Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Igor Aristegi, in memoriam

Markos Zapiain 2008/07/25 18:50
Hau atsekabea, Igor Aristegi filosofoaren heriotza ilunak eragin didana.
 
Igor Aristegi bereziki erakartzen zuten eztabaida bioetikoek, besteak beste oroimena bezalako ahalmenak indartzeko pilulen erabilerak sorturikoek.
 
Arreta deitu zioten halaber zoriona lortzeko bideek (filosofikoek zein zientifikoek: antidepresiboak, psikologia positiboa...)
 
Tijuana ondoko Rosaritoko hotel galdu batean botikez inguraturik hilik...
 
Indar hipnotizatzaile ikaragarria du albisteak. Ibor Aristegi oso adeitsua zen, oso mutil fina. Zer ibiliko zen, diskrezioak bultzatuta botika berriak soilik bere buruarekin esperimentatzen, senide eta lagunengandik aparte, ondorioak aurrena berak bakarrik neurtu ahal izateko, horrela balizko eragin arraro eta kaltegarriek zurrumurruak piztea eta jendea kezkatzea eragotziz?
 
Batek daki.
 
Edozelan ere, atsegina zen Igorren konpainia; eta interesgarriak dira bere artikuluak. 

Maite Artola eta patataren etorkizuna

Markos Zapiain 2008/07/24 16:52

Amy Winehouse hainbat mundu desberdinen konfluentzia da. Lehengoan emakume maitemindu abandonatuena aipatu nuen. Bizitza zitala izan duten jazz eta soul abeslari handien lerroa ere hor dago: Billie Holiday, Ella Fitzgerald, Aretha Franklin...

Argandan Mezulariaz eta Maite Artolaz ere oroitu nintzen: agertokiaren erdian emakume Virgo hauskor eta sentsibleak (Artola irailaren 13an jaio zen, Winehouse 14an) ahotsa goxo eta irmo modulatuz bere harena gobernatzen baitu (Zalon eta Ade koruko beltzen ordez jarri Aramendi eta Elorza, eta abar).

Harena: Maite Artolak dioenean "egidazu ekarpen interesgarri bat, Aramendi", ez ote da eskaera zeharo sexuala, "bete nazazu"ren berdintsua? (Ni ibiliko naiz ziur aski interpretazio horrekin tronpaturik, urte gehiegiz irakatsi baitut psikoanalisia; baina litekeena da tronparazle nagusi jelosia izatea).

Dagoeneko desagertua da Mezularitik solasaldia, udako ordutegia dela eta, baina Maite Artolak maiz dakartza gai eta elkarrizketa ezin zirraragarriagoak.

Arabako patataren etorkizun ilunaz mintzatu zitzaigun uztailaren bederatzian. Oso gutxitan aritu da Artola patatarekin bezain distirant eta leinurutsu.

Euskalduna patata jale amorratua izan da eta da, edozerekin jaten dugu patata: barazkiekin, patata tortilla, patata frijituak…

Jabier Legorburu adituak berriki gozaturiko afari baten berri eman dio Mezulariako kazetari Axun Arozenari, hasi eta buka patata nagusi: entsalada, patatazko krema, patata-opila, eta postre patatazko bizkotxoa.

Dirudienez, Axun Arozenak kazetaria ez ezik patataren aldeko aktibista antzeko bat ere biltzen du bere baitan, patataren aldeko ekitaldiz ekitaldi dabilena. Azkenekoan, poltsetako patata frijitu horietako batzuk jan zituen, gainetik txokolatea zutela, eta benetan goxo omen zeuden.

Zurrumurru ugari dabil, patatak loditzen ote duen. Axun Arozenak Bitor Rodriguez nutrizionistaren iritzia jaso du: kontua da patataren nutriente edo elikagairik aipagarrienak karbohidratoak direla, karbohidrato konplexuak, xurgapen motelekoak, gure gorputzak behar duen “erregai” garrantzitsuena. Horixe ematen digu patatak opari. Bada, Rodriguezek azpimarratu duenez, karbohidratoetan aberatsak diren beste elikagaien aldean, adibidez zerealen aldean, patatak kaloria gutxiago du. Esaterako, ogiak baino 2’5 kaloria gutxiago. Ez soilik ez du gizentzen; gainera, hain beharrezkoak zaizkigun karbohidratoak era arin batez geureganatzeko aukera ematen digu patatak, tuberkulu eder horrek.   

Bereziki estua izan da Arabaren eta patataren arteko lotura. Duela zenbait urte, inguruotan ez zelarik saltzen Espainiako patata baizik, negozio polita zekarren patatak Araban. Giro freskoa eta lur hondartsua behar baititu: Arabako giroa, Arabako lurra. Izena eta ospea eman dizkio patatak lurralde historiko horri. Harro hartzen dute arabarrek “patatero” deitura.

