Bake ederra
Gero eta merkeagoak dira irakurgailuak, eta hainbat arazori ematen diote irtenbidea: besteak beste, bidaietako garraioa arintzen dute (irakurgailuen garaian erosoagoa zatekeen Nietzscheren mentura: 125 kilo liburu eraman behar izaten zuen ostatuz ostatuko bere etengabeko erromesaldian, eta ezohikoa zen hilabete parea baino luzaroago egotea ostatu berean); betaurrekoen beharra erlatibizatzen dute (bakarrik bazkaltzen ari zarela, eta ardoaren erruz gero eta lanbrotsuago ageri bazaizkizu letrak, irakurgailuak ikaragarri handi diezazkizuke); oihanen suntsitzeari paper-beharraren arrazoia kentzen diote, hein batean bederen; ikasleen bizkarra babesteko aukera dakarte (sinesgaitza eta sadikoa da ikasleek atzera eta aurrera garraiatu behar izaten dituzten bizkar-zorroen pisua. Adituek aholkatzen dute ez gainditzeko gorputzaren pisuaren ehuneko 10a, baina ikasleen ohiko liburu-zamak jo eta aise pasatzen du ehuneko 25a, batez ere DBHn). Borondate apur batez testu-liburu guztiak irakurgailu bakar batean sar litezke.
Edonola ere, etxeak zabaltzeko eta argitzeko dira oroz lehen bikainak irakurgailuak. Soldata arruntari eskaintzen zaizkion etxeak gero eta txikiagoak dira, gero eta itogarriagoak. Ohikoa da 45 metro koadroko etxe batengatik hilean 800 euro ordaintzea. Liburuak ala umeak, aukeratu behar izaten zen. Orain, berriz, irakurgailuari esker, arazoa ez da hain larria.
Dirudienez, berrogeita hamar urte inguru dauzkazula hiltzen zaizunean aita ziaboga zehatz bat marrazten zaizu bihotzean eta ondorioz jokabidean. Etxean trasteak eta batik bat liburuak pilatzeko joera izan baduzu, aita hil ostean soiltzeari ekingo diozu. Zenbait egunez ikusi duzu aita hiltzen eta funtsa nabarmendu zaizu: Castanedak zioen bezala, hiltzera zoazela ez duzu ez ondasunik, ez ohorerik, ez libururik, ez duintasunik, ez aberririk, ez familiarik, ez izenik; ez duzu bizitzeko bizia baino. Hori behar da gogoratu edozein trantze garrantzitsuri aurre egiteko orduan.
Aita hil baino lehen liburu asko erosten nuen. Etxean dauzkat, kopuru handi bat irakurri gabe, eta ehun urte gehiago biziz gero ere ez nuke aski guztiak irakurtzeko. Apaletan, gau-mahaian, komunean, aulkietan, lurrean zutabe gorakorretan. Apalategiek liburuen jabearen buru egoera erakusten dute eta nirean pilatze alferrikakoa, sakabanatze urduria eta zama itogarria nahasten ziren. Aita hil ondoren, esan bezala, ziaboga: komunetik eta gau-mahaitik liburu guztiak kendu, apalak ordenatu, aspaldiko paper, karpeta eta tramankuluak fuera, kontainerretara. Liburuen biderkatze txoroari eutsi, behintzat. Ez guztiz desagerrarazi, berandu da honezkero; irrika ahultzen eta bideratzen ahalegindu bai, ordea.
Dena den, antolatzeko, garbitzeko eta husteko grina pilatzekoa bezain sutsua izan daiteke, itsuegia, eta horrela joan zen kontainerrera, gerora ohartuko nintzenez, nire lehenbiziko irakurgailua, aurreko ikasturteetako kalitate-koadernoen artean ezkutaturik. Egia zuen Joseba Egibarrek kontenedoreekin obsesionatuta gabiltzala zioelarik, baina bizitzak derrigortzen gaitu. Biharamunean jakin nuenez, Institutuan kalitate-auditoritza izango genuen hiru egun barru. Behartuta zaude iazko koadernoa gorde eta auditoreak eskatuz gero erakustera. Paper eta kartoien kontainer urdinean zeuden nireak. Gautu arte itxoin (ezagunak aurkitzeko arrisku gutxiago), eta barrura. Tetrabrik, egunkari eta tokiz kanpoko Coca-Cola lata eta arrain pusketen artean, mugikorra linterna gisa erabiliz, ene baitan gogo-jarrera egokia isiotu (ez duzu ondasunik, ez aberririk, ez seniderik, ez izenik eta hiltzera zoaz), zabor artean don Juanen zolitasuna imitatu eta azkenik aurkitu egin nituen: irakurgailua hautsirik, baina koadernoak ez, hori arindua; Institutuak ez zuen nire erruz kalitate-ikurra galduko.
Oporretan nire anaiaren etxean egon naiz: bat ere libururik ez agerian, dena argi, lasai, zabal eta txukun. Irakurgailu batean dauzka gordeta. Musika, berriz, mp3 batean. Agobiorik gabeko etxe baketsua duzu, atsegina, abegitsua, Nietzsche bertan luzaro atxikitzeko modukoa.
Zein garesti izaten den gurean hitzaldi bat ematea, ez bada sukaldaritzaz
Bi urtean behin egiten den Nazioarteko Ontologia Kongresuan Euskal Herriko Unibertsitateak hartzen du bere gain antolatze lanik funtsezkoena. Besteak beste, bertan mintzatu izan dira René Thom, Ulises Moulines, John Searle, Pedro Migel Etxenike, Steven Pinker, Daniel Dennett, Jonhatan Barnes, Alain Badiou, Xavier Rubert de Ventós, Ilya Prigogine eta Jacques Bouveresse. Kongresuan ingelesa eta espainola izaten dira nagusi, baina euskarari txokotxo bat gordetzen saiatzen dira. Hitzaldi horiek, euskarazkoak zein erdarazkoak, prestakuntza-lan franko eskatzen duten arren, ez dira ordaintzen, filosofia ez baita sukaldaritza.
Euskarazko gai nagusia, aurten, Lukrezioren poema zientifikoa izan da, Gauzen izaeraz. Aurrena hitzaldiak eta gero hizlarien arteko elkarrizketa. Udaberrian idatzi zidaten parte hartzeko eta udan denbora luzea eman dut prestatzen. Gauzen izaeraz ez ezik Epikuroren testu nagusien euskal itzulpena ere berrirakurri dut, Menekeorentzako gutuna eta Iritzi gorenak, Javier Agirrek ondua, baita Epikurori buruzko Jean Salem, Carlos García Gual eta Emilio Lledó-ren liburuak ere, eta Lukrezioren inguruko literatura niretzat berria erosi eta irakurri dut: Jean Salem bera (el puto amo), Marcel Conche, André Compte-Sponville …
Kongresua urrian izan da, Donostian. Aurten asteazkena dut egunik arinena: arreta ordu bi eta guraso ordu bat. Gurasoak ia inoiz ez dira ezustean etortzen, aldez aurretik deitzen dute. Eta arreta ordua izatez zaintza mota bat da: ikasleak etxeko lanak egiten dituzten bitartean zaindu behar dituzu, ez dira eduki zehatz bat transmititzeko ikastorduak. Horrenbestez, kongresukoei eskatu nien azteazkenean jartzeko nire hitzaldia. Urriaren 3an ipini zuten. Institutuan txukun-txukun utzi nuen zaintzako liburuan guztia idatzirik. Arazorik sortzeko inongo arriskurik ez.
Aurreko Ontologia Kongresu batzuetan aritua nintzenez, eta zuzendaritzek ez zidatenez inongo eragozpenik jarri, zaintzena konponduta utzi eta lasai asko abiatu nintzen kongresura. Biharamunean absentzia justifikatzeko paperak bete, EHUko justifikante ofizial zigiluduna erantsi eta itxuraz listo.
Itxuraz baino ez. Gure institutuak bi etxe ditu. Bi etxeak gobernatzeko hamar lagun zeuden lehen zuzendaritzan, etxe bakoitzak zuzendaritza bana. Orain, berriz, bi etxeak erabiltzen jarraitzen dugun arren, zuzendaritzan ez daude sei lagun baino eta lanez lepo ibiltzen dira. Irakasleok, oro har, zuzendaritzaren lana arintzen ahalegintzen gara, gure kabuz konpon dezakeguna gure gain hartuta, zentzuzko elkartasunak agintzen duen bezala.
Horri dago lotua ohartzeke egin nuen akatsa. Nik ez nekien, baina horrelako hitzaldi bat emateko derrigorrez eskatu behar zaio zuzendariari baimena eta berak erabaki behar du onartu ala ez. Ziur aski, aurrekariak aintzat hartu eta inertziaz uste izan nuen baimena nolabait erdi automatikoa zela, eta, institutuko martxan eragin nezakeen desoreka apurra nire aldetik bidera nezakeenez, burutik pasatu ere ez zitzaidan egin zuzendariaren denboraz eta arretaz kontu hutsal horregaz jabetzea, bere garunak are gehiago enbolikatzeko. Edo beharbada bai, baina litekeena da, maiz gertatzen den legez, aurreko egun haietan ez ikusi izana. Osterantzean beste barik komentatuko nion, ez nuen zertan ezkutukerian ibili. Onartzen dut nire errua, araudia bete beharra dago, 600 lagun gabiltza institutuan eta ezinbestekoa da diziplina eta ordena, egia da.
Ondorioak iruditu zaizkik gehiegizkoak: joan den barikuan, 2013ko urtarrilaren 11, gertaerez geroztik hiru hilabete pasatxo zirela igaroak, José Otaduy Carballo ikuskariak jolas-orduan deitu zidan. Hiru hilabete hauetan ez ikuskaritzak ez zuzendaritzak ez dit ezeren berririk eman, ez dut nire bertsioa azaltzeko eta nire burua defendatzeko inongo aukerarik izan. Barikuetan 6 ikastordu dauzkat segidan, nekeza da 6 orduz jarraian jendaurrean berbetan jardun beharra, jolas-orduko hamaiketakoa atsedenaldi bakar. Otaduyk hamaiketakoa eragotzi zidan. Hurrengo hiru orduetan patata-tortilla eta kafe hutsa gosaldu izan banitu baino askoz ere ahulkiago mintzatu nintzen, euskal irakaskuntzaren kalterako, bien bitartean klarionaren desertoreen popak eta poltronak nahastuz zihoazela.
Ikuskariak jakinarazi zidan hiru hilabete lehenago Ontologia Kongresuan hitzaldi hura emateko institutuan arreta ordu bi eta guraso ordu bat galtzeagatik falta bat eta apercibimiento bat ezarri behar zizkidala, soldatatik egun oso bati dagokiona kentzeaz gainera. Larderiatsua zen tonua, zenbait jende ikuskaritzaz edo ikasketa burutzaz jabetu bezain laster Julio Zesar balitz bezala hasten da jokatzen.
