Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Sokrates

Markos Zapiain 2013/10/20 11:11

 

-jende “normala”rentzat susmagarri, arraro: oso itsusia, txiroa, beti oinutsik, lanbide ezagunik ez

-sofistak eta Sokrates

-salaketak: jainko berriak asmatzea eta gazteak usteltzea

-egia beti eta nonahi adierazi, heriotza mehatxua gorabehera; filosofoak heriotzaren gainetik jartzen du egia

-ihes egiteko aukerari uko, beti bete behar dira hiriko legeak, zikuta patxada ederrean irentsi: filosofatzea hiltzen ikastea da, filosofoa ez da heriotzaren beldur

-azkeneko ametsak; Kriton, ez ahaztu oilar bat zor diogula Eskulapiori

-ezagutu zure burua (Tales, Pitagoras, Heraklito, Sokrates)

-okerragoa da sufriaraztea sufritzea baino, bidegabekeria egitea bidegabekeria nozitzea baino

-Pitiak: “Sokrates da atenastarrik jakintsuena”; Sokratesek berak Sinposioa-n: “ez naiz aditua maitasun kontuetan baino”

-ironia: Sokratesek solasari ekiten dio aitortuz dakien gauza bakarra dela ezer ez dakiela, eta, bere galdera ironikoen bidez, ustez dakien solaskideak ere benetan ez dakiela erakusten du

-maieutika: Sokratesek dio bere ama emagina bezalakoa dela, baina, ume fisikoak munduratu beharrean, ume espiritualak edo egiazko kontzeptuak ateratzen ditu solaskidearen arimatik

-antierlatibismo morala: balio moralak unibertsalak dira, arrazoia erabiliz ezagutu daitezke; ongiari eta gaizkiari dagozkionak aldaezinak dira

-definizioen unibertsaltasuna: matematika bezala, giza kontuei loturiko definizio zuzen oro ere edozein gizakirentzat da onargarri, beti eta nonahi; sakonagoa da gizaki guztiok batzen gaituena bereizten gaituena baino; Alexandroren inperiorantz, giza eskubideetarantz, Wikipediarantz

-intelektualismo morala: bihotz oneko ergelaren figura kristauek asmatuko dute; Sokratesentzat, berriz, lotuta daude zintzotasuna eta jakintza; inor ez da gaiztoa jakinaren gainean eta dakienak ondo jokatzen du, zintzotasun etikoz. Ez dakielako dabil gaizkilea bide txarretik. Gaizkilea kartzelara barik eskolara bidali beharko genuke

Sofistak

Markos Zapiain 2013/10/16 10:55

-Fisis eta Nomos-aren arteko eztabaida; presokratikoen ahalegina naturari buruz guztiok onartzeko moduko filosofia bat sortzeko, porrot; beraz, sofistek begirada filosofikoa naturatik aldendu eta herri barrura zuzenduko dute, giza kontuetara, etikara eta politikara

-Egoera sozio-politiko berria, demokrazia

-Maisu ibiltariak, herriz herri irakasten zuten hitzaren bidez arrakasta lortzen

-Politika eta erretorika; Gorgiasek hitzari buruz: izaki itxuraz ahul eta ezdeusena, erabiltzen jakinez gero negar eta barre eragin dezake, gaixotu eta sendatu (Antifon sofista, psikoanalisiaren aitzindari)

-Protagoras: erlatibismoa, gizakia da gauza guztien neurria

-Gorgias: eszeptizismoa, ez dago Egiarik; balego, ezingo genuke ezagutu; ezagutuko bagenu ezingo genuke komunikatu; komunikatuko bagenu inork ez liguke ulertuko

-Hortaz, ezin hitza, Sokratesek eta Sokratesen ostekoek bezala, egia bilatzeko erabili; liluratzeko erabili behar da, jendearen nahimenaz jabetzeko

-Legea; ez dator jainkoarengandik (Atenea, Korana, Biblia), ez da naturala eta kosmikoa (Heraklito), baizik eta konbentziozkoa, gizakiok hitzartua, gure beharren eta interesen araberakoa, aldagarria

-Etika: soilik konbentzionala? ala, sofista berantiar batzuek diotenez, antinaturala ote? Gure baitan naturala zer den zehazteko, animalia eta umea aztertu: animalien artean, indartsuenak agintzen du; umeak gozamena bilatzen du, oinazeari ihes; beraz, antinaturala da etika

Eleatarrak

Markos Zapiain 2013/10/11 10:55

PARMENIDES

-Platonen eta tradizio filosofikoaren arabera, Heraklitori Parmenides kontrajartzen zaio: Heraklitok guztia ari dela etengabe aldatzen baldin bazioen, Parmenidesek mugimenduaren ezina aldarrikatuko du