Bada sukaldari ospetsu bat, Unai Fernandez de Retana, sukaldari gazteen Euskadiko txapelduna, patata beste inork ez bezala estimatu ez ezik  baliatu ere egiten duena. Gasteizko “El Clarete” jatetxean dabil. Komodin gisa darabil patata Fernandez de Retanak, zernahitarako: saltsak eta goarnizioak egiteko, jakina, baina halaber plateraren bihotz. “El Clarete”n, kasu, bederatzi platereko menu batean, seik dute patata oinarri. Fernandez de Retanaren errezeta bat: Idiazabalgo gaztaz, odolkiz eta patataz onduriko hostopila. Patata, konfitatua. Ahogozagarria zinez.

“El Clarete”n arrakasta itzela izaten ari den beste plater bat: arrautza frijitua bere puntillatxoekin, patata trufatua lagun daramala. Arrautza xingar iberikoan frijitzen da. Aldi berean, patata egosi, patatari trufa txertatu, orobat tipula apur bat. Horrela egindako patatak ukitu zoragarria ematen dio arrautzari.

Harreman goxo hori, tradizio hori, ordea, hausten ari da, aspaldion nabarmen sumatzen da gainbehera: orain dela 15 urte 10.000 patata-hektarea lantzen ziren Araban; gaur egun berriz ez dira 2.000ra iristen. Orain gainera Eskozia, Frantzia eta Herbeheretako patatarekin lehiatu behar du Arabakoak. Egoera nahasia da. Merkatua lur jota dabil. Nekazaria ez dago dirua galtzeko; eta ez dago patataren aldeko apustu eta bultzada garbirik.

Patatari kalte, moda honek ere egiten dio: supermerkatuetan-eta, patata garbi-garbira jotzen dugu, patata ia distiratsua erosten dugu. Zeharo umetua dugu hautematea. Haatik, Arabako patata, kalitatez bikaina bada ere, iluna duzu eta ximurra.  

Inoiz ez bezala merezi du aurten patatak elkartasuna. Patataren Nazioarteko Urtea izaki, eguraldiak ez baitio batere mesederik egin uztari: udaberri amaieran, euria behar zenean, ez du bota; aitzitik, justu euria mantsotu behar zuenean, orduantxe zaparradarik gogorrenak. Berrogeita hamar egun jarraian bota du, hain oker ere patata-sasoian. Soroak arras heze egon dira eta berandu erein behar izan da patata. Erein, gainera, gutxi; eta ereindako pixar hori askotan galdu, erdi ustelduta hezetasunaren erruz. Bizkaian gehiena galdu da. Eta Araban ere asko. Euriteek, patata bezala, artoa ere kaltetu dute. Edonola ere, Patatarena dugunez Nazioarteko Urtea, oraingoz artoa baztertu eta soilik patatari egingo diogu gorazarre.

Arabako patatari fama eta ospea, zehaztea komeni baita, jateko patatak baino gehiago hazi edo ereintze patatak eman dio. Duela bosturte batzuk hazi-patata lantzen zen batez ere Araban; orain berriz erdi bana jatekoa eta hazitarakoa.

Nola batari hala besteari etorkizun argiagoa eskaintze aldera dabil aspalditik jo eta su lanean Iker Institutua: patata sakonki ikertzeaz gain patata mota berriak asmatzen ditu, ezjakinontzat txundigarria baita. Itxaropen handia dute jarria oraingoz EMP00104 klabe-izena duen patatagan. Iker Institutuko Jabier Legorburuk Axun Arozenari kontatu dio orain bertan asmaturiko hiru patata molde dituztela nolabait esateko “labean”, probak eta egiten, eta EMP00104 delakoa datorren urtean merkaturatu nahi lukete. Hori-horia du haragia eta zuri-zuria azala, supermerkatuetan edonor erakartzeko modukoa. Bestalde, tamainaz ez da oso handia eta erresistentzia galanta erakutsi du gaixotasunen aurrean. Adituek oso puntuazio altua eman diote dastaketa, egosketa eta frijitze probetan.  Patatazale guztion esperantza biziberritzea erdietsi du EMP00104 patatagai maitagarriak.  

