Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Orgiaren eta masturbazioaren dialektika

Orgiaren eta masturbazioaren dialektika

Markos Zapiain 2022/06/27 11:25

Geure gaitasunak garatzeko eta gauzatzeko besteen beharra dugu. Talderik gabe mintzatzen ere ezingo genuke ikasi. Besteekin batera bilakatzen gara garena, inguruko jendearekiko etengabeko tentsioan. Aristotelesek uste zuen animalia gizartekoak garela berez, besteekiko elkarrekintzan baino ez ditzakegula gure ahalmen indibidualak mamitu, zoriona ezin dela bakardadean lortu, baizik eta soilik hirian. Kantek erantsi zuen gizartekoitasun horrekin batera baditugula bultzada antisozial gogorrak ere, eta tentsio horrek dakarrela aurrerakuntza. 

Freudek zehaztu du ezinbestez eta sakonki frustratzen gaituela elkarbizitzak, barne desira oinarrizko eta indartsuenei uko egin behar diegulako: intzestuari, agresibitate hiltzaileari eta biolazioari. Ezingo ginateke herrian bizi, baldin eta semaforoan ondoan egokitu zaidana nazkagarria zaidanez hilko banu, edo erakargarria zaidanez biolatuko banu. Funtsezko hiru pultsio horiek erreprimitu behar ditugu, edo kate motzean lotu bederen, besteekin batera biziko bagara, eta desira horiek naturalak zaizkigunez, barne errepresio horrek neurotiko bihurtzen gaitu. Komunitatean bizi ahal izateko oinarrizko grinak disimulatu edo zapaldu beharrak bihurtu du gizakia animalia gaixoti. Zapalketak zapalketa, edonola ere, desira horiek inkontzientea dautza. Ametsetan agertuko zaizkigu, edo eldarnioetan.

Gizakia, horrenbestez, antinaturla eta neurotikoa da, eta perbertsoa izan daiteke. Perbertsioa, nolabait, taldeak eragiten digun frustrazioari ematen diogun erantzunetako bat da. Zenbat eta perbertsoagoak, orduan eta humanoagoak.

Taldeak, bestalde, indibidualtasun bereziak kamusteko joera izaten du. Hala ere, bakoitza bere aldetik oso luzaro bakar-bakarrik egoten dakiten kideek osaturiko taldeak izaten dira sendoenak. Deleuzek zioen hezkuntzaren helburu nagusia jendeari bakardadean luzaz egoten erakustea dela. Nekez funtzionatuko du ondo orgia batek, baldin eta partaide bakoitzak aldez aurretik bere organoen barrualdea luzaz esploratu ez badu. Masturbazioa oinarri ez duen orgia berehala bilakatzen da artalde, edo alderdi politiko.

Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2022/06/27 13:14
Eskerrik asko Markos, interesarekin irakurri dut. Barkatu lehendik idatzita baldin baduzu, baina galdera hau daukat: Freudek dioen moduan gure bizitza baldintzatzen digun halako zaborra gordeta izanik inkontzientean, gizakiok uneren batean askeak gara gure erabakietan?
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2022/06/27 14:40
Gari, ba Freud horretan Spinozaren ildokoa da, eta ez du giza askatasunean sinesten. Haurtzaroak determinatzen omen gaitu. Jendaurreko azalpenak gorabehera, edo gure buruari saltzen dizkiogunak, ia inoiz ez dakigu benetan zergatik nahi dugun nahi duguna. Pentsalari gazte ezagunenek ere, Yuval Noah Harari edo Sam Harrisek, giza askatasuna ukatzen dute. Joxe Azurmendi eta Fernando Savater dira, gaur egun, giza askatasunean sinesten duten bakarretakoak. Harrigarria da, bestalde, hain ikuspuntu eta jarrera desberdinak izanik politikan, zein antzekoa duten oinarri filosofikoa.
Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2022/06/28 09:13
Eskerrik asko Markos, ez nekien gaur egungo pentsalari gazteok ere lerro horretan zeundetenik. Benetan deigarria bestalde Azurmendi eta Savaterrena. Besarkada bat!
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2022/06/28 11:30
Gari, mila esker ni pentsalarien artean kokatzeagatik, eta batez ere gazteen artean. Oso atsegina zara. Dena den, neure burua ez dut deterministen lerroan bakarrik ikusten. Erosoago ikusten dut aldi berean deterministen lerroan eta askatasunaren aldekoen lerroan, nahiz eta inkonpatibleak izan. Besarkada bueltan!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.