-Parmenidesen hilarriaren gainean: Y; bizialdiko uneren batean aukeratu behar, bide zuzena ala okerra

-Egiaren bidea: badena bada, ez dena ez da, ez da egia badena ez dela, ez da egia ez dena badela

-Benetako Izatea, hortaz, ez da jaio, hilezkorra da, osoa, betea, biribila eta geldia

-Bat datoz pentsamendua eta Izatea

-Iritziaren bidea faltsua da, zentzumenen bidez jasoa: mugimendua erakusten du

-A A da eta ezin da aldi berean B izan; identitate hastapena, zientziaren oinarri; magian, berriz, A aldi berean B ere izan daiteke (dantza erritual egokien bidez, tigrearen arima aztiaren gorputzean sartu); edonola ere, zientziaren lorpenak magiarenak baino harrigarri eta "magikoagoak"

-Alexandre Kojèveren eta Clèment Rosseten irakurketa ezohikoak

-Felipe Juaristiren poema

 

ELEAKO ZENON,  Parmenidesen dizipulu; maisuaren filosofia sendotzearren asmatu zituen lau paradoxa hauek:

(Paradoxak: “nik inoiz ez dut egiarik esaten”; “nik beti gezurra esaten dut”; On Kixote-n, Insula Baratarian sartu ahal izateko galderari erantzuna: “urka nazaten etorri naiz”)

 

a) Espazioa infinituraino balitz zatigarri:

-Lasterketa estadioan

-Akiles eta dortoka

 

b) Espazioa ezin zatituzko puntuz balego osatua:

-Gezia, beti geldirik

-Hiru Ilarak, bata geldirik eta beste biak kontrako norabideetan: orduan ilara batek aldi berean zeharkatzen duena eta zeharkatzen duenaren halako bi aurreratzen du

Ondorio posible bat: filosofiak beti nahi izan du arrazoimenaren bidez dagoenaren berri eman. Ordea, dagoena mugitu egiten da. Eta logikak erakusten du mugimendua ezinezkoa dela. Beraz, giza arrazoimenak ezin du errealitatea adierazi, ez datoz bat: hobe filosofiari uko egin eta isildu.

Zeri buruz dio Parmenidesek "esti"?

Markos Zapiain 2013/10/07 09:00

Parmenidesek dioenez, bat datoz izatea edo benetan badena ("einai", "esti") eta pentsatzea ("noein"), eta badena bada, ez dena ez da, ez da egia badena ez dela, ez da egia ez dena badela. Ondorioz, izatea osoa da, betea, biribila, geldia, aldaezina, betikoa eta hilezkorra. Badena bada, ez dena ez da: horrek ez du erremediorik, eta, Parmenidesen hitzetan, ezinbestekoa da, zuzenbidea, legea eta patua.

Tradizioaren arabera, Parmenidesek Izateaz dihardu, Izate den heinean: aldaketa, denborazkotasuna eta errealitate enpiriko oro transzendituko lukeen Izateaz, edozein gauza partikularren gainetik legokeena.

Parmenidesen poemaz nagusi den ikuspuntua Platon, Aristoteles, Nietzsche eta Heidegger-engandik datorkigu eta ontologiaren eta zehazki dualismo ontologikoaren ernamuintzat dauka; ikusi nahi izan du poemak bereizten dituela, batetik, zentzumenen bidez jasotako izaki engainagarriak eta, bestetik, zinezko Izatea, gogoeta logikoak uler dezakeena, haraindikoa. Ikuspuntu hori indartzeko Parmenidesen biografiako pasadizo ez oso ziur batzuk ere aitzakiatu izan dira: Eleakoaren hilarrian Y bat ageri zen; ikur horrek adierazten omen du bizitzan bi bideen artean aukeratu behar izan zuela, iritziaren bidea ala egiaren bidea; hainbat sektetako kideen hilarrietan marrazten zuten Y hori.

Interpretazio horrek arazoak pizten ditu. Inork ez daki zer arraio egin poemako bigarren zatiarekin, kosmogoniaz, kosmologiaz, antropologiaz eta demonologiaz diharduena. Izan ere, Jainkosak lehenbiziko zatian ezagutarazten baitio egiaren bidea Parmenidesi: funtsean, badena badela; eta iritziaren bidea ezinezkoa dela diotso, alegia, ez dena badela: ez denaz ezin deus ere esan. Hala ere, poemaren bigarren zatia mintzo da ez egiaz baizik iritziaz, zentzumenen bidez jasotakoaz, eta Jainkosak jakinarazia da, halaber.