Egia bada ere zebra-muskuiluaren izurriteak kezka larria eragin duela, bada funtsezko desberdintasun bat zebra-muskuiluaren eta patataren etorkizunaren gaineko kezken artean: Maite Artolak uztaileko beste Mezulari batean jakinarazi digunez, zebra-muskuiluarekin ez dago zereginik; aitzitik, guztiok jarriko bagenu apur bat Arabako patataren alde, aurrera atera genezake: halatan, idatzi honen bidez Gasteizen Urriaren 5etik 10era patatatasunari buruz egingo den Kongresu berezira joatera animatu nahi zaitut. Bertan, besteak beste, patata protagonista izango duen argazki lehiaketa antolatuko dute, patatan oinarrituriko plater goxoen dastaketa…

Zergatik pizten ote du patataren patuak gaur egun hainbesterainoko ardura? Zeren sinbolo da patata, zein da patataren esentzia? Gure garaian gailen dabiltzan beste joera zenbaiten aurkako erresistentzia irudikatzen du nolabait patataren xumetasun eragingarriak. AHTa bezalako makrohandikeriei kontrajarri lekieke apika patata apalaren txukuntasun praktikoa. Galdetu bestela irlandarrei, zenbat aldiz ez ote dituen gosez hiltzetik salbatu. Patata da Irlandako sinbolo nazionala oker ez banago, eta “Ulysses” eleberrian, XX. mendeko ospetsuena, patatatxo ximur bat darama sakelan Leopold Bloom protagonistak. 

 

 

Gure ahalmenen atrofia orokorra. Zortzi irudi esnatuzko ametsari ekiteko

Markos Zapiain 2008/07/18 12:00

Gure bizimoduaren ondorioz zenbait ahalmen eta ondo pasatzeko aukera merke galbidean dauzkagu. Gure aitatxi-amatxiek bertso-saioan behin entzundakoa betirako gorde zezaketen oroimenean. Guk berriz ideia jakin bat gutxi gorabehera zein liburutan aurkitu gogora dezakegu gehienez ere, eta liburua zein apaletan egon litekeen.

Antzera irudimenari dagokionez. Jaio bezain laster gaude pantailaren baten aurrean. Bideojokoak asmatzen dituzten lau katu horiek lantzen dute irudimena, baina jokalari arruntek ez; are gutxiago telebistazaleok. Gure gogoarekin bakarrik gelditu beharrean, berehala jotzen dugu aldizkarira, psp-ra, egin beharrekoak apuntatzera. Gure aitatxi-amatxien aldean, edo San Inazioren gogo-jardunak sarritan jorratutakoen aldean, burua urduri, ahul eta desegituraturik dugu.

Tamala da, gaitasun horiek gure burujabetza indartu ez ezik atsegin-iturri ere izan baitaitezke, esate baterako ilaran txandaren zain zaudenean, bankuan, autobusean edo kontzerturako sarrera erosteko. 

Joxe Austin Arrietaren “Manu militari”n ageri den txaman bati aholku eskatu diot, nondik hasi amets kontzientea erabiltzen, eta zortzi urrats hauek aipatu dizkit gogo-jardun ekologista baterako entrenamendu gisa:

1-Bide eroso batean oinez zoazela, usaindu lore ezezagunen perfume bitxiak eta garbi ikusi inguruan hegan dabilzkizun pinpilipauxen kolore zoragarriak.

2-Piztia bat zuregana dator mehatxari, baina aurre egiten diozu, tinki begiratu eta agindu gogor batez geldiarazi eta kikildu duzu.

3-Mendi piko baten magalera iritsi zara. Eskaladan goiti zoaz. Supituki, arriskupean zaude: oinaren berme zenuen harria amildu eta zuk ozta-ozta oratu ahal izan diozu adaxka bati. Arazoa gainditu eta bazoaz berriro tontorrerantz.

4-Mendi gailurrean arrano bilakatu eta hegaldatzen zara, arin eta alai, adibidez Izaro, Ogoño eta Urdaibairen gainetik. Museo arraro bat dakusazu han behean.

5-Aralarren edo beste belardi zabal batean pausatu, zaldi zuri baten gainera igo eta lauhazka zabiltza Aralarren eta Urbasan barrena.

6-Erupzioan dagoen sumendi baten barrura sartu eta bertatik zabiltza, soineko isolatzaile egokia jantzirik.

7-Igeri lasai itsasoan; ondoren, izurde baten gainean bizkor.

8-Maitasun eta zorion sentimendu bortitzak sentitzen dituzu eta orgasmo batean desagertu zara.

Nola irudikatu estralurtarrak?

Markos Zapiain 2008/07/17 10:54

Nolabaiteko adimena lukeen izaki estralurtarra irudikatzeko orduan Lurzentristegiak izan gara, antropomorfismoaz abusatu dugu: “Hirugarren Faseko Elkartzeak”, “ET”, “Independentzia eguna”, “Bederatzigarren plana kanpoko espaziotik” (historiako filmik txarrena, dakitenek diotenez), “Martitzen erasoa”, “Cocoon”, “Ixa espedientea”, “Stargate”… 

“Munduen gerra”ko Lurraz kanpokoak makinak dira; haien Jainkoa horrenbestez gizakion antzirudiko suposatu dute. 