Hain zuzen, gure zuzendaritzari dei mehatxari horren berri eman ondoren ikasketa buru batek esan zidan “agian guraso batzuek nahiago izango zuten zu egun hartan institututik ez joatea”. Agian bai eta agian ez. Dena den, ez al da tristea ikastetxe batean halako arrazoibideak erabiltzea? Otaduyrekin eta zuzendaritzarekin mintzatuta, irudi zuen gu barne hartzen gaituen hezkuntza publikoari lotutako erakunde batera nire ikasgaiari goitik behera datxekion hitzaldi bat ematera beharrean putetxe merke batera nintzela isil-gordeka joana.
Falta, apercibimiento eta mehatxu horiei dagokienez atzera egin dute. Hori bai, egun bateko soldata kenduko didate. Jakina, hitzaldia emateagatik xentimorik ere ez nuen kobratu. Hitzaldiagatik deus ez eta dietarik ere ez. Aurten institutuan 10etan sartzen naiz asteazkenetan (egun bakarra, beste guztietan 8:15), baina asteazken hartan hitzaldira garaiz iristeko goizeko 7:15etako trena hartu behar izan nuen Bermeon, gero Bilbon autobusa Donostiara, gero beste autobus bat Amaratik Antiguara. Bazkaldu eta Bermeoraino buelta, dena nik ordainduta. Aparte, hitzaldia behar bezala prestatzeko udan erosi nituen liburuak. Gurean ez da bat ere merke ateratzen hitzaldi bat ematea. Eta zertan da goitik bultzatu nahi omen duten autoformakuntza hori?
Hau idazten ari naizen bitartean irakasle gelako inprimagailuan bost folio agertu dira: “Viajes a Canarias. Grandes Ofertas”. Egia da, diziplina behar da, ohitura benetan usteletara bideratu diru publikoa alferrik ez xahutzeko kontrola.
Liburuak saltzeko modu berri bat
Liburuaren inguruko orain arteko industrian etekin ekonomiko potoloena ez zuen idazleak jasotzen, baizik eta banatzaileak. Telebistak audientzia-kopuru diren heinean hartzen ditu ikus-entzuleak kontuan, iragarleengan eragin dezaketen heinean, telebisten benetako bezeroak iragarleak baitira; era berean, argitaletxeek, oro har, irakurlea baino gehiago banatzailea hartzen dute kontuan liburuak plazaratzeko orduan. Banatzailearen biltegiak bizkor behar dira bete eta hustu, horregatik da gero eta laburragoa liburuen iraupena erakusleihoetan edo apalategi nabarmenenetan. Errotazio lasterra da paperezko liburuan oinarritutako negozioaren sekretua. Liburu-dendan 20 euroan saltzen bada liburua, 10 banatzailearentzat izango dira, erdia; idazlearentzat 2 baino ez, ehuneko hamar. Eta gaur egun jendea ez dabil 20 euroko liburu asko erosteko moduan.
Internetek hankaz gora jarri du gaurdaino indarrean egon den jabetza intelektualaren sistema, materialismo historikoaren oinarria berretsirik: internet bezalako ekoizpen–tresna berri bat agertzeaz batera zaharkiturik gelditu dira ekoizpena antolatzeko eduki ditugun egiturak. Internetek alferrikako bilakarazi du idazlearen eta irakurlearen arteko bitartekaritzaren zati garrantzitsu bat, zuzenean irakur baitezakezu liburuan pantailan. Gero eta ugariagoak dira argitaletxetik igaro gabe pantailaren bidez best-seller bihurtzen diren obrak. Zuzenbideak gogoetan dihardu, internetek liburuak pirateatzeko sortu dituen aukeren aurrean nola jokatu, industria modernoak feudalismoko jabetza moldeari bezala internetek ere zuzenean eragiten baitio liburugintzako jabetza pribatua babesteko legediari. Ondorioz, copyleft eta creative commons-en tankerakoak ari dira sortzen, eta ziberzuzenbide berri bat.
Berrikuntzok zabaltzen dituzten aukeren kontrako interes indartsuak dabiltza bultzaka ordea, orain arte indarrean izan dugun egiturari esker bizimodua atera dutenenak, ulergarria baita. Liburu-dendak eta banatzaileak edo ixten edota beren burua berrasmatzen ari dira.
Susa argitaletxe apalak asmatu du etorkizunari aurre egiteko orduan: bere liburuak 3'63 euroan dauzka webgunean salgai, irakurgailura zuzenean jaisteko moduan, eta 2 euro ematen dizkio idazleari saldutako liburu bakoitzeko, liburu-dendan 20 euroan saltzen denagatik jasoko lukeena. Gainerakoari dagokionez, argitaletxearentzat euro bat, eta gelditzen den 0’63 hori ogasunarentzat.
Zigorra eta grazia
Hiru tratatu biltzen ditu liburu honek. Lehenbizikoa, kristautasuna balio garaien aurkako jendailaren mendeku gisa margotzen duena, eta azkena, ideal aszetikoez, oso ezagunak dira, sarritan ageri baitira testu liburu zein filosofiaren historietan. Bigarrenaz arituko gara beraz hemen, kezkagarrienaz.
Nola da posible geu bezalako abortu batailoia agertu izana lur azalean? Hori litzateke arazo genealogiko orokorra. Nietzscheren arrano begiak milaka urte arakatzen ditu, eta arazoa zehaztuz doa pixkanaka: zelan sortu da kontzientzia txarra? Zigorrari ote dago loturik? Zer da zehazki egiten dena, zigortzen delarik? Zein da Estatuaren jatorria?
Krudelkeriarik gabe gizakia ez zatekeen hitza bete ahal izatera iritsiko. Nietzscherentzat, gizakiaren eginbeharretako bat izan da hitz ematea zilegi zaion animalia haztea. Baina gizakiaren ahazmena indartsua da, ezinbestekoa gainera orainaz gozatuko badugu. Halako batean, haatik, oroimen bat sortu behar gizakiari, hitza bete dezan, harremanek eta gizarteak eskatzen baitute. Nola? Larru zerrendak atera, mutildu, oliotan irakin, lehen semea sakrifikatu eta antzekoak, mnemoteknika dira funtsean. Memoria lasagoa, zigorra latzagoa. Berez zakarra, arduragabea eta txoroa den gizakia serio eta solemne jartzeak aditzera ematen du oroimena sor zekion eraginiko oinaze basa.
Zigortzeko eskubidea, bestalde, oraintsu arte, ez zaio inolaz ere kaltegilearen balizko askatasunari lotu (kaltegilea ez da erantzuletzat hartu izan), zorrari baizik. Kaltegilea jatorriz zorduna da: aurreneko giza jarduera trukea eta salerosketa izan baitzen, gizakiak bere burua balio-emaile, tasatzaile eta tratularitzat zuen harro, ordaingarri bilakatzen zuen guztia. Halatan, arau-hauslea zordun bilakatzen zen kaltetuarengana. Baina gaizkilea txiro zelarik, kaltea ezin bazuen diruz edo lurrez ordaindu, orduan kaltetu/hartzekodunari zordunaren gorputza torturatzeko eskubidea ematen zitzaion, edo bikotekidearena, edo seme-alabena. Haserrea asaskatzeko bidea izan da oinazea eragitea, bide pozgarria sarritan: orain dela oso gutxi arte ez da izan lurrean krudelkeriarik gabeko jairik (zezenketak). Harrigarria da, baina kaltearen eta kaltetuak kaltegileari eraginiko minaren izaera trukagarria ez da berriki baizik auzitan jarri. Komikoak bezain negargarriak dira kaltearen eta ordainezko sufrimenduaren arautze zehatzak (hik niri behi bi ebatsi, nik hiri belarri bat ebaki...).
Nietzsche fidagaitzak bereizten ditu alde batetik zigortzea bera, ekintza, eta bestetik zigorraren xedea. Zigorgintza antzinakoagotzat du bere zentzua baino, helburuak gerora asmatu zaizkio. Gaur egun ere, ezin da zehazki esan zergatik zigortzen den. Gurari mordoa nahasten da: aipatu oroimena sortzea eta ordainsaria ez ezik, izua eragitea, usteltzat hartzen den giza talde bat erauztea, zigortzailearen ospea, mendekua, gerra aldarrikatzea, etsai bentzutua torturatzeko jaia.... Kaltegilea bide onera erakartzearena gezurra da. Lege-hausle oso gutxik sentitu izan du gaizto dela, errudun, baizik zerbaitek huts egin diola, harrapatu baitute: kazkabarra ere botatzen du noizbehinka. Zigorrak ez du hobenduna hobetzen: larritasun geldo bat, zuhurtzia, mesfidantza eman diezaioke apika. Edonola ere, poliziak ere bortizkeria erru ausikirik batere gabe darabilela egiaztatzeak zigortuari eragozten dio serio hartzea agintarien kurrinka moralaren eta giza eskubideen gainean. Kontzientzia txarra, horrenbestez, ez du zigorrak eragin.
Estatuak baizik. Aldi berekoak dira Estatua eta erru sentimendua. Estatuaren agertzeak ez zuen zerikusirik izan gizarte hitzarmenarekin: aldiz, giza harrapari ikaragarri batzuek sortu zuten, forma-emaile oldartsu eta arautzaileek, askoz ere gehiago ziren beste gizaki alderrai aske amorfo batzuk esparru batean hertsatzera behartu zituztenean. Barruti itxia ezarri arte erabilgarriak izan zituzten senak ezdeus bilakatu zitzaizkien ezustean, hesia ez baita mendia, itsasoa, basamortua. Sortzaile eta estatugile ez zen gizaki berriak, beraz, ezin baitzuen bere botere nahia kanporantz asaskatu, norabidez aldatu behar izan zuen, bere baitara isuri. Orduan, Nietzsche aker dantzariaren ustetan, animalia/gizaki gizajo hark bere burua bihurtu zuen bere aginduen xede, bere gurari naturalak zizelkatzeari ekin zion. Kontzientzia txarra funtsezko grinen aurkako borrokak eragin du, norbere baitako zimino beltzaren aurkako krudelkeriak. Gatazka hau dute erlijioek sorkura.
Edozelan ere, Nietzscheren ikuspuntua artez ulertzearren, kontuan hartu beharra dago, alde batetik, Mirabeau bere ahazmen miragarriagatik miresten zuela: irainek eta bidegabekeriek ez zuten haserretzen, ez zituen barkatu behar izaten, berehala ahazten baitzituen. Eta, bestetik, gizartea zenbat ahulagoa hainbat zigortzaileagotzat zuela, gizabanakoa bezalaxe: Nietzsche filosofo-medikuaren esanetan, batak zein besteak, aski sendo sentitzen delarik, uko egiten dio zigortzeari. Horixe da hain zuzen “grazia”, zuzenbideaz haraindi: zorriaren ausikia aintzat ez hartzeko bezainbesteko kemen alaia.
