Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Dirua aurrezteko Eusko Jaurlaritzaren bidea

Dirua aurrezteko Eusko Jaurlaritzaren bidea

Markos Zapiain 2014/09/09 12:35

Administrazioan harrituta omen daude, irakasleak gero eta uzkurrago dabiltza ikastetxeetako zuzendaritzak beren gain hartzeko orduan.

Irakasleok, zuzendaritzaz jabetzeko ikuskariaren aginduari muzin egitearren, horrelakoak egiten ditugu: ikuskariarekin topo ez egiteko, egun bateko kontua baldin bada, komunean sartu, krisketa itxi eta goiz osoa barruan igaro; edo, arriskua zenbait egunez luzatuz gero, ordaindu gabeko baimena hartu eta urrutira bidaiatu (Bulgaria, Mongolia…).

Bestela, behin ikuskaria erremediorik gabe aurrez aurre daukazula, imintzio arraroak eta txoroarena egin eta negarrez hasi, konortea galdu eta lurrera jausi, psikiatraren paper piloa urduri erakutsi, ikuskariaren autoa erretzearekin mehatxatu.

Datu horiek guztiak benetakoak dira. Diskrezioak eta zuhurtziak are deigarriagoko beste zenbait isiltzea agintzen dute.

Azkenik, irakaslerik inozoenek arduratu behar izaten dute zuzendaritzaz, antzezteko trebetasunik, herentzia oparorik edo kontaktu egokirik ez dutenek.

Arras bestelakoa zen giroa 90eko hamarraldian: zuzendariak ez zuen kargua utzi nahi izaten, konfabulazio ugari zebilen ikastetxeetan zuzendaritzaz jabetzeko. Gurean hala zen, bederen.

Enigma galanta, diote Administrazioan.

Nola iritsi gara egoera triste honetara?

450 ikasle inguru dauzkan gure ikastetxean hiru idazkari zeuden.

Orain bi dagozkigu.

Bakarrarekin gaude haatik uztailaren 5az geroztik.

Ekainaz geroztik Administrazioak bazekien jakin gure bigarren idazkaria bazihoala eta uztaila eta irailaren hasiera izaten dela urteko boladarik gogorrena.

Gure idazkari bakarrak, gainera, uztailaren 10ean lantokira ez etortzeko baimena eskatu behar izan zuen senarrari ebakuntza larri bat egin ziotelako eta ordezko bat bidali ziguten. Gizon jator eta zintzoa, lan egiteko gogo handikoa; ez zen ordea irakaskuntzako idazkari. Berez, arkitektoa zen. Autobusez etorri zitzaigun, Villalbatik, Fragaren eta Rouco Varelaren herritik. Berrogeita hamar urteak ederki gaindituak, Mundakako kanpinean iglu-denda bat altxatu eta hantxe egon zen gurekin lanean ibili zen astean.

Zuzendaritza-lanaren alderik zitalena da deitzen duzula dagokizuna eskatzeko Ikuskaritzara, Langileriaren Kudeaketara, eta abar, eta erantzuten dizute arazoa konponbidean dela, hitz ematen dizute erabateko ziurtasunez izango duzula berehala bigarren idazkaria.

Eta ez da egia eta telefonoko solaskideak badaki ez dela egia. Lehenbailehen nahi du telefonoa eskegi. Bien bitartean, idazkariak bakardade latzean egin behar ditu 450 ikasleren matrikulazioak, ikasle eta ikasgelen zerrendak, estatistikak, garraio aseguruak, Eusko Jaurlaritzak bidaltzen dituen aplikazioen funtzionamendua ikertu eta ikasi, ez dago-eta ikastarorik, datu mordo izugarria programa desberdinetan sartu, leihatilara datozkion ikasle eta gurasoez arduratu, zeharo itota. Jakina, lan asko eraman behar izaten du etxera.   

Ez sinestekoak izan dira Administrazioarekin izan ditugun elkarrizketa batzuk. Uztailean, Baliabidekoak agintzen dizu bigarren idazkaria hiru egun barru izango duzula. Handik sei egunera deitu eta organigraman bere azpian dagoenak hartzen dizu: “a, hori agindu zizun? Beno, kontua da azken lan-eguna zuela oporrak baino lehen eta pasilloetan ez genuen elkar ikusi, beraz nik ez dakit deus ere. Dena den, zin dagizut, beranduenez ere irailaren lehenean hortxe izango duzue bigarren idazkaria”.

Hamaika ditu irailak eta ezer ez.

Edonola ere, idazkaritzako aldirik zailena igarotzen ari da honezkero. Egina dugu ikasleen aurkezpena. Bigarren idazkaria urriaren amaieran bidaliz gero ongi etorri, noski, baina Jaurlaritzaren jokabidea gure idazkariarekin oso hurbil dago bossing tankerako mobbing-etik, Hezkuntza Sailetik bultzatzen den hirueleduntasunari jarraiki adieraztearren. Zenbait hilabetez, Administrazioak langile baten soldata aurreztu du, bidegabeki, gure ikastetxean ez baita RTPa edo Lanpostuen Zerrenda aldatu. 

Inork ez du zuzendaritzarik nahi, zuzendaritzak funtsean Eusko Jaurlaritzak irakaskuntza-sareko katebegirik ahulenaren kontura diru ziztrin bat aurrezteko koltxoi bilakatu baitira. Irudi luke Hezkuntza Sailaren sakoneko pentsaera dela “lagunduko dio baten batek idazkari bakarrari lan bikoitza egiten, konponduko dira pardillo horiek”.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.