Gehienez ere, erdi gizaki erdi ugaztun asmatzen ditugu (“Alf”,  “Galaxietako gerra”…);  edo erdi gizaki erdi olagarro (“Simpsondarrak”).

“Alien” bera, antropomorfismoa gainditzeko ahalegin ederra izan bazen ere, ez ote da zomorromorfikoegia, Lurtarregia azken batean, “Planeta Gorria” filmeko txingurri hiltzaile haiek bezala?

Ez da harritzekoa Lurraz kanpokoa “hautemangarri” irudika dezagun, guk gutxi gorabehera ulertzeko modukoak botako lituzkeen estralurtarra gogoratzean zinemako eta telebistako martiztarrak baitatozkigu batez ere burura, eta zineman zaila litzateke ikus ez daitekeen pertsonaia bati inolako protagonismorik ematea, izan dadin lurtar izan dadin alienigena.

Egia da irudikatzen dugun guztiak aurretik ikusitakoa duela oinarri, eta zeharo berriak zaizkigun izakiak lehenago ezagututakoen ezohiko konbinazioek osatzen dituztela. Horien berri eman ahal izatekotan, kasu, forma geometrikoak eta koloreak aipatu beharko ditugu ezinbestez, ez baitakigu bestela ikusten.

Hots, kontua ez da estralurtarrak irudikatzeko orduan giza ahalmenak gaindi ditzagun exijitzea. Dezentzia pixka bat, besterik ez dugu eskatzen.

AEBetatik datozkigu ia beti estralurtarren filmak. Ingelesez, “alien” deitzen zaie estralurtarrei.

Alta, AEBen etorkinei ere “alien” deitzen diete.

Dirudienez, estralurtarrak irudikatzeko Hollywooden bilakaera, bat etorri da Lurreko etsai beldurgarrientzat hartu izan duenarekin: orain dela berrogeita hamar urte kolektibistak ziren martzianoak, orain berriz gero eta mairuago.

Euskal zinemak oraindik ez digu estralurtarrik ekarri.

Ausartuko denerako, izango ahal da teknika zinematografikoa “Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia” eleberriko protagonista den Christopher-en gogoeta hau kontuan hartu ahal izateko bezain perfektua :

“Eta denbora puska batean euri-hodei gris izugarri hari begira egon ondoren, poliki-poliki mugitzen ikusi nuen, estralurtarren espazio-ontzi bat ematen zuen, ehunka kilometro luzekoa itxuraz, “Dune”, “Blakeren 7ak” edo “Hirugarren Faseko Elkartzeak” filmetakoak bezalakoak, salbu eta ez zela material solidoz egina, baizik eta lurrun ttanttantxo kondentsatuz, horrela baitira eginak hodeiak.

Eta izan zitekeen estralurtarren espazio-ontzi bat.

Jendeak uste du estralurtarren espazio-ontziek solidoak izan behar dutela eta metalez eginak, eta argi pila bat izango dutela gainaldean eta poliki mugituko direla zeruan, zeren eta guk horrelakoak egingo genituzke, gauza bagina. Baina estralurtarrak, existitzen badira, gu ez bezalakoak izango dira ziur aski, oso bestelakoak. Baliteke bare handiak bezalakoak izatea, edo erabat zapalak, islak bezalakoak. Edo baliteke gorputzik ez izatea. Izan litezke soil-soilik informazioa, ordenagailu batean dagoena bezalakoa. Eta baliteke espazio-ontziak hodei itxurakoak izatea, edo loturarik gabeko objektuz eginak, hala nola hautsez edo hostoz”. (Xabier Olarraren itzulpena, 105-106 orr.)

Mantxarik gabeko arimaren distira eternala

Markos Zapiain 2008/07/15 11:42

Gutako askok hil du norbait eta gero damutu, gutako askok ikusi du maitea beste batekin larrutan. Umiliatu gaituzte, umiliatu dugu, barregarri geratu gara, negargarri. Oraina zikintzen diguten oroitzapen oinazetsuak dauzkagu, bizitzea eragozten digun iraganetiko zama, eta ez dakigu nola sendatu, nola berreskuratu arintasuna eta bizipoza.

Komedia dramatiko erromantiko batean, “Mantxarik gabeko (edo oroitzapenik gabeko) arimaren distira eternala” filman (Eternal sunshine of the spotless mind, Olvídate de mí, Du soleil plein la tête) (Michel Gondry, 2004), maitasun harreman baten endekatzea eta haustea bereziki mingarria da.