Hitzak eta nahia
Gaztetan gamelu izan zen Nietzsche. Konkorra aginduz, legez, debekuz zama ziezaioten eskatzen zuen: sendiaren, irakasleen, apaizen, jasotako edozein araudiren aurrean makurtu eta obeditu egiten zuen orduan. Gameluak, baina, bere txokoa du bilatzen, basamortuaren erdialdea. Han gamelua lehoi bilakatu zen. Aurrez aurre, herensuge erraldoi bat agertu zitzaion, mila ezkataduna, ezkata bakoitzak “behar duk” idatzirik nabari zuela. Lehoia oldartu egin zitzaion, baita atzaparkadaka akabatu ere. Nietzsche lehoiak Europan nagusi ziren balioak, kristautasunarenak batez ere, hots, jendailarentzako platonismoarenak, bi mila urteko nagusitasunaren ondorioz europar arrunta abortu bilakatu baitute, eraitsi egin zituen, mailukada filosofikoz, lurra ostera fruitu beri eta arraroz erein ahal izateko. Zeren, suntsitzaile hutsak ez baitaki sortzen, lehoiak ere itxuraldatu behar izan zuen: haur bilakatu zen, errugabe, sortzaile, dantzari, Zaratustra idatzi ahal izateko.
Nietzschek honaindiko mapa du aztergai: gorputza, bizia eta lurra, denbora eta nahia. Horiek arbuiatu eta kea baino ez diren arima, behin betiko oreka, edozein haraindi, betiera eta nirvana onesten dituztenak, mendekati eta gezurtitzat ditu. Etengabe aldatzen ari da guztia: finkoak, bakunak, geldiak gezurra dio, izena eskasagoa da izana baino. Badena badoa; hitzak, ordea, geldiarazi egiten du errealitatea, txirotu eta traditu. “Hodei” diogunean aniztasuna eta jarioa baztertu eta biziki aldakorrak eta desberdinak diren hainbat eta hainbat izaki etiketa goibel baten pean itotzen ditugu. Mintzatore tradittore. Lar solastatzeak jendaila bilakatzen gaitu: bereziak, geure-geureak, ezberdinak ditugun sentsazio eta sentimenduak, berbetan ipinikeran, uler gaitzaten xede, zurrun bezain arrunt bihurtzen ditugu. Gizarteak kalaka iluna dakar; zer arraio adierazten ote du honezkero “maitasun” hitzak? Bakardadea du gogoetak ezinbesteko baldintza; etsairik gaiztoena, aldiz, bilera.
Poetak berpizten du mintzo akituaren bihotza, poetak astintzen du utzikeriaren hautsa, errealitateari errugabe eta jolasti, haur gisa, hurbiltzen zaion aldiro. Poetak asmatu baitzuen errealitatea. Zientifikoak, gehienez ere, poetak aurretik jarririkoa berraurkitu egiten du. Urtaroak, eguzkia, itsasoa, hegaztia, ilunabarra: behinola eraiki poema. Geuk, ordea, galdua dugu dagoena begi garbiz ikusteko ahalmena, inertziaren gogordura atxikitzen diogu errealitateari. Artistak, aitzitik, gogordurekin olgetan, sakonkiago eta zehazkiago suma dezake unibertsoaren funtsa zientifikoak baino, artezagoa baita intuizioa arrazoibide geldoa baino.
Nolanahi ere, artista, poeta eta filosofoa hiztunak dira. Mintzamena hizkuntza jakin batean mamitzen da. Eta hizkuntza bakoitzak mundu ikuskera berezia du. Hizkuntza bat desagertzen delarik, mundu bat hiltzen da. Nietzschek dioenez, filosofoaren gogoeta, sarriegi, ez da izan darabilen hizkuntzaren gramatikaren garatze oharkabea baizik: errealitateari dagozkion kontzeptu eta kategoria unibertsalez ari zela uste izan du, soilik bere hizkuntzarenak ziren kontzeptuez ari zela konturatzeke. Hausnarrean hastekotan, lehen araua gramatikaz mesfidatzea da, gramatikak bideratzen baitigu hautematea, dagoena hotz eta zorrotz nabaritzea eragotziz. Nietzschek darabilen adibidea subjektu/objektu bikoiztearena da: tximista eta bere argia bereiztea gramatikak beharturiko errorea duzu, ekaitzak dakarrena gertakari bakarra da.
Azken batean, pentsamendu oro da ezinbestean fikzio, Nietzscherena barne, hitzak baitarabiltza. Puntua bizitzaren aldeko fikzioak asmatzea da, munduan nagusi direnak ez bezalakoak horrenbestez. Nietzscheren aurreko pentsaerak, dagoena ulergarri eta zentzuzkotzat zuen: oinazea, guduan hilduratu neskatxarena esate baterako, guk ez dugu ulertzen, baina goian da Jainkoa, eta Jainkoa hil ostean Arrazoia, edo Historia, nahiz Zientzia, mina zuritzeko, mina berrerosteko. Nietzschek Jainkoaren heriotzaren hainbat bertsio eman dizkigu. Horietako bat, gizonik itsusienarena: jasangaitza zitzaion beroni Jainko oroikuslea, bere zatarrari etengabe beha, eta hil egin zuen. Kontua da munduak honezkero ez duela kanpoko bermerik, jausi dira idoloak. Egitate horren aurrean, Schopenhauer etsipenari eman zitzaion: jaio izan ez banintz, hobe; hemen naizenez, lehenbailehen hilko ahal naiz. Nietzschek, aitzitik, munduaren funtsezko zentzurik eza artista aldartez ospatu zuen: munduak ez badu berezko zentzurik, guztia dago asmatzeko, sortzaileon esku. Nahi adina zentzuz apainduko dugu aurrerantzean lurra, bizitza eta gorputza, nahia eta denbora. Geuk bilakatuko dugu aurrerantzean dagoena sakratu, sakon, eder.
Sagaratzeko orduan, premia-premiazkoa, denbora. Izan ere, guztiek zuten denbora gaitzetsia, eternitateren baten alde: haraindia, noumenoa, gizarte klasebakoa, ekuazio eta algoritmoak... Badoana, doala txoritara; geuk Jainkoaren altzo eternala gura dugu. Nietzschek, berriz, aldiunea betiko bilakatu zuen, betiereko itzuleraren poema zientifikoaren bitartez. Harentzat, unibertsoan dagoena arras ugaria da, zorabiozko kopurua; mugatua, hala ere. Bestalde, iraganerantz doan bidea amaigabea da. Dagoena, gertatu, gertatzen eta gertatuko dena, nahi bezain kontagaitza izanik ere, mugatua bada, nahitaez behar du aldi infinituz gertatua izan. Hori onartzeak, jarrera bi ekar ditzake ondorioz. Alde batetik, etsimendua: geroa iragana lakoa izango denez, ez dut ezer egingo, ez baitago zereginik, datorrena datorrela eta kito.
Bada alabaina beste aukera bat, Nietzscherena hain zuzen, nahia ere sakratu bilakatzen duena. Nahiaren gaineko ohiko ikuspuntuaren arabera, etorkizunerantz nahi dezaket, baina iragana aldagaitza da, alferrik da gertaturikoa asmatu nahi izatea. Lehenaren uztarria, gizakiaren borondatearen gabezia eta mugarik mingarriena litzateke. Ordea, betiereko itzulera bizitzaren alde ulertuz gero, iragana ere ederki asma nezake: nolakoa datorren unea, halakoa izango baita iraganean behin eta berriro. Hara Nietzscheren agindu eta erantzukizun berria: asma ezazu hurrengo unea eta une oro, etengabe eta beti itzultzea nahi izan dezazun. Horrela, ohiko denbora-moldeak giza nahiari jarri uztarria hautsi egiten da, eta askatasun estrainio bat da ernetzen, biziki enigmatiko eta arriskutsua, iragan/orain/gero mugarriak dantzan jartzen baititu, betiko aingurak kolokan.
Marxista euskaldun haien fetixismoa
Zer da merkantziaren fetixismoa? Sexu fetixismoa parafiliatzat jotzen da gaur egun. Maitaleak maitearekin larrua jo baino, nahiago du haren kuleroa erabiliz masturbatu, edota haren oinean hazia isuri. Kitzikagarriagoa zaio soinekoa gorputza baino, zatia osotasuna baino; hobeto ikusten ditu, ez dute kikiltzen.
Orobat Jainkoa. Fededunak emaitza ikusten du, Jainkoaren emozioa eta ideia, baina beregaintzat hartzen du, ohartu gabe giza sentiberatasunak eta adimenak sortu dutela Jainkoa, ez alderantziz. Kuleroa beneratzen du, baina bidegabeki ahazten du kuleroari zentzua ematen dion ipurdia.
Antzeko zerbait gertatzen da merkantziarekin. Espontaneoki uste izaten dugu, era fetixistan, merkantziak berezko balioa duela, erabilgarri zaidalako eta gustuko dudalako daukala daukan truke-balioa. Aldiz, Marxek erakusten du merkantziaren balioa dagokiola sortu ahal izateko behar izan den lan-denborari. Salgaiaren atzean dagoen ekoizpen-lana ez kontuan hartzea da inozokeria fetixista.
Zer gertatu zen 60ko hamarraldian euskaldun pilo batek Seminarioa utzi eta Bibliaren ordez Marxen obra barneratu zuelarik? Fetixismoaren aldaki bat abiatu zen gurean. Eta Txillardegi eta Azurmendi bezalakoek Marxen aurka baino gehiago parafilia horren aurka borrokatu zuten. Nabarmena da Azurmendik renaniarrari dion atxikimendua, besteak beste Alderdi Komunistaren Manifestuari egin zion hitzaurrean, eta bere azken elkarrizketetan.
Marxek bera ez zela marxista zioelarik, apaizgai ohi haien jokabidea zeukan gogoan. Marxek bere esperientzia zehatzari ihardukiz ondu zuen bere lana. Hemen, berriz, esperientzia propioa baliogabetzat jo, ez aski karismatikotzat, Marxen obra buruz ikasi eta dogmatizatu egin zen, gureak ez bezalako gorabeherei erantzuten ziela fetixistikoki ikusi nahi izan barik. Marxen terminologia erabilita, esan liteke zenobiotik komite zentralera ziplo igaro ziren haiek marxismoa ideologia bihurtu zutela. Marxista euskaldun haien aurrean Txillardegiren eta Azurmendiren antzera jokatuko zukeen Marxek.
