Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Guraso agurgarriak 1

Guraso agurgarriak 1

Markos Zapiain 2015/07/05 12:25

 

Guraso agurgarriak, egun on:

eskerrik asko gure ikastetxea aukeratzeagatik. Egia esan, Batxilergoan nekeza litzaizueke beste edozein aukera, garestiagoa bai, bederen. Hala ere, mila esker. Zuzendaritza taldea iazko bera da. Kideak aurkeztuko dizkizuet.

Gure ikastetxean gauzak ia beti bide onetik joaten dira, artez, harrigarria bada ere, kontuan hartuta 450 ikasle eta 60 irakasle eta 10 atezain, administratibo eta garbitzaile gaudela gutxi gorabehera. Ez dago hilketarik astero, matrikulak eta azterketak garaiz egiten dira, ikasleek selektibitatea gainditzen dute. 

Baditugu halaber arazoak, tentsioak, aise imajina dezakezuenez. Horietako batzuk tentsio dira, baina ez arazo. Esaterako, zenbait gurasoren ohiko kexua: irakasleek ez dute berdin funtzionatzen.

Hori ez ote da ona, ordea? Leibnizek zioenez, aniztasuna eta barietatea berez da on. Institutuko irakasle guztiak balira ezin bikainagoak, ikastetxe pobreagoa genuke. Hobea litzateke liburutegi bat maisulan apartekin batera best-seller-ak eta sudokuak ere lituzkeena, soilik Odisea, Jainkotiar Komedia eta Hamleten mailakoak lituzkeena baino. Ikasleek bizitzan hainbat eta hainbat gizaki mota desberdinei egin beharko diete aurre eta onuragarria da egitate horri lehenbailehen aurre egin diezaioten. 

Gainera, irakasleen nortasunak eta beraz ikasleekiko harremanak zorionez askotarikoak badira ere, prozedura pedagogioetan ez dago inongo anizkeria disolbatzailerik. Ikasleek edukiak zein neurritan asimilatu dituzten eta haien jarrera eta ahalegina balioesteko orduan baremo uniformeak dauzkagu mintegiz mintegi. Alde handiegia badago notetan mintegi bereko irakasle desberdinen artean, arazotzat jo, aztertu eta konpondu egiten da.

Ikasleen arteko barietatea ere zoragarria da. Urritasun kognitiboa duten ikasleekin batera gaindoatuak dauzkagu. Hezkuntza Sailak helburutzat du aniztasunari ganoraz erantzutea, irakaskuntza gero eta doikiago egokitzea behar eta eskaera desberdinei. Duela bosturteko gutxi batzuk ikasgela eredu bakarra bazegoen, orain, aldiz, desberdintasunei erantzuteko laguntza bereziak dauzkagu, HBSP edo Hezkuntza Berariaz Sendotzeko Programan bilduak. Besteak beste, HIBP edo Hezkuntza Indartzeko Banakako Planaren bidez zenbait ikasleri curriculum-ak egokitu egiten zaizkie. Baditugu, bestalde, Dibertsifikazio gelak, DBHko hirugarren eta laugarren mailan. Aurten zabalduko dugu aurrenekoz ZIG edo Zeregin Ikasketa Gela, kontserjeari zegokion etxean kokatua...

Egia da handiagoa dela maila arruntera heltzeko zailtasunak dituzten ikasleei laguntzeko ahalegina, zailtasunak adimen ikaragarri indartsuak izateagatik dituztenei baino. Edozelan ere, aparteko gaitasunak dituzten ikasle hauentzat ere badira aukera berriak. 

Hau dena, esan bezala, berrikuntza garrantzitsua da irakaskuntzan. Orain dela hamabost urte askoz ere uniformeagoa zen eskaintza.  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.