Alexandre Kojève-ren eta Clèment Rosset-en irakurketek hankaz gora jartzen dute tradiziotik datorkigun interpretazioa eta bigarren zatiaren izatea era koherenteagoan zuritzen dute.

Rossetentzat, sinonimo dira izate, existentzia eta errealitate. "Jakinduria- eta eromen-hastapenak" liburuan dioenez, izakien eta Izatearen artean bereiztea, Heidegger-en gisara, doktore mistikoen joera da, zentzu handirik gabekoa. Estrapolazio filosofiko bat egin da Parmenidesekin: beste filosofo batzuek beren kezken arabera interpretatu dute haren poema, Parmenidesenak ez diren kezkak, eta hala ere kezka horiei erantzunez aurkezten digute Parmenides Filosofiaren Historiek. Eleakoari esanarazi zaizkio hark gogoan sekula izan ez zituenak. Poema bera arretaz irakurri beharrean, interpretazio-ildo nagusia jausi da Bergsonek “pentsamenduaren erretroaktibitatearen ilusio” izendatu zuen horretan: Parmenidesi nahikeria ontologiko bat eta eternitate-ardura bat leporatu izan zaio, ez zena filosofikoki garatuko hura hil eta mende eta erdi geroago baino, metafisika greko klasikoan, Platon eta Aristoteles. Platon etengabe mintzo da eternitateaz, “aei on”; aldiz, Parmenidesek ez du halakorik INOIZ aipatzen.

Zehaztu dezagun: Javier Agirre eta Felipe Juaristiren itzulpenaren arabera, Parmenidesek badenaz (“esti”) dio: “jaio ez izana izanik, ezilkorra ere badela, eta betea, bakarra, geldia eta guztiz osatua; ez zen izan eta ez da izango, orain oro baita bat, bakar, etengabea.”

Rossetek onartzen du Parmenidesek izateaz esateak jaio ez izana dela, ezilkorra eta geldia, iradoki dezakeela hemen beheko errealitate denborazko eta aldagarritik bereiziriko zerbait duela aipagai, hots, ontologiak ezagutarazi digun Izate transzendentea.

Ordea, testuan bertan ez du ezer aurkitzen halako irakurketa bat derrigortzen duenik. Areago, ohiko interpretazio-arazo ugari desagertu egiten da, behin utziz gero Parmenidesengan ikusteari  pentsalari bat desberdintasun ontologikoaz arduratua, existentziaren eta Izatearen artean bereizi nahi tematian.

Rossetek tzulpenaren bidez laguntzen dio bere interpretazioari. Orrialdeak aurrera, tradizioan gailendutako “jaio ez izana” eta “ezilkorra” bilakarazten ditu “iraganik gabeko” eta “etorkizunik gabeko”. Halatan, aiseago helduko da baieztatzera Parmenidesengan bat datozela izatea eta existentzia, poemako “esti”k ez duela aipagai errealitatea baizik.

Edonola ere, izateak ez badu iraganik, ez etorkizunik, ezta mugimendurik ere edo aldaketarik, zer ote da, ez bada ontologiaren betiko Zer transzendentea?

Horra giltza: ZERI BURUZ dio Parmenidesek ez duela iraganik, ez etorkizunik, ezta mugimendurik edo aldaketarik ere?

Rosseten ustez, ORAIN PRESENTE dugunari buruz. Parmenides mugatzen da esatera badena iragan barik eta gero barik dela, eta orain existitzen dela (“nun esti”).

Izatearen ezaugarri horiek (aldagaitz, iraganetik eta etorkizunetik independente) ez dira ontologiaren pribilegio, baizik edozein errealitateren ezaugarri, errealitate hori orain eta hemen dugun neurrian. Errealitate bakar bat ere ez da aldaketaren, iraganaren edo etorkizunaren menpekoa izan, orain baita beti. Aldaketaren, iraganaren edo etorkizunaren araberako errealitatea irreala litzateke, orain hemen ez den izateaz esan beharra baitago benetan ez dela.

Horri lotuta, bestalde, ulergarriago ageri zaigu Parmenidesen esan hau: benetan badena onartzeko beharrezkoa da bihotz ausart bat. Kontua da gizakiak beti babestu nahi izan duela bere burua benetan badenetik, zoragarria bezain arraroa eta krudela baita, eternitateren, haraindiren, iraganen edo geroren baten altzo haluzinaziozkoan; aski hedatua da eternitatea, haraindia, iragana eta etorkizuna oraina baino errealagotzat hartzen duen eromen mota. Parmenidesek behin betiko ixten digu aukera hori, eta benetan baden errealitate bakarrera kondenatzen gaitu, orain eta hemen aurrez aurre dugun horretara.