Marxi buruzko hitzaldia
1- TESTUINGURU HISTORIKOA ETA DATU BIO-BIBLIOGRAFIKOAK
A) Testuinguru historikoa
Langileen bizimodua:
-Eguneroko lanaldiak 14-16 ordukoak ziren, edo luzeagoak
-Zeregin horietan zebiltzan haurren eta emakumeen egoera kaskarra; langileen haurrak ez zihoazen eskolara, txikitan hasten ziren lanean
-Igandeetan ere lan egiten zen, eta ez zegoen oporrik; eritasunek eta istripuek langabezian uzten zituzten langileak
-Langilea botatzea libre zen, ez zegoen kanporatua izateagatik jasotzen den diru-saririk
-Soldata mugakoa zen, langilea gosez hil ez zedin baino ez
B) Bizitza (1818, Treberis-1883, Londres)
Marx lurperatu zutenean hitz hauek esan zituen Engelsen hilobiaren aurrean: “Darwinek izaera organikoaren garapenaren legea aurkitu zuen. Marxek, berriz, giza historiaren garapenaren legea aurkitu zuen. Zentzu horretan, zientzia gizona zen. Ordea, hori esanez ez dugu Marx zen gizonaren erdia ere adierazten, izan ere, beste ezer baino lehen iraultzailea baitzen”.
C) Liburu batzuk: Hegelen zuzenbide-filosofiaren kritika (1843), Juduen auzia (1843), Eskuizkribu ekonomiko-filosofikoak (1844), Familia santua (1845), Alemaniar ideologia (1845), Filosofiaren miseria (1847), Alderdi komunistaren manifestua (1848), Louis Bonaparteren 18 Brumaire-a (1852), Ekonomia politikoaren kritikari ekarpena (1859), Kapitala (1867), Gerra zibila Frantzian (1871)
2-ERAGIN NAGUSIAK MARXEN OBRAN:
a) Alemaniako filosofia, bereziki Hegel (dialektika); eta Hegelen dizipulu Feuerbach (kristautasunaren kritika, materialismoa)
Dialektikarena Heraklitorekin eta Platonen krisialdiarekin hasi Gorgias-en; 2000 urtez filosofia ezinean ibili zen, ukoa, mina eta heriotza ideien munduan txertatu ezinik (Jainko kristauak ez du deabrua bere baitan), harik eta Hegelek Logikaren zientzian barnebildu zuen arte
Hegelen dialektikaren adibideak: jauna eta jopua; Jainkoa eta Jesus; heziketa, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanean; haurra, nerabea, heldua. Engelsek dialektika naturari ere aplikatu nahi izan zion (arrautza, txita) baina Marxek giza kontuetara mugatu zuen
b) Erresuma Batua: ekonomia politikoa (Adam Smith, David Ricardo): lanaren balioaren teoria. Hauek aldezten duten kapitalismoaren ustezko naturaltasunaren aurka jo zuen Marxek. Saldu nahi izan digute kapitalismo liberala heldua dela, errealitate ekonomikoari aurre egiten dion sistema bakarra, sozialismo eta komunismo utopikoak ez bezala. Ordea, liberalismoa haiek baino utopikoagoa da: teologikoak ditu oinarrizko ideiak: esku ezkutu batek merkatu libreari esker lortuko omen du norbanakoak bere onura bilatzea herri osoarentzat izan dadin onuragarri. Zure sakela gizentzeko ahaleginak komunitate osoa aberastuko ei du. Historia errealak erakutsi du ez dela egia: gero eta txiro gehiago dago, gero eta txiroago; gero eta aberats gutxiago, gero eta aberatsago
c) Frantzia: sozialismo utopikoa: Saint-Simon, Fourier
Marxek “utopiko” deitu zien, eta sozialismo zientifikoa, berea, kontrajarri zien, nahiz eta denak izan berdintsu aldi berean zientifiko eta utopistak
3-MARXEN KRITIKA IDEALISMOARI ETA MATERIALISMOARI
a-Marxen kritika Hegelen idealismoari: Hegelen dialektikak galdua zuen gizakien eta munduaren errealitatea. Hegelek natura, naturaren historia, gizakia eta giza historia figura kontzeptual izatera mugatzen ditu espirituaren garapenean
Ekonomia politikoan bilatu behar da gizarte zibilaren anatomia
“Nire lehen lana zuzenbidearen filosofia hegeliarraren berrikuspen kritikoa izan zen, eta nire baitan nituen zalantza guztiak argitzeko egin nuen. (…) Egin nuen ikerketa horren guztiaren emaitzek zioten harreman juridikoak eta Estatu ereduak ezin direla berez edo giza espirituaren bilakaera orokorra deritzoten horren baitan ulertu; izan ere, bai batzuk, bai bestek bizi baldintza materialetan oinarritzen dira; hau da, Hegelek, XVII. mendeko ingelesen eta frantziarren aurrekariei jarraituz, gizarte zibila deitu zuen horretan. Gainera, gizarte zibilaren anatomia ekonomia politikoan bilatu behar dela adierazten zuen nire ikerketaren emaitzek. “
Ekonomia politikoaren kritikari ekarpena-ren hitzaurrea, 1859
b-Marxen dialektika materialistaren arabera
-Abstrakzioari esker ez baldin bada, ez dago gizakia agertu aurreko naturarik, materiarik: gizakiak eta naturak elkar egiten dute dialektikoki, giza kontzientzia natura eraldatzeaz batera joaten da osatzen
-Halatan, Marxentzat gizakia langilea da, eragilea, praktikoa eta ezagule, eta ez oroz lehen kontenplalari
-Marxen materialismoa ez da Descartesen materialismo mekanizista, geometren sentsibilitate abstraktuari dagokiona, baizik, Ingalaterrako enpiristen ildotik, zentzumenezko materialismoa; gerora, Darwinen eragina ere garrantzitsua izan zitzaion
Gizakia, garapen prozesu enpirikoan ulertu behar da (enpiristen eta Hegelen aurka)
“Eta gauzak ulertzeko modu hau ez da baldintzarik gabea. Baldintza errealetatik abiatzen da, eta horietan oinarritzen da. Gizakiak dira haren baldintzak, baina ez fantasiaren bidez ikusiak eta irudikatuak, baizik eta haien garapeneko prozesu erreal eta enpirikoki egiaztagarrian baldintza jakin batzuen pean. Bizitza prozesu aktibo hori azaldu bezain laster, historiak hildako ekintzen bilduma izateari uzten dio (hala zen enpiristentzat, oraindik abstraktuak baitziren), edo alegiazko subjektuen alegiazko ekintza izateari uzten dio (hala zen idealisten ustez).”
Alemaniar ideologia, 1845
c-Marxen kritika Feuerbachen materialismoari
-Feuerbachen teorian gizakiak ez dira beren izatearen jabe, gizakia ahistorikotzat jotzen baitu eta naturarekin duen harreman dialektikotik urrundutako gizakia da Feuerbachena
Mundua hainbat eratara interpretatzera mugatu dira filosofoak; hura eraldatzea da egin beharrekoa.
Feuerbachi buruzko tesiak, 1845
4-GIZAKIAREN IKUSPEGI DIALEKTIKOA
-Gizakiaren esentzia jarduera sortzailea da, lana
Animalia, berehalako beharraren menpe; giza lana, mundu-sortzaile
“Egia da animaliek berehalako behar fisikoaren eraginez sortzen dutela. Gizakiek, berriz, premiatik askatuta ere sortzen dute eta, egiaz, harengandik askatuta bakarrik sortzen dute; gizakiek natura osoa birsortzen dute.
Horregatik finkatzen dira gizakiak, hain zuzen ere, izaki generiko gisa mundu objektiboa sortzean soilik. Sorkuntza hori haien bizitza generiko aktiboa da. Sorkuntza horren bidetik, natura haien sorkuntza eta errealitate gisa agertzen da. Hori dela eta, lanaren helburua gizakien bizitza generikoa gauzatzea da; izan ere, gizakiak ez dira intelektualki soilik banatzen (kontzientzian, adibidez); aktiboki eta errealitatean ere banatzen dira, eta beren burua ikusten dute, haiek sortutako munduan.”
Eskuizkribu ekonomiko filosofikoak, 1844
-Lanari esker, berez ez dagozkion eremuetan bizi daiteke gizakia. Lur azala dagokio berez; baina lanaren ondorioz, urpekarian bizi liteke, edo espazio-ontzian. Animalien jarduerak ez bezala, giza lanak funtsean aldatzen du lurra
-Gizakia soilik praxiaren kontzeptu dialektikoaren bidez uler daiteke ganoraz.
-Natura giza lanarentzat baliabide-iturri da, eta aldi berean lanak natura eraldatu eta gizatiartu egiten du.
-Gizakiak lanaren bidez bere bizitza sortzen du gizartean eta bere burua historian garatzen du dialektikoki
Power pointa (ORDU ERDI)
5-MATERIALISMO HISTORIKOA
A) Gizakiaren ikuspegi naturaletik historiaren ikuspegi materialistara
B) Historian, bost ekoizpen modu: asiarra (komunismo primitiboa), antzinakoa (greko-latindarra, jabea eta esklaboa), feudala (jauna eta jopua), kapitalista (ugazaba eta proletarioa), iraultzaren osteko komunismoa
-Amaiera hasieran dago, baina ernamuinean, garapenaren zain, Hegelen dialektikan bezala. Amaierako komunismoa hobea da hasierakoa baino, aberatsagoa, sufrimendutik igaro beharrak ekarri dion kontzientziari eta aberastasunari esker
Ekoizpen moduak gauzatzen dituzte ekoizpen indarrek eta ekoizpen harremanek
C) Ekoizpen indarrak eta ekoizpen harremanak
---Ekoizpen indarrak:
batetik, a) ekoizpen bitartekoak:
1- baliabide naturalak: desberdina da zure herrialdeak lur emankorra izatea, petrolioa bai eta urik ez izatea
2- zientzia eta teknika: ekoizpen modua desberdina izango da zure herrian puntako teknologia eduki edo ezta industriarik ere
Bestetik, b) gizakiak, giza lana, lan-indarra: esklaboak, nekazariak, proletarioak
---Ekoizpen harremanak: honek batez ere esan nahi du ekoizpenaren antolakuntza, kontuan hartuta noren esku dagoen jabetza pribatua
D) Ekoizpen indarrak garatu ahala, kontraesanean jausten dira ekoizpen harremanekin, oztopo zaizkie, ez dira ordu arteko harremanetan kabitzen; eta iraultzaren bidez gainditzen dituzte. Esaterako, jabego feudala ez zetorren bat industria kapitalistaren ekoizpen moduarekin, eta historiak iraultza burgesaren bidez gainditu zuen, kapitalismoa ekartzeko. Beste adibide bat, iraultza informatikoaren irakurketa marxista: internetek mamituriko aurrerakuntza teknologikoak orain arte indarrean egon den jabetza pribatu intelektuala zapartatu egin du: pirateoa, copyleft... Iraultza batek konpondu beharko du, konpontzen dihardu, ekoizpen bitartekoen garapenak orain arte funtzionatu duen jabego mota oztopo bilakarazi izana. Iraultzatik nagusi irtengo den jabetza modua teknologia berriek dakarten eskaintzaren eta eskariaren eta jabetzaren lege berriei egokitu beharko zaie. Burutik kendu beharra dago iraultzaren irudi odoltsua. Historiako hainbat iraultza garrantzitsuz jendea ohartu ere ez da egin, hain izan dira lasaiak eta epe luzekoak.
a-Iraultza: ekoizpen bideak garatu ahala ordu arteko ekoizpen harremanak, esaterako jabego feudala, ez zaizkio onddo egokitzen ekoizpen indar berriei. Iraultzak egokitze hori erdiesten du.
