Jon Alonsoren "Naparra. Kasu irekia" (1)
Aste honetan Jose Migel Etxeberria "Naparra"ren familiak aitortza instituzionala jaso du Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Berrogeita bat urte igaro dira desagertu zenez geroztik. Nafarroan 2017an egin zioten aitortza hori, desagertu eta hogeita hamazazpi urteren buruan. Txalo-zaparrada hunkigarria jaso zuen Naparraren ama Celesek. Nazio Batuen Erakundeak zabaldu zuen bidea 2014an. Ordurako aita, Patxiku, hilik zen. Ama 2018an hil zen, ez du Eusko Jaurlaritzaren aitortzaren berri jakiterik izan, ez du irakurtzerik izan Bertha Gaztelumendik ohikoa duen esku fin eta sendoaz idatziriko txostena. Perturren ama ere pasa den astean joan zen.
Iaz argitaratu zuen Jon Alonsok “Naparra. Kasu irekia”. Kasuari buruz orain jakin daitekeen guztia jarri du mahai gainean.
Liburua bikaina da, izugarria, ekarpen gogoangarria kontakizunen mosaikoari. Indio eta bakeroena da irabazten ari den errelatoa, hedabide gehienen jabeena, irabazleena, eta eskertzekoa da ulermen desberdin baten plazaratzea, grisez eta ñabardurez josia eta argitasunez adierazia.
Alonsok ez du bere burua ezkutatzen, ez du disimulatzen ikuspuntu jakin batetik idazten duela. Bere bizitza eta Naparrarena gurutzatu baldin badira, aipatu egiten du, naturaltasunez, egolatria zipitzik ez. Klinika berean jaio ziren Iruñean 1958an, auzo berean hazi, San Ignacio eskolan gelakide izan ziren 10-12 urte zituztela, bizpahiru ikasturte egin zituzten elkarrekin. Aita espiritual bera zuten, Ladislao Etxeberria josulagun torturatua. Hogei urte zituzten 1978an, Etxeberriak Iruñetik alde egin zuenean.
Jon Alonsok zertzelada bizien bidez pintatzen digu joan den mendeko Iruñea, eta batez ere Jose Migel Etxeberria eta Alonso bera hazi ziren karrikak. Nola aldatu diren ohiturak, eraikinak, gauzak. Lehen zinema-aretoak zeuden tokian orain Zara. Behin eta berriz eraberritu dute Yoldi hotela, sasoi batean toreatzaileen eta frankismoaren OPIen etxe (geroxeago UEUko hiruzpalau hizlarirena ere bai, hori ez dakar Alonsok). Naparraren aita, Patxiku, Gipuzkoako Alegiatik Iruñera iritsi zen egunean, 1945ean, Euskal Jai frontoian erremontista aritzeko, zerua garbi zegoen arren halako batean zipriztin batzuk erori zitzaizkion. Ume bat zen, balkoitik kalera txiza egiten. Garai hartan etxe gutxik zuten komuna etxe barruan. Ia guztia aldatua duen Iruñea hartatik, Jose Migel Etxeberriaren desagertzea da tinko dirauen bakarra.