Erabatekoa da Parmenidesen izatearen eta errealitatearen arteko adostasuna, Parmenidesen “esti” horrek edozein errealitateren funtsezko ezaugarria adierazten baitu: existitzea ez da beste bat izatea, ez lehen, ez gero, ez beste nonbait, baizik orain eta hemen izatea: aldagaitz, betiko, hilezkor, geldi.

Pitagoras

Markos Zapiain 2013/10/04 08:29

-Samosetik Krotonara, Turkiatik Italiara

-Pitagorikoen sektaren arauak eta bizimodua

-Kateto ber 2 + kateto ber 2=hipotenusa ber 2 aurkikuntza ospatzeko idi bat sakrifikatu eta oturuntza

-Metempsikosia

-Monokordioaren bidez, musika-harmoniaren oinarri matematikoaz ohartu: zortzirena: 2:1 (diapasoia); bostena: 3:2; laurdena: 4:3

-Fisisaren arje-a, edo naturaren oinarria, dagoenaren funtsa: zenbakia, zenbaki osoa. Sentimenduak eta gertaerak ere, itxaropena zein ezkontza, zenbaki. Zenbaki perfektua: 10: 1+2+3+4: triangelu ekilateroa; Jainkoa: ekilateroaren baitan, begi kontenplalaria

-Platonen propedeutika-proposamen pitagorikoa (Politeia VII): aritmetika (puntuaz eta mugitzen den puntuaz: marraz), geometria (mugitzen den marraz: planoaz), estereometria (mugitzen den planoaz: solido geldiaz), astronomia (mugitzen den solidoaz: planetaz)

-Teoria, kontenplazioa, katarsia. Unibertsoaren funts matematikoa ezagutuz arima purifikatu. Estadioan.

-Esferen musika: isiltasuna

-Antilurra edo errealitatea gure irudi idealean kosta ahala kosta sarrarazteko giza grina

-Pitagorasen sektako arauetako bat: isiltasunarena. Metapontioko Hipaso, jendaurrean jakinarazteagatik karratuaren aldearen eta diagonalaren arteko harremana (√2) ezin dela zenbaki osoen bidez adierazi, salatu eta hil egin zuten. Zenbaki irrazionalen aurkikuntzak pitagorikoen mundu-ikuskera arrakalatu. π-ri buruzko errusiarren liburua

-Pitagorismoa gaur egun: fisika, fisika-matematikoa da; Mandelbrot eta fraktalak: hodeien eta kostaldeen forma aldakor itxuraz apetatsuak koherentzia matematikoaren arabera azaltzeko ahalegina

Zenbait arazo filosofikoren oinarri mitologikoa (hitzaldiaren egitura)

Markos Zapiain 2013/09/27 15:05

 

 

0-ILIADA, ODISEA, LANAK ETA EGUNAK; Homeroren auzia; Musijé; Odiseo, Kalipso jainkosa zoragarriak maitatua, hala ere herri eta Penelopeminez; kosmos ordenatuan dagokizun lekua bete behar

 

1-KAOSETIK KOSMOSERA; hybrisak oreka hausten du eta mitoak harmoniaren berreskuratzea erakusten du; heroiak harmonia berrezarriko du, esaterako Heraklesek

 

2-KAOSETIK, URANO ETA GAIA, zerua eta lurra; etengabeko larru jotzea; ondoriozko kumeak (Titanak, Ziklopeak), Uranok, ez baitu lehiakiderik nahi, Gaiaren altzora bidaltzen ditu, Tartarora

 

3-KRONOS SEMEAK URANO ZIKIRATU; oinzeagatik, zerua lurretik bereizi, aldendu eta urrutiratu: espazioa sortu da, mundua; eta, esker onez, Tartaroan zarratuta zeudenak askatzen dituztenez gero, baita DENBORA ere, BELAUNALDIAK

 

4-ESKULAPIO

-Apolok Eskulapioren gurasoak hil, hiliko ama batengandik jaioa, medikuen printzea, hildakoak berpizten ditu, desordena, hybris: gizakiari ez dagokio hilezkortasuna, gehiegizko pilatzea

 

5-MIDAS ERREGEA

-batetik tentela, berehala geldituko da erdi hilik gosez zein egarriz, pikua zein ura bere ezpainak ukitu bezain laster urrezko bilakatuko baitira

-bestetik, biziduna ere urre bilakarazten du, bizigabeen, landareen, animalien arteko mugak hausten ditu, hybris

