Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Shutter Island, Irla obturatzailea

Shutter Island, Irla obturatzailea

Markos Zapiain 2021/03/08 11:35

Hemen daukazu. 

 

1-Filmeko Shutter Uhartea Bostongo Badiako Long Islanden dago oinarritua. Euskal Encodingsekoek Irla Obturatzailea ere deitu diote. Uhartetik irten ezinak erraztu egiten du Aschecliff Psikiatrikoko agintariek pazienteekin esperimentuak egiteko aukera, nahieran. Uhartetik kontinentera joatea bezain zaila da ero psikotiko batzuen fantasia autistatik errealitatera jauzi egitea. Indartsua da uhartearen itxitura-izaeraren sinbolismoa. 

2-Teddy Daniels Rachel Solandoren desagerpena ikertzera doa Shutter Islandera. Bitxikiro, galdekatzen dituen paziente guztiei itauntzen die nor den Andrew Laeddis. Chucki aitortuko dio Andrew Laeddisen bila etorri dela benetan uhartera. Filosofiaren helburu nagusietako bat dago hemen jokoan: ezagutu zeure burua. “Hemen zer ostia gertatzen den jakin nahi dut!”, garrasi egingo du halako batean. Edipo bezala, Daniels ere irrikaz abiatu da kriminalaren bila, eta ikerketak erakutsiko die hiltzailea beren baitan dutela. Alderatu Andrew Laeddis eta Edipo. 

3-Konparatu Laeddisek kobazuloan mediku psikiatra-ohiarekin bizi duena eta faroan Cowleyrekin eta Sheehanekin bizitakoa; konparatu kobazuloa eta itsasargia leku sinbolikoak diren aldetik: Platonen kobazuloko presoen gezur psikotikoak ditugu, batetik, eta behin kobazulotik irten osteko egia, bestetik? Lurpeko haluzinazio iluna eta zeruko egia argia? Ala ñabartu egiten du filmak dikotomia zorrotz hori? Nola? 

4-Laeddisek bere burua ezagutu nahi du baina ez du nahi. Bere nortasunaren giltza zauri ikaragarri bat da, itxi gabea oraindik. Horregatik, onartuta ere kobazuloko Rachel Solando bere inkontzienteak sortu eta proiektatu duela, eta harekin mintzo denean bere buruarekin ari dela benetan mintzo, problematikoa izaten jarraitzen du proiekzio horren zereginak egia ezagutzeko bidean. Anbibalentea dirudi: alde batetik, Laeddisen erresistentziak eta fantasia paranoikoak indartzen ditu. Baina aldi berean fantasia horiekin bat ez datozen eta Laeddisi onartzen nekezak zaizkion errealitate-izpiak iradokitzen dizkio. Zuk ere uste duzu kobazuloko psikiatra-ohia Laeddisek sortutako mamua dela, ala errealtzat dauzkazu? 

5-1954an gaude. Bai Teddy eta bai Chuck AEBeko soldadu ibili ziren Bigarren Mundu Gerran. Dachauko kontzentrazio-esparrua askatzen lagundu zuten. Hango juduen irudi ikaragarriak datozkio Teddyri gura barik eta etengabe; halaber, beraiek naziak nola fusilatu zituzten, hilkintza basati haiek.

Bestalde, emazte Doloresek, bere burua lehenbizikoz hiltzen ahalegindu ondoren, Leaddisi kontatu zion bere buru barruan zomorro bat bizi zela, garunaren barruan bueltaka sentitzen zuela, bertako kableekin jolasean. Egundoko depresioan zegoen amildua, eta Leaddisek ez zion jaramonik egin. Amesgaizto eta eldarnioetan, emaztea eta alaba Rachel agertzen zaizkio, besteak beste naziek hiliko ama-alaba judu gisa, eta alabak familia salbatu ez izana leporatzen dio, “salbatuko gintuzula agindu zenidan”. Ez zituen haurrak eta emaztea salbatu, ahal izan zuen arren, beharbada. Leaddis ikaragarri errudun sentitzen da. Erruak gogor lotzen gaitu iraganarekin, eta orainaldian gozatzea eragozten digu. Iraganaren zama astunegia zaio Andrew Laeddisi. Iraganaren garaipena erakusten du filmak. Zer esango zenuke erruaren eta orainaldiaren arteko harremanaz? 