“Burgesia eraikitzeko balio izan duten ekoizteko eta elkarrekiko trukerako bideak gizarte feudalaren barnean sortu ziren. Halako garapen-mailara heltzean, ekoizteko eta elkarrekiko trukerako bideok, gizarte feudalak ekoizteko eta elkarrekin trukatzeko zerabiltzan baldintzok, nekazaritzaren eta manufakturaren erakunde feudala, hitz batez, jabegoaren harreman feudalak, ez zegozkien gehiago, aurrerabide osoan ari ziren ekoizteko indar berriei. Ekoizpena erraztu beharrean, horretarako oztopoak jartzen zituzten. Halako kate batzuk bilakatu ziren. Beraz, horiek hautsi beharra zegoen, eta hautsi ziren.”
Alderdi Komunistaren Manifestua, 1848
b-Ekoizpen modu batetik bestera igarotzeko legea:
“Bere garapenaren une jakin batean, ekoizpen-indarrak kontra-izanean jartzen dira indarrean dauden ekoizpen-harremanekin edo, horien adierazpen juridikoa diren jabetza-erlazioekin. Ekoizpen-indarren garapen-forma ziren harremanok berorien lotura eta katea bihurtu dira. Iraultza sozial baten aroa hasten da orduan. Oinarri ekonomikoa iraultzean irauli egiten da poliki edo bizkorxeago gainegitura eskerga guztia.”
Ekonomia politikoaren kritikari ekarpenaren hitzaurrea, 1859
E) Klaseen arteko borroka: historiaren motorra
F) Burgesiaren zeregina historian
a-Burgesiak ezarri du globalizazioa
“Bere produktuetarako merkatu berriak etengabe topatzeko premiak burgesia mundu osoan zehar ibiltzera bultzatzen du. Nonahi sartu beharra dauka, nonahi bere burua jarri, nonahi harremanak ezarri behar ditu.
Mundu-merkatuaren esplotazioaren bitartez, burgesiak herrialde guztietako ekoizpenari eta kontsumoari izaera kosmopolita ematen die. Erreakzionarioen desesperorako, industriari oinarri nazionala kendu dio. Industria nazional zaharrak honezkero birrindurik edo laster birrintzeko moduan daude.”
Alderdi Komunistaren Manifestua, 1848
b-Burgesiaren zeregin iraultzailea: bera nagusitu arte beneragarri kontsideratzen zen guztiari aureola kendu dio
“Burgesiak historian zeregin iraultzaile nagusi bat izan du.
Burgesiak, boterera heldu den toki guztietan, harreman feudal, patriarkal eta idiliko guztiak ostikatu ditu. Erruki gabe hautsiak ditu gizon feudala bere nagusi naturalarekin elkartzen zuten lotura ñabarrak, gizakiaren eta gizakiaren artean interes hotza, “esku-diruzko ordaina” besterik utzi gabe. Erlijiozko asaldura ikara santuak, zaldunen oldarra eta burges txikien malenkonia kalkulu berekoiaren ur izoztuetan ito ditu.
Burgesiak ordu arte beneragarri eta errespetu santuz kontsideratzen ziren jarduera guztiei beren aureola kendu die. Medikua, legelaria, apeza, poeta eta jakintsua bere soldatapeko bihurtu diru.”
Alderdi Komunistaren Manifestua, 1848
c-Iraultzaren dialektika. Sortzen duzunak suntsituko zaitu: feudalismoak burgesa, burgesek proletalgoa
“Burgesiak feudalismoa eraisteko erabili zituen armak berak orain burgesiaren beraren aurka bihurtzen dira.
Baina burgesiak berari herioa ekarriko dioten armak egin ez ezik, arma hauek erabiliko dituzten gizonak ere sortu ditu, hots, langile modernoak, proletarioak.
Burgesiak bere buruaren ehorzlea ekoizten du. Haren amiltzea eta proletalgoaren garipena, era berean, nahitaezkoak dira.”
Alderdi Komunistaren Manifestua, 1848
6-ZERGATIK DA TXARRA KAPITALISMOA?
A) MARXEN HUMANISMOA: IDEOLOGIA ETA ALIENAZIOA
IDEOLOGIA (BOURDIEURENA KONTATU)
a-Azpiegitura ekonomikoak gainegitura ideologikoa eragiten du. Ez da errealitatea gizakiaren kontzientziaren araberakoa; giza kontzientzia da gizarte-errealitatearen araberakoa
“Beren bizitzako ekoizpen sozialean, gizon-emakumeek harreman mugatuak ezartzen dituzte, beren nahimenerako independenteak, ekoizpen harreman horiek ekoizpen-indar materialen garapen-maila jakin bati dagozkio. Ekoizpen-harreman horien multzoak gizartearen ekonomia-egitura eratzen du, egiazko oinarria; haren gainean eraikitzen da gainegitura juridiko eta politikoa, eta hari dagozkio, halaber, zenbait gizarte kontzientzia modu. Bizitza materialaren ekoizpen moduak mugatu egiten du bizitza sozial, politiko eta intelektualaren prozesua, oro har. Ez da errealitatea gizakiaren kontzientziaren araberakoa; giza kontzientzia da gizarte-errealitatearen araberakoa.”
Ekonomia politikoaren kritikari ekarpena-ren hitzaurrea, 1859
b-Klase menperatzailearen ideiak dira ideia nagusiak, beti eta nonahi
“Klase menperatzailearen ideiak dira ideia nagusiak garai guztietan; edo, beste modu batera esanda, gizartean botere material menperatzailea ezartzen duen klasea, aldi berean, botere espiritual menperatzailearen jabe da. Ekoizpen materialerako bitartekoak eskura dituen klaseak bere eskura ditu, aldi berean, ekoizpen espiritualerako bitartekoak; hori dela eta, aldi berean, haren menpe jartzen dira, batez beste, espiritualki ekoizteko beharrezkoak diren bitartekoak ez dituztenen ideiak. Ideia nagusiak harreman material menperatzaileen adierazpen ideala besterik ez dira.”
Alemaniar ideologia, 1845
c-Merkantziaren fetitxismoa
BOST ALIENAZIO MOTA NAGUSI
Gizakia kapitalismoan zatitua eta alienatua dago, inorendua. Alienazio mota nagusiak erlijio alienazioa, alienazio politikoa, filosofikoa, gizarte alienazioa eta alienazio ekonomikoa dira.
-Erlijio alienazioak munduko bizitzaren eta erlijiozko bizitzaren artean zatitzen du gizakia. Erlijioak, zatiketa hori adostasun aizun batez “gainditzen” du, jainkozko probidentziaren eta beste bizitza errealaren ideien bidez. Langileak belauniko eta mutu atxikitzea du helburu ideologia horrek, bizimodu erreala aldatzen ahalegintzeko matxinada eragingarriak itotzea. Otoitzaren bidez, langileak irudimenezko mundu batean aurkitzen du kontsolamendua. Eta asko sufritzen dutenentzat itxaroten dagoen zeruaren ideiak ere zapalketa erreala txintik atera gabe pairatzera bultzatzen du. Ideologiak egoera bidegabeak benetan aldatzeko jarrerak bertan behera uztea du xede.
Erlijioa herriaren opioa da
“Erlijiozko miseria, alde batetik, errealitateko miseriaren adierazpena da, eta, bestetik, errealitateko miseriaren protesta. Erlijioa zoritxarrak zapaldutako izakiaren hasperena da, bihotzik gabeko mundu baten arima; eta espiriturik gabeko garai baten espiritua den aldetik, lo-belarra da herriarentzat.”
Hegelen zuzenbide-filosofiaren kritika, 1843
-Alienazio politikoari dagokionez, gizakia bitan zatitzen du: batetik hiritarra da, bestetik gizaki pribatua. Alienazio honi dagokion ideologia Filosofia Politikoa da, Zuzenbide Estatuaren oinarri. Ideologiak oinarritzen baitu adostasun eta gainditze faltsua dakarren instituzioa. Halatan, Filosofia politikoa dugu Zuzenbide Estatuaren oinarri. Ordea, zer dugu adostasun faltsu horren azpian? Zer gertatzen da benetan? Gizakia erdibituta, batetik hiritar eta bestetik pribatu, menpeko bilakatzen dela.
-Gizarte alienazioaz denaz bezainbatean, antagonikoak diren klase sozial bi dauzkagu: burgesak eta proletarioak. Jauntxoek beren pribilegioak iraunarazteko darabilten ideologia Zuzenbidearen Zientzia da. Zuzenbidearen Zientzia ideologiko horrek gizarte alienazioa adostasun aizun baten bidez “gainditzen” du: legearen aurreko eskubide berdintasuna dugu hemen, horixe da gizarte alienazioa faltsuki gainditzen duen instituzioa. Horren azpian errealitatea dugu ordea: desberdintasun erreala, ekonomikoa. Besteak beste, legeak ez baititu berdin epaitzen txiroa eta aberatsa.
-Alienazio filosofikoa
a-Gizakia ez da kontenplalari soil, bere esku dauka hein batean historia, aldaketen eragile izateko ahalmena du, fatalismoa baztertu eta ekimena bere gain hartu behar luke
“Egoeren eta hezkuntzaren aldaketaren teoria horrek ahantzi egiten du egoerak gizakiek aldarazten dituztela, eta hezitzaileak berak ere hezi egin behar izaten direla. Hori guztia dela eta, bi zati bereizi behar ditu gizartean, eta horietako bat gizartearen beraren gainean kokatuta dago. Egoeren aldaketa giza jardueraren aldaketarekin edo gizakien beraien aldaketarekin bat etortzea, arrazionalki, “praktika iraultzaile” gisa soilik uler eta har daiteke.”