 

6-EDIPO

-Tiresias emakume izana da; Zeusen eta Heraren arteko eztabaida, nork gozamen handiagoa sexuan, gizonak ala emakumeak, suge-bikotea, Herak Tiresiasen begiak erauzi, itsutu, Zeusek konpentsatzeko etorkizuna ikusteko ahalmena eman, igarle

-Sofoklesen tragedia kontatu

-Arbaso baten errua askoz ere geroagoko belaunaldiek ordaindu behar (Laiok Krisipo biolatu, Krisiporen aitaren madarikazioa)

-Patua saihesteko mugimenduak mamitzen du hain zuzen patua (Bagdadeko morroia)

-Intzestuaren debekua, gizakien artean, beti eta nonahi?

-Giza izaera sakona, aldaketa historikoen gainetik? (Marx, Freud eta Lévi-Strauss)

-Freud: Edipo aroa, umearen garapen psikosexuala

 

7-SOFOKLESEN ANTIGONA KONTATU

-bihotza, odola eta familia adimenaren, legearen eta estatuaren aurka, Antigona Kreonteren aurka;

-lurperatzearen izaera sakratua: arrantzale galdua, Lasa eta Zabala, ETAren bonba Zarauzko hilerrian Iruretagoiena lurperatzen ari zirela, Marta del Castillo

 

8-PROMETEO

-Epimeteo eta Prometeo, Japeto Titanaren semeak; “Epi” ostean da, Epimeteok egin ondoren pentsatzen du; “Pro” berriz aldez aurretik, Epimeteo txoriburu bezain zuhur da Prometeo, anaiaren hanka-sartzeak konpontzen ohitua; bizidunak sortzeko orduan Epimeteok gizakia senez ondo programatu eta gorputzez ondo hornitzea ahaztu eta Prometeok, Olinpotik sua ostu eta gizakiei oparituko die ezereza nolabait janztearren (suaren bidez teknika, arteak, historia: giza protesiak, larru lodiaren, atzaparren, oskolaren ordezko); gabezia eta askatasuna (Sofistak, Pico, Heidegger, Sartre)

-Zeusen zigorra: Tartaroko arroka batean lotu eta putre batek etengabe jango dio gibela

-Azkenik Heraklesek askatuko du; ordea, Zeusek hitza emana zuen, zigorra betirako izango zela; konponbidea: katea zati bat jarriko du hatz batean, arrokako harri zati bat itsatsirik daramala; mitoaren arabera, hortik datorkigu eraztuna janzteko ohitura, harri bitxi bat gainean duela

-Prometeoren mitoaren Freuden interpretazioa: sugarra zakila da; sugarra pixaz itzali nahi izatea, berriz, lehia homosexuala; Prometeo sua pixaz itzaltzeari uko egin ziona da, instintuzko beharrari eutsi eta gizatasunari bidea zabaldu ziona

-Zeus konforme ez, gizakia ez dago behar bezala zigorturik, eta Pandora bidaliko die, lehen emakumea, gizonak liluratu, erakarri eta suntsitzeko bidalia; Pandora txakur-emea da, bere desira asegaitzek gizona hustu eta akitzen dute; Pandoraren kutxa: Zeusek ez zabaltzeko agindu eta, emakumearen berezko jakin-minak derrigortuta, ireki: gaitz guztiak zabaldu ziren munduan: tristura, amorrua, beldurra… ; itxaropena izan ezik, kutxaren hondoan gelditu baitzen; mitologiak emakumeez transmititu duena (Pandora, Eva, Mila eta bat gau-eko errege ehiztariaren emaztea), eta horren eragina ohituretan eta historian

 

 

-Marcuse, Eros eta Zibilizazioa: soilik Prometeoren munduan ageri da Pandora madarikazio gisa; Prometeo instintuak zapalduz gauzatzen den lanaren eta aurrerapenaren heroia da; Prometeoren aurrez aurre, Orfeo eta Narziso, kantuaren eta kontenplazioaren jainkoak, gozamen estetiko lasaia, edertasun musikalaren eta etekinik bilatzen ez duen maitasunaren hastapena

 

9-DIONISOS

-Dionisosen jaiotza: Semele gizatiarrak, Hera jeloskorrak zirikatuta, Zeusen itxura jainkotiarra ikusi nahi, eta Zeusek, oinaztua eta trumoia denez berez, Semele kixkali; bien bitartean, Zeusek semea izterrean gorde zuen eta hortik jaio zen, aitaren izterretik

-Dionisosen mendeku-gosea izeko Agaveren aurka (honek ahizpa Semeleri iseka egiten zion Semelek zioelako Jainkoen Jainkoarekin enroilatzen zela)

