitzen baitute.
Ikastetxean inertziak agintzen baitu batez ere, eta zuzendaria zerbait ezohikoa egitera ausartuz gero, berehala etorriko zaizkio ikuskaria eta delegatua bere tokian berrezartzeko.
Jende orok daki, zeu barne, ez duzula zuzendari izateko balio. Hala ere, behin zuzendari zarela, diferente begiratzen hasten zaizkizu, izendapena Buletin Ofizialean agertzeaz batera aura distiratsu batek inguratuko bazintu bezala. Boterearen erotismoa da.
Han goian zaude orain, gailurrean, berezi eta bakan. Mesedez eskatzen dizute dokumentu zigiludunak izenpetzeko, eta gero eta aiseago izenpetzen dituzu, esku, beso eta buruaren dantza eta mugimendu gero eta larderiatsuagoez. Ondo kalkulatu hurrengo urratsa gorabidean, probintziako hezkuntza-delegaritzako pertsonalaren idazkariordetza lortzeko gai zara, ahal duzu, zeure esku dago, izugarri harrotuko zaizkizu gurasoak eta amaginarreba. Zure aldean, Alexandro Handia eta Kleopatra ez ziren oso desberdinak izango. Dei nazazue supergizaki.