6-Egiaztatua dago nazien aditu militar asko Bigarren Mundu Gerra galdu ostean AEBera joan zirela, hango zerbitzu sekretuek errekrutaturik, komunisten aurkako borrokan laguntzeko, naziek eta AEBek etsai komun hori baitzuten. Naehring doktorea alemana da eta Warden zuzendariak sekulako nazi itxura eta mintzamoldea dauka; Laeddisi nazien eta Shutter Islanden arteko loturaren ideia sendotzen diote. Dena den, filmak ez du lotura hori ukatzen, ez du aurkezten psikotiko baten eldarnio huts gisa, ez da soilik Laeddisen babes- eta ihesbide-fantasia elikatzeko teoria, zeren eta filmean bertan alemana baita Psikiatrikoko zuzendarietako bat. Zer deritzozu?


7-Bestalde, datu historikoa da AEBeko gobernuak anfetaminak eman zizkiela Vietnamera bidaltzen zituen soldaduei, eta LSD eta bestelako droga psikotropikoak erabili zituela eta doan banatu Kaliforniako gazteen artean, hippyen garaian. Kobazuloko emakume psikiatrak dioenez, naziek juduekin esperimentatu zuten bezala esperimentatzen du AEBeko gobernuak Psikiatrikoetako pazienteekin. Dena den, nazien eta AEBen arteko lotura ez bezala, egia historiko hori ero baten defentsa-mekanismo psikotikotzat aurkezten zaigu.

Zer egiten zaizu sinesgarriagoa, Laeddisek bere gogoan sortzen omen duen pelikula ala Shutter Island filmak pasatu nahi digun tesia? Garbi dagoela iruditzen zaizu filmak sinetsarazi nahi digula psikotiko baten paranoia dela AEBeko gobernuak gazteekin drogak esperimentatu zituela? 

8-Hitlerrek Nietzsche filosofoa miresten zuen, eta filosofoaren arreba Elisabeth Hitlerren laguna zen. Laeddisen pelikulan Psikiatrikoko zuzendariak, Wardenek, Jainkoak biolentzia maite duela eta biolentoa dela aldarrikatzen du, ustez Nietzscheren eta nazien ildotik, baina benetan Nietzsche txarto interpretatuz. Dena den, iruditzen zaizu giza biolentzia hori naturala zaigula, berezkoa? Ezingo dugu inoiz erabat gainditu? Bake-garaiak salbuespenak izango dira beti gizateriaren historian?


9-Droga psikotropikoek, Irla Obturatzailean erabiltzen direnak,  bestelako pertzepzio baten ateak zabaltzen dituzte, lotan dauden burmuinetako zatiak pizten ei dizkigute. Bidaia zoragarria izan daiteke, baina baia ikaragarria ere, droga hartu duenak bere burua hiltzeraino. Albert Hofmann kimikariak sintetizatu zuen lehenbizikoz LSDa, 1943ko apirilaren 19an, Bizikletaren Eguna deituan, pertsona batek psikotropiko hori lehenbiziko aldiz hartu zuen eguna. Homfannek berak kontatu zigun Leioan eman zuen hitzaldi batean: Suitzan zegoen, lanean ziharduen laborategian, eta arraro sentitzen hasi zen, ezinegonak eta zorabioak joa. Pentsatu zuen LSDa kristalizatzen ari zen bitartean hatzamarren bitartez xurgatzearen ondorio zirela ezinegon eta zorabio horiek. Edozelan ere, bere burua erabiltzea erabaki zuen, esperimentatzeko. 250 mikrogramoko dosia hartu zuen, antzeko drogetan erabiltzen zen ohiko dosia. Ordea, LSDrako izugarria da kantitate hori. Hofmann berehala ohartu zen: ezustean eta bat-batean, beste errealitate batean zegoen, desberdinak ziren ikusten zituen koloreak, gela ere bai, eta aldartea: goitik behera aldatu zitzaion nortasuna. Eta, begiak itxita, fantasia eta irudi ederrak ikusten hasi zen.

Gerra-garaiko murrizketen erruz, ez zuen autorik eskura eta bizikletaz itzuli zen etxera. Dena distortsionatuta ikusten zuen eta, pedalei eragin arren, iruditzen zitzaion ez zela bat ere mugitzen. Etxera iristean ikara bizia sentitu zuen. Deabrua barnean zuela iruditzen zitzaion, bizilaguna sorgina zela, etxeko altzariek mehatxatzen zutela. Ohera sartu eta, ezustean halaber, panikoa plazer bilakatu zitzaion. Mozkor atsegin baten antzeko zerbaitek bereganatuta, irudimenaren estimulazio ikaragarri bati esker koloreen eta formen eztanda etengabea ikusi zuen, eta soinuak ere irudi bilakatu zitzaizkion, irudi fantastikoak, ezohiko formak, kolore bizi eta kaleidoskopikoz beteak.