-Euripidesen Bakanteak kontatu: Penteo txintxoa Dionisosek antolatu jai batera doa bakantez mozorroturik, Urkullu emo joango balitz bezain harrigarria grekoentzat, eta, Dionisosen eraginez, ama Agavek eldarnio betean Penteo zatitu egingo du eta burua makila batean inkatu

-Dionisos: giza ama batengandik jaiotako olinpiar bakarra, arrotza (ekialdekoa -asiarren begiak-, ez autoktonoa, gure lurrean jaioa, gutarra, gainerako olinpiarrak bezala), mozkorra, drogadiktoa, beti alderrai, eroa, gaizkilea, animalia (aker, zezen), neskatxa, trabesti, bestelakoa, eta hala ere Olinpoan integratua: grekoen jeinua, estilo handia: desoreka, eromena, itzala, bestelakoa bere baitan hartu eta indar ilun arriskutsu horien bidez bizitzaren edertasuna sakontzeko ausardia

 

10-PLATONEN KRITIKA MITOLOGIAN OINARRITURIKO HEZIKETARI

Zigor bide desberdinak?

Markos Zapiain 2013/09/25 10:50

Stehen Jay Gould-ek erakutsi du txiripa arraro bat zein erabakigarri izan daitekeen biziaren bilakaeran, zein desberdina zatekeen gure izaera behinola biziak oso gertu zeuden aukeretatik bestea hobetsi izan balu, gure artean nagusi den ezagumenari zein ulergaitza litzaiokeen.

Orobat, giza historian, ohituretan, esaterako zigorgintzan, ulergarriak zaizkigu begia begi truk, heriotza zigorra, tortura, espetxea, isuna; baita beste masaila ipintzea ere, ezaguna zaigu mintzamolde hori, barkatzea eta etsaia maitatzea. Normalak zaizkigu jarrera horiek, naturaltasun gisako batez hornitzen ditugu ohartzeke, gure kulturari baitagozkio. Samuel Butler-en Erewhon-en eritasun fisikoa delitutzat jotzen zuten, baina zientzia fikzioa zen. (Errealitatean ere hasiak dira eritasuna zigortzen: gero eta nekezago ordaintzen dira bajak.)

Ordea, txiripa arraroren batek erabakiko zuen beharbada zigor molde horien hedatzea eta gailentzea, eta txiripak bestelako bide bat hartu izan balu zeharo desberdinak lirateke gure gaur egungo burubide eta jokabideak kaltegileari eman beharreko erantzunari dagokionez.

Juliaz ari dela, Saizarbitoriak dio ezen “batzuetan, Martinek eskatu gabe, ahuspez jartzen da ohean eta, belaunikatuz, ipurdia eskaintzen dio, nonbaiten irakurri duelako, Horneyri uste du –The Neurotic personality of our Time-n beharbada?– neurotikoei atzetik egitea gustatzen zaiela, eta beharbada bulkada hori erreprimitu egiten duela pentsatuz.” (415 or.) Zer esan nahi du, uzkia eskaintzen diola, ala alutik baina zakur-jarreran?

Gaztelaniaz: “A veces, sin que Martin se lo pida, se pone boca abajo en la cama y se incorpora ofreciéndole las nalgas, porque en algún sitio ha leído, cree que a Horney –¿en La personalidad neurótica de nuestro tiempo?–, que a los neuróticos les gusta hacerlo por detrás y quizá reprime ese impulso.”

Nalgas… bigarren aukeraren alde, itxuraz.

Erabateko zehaztasuna helburu, Horneyren liburua goitik behera irakurri dut, aipamen hori aurkitu barik, ihes egingo zidan. Aldiz, biziki interesgarriak diren beste zenbait ideia topatu ditut; besteak beste, datu hauxe: inuitei ez zaie iruditzen hiltzailea zigortu behar denik; eta, beste herri batean, ama bati semea hiltzen bazioten, orduan hiltzailea adoptatu egiten zuen, familian txertatu, asasinatutako semearen ordezko edo.

Nolatan irits daiteke da giza talde bat burubide eta jokabide horretara? Zeinen ulergaitzak zaizkigun historiaren bideak. Edonola ere, ez ote da hainbat aldetatik jakintsuagoa gure espetxea, amorru etengabea eta begia begi truk baino, ez ote estrategia azkarragoa biziraun duten senideen oinazea baretzeko orduan? Ez da mina errazago gainditzen eta ahazten kriminala, patu ankerraren mamitzea, egunerokoan alboan duzula? Norbera hobeto bizi dadin ez da gorrotoa eta mendekua baino egokiagoa deabrua onartzea eta itzala argitzea, ahalegintzea bederen?