Feuerbachi buruzko tesiak, 1845
b-Mundua hainbat eratara interpretatzera mugatu dira filosofoak; hura eraldatzea da egin beharrekoa.
Feuerbachi buruzko tesiak, 1845
-Alienazio ekonomikoa. Kapitalismoan erabakigarriena den alienazioa dugu ekonomikoa. Honen arabera, giza talde bi ditugu funtsean, gizateria bitan dago bereizirik: jabeak eta langileak. Egoera erreal bidegabea iraunarazteko pribilegiatuek darabilten ideologia Ekonomiaren Zientzia da (Adam Smith, David Ricardo). Honek dioenez, alienazio ekonomikoa gainditzea eta bizitza ekonomikoa piztea soilik da bideragarri jabetza pribatuaren instituzioa bermatuz. Arazoa gainditzea, adostasuna, ugazaben bozeramaile intelektualen esanetan, merkatu-askatasunaren bidez lortuko da. Marxen ustez, hori gezur interesatua da, noski, zinez dakarrena langileen esplotazioa baita.
a-Langilearen miseria
“Zenbat eta gauza gehiago ekoitzi, are gauza gutxiago izan ditzakete langileek, eta are handiagoa da haren produktua den kapitalarekiko duten menpetasuna. Lan egiteak desrealizazioaren itxura hartzen du, hainbeste non langileak beren errealitateaz gabetuta aurkitzen diren, gosez hil arte. Bizitzeko beharrezkoak diren gauzez gain, lanerako diren gauzez gabetuta daude langileak.”
Eskuizkribu ekonomiko filosofikoak, 1844
b-Langileak ekoitzirikoa, langilearentzat arrotz
“Langilea hainbat pobreago da, zenbat eta aberastasun gehiago sortzen duen, zenbat eta gehiago handitzen den haren ekoizpena indarrez eta kopuruz. Langilea salgai bihurtzen da; hainbat salgai merkeagoa, zenbat eta salgai gehiago ekoizten dituen. Gauzen munduak gero eta balio handiagoa du, eta giza munduak, berriz, harekiko zuzeneko proportzioan, gero eta balio txikiagoa. Lanak ez ditu salgaiak soilik sortzen; bere burua ere sortzen du, eta langilea ere bai, salgai gisa, eta hain zuzen ere, oro har salgaiak sortzen dituen proportzioan.
Gertakari horrek, gainerakoan, hau besterik ez du adierazten: lanak ekoizten duen objektua, ekoizkina, aurrez aurre jartzen zaio langileari, izaki arrotz bat balitz bezala, ekoizlearengandik bereiz dagoen botere bat balitz bezala. Lanaren fruitua objektu batean finkatutako lana da, gauza bihurtua; lanaren objektibazioa da ekoizkina. Lanaren egikaritzea da haren objektibazioa. Lanaren egikaritze hori langilearen desegikaritzea bihurtzen da ekonomia politikoaren fasean: objektibazioak objektua galtzea eta harekiko morroi bihurtzea dakar.
Ondorio horiek arrazoi batengatik gertatzen dira: langilea bere lanaren bidez sortutako ekoizkinarekin objektu arrotz bat balitz bezala erlazionatzen delako.”
Eskuizkribu ekonomiko filosofikoak (1844)
c-Lana besterentzea, lanaren alienazioa
“Zer esan nahi du, beraz, lana besterentzeak?
Lehenik eta behin, lana langileaz kanpoko dela (hau da, langilearen izatearen barnean ez dagoela), eta langileak lanean ez duela bere burua indartzen bere burua ukatzen baizik. Langilea ez da zoriontsu sentitzen, zorigaiztoko baizik. Ez du energia fisiko eta espiritual askea garatzen; aitzitik, bere gorputza hilduratu egiten du, eta bere espiritua, hondatu. Horregatik, langilea lanetik kanpo baino ez da sentitzen bere baitan; lanean bertan bere baitatik kanpo sentitzen da. Lanean ari ez denean dago eroso; lanean ari denean, ez. Haren lana ez da, beraz, borondatezkoa, behartua baizik, gatibu-lana. Horregatik, ez da behar baten asetzea, baizik eta lanetik kanpo beharrak asetzeko bitarteko hutsa. Lana langileari arrotza zaiolako baieztapen hori gauza nabaria da, ez hertsapen fisikorik ez bestelakorik batere ez dagoen bezain laster izurritik bezala ihes egiten baitu langileak lanetik. Langileaz kanpoko lana, gizakia besterentzea eragiten duen lan hori, autosakrifiziokoa da, aszetismoko lana. Azken batean, langileak garbi ikusten du lanaren kanpokotasuna, lana ez baita berea, beste norbaitena baizik, eta hartan dagoenean ez baitagokio bere buruari, beste norbaiti baizik. Erlijioan, giza fantasien berezko jarduerak (giza adimenaren eta giza bihotzaren jarduerak, alegia) eragiten du gizakiarengan, jainkoaren edo deabruaren jarduerak, baina edonola ere jarduera arrotz bat balitz bezala. Eta langilearen jarduera ere, halaxe, ez zaio berezko langileari. Beste bati dagokio; nork bere burua galtzea da.”
Eskuizkribu ekonomiko filosofikoak (1844)
-Alienazio ekonomikoaren beste alde bat, marxismoaren muinaren bihotza: gainbalioaren teoria. Krisien eta iraultza komunistaren beharraren azalpen bi.
Sistema kapitalistaren mekanismoak berez dakar krisia
“Kapitalak bi aldeetan eragiten du aldi berean. Hura pilatzeak lan-eskaria handitzen du, batetik, baina langile-eskaintza ere handitzen du, bestetik, haiek askatu egiten direnez, eta aldi berean, enplegatuta ez daudenen presioak behartu egiten ditu enplegatuta daudenak are lan gehiago askatzera, eta hala, lan-eskaintza langile-eskaintzarekiko aske bihurtzen du, hein batean. Lan-eskaintzaren eta -eskariaren legearen oinarriaren gaineko mugimendu horrek kapitalaren despotismoa burutzen du. Horregatik, langileek agerian jarri bezain laster nola litekeen beraiek zenbat eta lan gehiago egin, besteren zenbat eta aberastasun gehiago sortu, eta lanaren produktibitatea zenbat eta gehiago handitu orduan eta eskasagoa bihurtzea baita beraiek kapitalari balioa gehitzeko bitarteko diren aldetik duten eginkizuna ere; langileak ohartu bezain laster elkarren aurkako lehia gehiegizko populazio erlatiboaren presioaren araberakoa dela indar handi-txikikoa; eta langileak, horren ondorioz, saiatu bezain laster Trades Unions eta halakoen bitartez enplegatuen eta langabeen arteko lankidetza planifikatua antolatzen, ekoizpen kapitalistaren berezko lege hark langile-klasean dituen ondorio galgarriak arintzeko edo hausteko; hori dena gertatu bezain laster, kapitalak eta haren beltzaile ekonomistak eskariaren eta eskaintzaren lege betiereko eta sakratua urratzearen aurka aldarrika hasten dira.”
Kapitala (1867)
-Lehen hurbilketa: eskaintzaren eta eskariaren legea, gainprodukzio krisiak, kapitalismo espekulatzailea
Gainprodukzioak eraginiko krisi ziklikoak, eskaintzaren eta eskariaren legeak azaltzen ditu.
“Merkatu krisialdien aldizkako itzulerek gizarte burges osoaren iraupena era gero eta mehatxagarriagoz planteatzen dute. Merkatu krisi bakoitzak, ekoitziriko produktu pila birrindu ez ezik, honez gainera sorturiko ekoizteko indarrak berak ere suntsitzen ditu aldiro. Gizartearen gainera beste edozein garaitan zentzugabea irudi zukeen izurritea erortzen da: gehiegizko ekoizpenaren izurritea. Gizartea, bat-batean, basakeria egoera iragankorrean amildurik gelditzen da; goseak eta suntsitze-guduak bere bizimodurako bide guztiak kentzen dizkiola esan liteke; industriak eta merkatalgoak porrot eginik dirudite. Eta zergatik? Gizarteak zibilizazio handiegia duelako, bizimodurako baliabide gehiegi duelako, industria eta merkatalgo handiegiak dituelako. Berak dituen ekoizteko indarrek ez diete burges zibilizazioari eta jabego burgesaren harremanei mesederik egiten.
Harreman burgesak estuegi bihurtu dira beren barnean sorturiko aberastasunak eduki ahal izateko. Ordea, nola gainditzen ditu burgesiak krisi hauek? Alde batetik, ekoizteko indar pila bat nahitaez ez birrinduz; beste aldetik, merkatu berriak konkistatuz eta zaharrak hobeki esplotatuz. Eta nora darama horrek? Are krisialdi gogorrago eta orokorragoak prestatzera eta horietatik ihes egiteko bideak urritzera.”
Alderdi Komunistaren Manifestua, 1848
-Bigarren hurbilketa: kapitalismo industriala, gainbalioaren teoria, D M D’
1-Marxek kapitalismo industrialeko gainbalioa azaldu nahi du, ez finantza- kapitalismo espekulatzailearena
2-espekulazioan gertatzen den irabazia eskaintzaren eta eskariaren legeak azaltzen du; irabazi hori dirua eskuz aldatzera mugatzen da
3-aitzitik, kapitalismo industrialean, burgesa aberastu egiten da, bide batez herri osoa ere aberastuz: trenbidez betetzen du lurraldea, eta abar
4-erabilera-balioa (merkantziaren kontsumoa) eta truke-balioa (salneurria)
5-kapitalistak erosi egiten du langilearen lan-indarra, beste merkantzia bat bailitzan: truke-balioaren arabera erosten du lan-indarra
6-merkantziaren balioa bertan mamituriko batez besteko lan-denbora sozialari dagokio
7-kapitalismoaren formula: D M D’ (D dirua; M merkantzia; D’ lehengo dirua gehi gainbalioa)
8-D M D’ ekuazioari dagokion merkantzia bakarra langilearen lan-indarra da. Lan-indarrari dagokion truke-balio zuzena langilearen soldata da
9-24 orduko lanaldiari dagokion soldata bat etorriko da beste langile batzuek behar izan duten batez besteko lan-denborarekin, langileak kontsumitu beharko dituen merkantziak fabrikatzeko, 24 ordutan bere lan-indarrari eutsi ahal izan diezaion; soldata hori, lan-indarra den merkantziaren truke-balioa, izango da, demagun, 60 euro
10- jo dezagun 60 euro dagozkiola 6 orduko lanaldi sozialari, alegia, beste langile batzuek 6 ordu behar dituzte fabrikatzeko gure langileak bere lan- indarrari eutsi ahal izateko 24 ordutan kontsumitu behar dituen merkantziak; baina, behin 6 orduko baliokidea erosita truke-balioan, kapitalistak lan eginaraz diezaioke 12 orduz, eta kasu horretan 6 orduko etekina irabaziko du
11-horra gainbalioa, D M D’ formula: burgesak langilearen lan-indarra erosi du, 60 euro; demagun 6 orduko lanaldiari dagozkiola; langileari lan eginarazten dio 12 orduz; lan horri esker 120 eurori dagozkion merkantziak egiten dizkio eta halatan 60 euroko gainbalioa sakelaratu du
12-langilearen lan-indarra da merkantzia bakarra zeinaren kontsumoak, hau da, erabilera-balioak, truke-balioa emendatzen duen. Langilearen lan-indarra kontsumitzea da langileari lan eginaraztea, merkantziak ekoitzaraztea, balioa eta aberastasuna sorraraztea.