Neskak, Kate Winsletek, “Lacuna Inc.” bulego kutrearen zerbitzua erabiliko du: Jim Carrey mutilagunari loturiko oroitzapen guztiak suntsituko ditu. Biharamunean ez du Carrey ezagutuko. Honek, amorruz eta mendekuz, gauza bera egingo du Kate Winsleten oroitzapenekin, ez du nahi haren arrastorik ere bere baitan.

Filmaren erdia Jim Carreyren gogoan kokatzen da. Ezabatze prozesuan arazoak gertatuko dira eta itxuraz lo dagoen Carreyren baitako Carrey, oroitzapenetako Carrey, ezabatzeaz ohartu egingo da. Gainera, “Lacuna Inc.”eko langileak, informatikari gazteak, ordenagailu ezabatzailea Carreyren burmuinari konektatu ostean garagardoa edateari eta porroak erretzeari ekingo diote, dantzari eta txortari.

Bien bitartean, ezabatzea atzekoz aurrera gertatzen denez, eta prozesuan, akatsaren ondorioz, esan bezala, Carrey kontziente denez, hasieran pozik dabil harremanaren bukaerako oroitzapen gaiztoak aienatzen dizkiotelako, baina gero, pasadizo politak gogoratzean, damutu egingo da, ezabatzea geldiarazi nahiko du. “Lacuna Inc.”ekoentzat ordea seko lo dago, ez dute elkarrekin komunikatzerik, eta Carrey eta Winslet elkar ezagutu baino lehenagoko Carreyren oroitzapenetan ezkutatzen ahaleginduko dira, Carreyren haurtzaroko oroitzapen lotsagarri gordeenetan. Hala ere, "Lacuna Inc."ekoek harrapatuko dute, eta Winsleti dagokion guztia deuseztatuko diote. 

Badator, antza denez, oroitzapen txarrak desagerrarazteko aukera. “Eternal sunshine”n arabera, oroitzapenek kokapen material zehatzak dituzte garunetan. Ordenagailu bat burura konektatu eta oroitzapena, testua bezala, ebaki, kopiatu eta itsatsi ahalko dugu.

Honek betiko galdera filosofikoak kalera dakartza, eguneroko bizitzara: zer naiz ni? "Nire" oroitzapen txarrak kenduta, "ni" izaten jarraituko dut? Bada arimarik gorputzetik berex? Nolakoa da gogoaren eta gorputzaren arteko lotura?

Itxuraz, ni naizen guztia, nire oroitzapen, asmo, sentsazio eta sentimendu ustez intimoenak, ordenagailuaren bidez pen drive batera jaitsi ahalko dut. Sakelan eramango dut nire arimaren kopia, giltzen, euroen eta pilulen alboan. Eta, programa egokien bidez, nire burmuinean oroitzapen eta jakintza ederrak txertatuko ditut, nire burua asmatu eta eraiki.

Edonola ere, “Oroitzapenik gabeko arimaren distira eternala” ez da jolas intelektualoide hutsa, baizik istorio benetan hunkigarria, amodioari eta amodioaren amaierari eta berpizte absurdo eta tragikomikoari loturiko sentimenduak mugiarazten dizkizuna.

Gizonaren eta andrearen arteko desberdintasuna, zehazki

Markos Zapiain 2008/07/11 16:53

Hainbat haritik tiraka saiatu izan gara gizonaren eta emakumearen arteko desberdintasun psikologikoa adierazten: gizona erasokorra ei da, harroa, adimena erabiltzen du, proiektua; andrea berriz emozioen munduan dabil gehiago, pasiboa da eta intuitiboa. Gizona eguzkia eta andrea ilargia, lurra edo leizezuloa. Gizonak urrutira begiratzen du baina ez da gai aurrean duena ikusteko ere; aldiz, emakumeari dendako erakusleihoa eta oro har hurbila irresistiblea zaio, gizonak ez bezala jendea nola doan jantzita garbi ikusten du, hautemateko gaitasun handiagoa baitu oro har.

Zaila da hori guztia onartzea. Inor gutxi dago bereizketa horrekin erabat ados. Agian izaeran eta goi mailako ezaugarrietan bilatu beharrean egunerokotasunera jaitsi eta jarduera eta ohitura zehatzak hartu beharko genituzke aintzat.

Eta hor garbi nabaritzen da edozeinek onartzeko moduko desberdintasun bat, gizonaren eta emakumearen arteko aldearen esentziatzat har genezakeena: gizona, tabernan eta nonahi, komuneko txirristan kaka-pusketa bat itsatsita ikusten duelarik, pixa bertara zuzendu eta gogor ahalegintzen da desitsasten. Ostera, emakumeak eseri eta oso bestelako kontuei buruz hausnartzen du. Azpian ukan lezakeen kaka itsatsiaz ez da arduratzen, beste norabide batera zuzentzen baitu soa.