Dena den, pentsa liteke, halaber, kriminala etxera ekartze horren bidez amak tai gabeko mendeku mantso bati ekingo ziola, erruduna behin eta berriro irainduz, gosari nazkagarriak zerbitzatuz eta txerri-kortan lo eginaraziz. Egiantzekoagoa da, hobeki dagokio giza arrazaz dakigunari, gizaki gehienek garbi sentitu izan baitute sufrimendua apaltzeko biderik bizkorrena eragin digun morroia zehatzea dela.

Adimen arriskutsu baten aitorpenak

Markos Zapiain 2013/09/24 10:40

1-Hainbat aldetatik da arriskutsua Chuck Barrisen adimena. CIA-k eta, oro har, zerbitzu sekretuek, ezaugarri psikologiko bereziak dituzten pertsonak kontratatzen dituzte, eginbehar bakoitzaren arabera. Barrisi hilketak agintzen dizkiote. Barrisen zein ezaugarri psikologikok erakartzen du CIA?

 

2-Arrazoi dute CIAkoek erabakitzen dutelarik Chucki benetan gustatzen zaiola jendea garbitzea? Lotuta egon daiteke, George Clooney agenteak  iradoki bezala, bere benetako aita ez Chuckek uste duen haginlaria baizik eta hiltzaile bat izatearekin, bere arreba hilik jaio izanarekin, Chucken zilbor hesteak itota, eta, amak neska nahi zuenez, Chucki arrebaren heriotza leporatu eta hurrengo arreba jaio arte Chuck neska-arropaz jantzi izanarekin?

 

3-CIAk jendea ezkutuan hiltzeko agintzen dio Barrisi, CIAk berak gaiztoa dela erabakitzen duen jendea, baina legearen arabera hil ez dezakeena. Zer deritzozu agintariek legeari ezikusia egiteari, nahiz zitala omen den jendea hiltzeko izan? Eta agintari ez direnek egiten badute?

 

4-Chuck Barrisek berak eskatuko dizkio halako batean ekintzak CIAri, lasaitu ahal izateko: hiltzeak dakarkio arimako batea. Bestalde, Lou Reeden abesti batek dio zirraragarriagoa dela hilketa orgasmoa baino. Bada hiltzea atsegin duen jendea. Rutger Hauer-ek filmean bertan dio hiltzeko plazera pizgarria dela. Zenbait hiltzailerentzat, kausa heroikoak, lapurtu beharra, gerra zuzenak, aitzakiak izaten dira: benetako bultzatzailea odolaren usaina sentitzea ei da. Zuzena iruditzen zaizu Nietzscheren diagnostiko hori?

 

5-Zer harreman izan daiteke frustrazio sexualaren eta tabernetan liskarra bilatzearen eta are hiltzeko grinaren artean?

 

6-Chuck Barrisen garaian, ABC telebista kateak printzipio etiko eta erlijiosoak audientzien eta arrakastaren gainetik jartzen zituen. Egoera aldatu ote da? Erabat?

 

7-Zer iruditzen zaizu telebistan intimitaterik gordinenak aitortzeko joera, Chuckek asmatutako programek abiarazia eta gaur egun gailurra jotzen ari dena? Non jarriko zenuke lotsa onargarriaren eta irekitasunaren arteko muga?

 

8-Realityetan eta, oro har, hedabideetan, batez ere diru truke saltzen du jendeak bere intimitatea. Gran Hermano-n eta Gandia Shore-n agertzen den jendeak ia inoiz ez du ez dirurik ez kulturarik izaten. Ordea, bada salbuespenen bat, diruari dagokionez bai, bederen, hala nola Tamara Falcó. Proselitista bide da honen xede nagusia, ikus-entzuleak kristautzeko darabil telebista. Eta Paris Hilton? Exhibizionismo hutsa?

 

9- Umiliazioak eta krudelkeriak ondo saltzen du telebistan, eta Chuckek hautagairik tentel eta barregarrienak nahi ditu bere programarako, epaileek eta ikus-entzuleek suntsi ditzaten. Bat ote datoz CIAko agente gisa jendea garbitzeko lana eta telebistara doazen koitaduak suntsitzeak eragiten dion zirrara? 

 

10-Zergatik jotzen du depresioak Chuck? Haurtzaroko eta oro har iraganeko zama ezin duelako eraman? Izan lezake erlaziorik, halaber, egunez telebista-ekoizle eta gauez CIAko agente hiltzaile izan behar bipolarrarekin? Bipolartasunaren soluzioa ote da depresioa, Nietzscheren azken urteetako eromenak lehenagoko eritasunaren sintomak desagerrarazi zituen bezala?