Hirurogeiko hamarraldian, LSDa laborategietatik San Frantziskoko kaleetara iritsi zen, eta handik mundu osora zabaldu zen. Hippien droga kuttun bihurtu zen. Azkenik, ordea, debekua, zigorrak eta osasunarentzako guztiz kaltegarria zela zioten azterketak etorri ziren, eta LSDaren urrezko aroa amaitu zen.


10-Esaten da amak berezkoa duela bere umeak maitatzea, baina historian hainbat aldiz hil dituzte amek beren umeak. Berriki argitaratu den Katixa Agirreren “Amek ez dute” nobela bikainak horixe du gai nagusi. Horko ama hiltzaileak, Dolores Chanalek bezala, depresio gogor bat pairatzen ari dela akabatuko ditu bere haurrak. Antinaturaltzat jotzen dugu amak bere umeak hiltzea. Egia ote da? Animalien artean gertatzen baita, eta gizakiak animaliak gara. Ez genuke naturaltzat onartu beharko gizaki guztiok dugula alde ilun ikaragarri bat, amek barne? Alde hori izateko eskubidea ere ukatu behar diegu amei? 

11-Grekoz, “trauma” hitzak zauri esan nahi du. Eta alemanez Traum ametsa da. Sakonki zaurituta dagoen pertsonak, zauria mingarriegia bazaio, ezin baldin badu trauma gainditu, orduan amets eta fantasien bidez babesten du bere burua. Bere irudimenak sortutako mundu paralelo batean bizi da, nortasun berri batekin. Eta norbaitek errealitatera eta egiara itzultzeko arriskuan jartzen badu, bortizkeriaz erantzuten du, are fantasia pitzatzen diona hil nahi izan arte: Laeddisek tiro egiten dio Cawleyri. Nahiago heriotza, bestearena zein norberarena, traumak eragindako oinazea pairatzen jarraitu behar izatea baino.

12-Psikiatra asko bat datoz: nahita edo nahi gabe zapaltzen duzun egia, aldez edo moldez itzuliko zaizu, ametsetan, eldarnioetan, edozein zirrikitutik. Psikotikoaren mundu asmatuak arrakalak dauzka eta errealitateak arrakala horiek baliatuko ditu nola edo hala azaltzeko. Adibidez, abstinentzia-sindromea. Botikek eta psikotropikoek lagun dezakete trauma isilik atxikitzen, eta eroa lasai. Ordea, Cawley doktoreak erabaki du Laeddisi botikak kentzea eta baliabide teatralekin, burmuina ukitu gabe, egia onartzera bideratzea.

13-Cawley doktorea 50eko hamarraldian psikiatrian nagusiki erabiltzen ziren psikotropikoak eta lobotomia bertan behera utzi eta pazientearekiko errespetuan oinarritutako terapiak hobetsiko ditu. Hasieran ematen duen irudi siniestroa gorabehera, ona da Cawleyren borondatea, zintzoa haren asmoa. Laeddisek sortu duen pelikularekin bat egin eta Psikatrikoko langile guztiak barne hartuko dituen rol-joko baten bidez lortuko dute Laeddis bere onera ekartzea, errealitatea eta egia onar ditzan, mingarriak izan arren. Ordea, Laeddisek, sendatu bada ere, ez du munstro gisa bizitzen jarraitu nahi, eta lobotomia bilatuko du, bere oroimena eta hortaz bere burua hiltzeko modu bat. Behin lobotomizaturik, Laeddisek azkenik Laeddis izateari utzi ahalko dio, eta atseden hartu.

14-Cawley doktoreak Laeddisekin darabilen rol-joko terapeutikoak zerikusia du xamanismoarekin, sorgintzarekin eta psikomagiarekin. Abiapuntu duen oinarriak dioenez, inkontzienteak benetako gertaeratzat hartzen ditu ekintza sinbolikoak; horrela, ekintza magiko horietako batek inkontzientearen jokabidea alda lezake, eta, ondo aplikatuz gero, zenbait trauma psikologiko sendatzen lagundu.

Ekintza magiko-sinboliko horiek asmatzen dira kontuan hartuta gaixoaren historia osoa eta, ahal bada, guraso eta arbasoena ere bai. Dirudienez, zenbait trauma eta jokabide inkontziente belaunaldiz belaunaldi transmititzen dira. Antzerki sinboliko horri esker gaixoak kanpoan objektibatuta ikusiko du bere trauma. Horrela, traumaz kontziente egin eta askatu eta sendatu ahalko da. Hori lortzeko, dena den, ezinbestekoa da psikomagoak gaixoaren zuhaitz genealogikoak erakusten dituen patroietan oinarrituta diseinatzea ekintzak. Zer iruditzen zaizu? Efektiboagoak ote dira pilulak eta lobotomia?