13-langileak aberastasun gehiago sortzen du kontsumitzen duena baino. Lan gehiago egiten du, bere lan-indarrari eutsi ahal izateko 24 ordutan kontsumitu behar dituen merkantziak fabrikatzeko beharrezkoa dena baino. Horrela aberasten da kapitalista aldi berean mundua ondasunez hornituz.
14-kapitalistak merkantzia bitxi hori erosi du, zeinaren kontsumoak balioa sortzen duen: langileak balio gehiago sortzen baitu, diru gehiago, lan horren truke ordaintzen zaiona baino. Berak egingo duen lana baino gutxiago egin beharko dute beste langileek, 24 ordutan kontsumitu beharko dituen merkantziak fabrikatzeko.
15-gainbalioaren teoria lehergailu bat da. Luc Ferry bezalako liberalentzat ere zuzena eta egiazkoa da, justua; Marxek ez du eskaintzaren eta eskariaren legea ukatzen; arazoa da eskaintzaren eta eskariaren legeak ez duela kapitalismoa azaltzen, kapitalismo industriala, enpresaren mundua; espekulazioa baino ez du azaltzen
16-gainbalioaren teoriaren ondorioak mila bider sakonagoak eta ahaltsuagoak dira eskaintzaren eta eskariaren teoriarenak baino, edo gainprodukzioaren krisien analisiak baino, liberalentzat aski ahula baita. Hemen benetan erakusten da kontraesanez josia dela kapitalismoa, eta lehertu beharra duela. Kapitalismoaren kontraesanen benetako analisi bat dugu. Saia gaitezen: sistema kapitalista hori garatzen bada, Marxen ustez, kapitalismo horrek ezinbestez sorraraziko du oraingo honetan ez mekanikoki, burdinazko saihestezintasun batez, komunismoa; baizik eta klase borroka.
17-alegia, boluntarismoan eta militantismoan gaude, fatalista ez den historiaren filosofia batean. Ez gaude honezkero historiaren filosofia automatiko batean, Marxen esaldi ikaragarri hark adierazten zuena: iraultzak sortzen dira naturako metamorfosiak erabakitzen dituen ezinbestekotasun berberaz, kataklismo naturala era mekanikoan sortzen den bezala. Aldiz, aurrerantzean giza borondateari dagokion historia batean sartuko gara, gatazka sozialen historia, klase borrokarena, eta iraultza ez goxo baizik bortitzarena, Robert Owenena ez bezalakoa.
18-behin jendetza itzelak proletarizatu eta txirotu ondoren, behin kapital asko pilatu ondoren, ez dira gelditzen monopolio handiak baino. Azken batean, komunismoa mugara igarotzea da, eta bortxa ezinbesteko gertatzen da. Eskaintzaren eta eskariaren arabera genbiltzanean aski zen desjabetzea eta nazionalizatzea, ez zen derrigorrezkoa bortxaren erabilera. Aitzitik, bigarren hurbilketaren arabera, gainbalioaren hurbilketaren arabera, beharrezkoa izango da iraultza bortxazkoa.
Gainbalioaren teoriaren ondorio batzuk
1-Klase borroka soldata eta lan-denbora erabakitzeko, arazo historiko eta morala baita soldata eta lanaldia finkatzea, ez dago inon idatzia
2-Sindikalismoaren sorrera. Langileek antolatu beharra daukate, indartsu agertzeko ugazabekin soldataz eta lanaldiaz eztabaidatzeko orduan
3-Zer izango da horrenbestez iraultza komunista?
a) Jabetza pribatua suntsituko du, pribatua herriari itzuli, kolektibizatu
b) Eztabaida: norentzat izango da desjabetutakoa? Estatuarentzat ala autoeratutako langile-kontseiluentzat? Nork kudeatuko du gainbalioa?
c) Gainbalioa birbanatu egingo da. Baina nola, Estatu kapitalismo baten arabera, D M D’ari eutsiz? Ala komenigarriagoa da desazkundea?
4-Marxek “gainbalio erlatibo” deritzona: zientzien eta tekniken aurrerakuntzari esker kapitalistak, langileen aurkaritzarik eta gatazkarik gabe, gainbalioa emenda lezake
7-IRAULTZA KOMUNISTA: ASKAPENERAKO BALDINTZA
Iraultzan, proletarioek ez dute galtzeko ezer, beren kateak izan ezik
“Komunistek ez dute gogoko beren iritziak eta xedeak ezkutatzea. Zabal-zabalik aldarrikatzen dute, beren helburuak lortzeko, aurreko gizarte-ordena osoa gogorki amilarazi behar dela. Ikara bitez klase nagusiak iraultza komunistaren aurrean! Proletarioek ez dute hor galtzeko ezer, beren kateak izan ezik. Irabazteko, mundu osoa dute.
Herrialde guztietako proletariook, elkar zaitezte!”
Alderdi Komunistaren Manifestua, 1848
Iraultzak gizarte komunista ekarriko du:
-klase sozialik gabeko gizartea
-esplotazioaren amaiera
-beraz, ez da Estatuaren beharrik izango, Estatuak klase zapaltzailearen agintaritza iraunaraztea baitu helburu nagusi
-hiritar bakoitzak bere ahalmenaren araberako lana emango dio kolektibitateari, eta kolektibitateak atzera hiritar bakoitza bere beharren arabera hornitu eta babestuko du
-alienazioa gainditzea eta gizakia errealizatzea, gizarte bidegabeak beharrik gabe itorik dauzkan giza ahalmenak azkenik mamitzea
8-Marxek Stalin ekarri zuen? Kapitalismoak nazismoa ekarri zuen? Jesukristok Inkisizioa ekarri zuen?
MARXEN AURKAKO KRITIKAK, DATORREN LARUNBATERAKO ZUBI: NIETZSCHE, FREUD, HEIDEGGER
9-MARX ETA EUSKALDUNAK: Gallartako meatzeak, Txomin Agirre, Dolores Ibarruri, Juan Astigarribia, Aresti, Txillardegi, ETA, Azurmendi, Angel Erro
10-Amaitzeko, Internazionala youtuben. Internazionala, erdaraz zein euskaraz, zortziko txikian dago, Maritxu nora zoaz bezala
Gainbalioa eta sindikalismoaren sorrera
Kapitalaren lehen liburukian azaltzen du Marxek gainbalioaren teoria, eta lehergailu bat da. Luc Ferry bezalako liberalentzat ere zuzena eta egiazkoa da, justua, gainprodukzioarena ez bezala. Liberalentzat gainprodukzioa kritikatzea naturako hautespen naturala kritikatzea bezain hutsala da: merkatu librean ez dago planifikaziorik eta gerta liteke hamaika kapitalistak aldi berean ekitea pianoak ekoizteari. Piano gehiegi, eskaria jaitsi, enpresarik ahulenak itxi behar, langileak kalera. Zer egingo diogu ba. Ordea, begirune beldurti bat diote gainbalioaren eskandaluari.
Marxek ez du eskaintzaren eta eskariaren legea ukatzen; arazoa da eskaintzaren eta eskariaren legeak espekulazioa baino ez duela azaltzen; ez ordea kapitalismo industriala, enpresaren mundua. Kapitalismo industrialean gertatzen den aberastea gainbalioak erakusten du.
Finantza-kapitalismo espekulatzailea dirua eskuz aldatzera mugatzen da: etxe-agente nabil; tipo baten enpresa itxi dute, eta lanik gabe utzi dute; ezin hipoteka ordaindu; itota, etxea saltzera behartuta dago; erosi egiten diot, 100.000 euro; hiru hilabete barru, ama bat datorkit, halaber itolarrian, bikiak eduki berri ditu eta kosta ahala kosta behar du etxe bat haurtzaindegitik hurbil; 130.000 eurotan saltzen diot. Etekin ederra sakelaratu dut, baina ez dut gizartearentzako ezer sortu. Aitzitik, kapitalismo industrialean burgesa aberastu egiten da bide batez bere lurraldea ondasunez hornituz: trenbidez betetzen du, zartaginez, eta abar.
Marxek, bestalde, erabilera-balioa eta truke-balioa bereizten ditu. Erabilera-balioa kontsumoa da, zertarako erosten dudan merkantzia: bost euroko bolaluma idazteko, bost euroko zigarreta-paketea erretzeko. Ezin dut zigarretaz idatzi, ezta ere bolaluma pipatu. Aldiz, truke-balioa salneurria da, bost euro.
Kapitalismoan langilea salgai dago, zartaginaren pare, eta kapitalistak erosi egiten du, dagokion truke-balioaren arabera, hori bai, langilea ez baita esklaboa. Lan-indarraren truke-balioa kapitalistak langileari ordaintzen dion soldata da.
Marxek merkantziaren fetitxismoa deritzo uste izateari merkantziak berezko balioa duela. Ez ba. Merkantziaren balioa bertan mamituriko batez besteko lan-denbora sozialari dagokio. Gainbalioa denbora da. Hau azaldu beharra dago. Gainera, kapitalismoa era berean argitu beharreko formula batek erabakitzen duela diosku Marxek: D M D’ (D dirua; M merkantzia; D’ dirua gehi gainbalioa).
Eta D M D’ ekuazioari dagokion merkantzia bakarra langilearen lan-indarra dela.
Nondik nora?
24 orduko lanaldiari dagokion soldata bat etorriko da beste langile batzuek behar izan duten batez besteko lan-denborarekin, langileak kontsumitu beharko dituen merkantziak fabrikatzeko, 24 ordutan bere lan-indarrari eutsi ahal izan diezaion; soldata hori, lan-indarra den merkantziaren truke-balioa, 60 eurokoa izango da Luc Ferryren adibidean.
Jo dezagun 60 euro horiek 6 orduko lanaldi sozialari dagozkiola, alegia, beste langile batzuek 6 ordu behar dituztela fabrikatzeko gure langileak bere lan-indarrari eutsi ahal izateko 24 ordutan kontsumitu behar dituen merkantziak.
