Gandi kastu
Gogaide ugari dauzka Gandik gurean borroka politikoaren arloan; gutxiago dira ordea kastitatearen bidetik jarraitzen diotenak, gure kultura katolikoa haztegirik eskasena ez den arren kastitatea lora dadin: apaiz katolikoei kastitatea exijitzen zaie; aldiz, artzain protestanteei, pope ortodoxoei, errabino juduei eta iman islamdarrei ez. Zaila behar du kastitateak, baina bizitzan behin bederen komeni da isuri gabe ahal bezain luzaro eustea, ea zer gertatzen den, funtsezko aldaketarik dakarkien gure gorputz-arimei, bertsolari bilakatzen ote zaren. Igor Elortzaren bertsoerako sintaxiari sumatzen zaio sublimazio lana, zeren garrantzi handia ematen baitie bere atributuei.
Jean-François Dortier-ek garbi erakutsi du Gandirengan kastitatera eraman dezaketen arrazoi ia guztiak aurkitzen ditugula: biografikoak, erlijiosoak, psikologikoak, ideologikoak, moralak.
Ezkondu zirenean hamahiru urte zituzten Gandik zein Kasturbaik. Gandik emaztearengandik bereizi zen bolada batean aurkitu zuen kastitatea, Hegoafrikan. Beti izan zituen ordea bere baitan zein inguruan kastitatera eramango zuten eraginak eta bultzadak. Esaterako, Indian hainbat dira kastitatea aldarrikatzen duten tradizio mistikoak: hinduistak, budistak, jainistak, yogiak, brahmanistak. Gero Londresen kristau puritanoekin ibili zen. Bazuen gainera pitagorikoen, judu eseniarren eta gnostikoen berri, kristauen lurraldean berean kristauek baino lehenagotik erabiltzen zutenak kastitatea, III. mendera arte ez baitzuten desertura jo lehenbiziko eremutar kristauek. Azkenik, Gandik beti irakurri zuen irrikaz Leon Tolstoi errrusiar bizardunaren obra, kastitatearen aldezle sutsua berau.
Borrokalariaren ideal heroikoak ere indar guztiak misioari eskaintzea eskatzen du, eta Gandik Indiaren askapen borroka Ingalaterraren aurka, espiritualtasunarena bezala ikusten zuen materialismoaren aurka. Gainera, britainiar soldaduek sarritan bortxatzen zituzten neska indiarrak, eta horrek sexuaren alde nazkagarria nabarmendu zion.
Gandi anorexiaren mugetan ibili zen beti gainera, oso gutxi jaten zuen, eta hori lagungarri zaio kastitateari, anorexikoak maiz lotzen baititu sexuari ukoa eta goi arnasa intelektual eta espirituala.
Bada hala ere haren biografian zartako bat bai Jean-François Dortier-ek (Comment être chaste?) eta bai Aitor Zuberogoitiak (Gandi, Elkar) erabakigarritzat dutena, Gandi kastugai bilakaraziko zuena erremedio barik eta behin betiko: izugarri maite zuen bere aita. Aita hilzorian zenean, gau eta egun egon zen orduan hamasei urte zeuzkan Gandi aitaren oheburuan, aitaren agonia zaintzen, egunak joan egunak etorri. Behin batean, osaba hurbildu zitzaion, joan zedila atseden hartzera, berak ordeztuko zuela. Gandi lo-gelara joan zen Kasturbai emaztearekin eta, amodioa egiten ari zirelarik jo zien patuak atea. Hil berria zitzaion aita.
Ez zion sexu grinari barkatu bere seme-betebeharretatik aldendu izana. Aurrerantzean sendoagoa izan zen bere ukoa sexuari. Ez, eta eskerrak, Alexandriako gotzain Origenesena bezain errotikoa, zakila ebaki baitzuen. Bide batez esanda, Origenesek imitatzaile mordoa izan zuen bere garaian, Eliza kezkatu egin zen eta Nizeako kontzilioan erabaki zuen bere burua borondatez zikiratukorik ez onartzea apaiz gisa.
Dena den, bada hainbat bide menperatu nahi duzun grina zapaltzeko. Nietzschek sei aipatzen ditu “Egunsentia”n, baina Gandik erabilitakoa ez, aski ezohikoa baita.
Neska gazte biluziekin oheratzen zen Gandi gauero, bere ilobekin edo beste batzuekin. Neska bakar batek ere ez zuen salatu, dirudienez ukitu ere ez zituen egiten. Usadio horri buruz galdetu ziotenean, ukatu egin zuen hasieran. Ebidentziak pilatu ahala onartu eta ohea eta gorputza berotu beharra aipatu zuen. Geroxeago aitortu zuen ohitura horren zinezko xedea: sexu-bulkada ahal bezain zorrozki menperatu nahia: izan ere, erraza baita tentabidea gainditzea urruti dagoenean; zailagoa eta aldi berean goresgarriagoa berriz zure alboan izara beraren pean goxo-goxo duzula garaitzea.