Sarritan, komunera lagundu duen adiskidearekin hitz egiten du. Beti galdetzen diogu gizonok gure buruari zergatik ote doazen binaka neskak komunera. Berriki jakin dut andreak mundu mailako konfabulazio bat antolatzen ari direla gizonak suntsitu eta desagerrarazteko. Hain zuzen, komunean egitasmo esterminatzaile horren xehetasunak eztabaidatzen eta erabakitzen omen dituzte.

Bakarrik esnatu naiz

Markos Zapiain 2008/07/08 12:15

Amy Winehousek bere burua ez du batere gustuko eta horregatik sentitzen dugu hainbatek eta hainbatek oso hurbila. Bere burua ahazteko bideetako bat du kantugintza eta kantatzea bera. Nazka uholdetik ihesi, ez du bake apur bat aurkitzen abestian baizik. Gizaki garen heinean, Amy Winehouseren bizitza, hondamendi hutsa denez gero, biziki zaigu interesgarri. Edonola ere, miraria, betiereko arte handian bezala, anabasazko oinaze itsu hori kantuan eta erritmoan transfiguraturik berrerosi ahal izatea da.

Hain gutxi gustatzen zaizkio Amy Winehouseri bere aurpegia eta bere gorputza ez baititu batere zaintzen, ezta arropa ere, eta horrela daraman motots ikusgarria atontzeari eskainiko dio ardura osoa. Gure arreta mototsean jartzea nahi du, gainerako gorputz atalak ikus ez ditzagun. Depresioan maila bat hondora egin duela sentitzen duelarik, koxka bat goititzen du mototsa. Argandan hiru errotuluk apaintzen zuten Amyren tutulua: hiruretan zekarren “Blake”, “Blake”, “Blake”, bere senarra, gaur egun espetxean.

"Back to Black"eko letrak Blakerekiko maitasun harremanetan izaniko krisialdi batek beharturik idatzi zituen.

Ken Zazpikoak maiz mintzo dira galduriko neska errealaz (joan da, bereizi gara, utzi nau, hil da), irudimenaren bidez berreskuratua: Laboaren kantu zaharretan, Lapatzako olatu bortitzetan, beti eta nonahi berragertzen baita. Edo “Noizbait”en, galdutako neska aurkitu eta gertu sentitzeko modu bakarra “begiak itxiz” da. Edozein gisaz, utzi ez gaituen maite erreala ere denborak darama; baina gelditu denbora eta maiteak eternitatearekin bat egingo du eta beti laztandu ahalko dugu altzoan goxo-goxo maite jainkotua, alegia, irudimenezkoa, "inoiz amestu bako lurretan".

Ostera, Amy Winehouserentzat bikote harremana erremediorik gabeko suntsitze prozesua da eta alferrikakoa dugu irudimenezko babesa.

Wake up alone

abestian, Amy abandonatua gaixorik dago hainbeste negar egiteagatik, baina egunez etxea garbitzen du, okupatuta dagoenean gauzak ondo doaz, edozein zereginetan murgiltzen da bere buruari Blake non ote den galdetu behar ez izateko, atzera eta aurrera dabil pentsatzeari buruz pentsatu behar ez izateko…

Baina zentzunari eusteko ahalmen isil hori ilunabarrarekin batera arrakalatuko zaio, eguzkia gorde bezain laster oinazea bularrean, odola hotz dabilkio, arnasestuka eta antsika hasi da, ilunak estali du, ezin dagoeneko ihes egin, badoa ohera, Blake basati ageri zaio ametsetan, Amyren erraiez jabetzen da, beldurrezko uholdeak sentiarazten dizkio, Blakerentzat busti egiten da Amy, elkarrekin bainatzen dira ohean argi urdinpean, Blakek igeri egiten du Amyren begietan, Amy Blakeren gainean isuri da, ilargia ere logelan isuri da, baina…

BAKARRIK ESNATU NAIZ.

Rilkek zioen amodiorik egiazkoena abandonaturiko emakumeak sentitzen duela, abandonatua baina oraindik maitemindurik, zinezko maitasun bakarra dela maitale baztertuak erantzuten ez duen maitearengana sentitzen duena, Saforena, Magdalako Mariarena, Eloisarena, Gaspara Stamparena, Alfonsina Stornirena…

Zerrenda honetan dugu “Wake up alone” idatzi duen Amy Winehouse ere.

Makrokontzertu batean

Markos Zapiain 2008/07/07 19:26

Amy Winehouseren kontzertuan, Argandan, joan den ostiralean, bazetorren “Wake up alone”, ñabarduraz beteriko abesti delikatu bat, arreta osoa eskatzen dizuna, hasi da kantua eta tipo batek “aizu, barkatu, bultzatu zaitut” (“oye, perdona, que te he empujado”).