15-Sorginek, Amerikako indigenek eta beste askok erabili izan dituzte antzerki deigarri bortitzak hezibide gisa. Nerabe bat bide txarretik badoa, egundoko sustoa ematen diote, jipoitu eta abar. Gaur egun sendabide ugari erabiltzen da: aromaterapia, koloreterapia, arteterapia, antzerkiterapia, biblioterapia... Zure ustez, filmak erakusten duenaren ildotik, ingurukoek prestatutako antzerki batek lagun diezaioke ero bati errealitatera itzultzen?

 

16-Antzerki-hezibideari dagokionez, Mexikoko sorginek erabilitako teknika bat: dizipulu batek Don Juan sorginari kontatzen dio lagun bat daukala 9 urteko semearekin kezkatuta. 5 urte dira emaztearengandik bereizi zela, eta orduz geroztik umea galduta dabil eskolan, erantzun txarrak ematen ditu. Don Juani galdetzen dio ea jo behar ote dion arrastoan sar dadin. Don Juanek aholkatzen dio gizon heldu bat aukeratzeko, itxura ahal bezain beldurgarrikoa. Mutilak gaiztakeria bat egitean, gizon beldurgarri horrek, parke batean edo, ziplo harrapatu eta berebiziko jipoia emango dio. Ondoren desagertu egingo da, eta mutilaren aita etorriko da. Lasaitzen lagunduko dio. Horrela hiruzpalau aldiz. 

Gero, aitak lortu behar du mutilak beste mutiko bat ikus dezan, baina hilik, ospitalean edo. Mutilak hildakoa ezkerreko eskuaz ukituko du, edonon sabelean izan ezik. Prestatutako antzerki-ekintza horren bidez, zinez ikasiko du mutil bihurriak.

Arrested Developement seriean ere, aitak antzeztutako istripu odoltsuak baliatzen ditu seme-alabei irakasteko. Life Lessons deitzen die. Irudi bortitz horiek ez zaizkie egundo ahaztuko, eta txintxo bizitzen lagunduko omen die. 

 

17-Nola interpretatzen duzu filmaren amaiera? Laeddisek Sheehani eta bere buruari galdetzen die zer ote den okerrago, gizon zintzo gisa hiltzea ala munstro gisa bizitzea. Bere zauri sakonak bidutzi bihurtzen du. Beraz, interpretazio baten arabera, Laeddisek Sheehan bere psikiatra eta Psikiatrikoko buruzagiak (Cawley, Naehring eta Zuzendaria) manipulatu egingo ditu, errealitatearekiko harremana berriro apurtu zaiola sinetsaraziko die, lobotomia bat egin diezaioten.

Shutter Island etengabe erasotzen duen ekaitza Andrew Laeddisen buru barruko tximisten eta trumoien proiekzioa da. Amaieran, eta lehenbiziko aldiz, garbi dago zerua. Hori da argudioetako bat frogatzen ei duena Laeddisek jakinaren gainean deliberatzen duela lobotomizatua izatea. Eromenik gabeko bolada batean hartzen du erabakia, berriro eromenean amildu izanaren itxurak egiten dituen arren.

 

18-Badakizu zer den anagrama bat? Doloren Chanal Rachel Solandoren anagrama da, eta Edward Daniels Andrew Laeddisena. “Shutter Island” “Truth and Lies”en anagrama da; baita “Truths/Denials”ena ere. “Arranondo”, Txomin Agirreren “Kresala” kokatzen den herria, “Ondarroa” da; eta “Abiadura Handiko Trena”, berriz, “Handik dator baraua”.

Asmatu anagrama pare bat.

 

19-Euskal Encodingsek euskaraz dakar filma, primeran bikoizturik. Egia bada euskarazko bikoizketarenak egin duela, izugarria da galera, besteak beste hezkuntzari begira. Ikasleek nahiago dituzte Shutter Island bezain ondo bikoizturiko filmak ikusi, jatorrizkoak baino azpitituluekin. Glenn Close eta John Malkovichen “Harreman arriskutsuak” ere ezin hobeki bikoiztu zuten, VHSa salgai jarri zuten, baina desagertu egin da. Zoragarria litzateke Euskal Encodingsen jarriko balute. Laguntza ederra ematen dute altxor horiek (Ezin hobeto, 21 gramo, Psikosia, Ertzetik ibilian, Crash, Freud. Ezkutuko grina, Utzidazu sartzen, Errebelde baten egunkaria, Esnaldiak…) gure ikasleen hezibidean, bereziki Batxi 2ko Psikologian.

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.