 

11- Chuckek eta Drew Barrymore-k elkar maite dute, harreman libre baten baitan. Zergatik da ordea hain zaila Chucken eta Drew Barrymore-ren artekoa? Garrantzitsua deritzozu Chuckek adierazitako arrazoiari, alegia, ez duela errepikatu nahi bere gurasoen arteko harreman goibela? Hain da saihestezina, arbasoena errepikatzeko joera?

 

12-Zerk egiten du erakargarri Chuck Drew Barrymore bezalako neska batentzat? Zergatik barkatzen dio horrenbeste?

 

13-Julia Robertsek dio CIAko agenteak talde bakezaleetan infiltratu eta biolentzia erabiltzera bultzatzen zituztela, pazifismoa desakreditatzearren. Antzekoak entzuten dira ezker abertzalean infiltratutako satorrei buruz. Hala ote da?

Baten bat kukuaren habiaren gainetik hegaldatu zen

Markos Zapiain 2013/09/20 10:55

Euskal-Encodings-i esker, euskaraz daukagu filma, bikoizturik.

 

1-Gurean entzerramendua, ixtea, erabiltzen dugu batez ere eroekin. Bururatzen zaizu beste jarreraren bat? Agintaria bazina, zer egingo zenuke eroekin?

2-Eroa iruditzen al zaizu Jack Nicholson? Nola definituko zenuke eromena?

3-Eroetxean sartzean, nesketako batek dio: “Honek Institutua oroitarazten dit”. Ados zaude?

4-Bizitzaren zapaltzaile ageri da filmean psikiatrikoa. Eroetxe baten barruan, balegoke oreka biofiloagorik lortzea diziplina-beharraren eta emozioen eta sentimenduen adierazpen librearen artean?

5-Zilegi da eroak pilulak hartzera derrigortzea? Eta elektroxoka eta lobotomia, zer iruditzen zaizkizu?

6-Zein da emakumearen zeregina filman? Erizain buruzagi estu lehor zorrotza ageri da, edo bestela Candyren berotasun amorfoa, putatasuna. Zentzu horretan, filma ez al da herren gelditzen?

7-Iruditzen zaizu hitz-toteltasuna sexu eta emozio-errepresioaren erruz sor daitekeela? Eta larrua gozoro joz senda litekeela, Billyren kasuan bezala? Emakume goxoaren bidez, hizkera-arazoa sendatzen zaio; baina ama zapaltzailea hizpidera etorri bezain laster, toteltasuna berpiztu egiten zaio. Bilatu sarean zer lotura izan ote dezakeen gizonaren toteltasunak amarekiko harremanarekin.

8-Erlazionatu Ratched erizainaren eta McMurphyren arteko harremanak Antigonaren eta Kreonteren artekoekin.

9-Halako batean, ematen du McMurphyrenganako zerbait sentitzen duela Ratched andereak, baina ziplo itotzen du, zapaltzen du; zorroztasunak bizipoza erreprimitzen du. Egia ote da zapaltzailerik gogorrenak beren burua erreprimitzen dutenak direla?

Zorionak Raffaella!

Markos Zapiain 2013/07/18 13:34

Rafaella Carrà-k 70 urte bete ditu ekainaren 18an, baina ez dugu merezi bezala zoriondu.

Konpañero on bat izan du luzaro bikotekide, Gianni Boncompagni hain zuzen.

“Amodioa ondo egiteko hegoaldera etorri behar” ospetsua zentsuratu egin zioten, eta horren ordez “Ondo maitemintzeko hegoaldera etorri behar” kantarazi zioten. Famatuak dira Carraren beste zenbait abesti ere: “Amatxo, eman ehun pezeta”, “Zurrumurru-zurrumurru” edota “Maitasunari dagokionez, hastea da kontua”.

1997an, Rafaella Carrak, Ana Obregonen azken orduko baja baten ondorioz, Urtezaharreko hamabi kanpai jotzeak aurkeztu zituen, Ramon Garcia jatorrarekin batera.

Orobat, arrakasta handiz aurkeztu zituen Italian “Buona sera Raffaella” eta “Carramba, che sospresa!” programak; baita “Carramba, che fortuna!” ere, aurrekoaren olatu aparra aprobetxaturik.

Duintasun handiko emakumea, Gemini izaki, uko egin zion Berlusconiren bunga-bungetan popa ipintzeari, eta horrek ekarri zuen artista ilehoriaren gainbeheraren hasiera.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.