Baina, behin 6 orduko baliokidea erosita truke-balioan, kapitalistak lan eginaraz diezaioke 12 orduz, eta kasu horretan 6 orduko etekina irabaziko du. Horixe da gainbalioa, D M D’ formulak adierazia: ugazabak 24 ordurako erosi du langilearen lan-indarra, 60 euro; demagun 6 orduko lanaldiari dagozkiola; baina langileari lan eginarazten dio 12 orduz; lan horren bidez 120 euro balio duten merkantziak egiten dizkio, eta ondorioz kapitalistak 60 euroko gainbalioa sakelaratu du.
Ikaragarri ederki ikusten du Marxek lan-indarra besteak ez bezalako merkantzia dela, bakarra munduan, bere erabilera-balioa kontsumituz gero truke-balioa emendatzen baita: langilearen lan-indarra kontsumitzea langileari lan eginaraztea da, merkantziak ekoitzaraztea, balioa eta aberastasuna sorraraztea. Eta langileak aberastasun gehiago sortzen du kontsumitzen duena baino. Lan gehiago egiten du beste langileek egin behar dutena baino fabrikatzeko gure langileak bere lan-indarrari eutsi ahal izateko kontsumitu behar dituen merkantziak. Langileak balio gehiago sortzen du, diru gehiago, lan horren truke ordaintzen zaiona baino. Horrela aberasten da kapitalista, aldi berean mundua ondasunez hornituz. .
Gainbalioaren teoriaren ondorioak mila bider sakonagoak eta ahaltsuagoak dira gainprodukzioaren krisien edota eskaintzaren eta eskariaren teorienak baino, liberalentzat aski ahulak. Hemen benetako analisi batek erakusten du kontraesanezkoa dela kapitalismoaren funtsa, eta lehertu beharra duela.
Gainprodukzioaren analisian, Marxek zioen kapitalismoak ezinbestez sorraraziko duela iraultza komunista, burdinazko saihetsezintasun batez, naturako metamorfosiak eta kataklismoak erabakitzen dituen ezinbestekotasun berberaz.
Gainbalioaren analisiaren ondorioak, berriz, ez dira mekanikoak eta deterministak. Ez dugu derrigorrez etorriko omen den klaserik gabeko gizartea, baizik eta klase borroka eta boluntarismoa; honezkero ez gaude historiaren filosofia automatiko eta fatalista batean; orain militantismoa da garrantzitsuena, gizarte gatazkan engaiatzeko gogoa.
Gainbalioaren diagnostikoaren ondorioetako bat izango baita klaseek borroka egin beharko dutela soldata eta lan-denbora erabakitzeko, arazo historiko eta morala baita soldata eta lanaldia finkatzea, ez dago zeruan idatzia; eztabaidagarria denez, soldata handitzearen eta lanaldia murriztearen alde borrokatu beharra dago. Horixe da sindikalismoaren zentzua. 1789ko iraultzak monada sakabanatu autista eginda utzia zuen langilea. Orain, berriz, langileek antolatu beharra daukate, indartsu agertzeko ugazabekin soldataz eta lanaldiaz eztabaidatzeko orduan.
Ezkerra eta eskuina
1-Liberalismoak pobretzea dakar, eta ez guztien ongizatea
2-Miseria aberastasuna txarto banatzeak eragiten du. Ez da berezko egitate ulergaitz eta misteriotsua.
3-Banaketa zuzen batek txirotasuna desagerraraziko luke, miseria ez baita beharrezkotasun teologiko bat.
4-Delinkuentzia sortzeko orduan gizabanakoen ezaugarriak baino eragingarriagoak dira gizartearenak.
5-Erlijioak gizarte atzerapena larritzen du, ez da indar askatzaile bat.
6-Pertsona mota berri bat sor daiteke, ezinbestez bekatari edo gaizto litzatekeen gizakiaren ideia gaindi liteke.
7-Politika ez da etikatik bereizi behar.
8-Herri baten onura gorena ez da aberastasun nazionala handitzea, baizik hiritarren zoriona.
9-Gizabanakoen zein herrien gaixotasun fisiko eta psikikoen jatorri bi: batetik, kristautasunak guztia erruz kutsatu du; bestetik, liberalismoak gizartetik bakartzen gaitu.
10-Eskuinak lanorduak biderkatu eta lanaldia luzatu nahi izaten du; ezkerrak, berriz, laburtu, murriztu.
11-Eskuina umeei lan eginarazten ahalegintzen da, edo gazteak lehenbailehen lanean jartzen. Ezkerrak nahiago ditu eskolan.
12-Eskuinak eskubide sindikalen aurka dihardu, besteak beste lan eskubidearen aurka.
13-Eskuina eskola pribatuak sustatzearen aldekoa da; ezkerrak, berriz, gurago du irakaskuntza laiko, doako eta derrigorrezkoa.
14-Eskuinak langabeziari ezikusi egiten dio, egitez onartu egiten du. Ezkerrak guztiontzako lanaren alde dihardu.
15-Eskuinak lanpostu kaxkarrak onartzen ditu, eta kanporatze librea. Ezkerrak langilea babesteko joera du, funtzionaritza sustatzen du.
16-Eskuinak ahula eta txiroa are ahul eta txiroago bilakarazten du. Ezkerrak osasun publikoa eta zahar-etxeak indartzen ditu, ahulenak babesteko joera du.
17-Eskuinaren zigor eredua panoptikoa da. Zigorra gogortzearen aldekoa izaten da: begia begi truk, heriotza zigorra, eta abar. Aldiz, ezkerrak prebentziozko politika egiten du: gaizkileak neurri handi batean miseria ekonomikoak sortzen dituenez, sutsuki zigortzea baino zuhurragoa da miseria desagerrarazten ahalegintzea. Gizartetik egundo ezer jaso ez dutenak dira askotan gaizkileak. Ezkerraren arabera, gizarteak gaizkileengandik zerbait exijitzeko eskubide etikoa izango du soilik aldez aurretik baliabide eta bitarteko guztiak jarri baditu hiritarra gaizkile bihur ez dadin.
Doktore gorriaz
Marxek, bera ez zela marxista esan zuelarik, egia zioen, eta horri esker ari da krisi eta asfixia ekonomikoko garai hauetan irakurle mordo baten eskaera haren liburuen berrargitalpenak biderkarazten. Marxek etengabe berritzen zituen bere kontzeptuak, edo oker zebilela ohartzen zelako edo egoera historiko berriak hobeto ulertzeko. Ordea, hil zenez geroztik haren obra bilatzaile eta ezinegona katekesietara izan da maiz bihur-murriztua eta bigundua. Joxe Azurmendik eta Txillardegik proselitista amorratu ugari pairatu behar izan zuten 60ko amaieran eta 70. hamarraldi osoan, seminarioa utzi berritan ordezko Biblia Marxen obran aurkitu zutenak. Marxek bere esperientzia propiotik abiatuta pentsatu zuen; hemengo marxista gehiegik beren egoera zehatza beren kabuz pentsatu beharrean XIX. mendeko alemaniar baten obran aurkitu uste izan dute hitzez hitz adierazia. Alegia, Marxek egin zuenaren kontrakoa egin dute. Marxek inoren obra ez zuen sakratutzat hartu, eta Hegel, Feuerbach edo Bruno Bauerekin aldiren batean bat etorri arren, begien bistan zuena ulertzeko aski ez zirela ohartu bezain laster kritikatu eta teoria egokiagoak asmatu zituen.
Pentsalariek sarritan izaten duten akats baten kontra gogor jo baitzuen Marxek: gehiago ikusten dute buruan darabilten kontzeptua aurrean duten egoera baino. Marxek gaztetan maisu handitzat izan zuen Hegel, baina “arrazoia erreala da, eta errealitatea arrazoizkoa” irakurri ziolarik langileen mixeriari erreparatu zion. Langileen errealitatea ez da batere razionala. Bestalde, kapitalismoak sistematikoki itotzen ditu giza gaitasunak. Eta hori ez da erremediorik gabea. Giza asmamenak, lanak, iraultzak, baldintza objektibo zapaltzaileak desegin ditzakete.
Merkatu librearen aldezleek diote, batetik, ezinbestekoa dela: ikusi besterik ez dago amets sozialista nola bilakatzen den amesgaizto historian mamitzen den aldiro; eta, bestetik, sistemarik onena dela batez besteko aberastasunak gora egin dezan, jenderik gehiena bizi dadin egoerarik erosoenean. Hiritar orori emanez gero kontrolik gabe aberasteko erraztasuna eta askatasuna, aberastasunaren bilatze indibidualak ondorioz gizarte osoaren aberastea ekarriko du. Liberalek diotenez, “esku ikusezin” batek merkatu librea guztion onurarako egituratzen du. Ideia hori, egiantzekoa izan litekeena, komunismoa baino utopikoagoa da, liberalek merkatu librearen heldutasun errealista eta sozialismoaren ameskeria utopikoa kontrajartzea gustuko duten arren. Marxek begiak zabaldu eta merkatu librearen ondorio enpirikoak ikusten ditu: aberatsak gero eta gutxiago eta gero eta aberatsago, txiroak gero eta gehiago eta gero eta txiroago.
Bikainak dira alienazioei eta ideologiari buruzko orrialdeak, 1789ko giza eskubideen aurkako kritikak: berdintasun politikoa eta legearen aurrekoa faltsuak dira ez badago homogeneotasun ekonomikorik. Eta ez da ezinezkoa abiapuntu eta baldintza ekonomikoak berdintzen hastea. Horri deitzen zion hain zuzen “demokrazia” Tocquevillek, Marxen garaiko beste pentsalari politiko handi batek, liberala haatik. Demokrazia erreal batek aberats edo txiro jaiotze hutsagatik jasotzen dituzun pagotxak edo makilakadak desagerrarazten lagundu behar du. Hori da adibidez hezkuntza publikoaren zentzuetako bat.
Dena den, Marxen teorien artean bat aukeratu behar izanez gero, gainbalioarena da beharbada harrigarriena. Eskaintzaren eta eskariaren desorekak ere ederto nabarmendu zituen, aldiro-aldiro gainprodukzio krisiak eragiten dituztenak, baina hori aise irentsi dute kapitalismoaren aldeko liberalek, merkatuaren funtzionamendu naturaltzat dute. Naturan hautespen naturalak espezie ahulak nola, halaxe desagerrarazten ditu merkatu libreak enpresa desegokiak. C'est la vie.
Ordea, gainbalioaren teoriak auziaren iltzea jotzen du, eta erakusten du zergatik ez den ona kapitalismoak irautea, zergatik den berez kontraesanezkoa eta bidegabea. Eta Luc Ferryren tankerako liberal batek ere egiazkotzat jo behar du. Zer nahi du Marxek gainbalioaren teoriaren bidez azaldu?