ETAtik Autonomoetara, amultsuki
Gazterik ekin zion Jose Migel Etxeberriak bere ibilbide ihardukitzaileari. Alonsok azpimarratzen duenez, mutil nerabe eta gazte gehienek gaur egun Messi izan nahi duten bezala, 70eko hamarraldian Che Guevara nahi zuten izan. Ez da zilegi egungo talaiatik orduko militantzia moralkeriaz kondenatzea, testuingurua kontuan hartu gabe. Etxeberria, ikasle-komiteetan ibili ostean, LKIren inguruan aritu zen, troskoekin; ondoren, ETAn; ETAtik kanporatu egin zuten, “kanporatze amultsua” inondik ere, Kike Zurutuza autonomo-ohiak dioen bezala; eta 1978ko abuztuaren amaierarako Komando Autonomoetan zebilen. 1980ko ekainaren hamaikan desagerrarazi zuten. Ziburun ikusi zuten azkenekoz.
Milien eta autonomoen arteko eztabaidek oinarri filosofikoak zituzten; independentzia eta sozialismoa zuten biek xede, baina ez zituzten berdin ikusten ez giza izaera, ezta pertsonaren eta jendartearen arteko harremana ere. Praktikari begira, desberdintasun horiek azaltzen ziren talde armatu klandestino baten barne antolakuntza ulertzeko moduan. 1978ko udan bilera bat egin zuten. ETAren aldetik Argala, Yoyes eta hirugarren bat; Autonomoenetik, Bernardo Azpitarte “Kabra” eta Kike Zurutuza. Batzuek diote Naparra ere han egon zela, baina bileran egon zen batek dio ezetz.
ETAkoek pentsatzen zuten talde armatu klandestinoak egitura hierarkikoa eta zentralizatua behar duela. Kupulatik datoz aginduak eta behekoek obeditu behar dituzte, eta goikoen aurrean erantzun. Goitik behera eta zorrozki behar da diziplina ezarri.
Aldiz, Naparrak ezin zituen hierarkia eta zentralismoa eraman: komando bakoitzak erabateko autonomia izan behar zuen bizimodua antolatzeko eta helburuak erabakitzeko, ez zion inori azalpenik zor. Gizarteari dagokionez ere, ordezkaritzaren eta autoritatearen aurkakoa zen, eta beraz ez zituen alderdi politikoak eta sindikatuak maite; demokrazia zuzena aldarrikatzen zuen, autogestioa. Herria behar da pixkanaka matxinadan engaiatu, ez soilik bere burua abanguardia izendatzen duen elite bat.
Aitzitik, milien ustez komando bakoitzak berak bakarrik ezin ditu premia guztiak ase (logistika, hornidura, ekonomia…), eta autonomoenen tankerako jarrerek poliziaren eta zerbitzu sekretuen infiltrazioak errazten dituzte. Eta edozein talde klandestinoren lehenbiziko betebeharra da satorrak detektatu eta uxatzea. Garai hartan ETAren buruzagietako bat zen Eugenio Etxebesteren esanetan, autonomoen planteamenduak koherenteak ziren haien ideia libertarioekin, baina legez kanpoko praktikak, epe luzera, erakunde armatu klasikora eramaten du, hierarkikoa, zentralista eta diziplinatua, efikazagoa delako.
Gainera, konplikatua da ulertzea zer den autonomoek aldarrikaturiko Estaturik gabeko independentzia hori. Azkenik, Zutabe batean adierazi zuten ETAn edozeinek zuela tokia, burgesek eta anarkistek izan ezik. Kike Zurutuzak Jon Alonsori kontatu dionez, 1978ko abuztuko arratsalde batean, bera eta Kabra Hendaiako Ocean apartamentuetako sotoko aparkalekuan zeuden. Auto bat etorri eta bi mili atera ziren, Donibane eta Gogor. Naparra auto barruan gelditu zen. Eta miliek autonomoei: “Honek ez dik guk bezala pentsatzen; honek zuek bezala pentsatzen dik”. Horrelaxe igaro omen zen talde batetik bestera, leunki.