Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Barkaberatasuna eta eskuzabaltasuna

Barkaberatasuna eta eskuzabaltasuna

Markos Zapiain 2021/03/31 17:08
Naparra. Kasu irekia (V)

Estatua ez da bere burua defendatzera mugatzen. Batzuetan Jon Alonsok “ezaxola eta zabarkeria selektibo” deritzona erabiltzen du. Klandestinoen familiak etsaitzat jotzen ditu. Adibidez, Naparraren gurasoek, semea desagertu eta handik urte askotara ere, zein hauteskunde-mahai zegokion jakinarazten zioten gutunak jasotzen jarraitu zuten, hauteskundeak antolatzen zituen Estatuak primeran zekien arren aspaldi zela hilik, itxura guztien arabera berak desagerrarazi baitzuen.

Gainera, Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak, familiak diligentziak berriro irekitzeko eskatu zionean, 2004an, iradoki zuen ez zela ezinezkoa ez bahituta baizik eta nahita desagertu izana, bere kabuz. Familiak biktima-izaera onar dakion egin izan dituen eskaerei burlaizez erantzun izan diote Madrilen eta Parisen: ez dago frogatuta desagertu zenik ere, errepikatzen dute, iradokiz libre eta pozik ibiliko dela apika munduan atzera eta aurrera, Karibeko hondartzetan beharbada jairik jai. 

Nafarroako talde ultraeskuindar batek web orri bat argitaratzen du, Navarra Confidencial. Naparrari eta bere sendiari Iruñean 2017an egin zitzaien aitortza zikintzeko, bi hilketa leporatu zizkion, 1983an gertatuak. Hiru urte lehenago desagerrarazi zuten, ordea. Saltsan egondako jendeak ez ezik, Ismael Moreno epaileak berak ere garbi adierazi du Naparrak Komando Autonomoetan lan ideologikoa egin zuela batik bat, hedabideetarako testuak idatzi, atentatuen errebindikazioak, beste talde armatuekin elkarrizketak, barne antolaketaz eta taldeak hornitzeaz arduratu, eta gehienez ere atrakoren bat. Ez dago besterik. Desagertu zen garaian atxilotu eta epaitu izan balute, urte pare bateko kartzelaldia ezarriko zioketen goitik jota. Haren burkide bat metraileta batekin harrapatu zuten: lau hilabete barruan, fidantza ordainduta atera eta urte beteko kondena. Altsasuko gazteek bestelako zigorgintza ezagutu dute. Hori ere aldatu egin da, eta ez onerako.

Zaila da esatea zer den etika, etika ugari dago; beharbada etikaren musiketako bat entzuten da batek arrazoi guztiak dituelarik ere gerrako alde batean gotortzeko, hala ere etsaiaren azalean jarri, bere oinazea ulertzen ahalegindu eta oinaze hori arintzeko lan egiten duenean. Barkaberatasuna eta eskuzabaltasuna balio etiko garrantzitsuak dira, baina nekez topatuko dituzu Espainiako eta Frantziako Estatuen jokabidean. Errazago aurkituko duzu gizabanako partikularrengan. Auskalo nola interpretatuko dituen Jaime Mayor Oreja hiperkatolikoak ministro izateari utzi zionetik "maitatu etsaia" eta "ez egin besteri zuri egiterik nahi ez duzuna" bezalako agindu ebanjelikoak. Boterearen jabe direnean, katoliko ez gutxik ulertu dituzte horrela: "etsaiari eta ingurukoei egurra baino ez, akabatu arte".  

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.