Ni ohartu ere ez nintzen egin balizko bultzakadaz, atseginak zaizkit kontzertuetako bultzadak, autobusetako igurtziak adina, eta abesti baten barruan zaudenean bost axola gorabehera horiek.

“Baina azaldu nahi nizuke ez zaitudala bultzatzeagatik bultzatu, baizik ni ere bultzatu nautelako, eta gainera ez letorkidake txarto apur bat aurreraxeago kokatzea” (“pero quiero explicarte que no te he empujado por empujarte, sino porque a mi vez he sido empujado y además no me vendría mal situarme un poco más adelante”).

“Lasai, ondo da, eskertuko nizuke ñabarduraz beteriko abesti delikatu hau entzuten uztea, adiskide” erantzun nion.

“Ba zure itxuragatik ziurtatuko nuke Shakirazaleagoa zarela Amyzalea baino” (“pues dado tu aspecto juraría que te va más la Shakira que la Amy”).

Bermeotik Madrileraino minutu horien bila joan eta tipo komunikatibo horren erruz alferrik galdu. Handik pixka batera, nigandik oso hurbil, kuadrilla bat oihuka: “¡yo soy españool, yo soy españool!”. Ezin “You know I’m no good” aditu.

Abestia bukatutakoan, tentsioa askatzeko eta bide batez laguntza eske edo, “Amyyyy!!!” garrasi egin nuen. Iruditu zitzaidan so egin zidala, esanez bezala “pazientzia, lagun euskaldun hori, niri ere bidegabeki espetxeratu didate senarra, nire Blake, nire Arnaldo”.

Gero morroi batzuk tirolina izeneko txikota batzuetara lotu eta atzera eta aurrera labandu ziren Rock and Rioko zerutik. Amyk harri eta belarri begiratzen zien.

(Bob Dylanek atzo berdin. Nacho Gay El Mundoko blogariak kontatu duenez, "ante sus narices pasa un tipo volando sobre una tirolina. Le mira y con el gesto dice: 'Gilipollas'".)

Amy Winehousek ia beti oparitzen ditu Bis bi. Espainiatik berriz ziztuan ospa egin zuen.

Biharamunean Madrilgo egunkarietan Winehouseri hoztasuna leporatu zioten ez zuelako Bisik eskaini, ez zelako kontzertu ostean Madrilen parrandan geratu (ordea, artikulu berean zioten poliziak etxean atxilotua duela, etxetik soilik irten daiteke kontzertua ematera, ondoren berehala buelta) eta ez zituelako futbolean Europako Txapeldun izateagatik zoriondu.

Susmoa dut bultzakadaren azalpenak eman zizkidana izan zela horrelakoak idatzi zituen kazetarietako bat. Baina baliteke, eta okerragoa litzaiguke, tankera horretako komunikatibo piloa ibiltzea, beste barik, Espainia aldean.

Makrokontzertuetan entzule askok emanaldi osoan behin ere ez diote artistari begiratzen, beren ahotik kanporatzen dituzten zozokeriekin liluratuta. Beren kalaka artistaren perlen pare jartzen dute, ez dira miresteko gai, berdinkeria inposatzen dizute.

Aitzitik, Plateruenan Gu ta gutarraken despedidan edota Bermeoko Kafe Antzokian Ueken kontzertuan ez zebilen berritsukeria harroputz itogarri hori.

Makrokontzertuan baino harreman intimo sakonagoak izan nituen Amy Winehouserekin Alsa autobusean, etxera itzultzean, bere abestiak MP3an entzunda.

Titiaren lilura

Markos Zapiain 2008/07/01 11:58

Munduko gauza on guztiak dira titien antzekoak: aldi berean praktikoak eta politak. Emakumeak titizorroa pixkanaka kentzen duenean, “paradisuko sagar jaioberriaren pare” ageri dela titia dio Juan Kruz Igerabidek ("Hauts bihurtu zineten", 76 or.)

Gure auzoko poeta batek ere modu hunkigarrian laudatu du titia: “Oi titi, oi titi/ zein ederra zaren/ bazeneki/ orduan ez zinateke/ hain eder/ hain titi”.

Poemaren amaieran errimaren indarra galtzen den arren, ederki adierazten du titiaren oharkabetasun apala eta harrokeria eza, titiaren betiko arrakastaren ezinbesteko osagai. Bularra bere edertasunaz ohartuko balitz, fini bere xarma. Zorionez, pentsamendua ez dago titian kokatua, nahiz eta ziurrenik irakurle askorentzat pentsatzea eta titiaren gainean pentsatzea jarduera berbera izan, esaterako Aimar Pinorentzat.

Hain dira bularrak politak, ez baita harrigarria jende sentsiblea itsutu eta putzura amilaraztea. Floridako Coconut Creek herriko gizaseme batek, William Winikoff jaunak, 76 urte, bere burua medikutzat aurkeztu eta bular arakatzeak doan eta musutruk egiteko gertu zegoela ziurtatu die zenbait emakumeri. Horietako bik sinetsi eta titiak auskultatzen utzi diote. Halako batean ordea ohartu dira ukitzeek gehiago zutela zirri berotik azterketa zientifikotik baino. Winikoffen irribarre pikaroak susmoa areagotu die. Azkenik andreek poliziari deitu eta atxilotu egin dute. Epaiketaren zain dago, jokaera lizunagatik salatua.

Diotenez, gustagarri edo gorrotagarri zaizunaren antza hartzen duzu bizitzak aurrera egin ahala, eta niri, hogeita hamabi urte besterik ez baditut ere, titixkak handitzen ari zaizkit, eskailerak jaistean nabaritzen dut batez ere balantza. Ez da atsegina, eta pentsatzen ari naiz faxaren bat jartzea bular aldean. Ez dakit Manu Etxezortuk eta Koldo Goitiak halako trantzerik pairatu ote duten, kate motzean lotua ote duten bularraren puztea ala gainezka egiten dien noizean behin.

Gorputzeko beste atalen aldean handia eta berezia du bularrak grazia. Titiarekin alderatuta, ez du zereginik sudurrak. Gizajale edo kanibalek duda larririk ez dute izaten gutixia gisa zer nahiago, titia ala prostata. Kanibalismoa zerabilen tribu bateko buruzagiari antropologoak “gainditu al duzue ohitura itsusi hori?” galdetu eta erantzuna “bai, ezabatu dugu, atzo bertan afaldu genuen azkeneko kanibala, titi eta guzti, nire lehengusina”.

“New England Journal of Medicine” aldizkarian argitaraturiko alemaniar ikerketa batek ziurtatzen du egunean hamar minutuz bular pare bati so emateak gizakiaren bizialdia bost urtez luza lezakeela. Dirudienez, ariketa horri esker bihotzak odol gehiago ponpatzen du, zirkulazioa bizkortzen da. Betiko eszeptikoek dena den hoztasunez hartu dute albiste pozgarri hori eta diote bost urte barik bost zentimetro luzatzen dela, eta ez bizia, baizik organo ospetsu bat.

Edonola ere, baten batek egunean hamar minutuz begiratu nahi badizkit, lizunkeriarik gabe, soilik bizialdia bost urtez luzatzeko, ez diot kobratuko berrehun euro baizik, saio bakoitzeko.

Bigarren pertsonan idatziriko eresien aurka

Markos Zapiain 2008/06/24 17:52

Desosegua eragiten didate norbait hil ondoren bigarren pertsonan idazten zaizkion in memoriam eta laudorio ikaragarri horiek:

“Oroitzen zara, Aitziber, nolako lanak hartu genituen aberriaren alde, arazoari gehienek ezikusia egiten zioten bitartean?”

Edota:

“Munduko hamalau gailurrak igo hituen, Harkaitz, eta aingeruzko goialde haietan gelditu duk hire arima elur argiaren eta Yeti misteriotsu eta ilunaren lagun sekula betikoz”.

Halako hilkexek sorturiko ezinegona, batzuek hilikoaren arimaren patuari lotzen diote: diotenez, inbokazio horiek, zuka zein hika, arima lurrean kateaturik atxikitzen dute, goi esferetarako bere ibilbide askatzailea eragotziz. Nire arbuioa ordea ez da mistikoa, baizik soilik psikologikoa eta estetikoa.

Psikologikoa: biziki hunkiturik omen dagoen idazleak hila goraipatzen duelarik bide batez bere burua zenduriko heroi maitagarriarekin elkartuta pintatzen du, eta heriozko sentimenduen anabasa dela-eta jendea despistatuta dabilela profitatuz hildakoaren merituak bere izenean ere jartzen ditu lotsa gutxiz, bere baitara ditu erakartzen eta bere dohainen artean zerrendatzen.

Estetikoa: hil berriari oroiminezko doluz mintzatzeak melodramatismo merkez eta sentimentalkeriaz kutsatzen du giroa. Bizirik gelditu denak hildakoari zuzenduz oraindik gogoan duela adierazi nahi luke beharbada, baina egitez lortzen duena da irakurlearen baitan “hildakoa bizirik balitz” desira sortzea, “halakorik irakurri behar ez izateko…”; desira berez onuragarria.

Aldi berean haatik beste desira hau ere pizten du, aski itsusi eta kezkagarria: “lastima hil dena beharrean horrelako kursikeriak idaztera ausartu dena hil ez izana”.
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.